Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  23 abuztua 2017 13:30

Udalak irailean ekingo dio El Mineral eraisteari, dagoeneko esleitu baitira azpiegitura hori deuseztatzeko lanak. Esconsu SL enpresak 49.277,26 euroan egingo ditu lanak. Eraikina kendu ondoren, lorategi itxura emango zaio berriro inguruari, berdegune atseginagoa izan dadin.

Gaur egun, El Mineral inguruak oso itxura eskasa du, oso utzia eta gaizki zaindua baitago, eta segurtasun arazo handiak sortu ditu. “Bere garaian arkitektura eta estetika erreferentea izan nahi zuen eraikinak, baina guztiz kontrakoa bihurtu da, eta hondamen eta utzikeria irudi penagarria ematen zuen. Hori kenduta, El Mineral inguruak lorategiaren irudi berdea berreskuratu dezan nahi dugu, leku berezia baita, eta herritarrek horretaz goza dezaten, erortzeko zorian dagoen eraikinak ematen duen irudi txarra desagertuta”, azaldu du Hirigintza eta Ingurumeneko koordinatzaile nagusi Álvaro Iturritxak.

Eraikina eraitsi ondoren, sotoa eta zimenduen bolumenak beteko dira, eta landare eta ureztapen geruza batez bukatuko. Lehiaketak 54.450,01 euroko aurrekontua zuen.

Orotara, El Mineralek 447,91 metro koadroko azalera eraikia du, eta lursaila espazio publiko-berdegune gisa katalogatuta dago. Eraikina oso utzia dago, eta zenbait sute-hasiera ere izan dira. Udalak elementuz elementu eraitsiko du azpiegitura, ibiltariek hainbeste estimatzen duten espazio horretako berdegunea berreskuratzeko.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:30

Atzo arratsaldean garbitu zen Uraren ezkutuko lorategian dagoen “La Musa de la Música” eskultura; izan ere, talde politiko batek salatu zuen sinbologia nazi eta sexualeko pintaketak zituela.

Albistea jakin bezain laster, Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailak agindu zuen garbitzeko, hari baitagokio kultura-ondarea garbitzea horrelako kasuetan.

Estíbaliz Cantoren hitzetan, “horrelako pintaketak eta egileak iraingarritzat eta antidemokratikotzat baino ezin dira definitu, eta ez dute lekurik gure hirian, batetik, gure ondare historiko eta kulturala zaintzea guztioi dagokigulako, eta bestetik, fanatismoak sustatzen dituen ideologia errotik moztu beharra dagoelako hedatu ez dadin, bereziki garai hauetan”.

Kulturako arduradunak salaketa eskertu nahi izan du, eta gogoratu du: “Udala  ez da beti ohartzen hiriko eskulturei nahita egiten zaizkien kalteez, baina beti hartzen dugu esku horien berri izan bezain laster, beraz, eskerrak ematen dizkiogu Gasteizko Ahal Dugu taldeari salaketagatik, eta herritarrak horrelako gertakarien berri ematera animatzen ditugu, gure ondarea garbi eta onik zainduta egon dadin, denboraren eraginari dagozkion kalteak baino ez dituela”.

 

Share