Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  3 abuztua 2017 14:06

Udaleko Osasun Publikoaren Zerbitzuak higiene eta osasun baldintzak ikuskatu eta zaintzeko lanak egingo ditu Andre Maria Zuriaren jaietan, taberna, jatetxe eta establezimendu ibiltarietako instalazioak eta bertan saltzen diren janariak higiene eta osasun egoera onean daudela bermatzeko.

Gutxi gorabehera 100 bisita egingo dira, jaietan jende gehien ibiltzen den establezimenduetan.

Zerbitzatzen diren produktuak zuzen maneiatzen direla eta egoera onean daudela ziurtatu nahi dugu, eta establezimenduek behar diren osasun neurriak betetzen dituztela“, azaldu du Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munainek.

Kontsumitzailea babestea da helburua. Establezimenduek bezeroei saltzen dizkieten produktuen higiene eta osasun baldintzak bermatuz lortzen da hori, eta instalazioak egokiak direla egiaztatuz: sukaldea, hozkailuak, biltegiak, etab.

Alkoholaren eta bestelako substantzien kontsumoa

Horretaz gain, beste neurri batzuk hartuko dira alkoholaren eta bestelako substantzien kontsumoak dakarren arriskua gutxitzeko.

Horretarako, testak egiteko bi gune jarriko dira Ai Laket elkartearekiko lankidetzan: abuztuaren 4an, Aihotz plazan, 23:30etik 2.30era; abuztuaren 8an, txosnetan, 00:00etatik 03:00etara.

Jaietako lehen gauean, berriz, Ai Laket-eko zenbait monitore erdialdeko kaleetan ibiliko dira, alkohola kontsumitzen ari diren gazteei horrek dakartzan arriskuei buruz informatzeko.

Azkenik, abuztuaren 4tik 6ra bitartean, 00:00etatik 03:30era, alkoholari buruzko informazioa emango zaie herritar orori, Loma Jeneralaren plazan jarritako karpan. Eusko Jaurlaritzak finantzatzen du jarduera hori, eta Udalaren babesa du.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:20

Inguru horretan nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoko kudeaketa-proiektu bat sustatzeko lehen urratsa da

Nebera proiektuko planoa: 5 PLANTACIONES

 

Urtaranen gobernuak 225.000 euro inbertituko ditu Nebera gainean bideak eta landaketak egiten, zeinak lehen urratsa izango baitira inguru horretan nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoko kudeaketa-proiektu bat sustatzeko. Gorka Urtaran alkateak azaldu duenez, asmo handiko jarduera horren helburua da “agrosistema ezberdinak Eraztun Berdearen barruan integratzen laguntzea. Ez dugu nahi giro naturalek edo hezeguneek bakarrik osatzea inguru hori, orain bezala. Nekazaritza eta abeltzaintza ere txertatu nahiko genuke, paisaiaren beste osagai bat delarik, Eraztun Berdea aberastu eta udalerriko osagai etnografiko eta kulturalak gehitzearren. Bestetik, interesgarria da herritarrek nekazaritza eta abeltzaintza gehiago ezagutzea, horrek sektorearen ikusgarritasuna areagotuko baitu”, nabarmendu du Gasteizko alkateak.

Hain zuzen ere, Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du lehen lanetarako kontratazio dosierra. Lehen fasean, lursaila egituratzeko bide bat egingo da, eta zenbait landaketa, lurra geroko erabilerako egokitzeko asmoz. Gainaren ekialdetik joango da bidea, eta oinezkoentzat eta bizikletentzat orain dauden ibilbide eta pasealekuen konektagarritasuna hobetzeko balioko du. Irisgarria izango da, eta 3 metro zabal, gehi alboko areka. Oinezkoak, bizikletak eta nekazaritzako makineria igaro ahalko da bertarik.

Inguru horretan gerora nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoko proiektua bat jartzeko lehiaketa egitea denez, izango dituzten erabilera eta laboreen arabera proiektatu dira dagoeneko nekazaritzarako lursailak. Nebera gaineko goi ordokian bazka-landareak (alpapa) jartzea erabaki da; gainerako soroetan zalkea eta zekalea ereingo dira, ongarri berde gisa.  Lurrak landarezko estalki iraunkorra izatea da helburua, haren ezaugarri agronomikoak zein aprobetxamendua hobetzearren.

Zehazki, labore hauek jartzea da asmoa:

Alpapa zelaia: 5,3 hektarea, 9 zuhaitzez hornitutako 10 gunerekin: lizarrak, ezkiak, masustondoak, astigarrak eta urkiak; hartara, zelaia hamar sailetan banatu ahalko da, bertan txandakako artzaintzan aritzeko.

