Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  16 abuztua 2017 13:31

Irailaren 4an amaituko da bai plaza horietan baita gizarte etxeetako eta kirol instalazioetako Jarduera Programako 35.000 plazetan ere izena emateko epea

Gasteizko Udaleko Kultura zerbitzuak gogorazten du dagoeneko gizarte etxeetan izena eman litekeela 2017-2018 denboraldiko kultur ikastaroetarako: eskaintza zabala eta askotarikoa da, eta helburua du herritarrei kulturaren hainbat arlotako ezagutzak era didaktiko eta atseginean eskaintzea, betiere jorratuko diren gaietan adituak diren irakasleen eskutik.

Ikastaro teorikoak dira gehienbat, eta kasu batzuetan jarduera praktiko osagarriak ere tartean izaten dira. Herritarrek zer aukeratu izango dute, haien gustuen eta interesen arabera, hainbat arlo jorratuko baitira ikastarootan.

Izan ere, denetariko gaiak aurki daitezke programazioan: artearen historia, zinema, musika, historia, mikologia, kriminologia, etab. Irakasleei dagokienez, zorroztasun zientifikoa bermatzen duten adituak arituko dira ikastaro guztietan. Haien artean, Bingen Mendizabal eta Sabin Salaberri musikariak, Cira Crespo eta David Mota doktoreak, Juan Ibarrondo idazle eta kazetaria, eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak diren Leire Diaz de Gereñu, Sonia Garcia eta Xuxo Ayan, besteak beste.

2017-18 ikasturteko eskaintza 22 ikastarok osatzen dute, eta horietako 3 euskaraz izango dira. 7 eta 15 saio bitarteko ikastaroak dira guztiak, eta astean behin edo bitan emango dira Gasteizko gizarte etxe guztietan. Guztira, 815 leku. Izena emateko aurretiko epea zabalik da dagoeneko, irailaren 4ra bitartean. Zozketa egingo da gero, irailaren 5ean, eta, edonola ere, bigarren epealdi bat zabalduko da berriro irailaren 19an, geratu diren leku libreak bete ahal izateko.

Bingen Mendizabal musikari gasteiztarrak musikaren eta zinemaren arteko harremanei buruz hitz egingo digu; Juan Ibarrondo idazle-kazetariak nazioarteko istiluak izango ditu mintzagai, AEBko Donald Trump edo Europako eskuin muturraren gorakada tartean direla; Nagore Ayesa arkitektoak eraikinak eta hiriak birpentsatzera gonbidatuko gaitu, bioeraikuntzaren kontzeptuaren harira; David Mota historialariak Trantsizio garaia aztertuko du, musika eta kultura herrikoiaren ikuspuntutik… Horietaz gain, emakumeen presentzia hainbat jakintza arlotan historian zehar, mikologia, arkeologia, astronomia, kriminologia, arte hispanomusulmana, etab.

Hiru ikastaro euskaraz izango dira: ardoa dastatzeari buruzkoa bata, graffitiei buruzkoa bestea, eta ahozko kontalaritzaren ingurukoa hirugarrena.

Ikastaro guztien informazio zehatza edozein gizarte etxetan nahiz www.vitoria-gasteiz.org/kultura web orrian dago eskuragarri.

Kultur ikastaroetako programa osoa (PDF)

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:14

Gaur goizean amaituko dira lanak Erdi Aroko hiriguneko kaleetan, Gasteizko jaien ondoren hiriko erdialdeko hainbat auzotan egiten ari diren aparteko garbiketa lanen kanpainaren barruan. Erdi Aroko hirigunea izan da lehena garbiketa sakona izaten, jaiegunetan bertan izaten delako jende, zikinkeria eta hondakin gehiago kontzentratzen den gunea. Hurrengo bi egunetan zehar halako aparteko garbiketak Zabalgunean egingo dira, eta parte hartuko duten espazioen artean daude Dato kalea, Posta kalea eta Plaza Berria. Abuztuaren 21, 22, 23 eta 24an halako lanak Zabalguneko gainerako eremuan egingo dira, honako espazio hauek bezalakoetan: Iradier Arena ingurua eta Florida kalea, Ortiz de Zarate kalea, San Antonio kalea, Prado kalea, Vicente Goikoetxea kalea, etab.

Garbiketa berezietarako 12 laguneko taldea esleitu da, jaietarako operatiboak eguneroko ahaleginean saiatu arren hainbat alorri dagokionez iristen ez diren guneetan sakontasunez esku hartu ahal izateko. Honako hauek dira jarduera eremu nagusiak:

  • Kaleak garbitzea. Jaietan zehar hondakinak kentzen dira kaleetatik, ibilgailu ekortzaileak pasatu eta presiopeko urarekin garbitzen dira, baina hainbat orban ez dira erraz kentzen. Zoladura egoera onean egon dadin berriro, sakon garbitu behar da, eta halako garbitasuna une honetan egiten ari dira, hain zuzen.
  • Hustubideak garbitzea. Erdialdeko hustubideek kaleko zikinkeriaren hondar guztiak irentsi dituzte jaietan, eta sakon garbitu beharra izaten dute zuzen funtzionatzen jarrai dezaten.
  • Edukiontzien inguruak garbitzea. Barrutik eta kanpotik garbitzen dira edukiontziak, eta horiek jarrita dauden tokia presiopeko urez, desinfektatzaileaz eta usaia ematekoaz garbitzen da, kiratsik bota ez dezaten.
  • Pintada eta kartelak kentzea. Jaietan zehar horiek kentzea zailagoa da, horregatik kentzen dira garai honetan.
  • Berdeguneak garbitzea. Erdialdeko berdeguneek garbiketa sakona behar dute egun hauetan, eta era eraginkorrez berreskuratzeko baliabideak erabiltzen dira.

 

Share