Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 abuztua 2017 17:00

Elkarretaratzea, bi neska adingaberen kontrako sexu-abusuak gaitzesteko.

“Vitoria-Gasteiz eraso matxisten aurka” lemarekin egingo den 15 minutuko elkarretaratzera dei egiten die Udalak herritarrei.

Eguna: asteazkena, abuztuak 30.

Ordua: 12:00.

Lekua: Plaza Berria

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:44

Asteburu honetan gure udalerrian salatu diren bi neska adingaberen kontrako sexu-abusuen aurrean, Gasteizko Udaletik gure gaitzespenik sendoena agertu nahi dugu, baita biktimei eta gertukoei sostengua eta hurbiltasuna helarazi ere, eta behar dituzten baliabide psikologiko, juridiko eta sanitarioak nahiz babes- eta harrera-baliabideak eskaini, eta beren interesei eragiten dien informazio guztia dutela bermatu.

Zentzu horretan, kasu horien berri izan duen unetik bertatik, eta ahalik eta ikuspegirik osoen eta ziurrena edukitzeko aukera emango zigun informazio kontrastatu ondoren, Indarkeria Matxistaren aurrean Jarduteko eta Erantzun Publikoa emateko Protokoloa aktibatu du Gasteizko Udalak, eta premiazko bilera baterako deialdia egin du, informazio guztia bildu, erantzun instituzionala koordinatu eta biktimei eta horien ingurukoei laguntza emateko.

Indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larria eta berebiziko arazo soziala dela azpimarratu nahi dugu, jasaten duten eta aurre egin behar dioten emakumeen eta LGTBI pertsonen duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren kontra doana. Indarkeria hori ez da ekintza isolatu bat, edo ekintza isolatu batzuk; gizartea egituratzen duten jokabide esplizitu eta mezu normalizatu eta sinbolikoek osatzen duten sare bat da, zeinen azken helburua baita emakumeak gizonen mende mantentzea, eta indarrean den sistema heteropatriarkalak finkatutako mugak hausten dituen gorputzik, eredurik edo jokabiderik ez onartzea.

Zentzu horretan, Gasteizko Udalak, emakumeek eta LGTBI pertsonek giza eskubideak benetan erabil ditzaketela bermatzeko ardura duen instituzio publikoa denez gero, neurriak bultzatuko ditu honako hauetarako: udal erakundeek eta herritarrek oro har berehala eta irmotasunez erantzuna emateko edozein eraso matxistari, biktimei lehentasunez arreta emateko, emakumeei eta LGTBI  pertsonei indarkeriari aurre egiteko tresnak emateko prebentzio-jarduketak garatzeko eta erasotzaileen gizarte-zigorgabetasuna ez onartzeko. Gainera, Udalak konpromisoa hartzen du lan egiten jarraitzeko eta laguntza eskaintzeko, bere eskumenak betez, indarkeria matxistarik gabeko bizitzak bermatzeko.

Horregatik, biktimen familiei egingo diren jarduketen berri eman ondoren, Udalak:

Jakinarazten du erakundearen ordezkariek abusuen gaitzespena agertuko dutela, abuztuaren 30ean, 12:00etan, Plaza Berrian, “Vitoria-Gasteiz eraso matxisten aurka” lemarekin.

Mugimendu feministak egin ditzakeen gaitzespen-ekintzekin bat egitera gonbidatzen ditu Udalak herritarrak, baita Udalari bere sostengua beharko luketen bestelako gaitzespen-ekimenen berri ematera ere.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:50

Elikagaiak eta arropak hornitzeko eta bizirik atera direnak lekuz aldatzeko baliatuko da Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak eratutako funtsa

25.000 euro bideratuko ditu Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak eratutako Larrialdietarako Arabako Funtsak Sierra Leonako hiriburuan izandako harri- eta lohi-jausiak kaltetuei laguntzera.

Jausi handia eragin zuen euri-jasak abuztuaren 14an, eta larriki eragin zion Sierra Leonako hiriburu Freetownen aldiriko Regent barrutiari.

Goizeko seietan izan zen jausia, eta etxebizitza ugari lurperatu zituen, jendea lotan zegoen bitartean. 500etik gora lagun hil ziren, eta 1.500etik gora desagertu; 3.000 baino gehiago geratu dira etxerik gabe. Ur-iturriak eta hornikuntza-sareak hondatuta daude, eta kolera eta beste gaixotasun batzuk sortzeko arriskua dago.

Afrikaren mendebaldeko hainbat herrialdetan hitz egiten den pular hizkuntzaren hiztunek eratua duten Unión y apoyo del hablante de Pular – Haaly Pular elkartearen ekimenari erantzunez aktibatu da Larrialdietarako Arabako Funtsa. Gasteizera nagusiki Sierra Leonaren mugakide den Ginea-Konakrytik etorriak dira elkarteko kideak. Eta beren jatorrizko herrialdeetan sortzen diren larrialdietarako funtsak eta materialak biltzeko mobilizatu ohi da elkartea.

Larrialdietarako Arabako Funtsak jarritako 25.000 euroekin kaltetuei bertako merkatu lokalean erosiko diren janariak banatzen lagunduko da. Arropa ere erosi eta banatuko da; izan ere, kaltetuetako askok, beren etxebizitzekin batera, zuten guztia galdu dute. Eta, azkenik, bizirik atera diren pertsonak harrera-lekuetara eramaten parte hartuko da; horietako batzuk herrialdeko beste zona batzuetan ezarri baitira, Freetownetik kanpo. Kaltetuen parte bat, jatorriz ginearrak izanik, beren herrialdera itzuliko dira, ezer gabe geratu direnez gero.

Share