Nekazaritza eta basogintza: 7,8 hektarea, 7.000 metro koadroko 7 sailetan banatuta, landaketa estentsiboak jartzeko, fruta-arbolez osatutako heskaien artean.

Intxaurrondoak: 1,3 hektarea, bi sailetan banatuta, fruitua aprobetxatzeko. Batean 54 intxaurrondo eta bestean 78 landatuko lirateke.

Elorri zuria: 5.200 metro koadroko sail batean, zukua egiteko mahatsondoak landatzeko.

Labandina: 5.000 metro koadro osatzen duten bi lursailetan, izpilikua lortzeko.

Fruta ortua: 9,78 hektarea, hiru lursailetan banatuta. Horietako batean (5.300 metro koadrokoa) fruitu txikiak (mugurdia eta andere-mahatsa) jarriko dira, gutxi gorabehera 1.000 ale landatuta.

Orobat, 1.600 metro heskai landatzea aurreikusi da, hainbat helbururekin: nekazaritza paisaia naturalizatu eta egituratzea, habitataren dibertsifikazioari laguntzea, fauna eta flora basatia babestea, klima baldintzak hobetzea, eta higadura prozesuak zuzentzea. Mota ezberdinetako landareak erabiliko dira: erkametza, ipurua, haritza eta fruta-arbolak. Azkenik, taxu handiko 138 zuhaitz landatu nahi dira: batetik, lizarrak, astigarrak, masustondoak eta hurritzak (90 ale orotara); bestetik, lizarrak eta gereziondoak (30 ale), eta azkenik, 18 serbal.

Enpresa esleipendunak lehenengo bi urteetan landaketak mantentzeaz arduratu beharko du: lurra landu, ongarritu, erein, landatu, ureztatu eta kimatu.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:14

Gaurko bileran, Tokiko Gobernu Batzarrak AMURI elkartearekin hitzarmen bat izenpetzea onetsi du, abuztuaren 22tik 25era Gasteizen Errugbi Inklusiboaren Nazioarteko Txapelketa antolatzen laguntzeko.

Internacional Mixed Ability Rugby Tournament (IMART) izeneko txapelketaren helburua da desgaitasun psikikoa duten pertsonen partaidetza eta inklusioa sustatzea. Gasteizko Gaztedi Rugby Taldeak ere hartuko du parte, zeinean Down Araba-Isabel Orbe elkarteko Down sindromedun neska eta mutilak aritzen baitira.

Betoñuko udal instalazioetan egingo da txapelketa: munduko hainbat herrialdetako 15 talde lehiatuko dira errugbi inklusiboko talde onenaren titulua eskuratzeko; Gaztedi RT taldeak duela bi urte irabazi zuen.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailaren bitartez laguntzen dio Udalak txapelketari. Txapelketan 1.000 pertsona inguruk parte hartuko dutela kalkulatu da, kirolariak eta laguntzaileak barne.

Futbol-zelaietako zerbitzuak

Bestetik, Tokiko Gobernu Batzarrak 2018-2019 urteetan udalaren futbol-zelaietan zerbitzu osagarriak emateko kontratazio-dosierra abiaraztea onetsi du.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailak 1,4 milioi euro baino zertxobait gehiago bideratuko du horretara.

Enpresa esleipendunak lan hauek egin beharko ditu kontratuaren xede diren hamaika futbol-zelaietan: zelaiak ireki eta itxi, instalazioak kontrolatu eta zaindu, osorik garbitu, eta lorategi eremuak eta inguruak mantendu, bereziki, soropil naturala.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:08

Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailak 14.000 euro emango ditu Gasteizen bertsolaritza transmititu, sustatu eta ikertzeko, gaur Tokiko Gobernu Batzarrak Arabako Bertsozale Elkartearekin lankidetza-hitzarmena sinatzea onetsi baitu.

Diru-laguntzaren zenbatekoa Arabako hiriburuan bertsolaritza irakatsi eta zabaltzeko proiektu eta programak garatzeko balioko du, eskoletan zein kanpoan, gazteen aisialdia baliatuz eta txapelketak eta hainbat arlotako jarduerak sustatuz.

