Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  24 abuztua 2017 13:57

 

 

 

 

 

 

 

 

San Anton plazako eta Tomas Zumarraga Dohatsuaren kaleko lanek aurrera jarraitzen dute, atsedenik gabe; bien artean ia milioi bat euroko inbertsioa egingo da. Urtaranen gobernuak sustatutako berrikuntzen artean sartzen dira lan horiek, Gasteiz  moderno, funtzional eta irisgarriagoa lortzeko xedez. “Lanetako batzuen emaitzak dagoeneko antzematen hasi dira. Bereziki San Anton plazaren inguruan, hainbesteko enbarazu egiten zuten parterreak kenduta azalera garbi geratzen ari baita. Bestetik, aste honetan hasi dira Tomas Zumarraga Dohatsuaren kaleko obrak, aurretiazko lan batzuk eginez, eta datorren astelehenetik aurrera sartuko da makineria astuna”, adierazi du Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Saileko zinegotzi Iñaki Prusillak. “Badakigu obra guztiek enbarazu egiten dietela auzokoei. Horregatik, Udalak pazientzia eskatzen die. Lanak amaitzen direnean, emaitzak merezi duela egiaztatuko dute”, azaldu du zinegotziak.

 

 

 

S

 

 

San Anton plazaren inguruan, oraingo egiturak traba ugari jartzen dio oinezkoak igarotzeari, horregatik, parterreak eta lore-askak kendu eta espazio garbiagoak sortuko dira, bertako merkataritza eta ostalaritza establezimenduak sustatzeko. Campezo Obras y Servicios enpresako langileak ari dira lanak egiten uztailaz geroztik; eraberritzerako 449.176,07 euro (BEZ barne) inbertituko dira. Lanak gauzatzeko epea bost hilabetekoa da. San Anton ondoko plazatxoan ere nabaritzen dira lanak, parterre handiena kendu baita. Lan horiek “inguruko auzokoen eta negozioen eskaerari erantzutea ahalbidetuko dute, urteak baitzeramatzaten eraberritzeko eskatzen. Oinezkoen igarobidea erraztuko dugu, orain espazioak zatikatzen dituzten parterreak eta zuhaixkak kenduta. Espazio garbi eta zabala sortzea da helburua, auzokoei zein saltoki eta ostalaritza establezimenduei ikusgarritasuna eta segurtasuna emango diena. Bide batez, esku-hartzeak ingurua ekonomikoki dinamizatzen lagunduko du”, erantsi du Iñaki Prusillak.

Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalean, berriz, Domingo Beltran de Otazu kalearen eta Zerkabarren kalearen artean egingo dira lanak.  Campezo Obras y Servicios enpresa arduratuko da horietaz, 480.647,91 euroan. Besteak beste, espaloiak zabalduko dira, eta zoladura berrituko, egoera txarrean baitago. Inguruko auzokoek ere askotan eskatu dute esku hartzeko. Izan ere, “Zure Auzoa Hobetuz” partaidetza-prozesuan hartutako konpromisoetako bat da. Ekimenaren proposatzaileekin adostu da proiektua, hots, Landazuri ikastolako eta Santa Maria ikastetxeko gurasoen elkarteekin. Proiektuaren bidez, “alderdi horretan oinezkoen joan-etorriak nabarmen hobetzea da asmoa. Kaleak oso espaloi estuak ditu, eta horrek irisgarritasun arazoak sortzen ditu, oso ezerosoa baita bertatik ibiltzea. Espaloiak zabalduz oinez doazen pertsonek leku handiagoa izango dute. Orobat, itxura atseginagoa izango du. Gizarte eragin handiko lana da, zati labur batean bi ikastetxe eta osasun zentro bat pilatzen baitira”, nabarmendu du Iñaki Prusilla zinegotziak.

Ingurumen Sailak Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalerako diseinatu duen proiektuak Domingo Beltran eta Zerkabarren kaleen arteko zatia barne hartzen du. Izan ere, kalea zaharkituta dago: oso espaloi estuak ditu, zoladura egoera txarrean dago, eta galtzadak txaplatak, bigunguneak eta arrakalak ditu. Irisgarritasun araudia betetzeko eta espaloiak hobetzeko, zati estuenetan aparkatzeko lekuak kenduko dira, espaloiak 2,80 metrora zabaltzearren. Zehazki, kalearen hegoaldeko zatiko mendebaldeko lekuak kenduko dira. Trafikoaren kontrako noranzkoan doan bidegorria ere estutuko da, espaloiak zabaldu ahal izateko.

Zoladura zaharkituta dagoenez, zati osoan aldatuko da. Drainatze-sarea ere eraberrituko da, hustubide eta sareta berriak jarrita. Bide batez, Udalak sare hauek berritzea erabaki du: argiteria, luminaria berriak, kanalizazio eta kable berriak jarriz argiztapen mailak, uniformetasuna eta kontsumoak doitzeko; saneamendua, eta semaforoak (lekuz aldatuko dira). Bestetik, zenbait zuhaitz fatxadetatik oso gertu daudenez, aldian-aldian kimatu egin behar izaten dira. Hori dela eta, zuhaitzak hondatuta daude, eta irregularki hazi dira. Ondorioz, kendu egingo dira. Hala ere, 13 zuhaitz utziko dira, eta horien txorkoak aldatuko.

 

 

 

Share