“Udalaren helburu nagusietako bat euskararen erabilera gizarte bizitzako hainbat esparrutan sustatzea da. Horietako bat, guretzat estrategikoa, kultura eta aisialdia da. Horregatik, Arabako Bertsozale Elkartearen proiektua eta antzekoak bultzatzen ditugu, bertso zaletasuna landuz gure hizkuntza —eta gure kultura, aldi berean— sustatzen eta zabaltzen laguntzen baitute”, esan du Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok.

2017ko jarduerak garatzeko balioko du laguntzak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:51

 

 

 

 

 

Urtaran alkateak “inguruko jairik onenetan dibertsioa eta errespetua eskutik helduta joan daitezkeela erakustera” animatu ditu gasteiztarrak

Zeledonen jaitsieraren 60. urteurrena eta Blusa eta Neska Beteranoen Egunaren 40. urteurrena nabarmentzen dira suziriaren jaurtiketan beirarik izango ez den lehenengo jaietan

Gasteiz azken prestaketak egiten ari da bihartik eta 6 egunez jai  “begirunetsuak, parte-hartzaileak eta urteurren biribilekikoak” bizitzeko. Aurretik dugun astea labur geratuko zaigu aukeraz betetako ekitaldi egitarauari zuku guztia ateratzeko. Andre Maria Zuriaren ohorezko jaiak inoizko distiratsuenak bihurtzera animatzen ditut gasteiztarrak. Duen koloreagatik, gu elkartzeko ahalmenagatik, egun hauetan berdintasuna banderatzat hartzeagatik, blusa eta neskek txoko guztietara eramango duten giroagatik, beste hiri batzuetatik datozkigun bisitarientzat duen gero eta erakarmen handiagoarengatik”, azpimarratu du alkateak; orobat, “edozergatik ospakizunetan gurekin egoterik ez dutenei ere gertutasuna” adierazi die. “Eta egotekoak direnei, gonbit bero-beroa egin” die.

Zeledonen jaitsieraren 60. urteurrena eta Blusa eta Neska Beteranoen Egunaren 40. urteurrena nabarmentzen dira suziriaren jaurtiketan beirarik izango ez den lehenengo jaietan. Izan ere, Udal gobernuaren helburua da bihar arratsaldeko 6etan Zeledoni harrera egitean beirazko botilen erabilera anekdota hutsa izatea. Zehazki, abuztuaren 4an eta 9an, hots, Zeledonen jaitsieran eta igoeran, Udalak ez du Andre Maria Zuriaren plazara beira sartzen utziko. “Segurtasunaren eta iraunkortasuna zaintzen duten alternatibak erabiltzearen aldeko apustua egin dugu, une hunkigarri horietaz berdin gozatzen jarraitu ahal izateko, baina beharrik gabeko arriskurik hartu gabe“, azaldu du alkateak. Bihar Andre Maria Zuriaren plazan sartzeko antolaketa berezia prestatu da, beraz, alkateak garaiz joateko eskatu die herritarrei, pixkanaka sartu ahal izateko.

 

Supermerkatuen lankidetza beirarik gabeko kanpainan

Beirarik gabeko txupinazoa sustatzeko kanpainaren barruan, Udala harremanetan jarri da hiriko zenbait supermerkaturekin, kartelak jar ditzaten. Ekintza honen helburua ontziz aldatzea da, kristalezko botiletatik beirik gabeko ontzietara eramatea.

 

Blusak eta Neskak

Duela 60 urte jaitsi zen lehenengoz Zeledon San Migeleko dorretik, eta Blusa eta Neska Beteranoen Eguna duela 40 urte hasi zen ospatzen. Alkateak adierazi du ziur dagoela jaietan blusa eta nesken taldeek “giro ona jarriko dutela, uztailaren 25ean egin zuten bezala”.

 

Mezuak balkoian

Andre Maria Zuriaren jaien hasierako agertoki nagusian bi pankarta jarriko dira: batean, eraso matxistarik gabeko jaiak bizitzera deituko da; bestean, Zeledonen kantaren euskarazko bertsioa gogoraraziko.

 

Pantaila erraldoia eta txupinazoaren zuzeneko emanaldia

Abuztuaren 4an Zeledonen jaitsiera Andre Maria Zuriaren plaza baino leku lasaiagoan eta familiartean jarraitu nahi duten gasteiztarrek handik metro gutxi batzuetara ikusi ahalko dute, Plaza Berrian, Udalak jartzen duen pantaila erraldoian. Euskatel konpainiak hartuko du bere gain instalazioaren kostua. EITBk zuzenean emango du Zeledonen jaitsiera, eta hirugarren urtez jarraian, bai eta igoera ere.

 

Jarrera matxisten eta homofoboen arbuioa

Alkateak dibertitzeko eta une oro errespetua eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna zaintzeko eskatu du. “Inguruko jairik onenetan dibertsioa eta errespetua eskutik helduta joan daitezke. Gasteiz hiri modernoa eta plurala da, eta jarrera matxista eta homofoboek ez dute lekurik. Gizon eta emakumeen arteko harremanek errespetuan oinarritu behar dute, bereziki, jaietan. Udalak ahaleginak egingo ditu gertaera ezatseginik eta indarkeriazkorik izan ez dadin, eta Berdintasun Zerbitzuak eraso sexistei erakunde erantzuna emateko protokoloa jarriko du abian berriro”, gogorarazi du.

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:29

Udalak bizikidetza, aniztasuna eta giza eskubideen babesa sustatzeko 16 proiekturi emango die laguntza aurten, 65.000 euroko zuzkiduraz.  Hain zuzen ere, Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuak bigarren urtez jarraian egin duen diru-laguntzetarako deialdiaren ebazpena onetsi du gaur Gobernu Batzarrak.

Aurtengo deialdira 20 eskabide aurkeztu dira, 2016an aurkeztutakoen bikoitza. Proposamenak balioetsi direlarik, 16 proiektuk bete dituzte legezkotasun betebeharrak eta oinarri arautzaileetan ezarritakoa.

 

Entitatea

eskatzailea

Proiektuaren izena

 

Emandako diru-laguntza

 

Gurutze Gorria La maleta que más pesa 3.131,61€ (868,39 euro erreserban)
Asociación Wayra Fomento de la cohesión y promoción de la diversidad cultural 2.802,80€

 

“Harresiak Apurtuz”, etorkinei laguntza emateko GKEen Euskadiko koordinakundea Promoción de la convivencia en la diversidad y la interculturalidad, mediante acciones  de sensibilización y formación para la ciudadanía de Vitoria-Gasteiz. 4.000,00€

 

ETXERAT Dispertsioaren aurkako eskubideen plaza 4.500,00€
KALIMBA música y solidaridad Meriendas musicales  

3.420,00€

Save the Children La voz de la infancia imigrante  

4.500,00€

Asociación Autismo Araba TEARABA elkartea Las Familias del Autismo  

4.500,00€

 

Ortzai Guztion Enparantza 4.500,00€
Mujeres en diversidad Fomento de la cohesión social y promoción de la diversidad cultural en Vitoria-Gasteiz 4.356,46€

 

Montes Solidarios Vitoria-Gasteiz se lanza al monte más solidario 4.500€

 

AAVV Salburua Burdinbide Salburuko Lore 3.600,00€
SARE Giza Eskubideak, konponbidea bakea 4.500,00€
TALUR También existo, dejame ayudar 4.500,00€
CEIBA & BACHUE La cocina de de la diversidad y los DDHH 4.428,00€
Colombia-Euskadi Comunicación para promover la convivencia y desmontar rumores sobre las personas inmigrantes 4.471,20€

 

AMAPASE Programa de mediación 3.289,93€
65.000€

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:26

Besteak beste, barruan igogailua instalatzea eta komunak eraberritzea da asmoa

Udal gobernuak Etxanobetarren etxea hobetzeko lanetarako lehiaketa onetsi du gaur, eraikina irisgarritasun araudira egokitzearren. Hartara, Etxanobetarren etxean Emakumeen Etxea jarri ahalko da, edo Alkatetzaren eta Erakunde Harremanen Sailak erabakitzen duen beste administrazio erabilera eman.

Hirigintza Sailak idatzi duen proiektuak  barrutik solairu guztiak komunikatzeko igogailua instalatzea eta komunak eraberritzea planteatzen du, besteak beste. Horretarako 200.000 euroko aurrekontua eta 18 asteko gauzatze-epea ezarri dira, zuinketa-akta sinatzen denetik kontatzen hasita.

Etxanobetarren jauretxea eraikin exentua da, eta Santa Maria kalearen eta Euskal Herriaren Adiskideen Elkartearen kalearen arteko kantoian dago. 1886an eraiki zuten,  eta Manuel Echanove y Goñi ingeniaria zen jabea. Udalak 1979an erosi zuen. 1985ean, Gizarte Laneko Unibertsitate Eskola inauguratu zen bertan, Aranguren doktorea buru izan zen ekitaldi akademiko baten bidez. Ondoren, Udalaren Diseinu Zentroa jarri zen, eta geroztik hainbat udal sailen egoitza izan da; une honetan hutsik dago.

 

 

Share