Prentsa Oharren banner

Urtaranen gobernuak damu du PPren eta EH-Bilduren arduragabekeria, Gasteizko aurrekontuak onetsi nahi izan ez dituztela eta

  • Eskua zabalik luzatu die Ogasuneko zinegotziak, aurrekontuak bozkatzeko hilaren 22an egingo den osoko bilkuraren aurretik akordioa lortzeko

 

Nahigabea azaldu du udal-gobernuak, PPren eta EH-Bilduren arduragabekeriaren aurrean, datorren urterako aurrekontu-proiektua onesteko aukera emango lukeen akordioa lortu nahi ez dutela eta. “Gobernu-ekintzaren aurrean erakusten duten blokeo-jarrera horrek herritarrak zigortzen ditu, alderdikeria hutsez ”, adierazi du Ogasuneko zinegotzi Itziar Gonzalok.

 

Gogor kritikatu du Gonzalok PPk aurrekontuen inguruko akordioari uko egin izana. “Azkenean, talde honen izenean erabaki duena Alfonso Alonso izan da. Taldeko zinegotziek udal-gobernuarekin hiru bilera egin ondoren, bere deklarazioekin sententzia eman duena hura izan da, bere etorkizun politikoa besterik kontuan hartu gabe, herritarrak aintzat hartu gabe. Gezurra ematen du Gasteizek hain gutxi inporta izatea hiriko alkate izan den pertsona bati, bereziki beste erakunde batzuetan akordioetara iristea posible izan delarik”, azpimarratu du Ogasuneko zinegotziak.

 

Bestalde, gobernu-taldeak 2018ko kontuak adosteko azken kontaktu-txandan EH-Bilduri egindako akordio-eskaintzaren termino nagusiak errepasatu ditu Itziar Gonzalok. Zehazki, Udalaren kirol-instalazioetako hurrengo udako kanpaina langile propioekin egiteko aukera planteatu da, eta hartara kanpoko langileak kontratatu beharrik ez izatea. Orobat proposatu da kontratazio publikoaren arau berriak aztertzea, Udalari zerbitzuak eskaini ohi dizkieten enpresetako langileen lan- eta ordainsari-baldintzetan eragite aldera. Etxean laguntzeko zerbitzuko langileei 2018an aplikatu ahal izango litzaiekeen zerbait da hori, hartara hilean 1.200 euroko soldatara iristeko. Era berean, Sektore Publikoko Kontratuen Lege berriak eskaintzen dituen aukerak eta lege hori Udalean aplikatzeko modua aztertzeko lantalde bat eratzea proposatu du udal-gobernuak.

 

Udal-gobernuak EH-Bilduri egindako eskaintzak orobat barne hartzen du formazio horretako zinegotzi bat izendatzea, mandatari gisa, Euskara eta Hirigintzako zinegotzi ordezkariekin batera Gasteiz Antzokia eraikitzeko proiektua egin eta obra gauzatzeko kontratazio-lehiaketaren tramitazioa gainbegiratu eta bultzatzeko. Aldi berean, proiektu horretarako aurrekontu-partida handitzeko aukera planteatu du Urtaranen gobernuak.

 

Negoziatzeko eskaintzak barne hartzen duen beste alderdi bat genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei harrera emateko zentro integralari buruzkoa da, hots, Aldundiaren eta Udalaren artean eremu horretako politika publikoak koordinatzeko tresna bat eratzea. Gainera, Latinoamerikako biribilgunea lurperatzeari ekiteko beharrezko den finantzaketa abenduaren 22a baino lehenago lortzeko aukera planteatu du Urtaranen gobernuak, proiektuaren idazkuntza datorren urtean kontrata zedin, eta obrak 2019 eta 2020 urteetan burutu. Azkenik, milioi bat euro eta milioi eta erdi euro arteko funts gehigarria planteatu da, EH-Bilduren intereseko izan daitezkeen politika publikoetan eragiteko.

 

“Joan asteartetik, hilaren 5etik, EH-Bilduk bere planteamendu guztiei erantzuten dien proposamen bat du, akordioa lortze aldera. Gure eskaintzak erakusten du adosteko borondatearekin aritu garela negoziatzen, eta orobat nor ari den arduragabekeriaz jokatzen”, gehitu du Ogasuneko zinegotziak.

 

Aurrekontu-proiektuaren zuzenketen eztabaidari ekitean, gobernu-taldeak hemendik eta udalbatzan hurrengo urteko kontuen debatea egin bitartean akordioa gauzatzeko borondatea duela azpimarratu du Itziar Gonzalok. “Gasteizerako aurrekontu bat aurrera ateratzeko aukera dugu. Denbora dugu hori lortzeko, eta benetan interesatuta daudenek beren ekarpenak egin ditzaten”, bukatu du Ogasuneko zinegotziak.

 

Share

Prentsa-deialdiak (2017-12-13)

– Aurkezpena: ‘Vitoria-Gasteiz 2025 Estrategia. Etorkizuna orain hasten da’

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek “Vitoria-Gasteiz 2025 Estrategia” aurkeztuko du.

Parte-hartzaileak: lehendakaria, Iñigo Urkullu; Arabako Foru Aldundiko diputatu nagusia, Ramiro González; Biltzar Nagusietako presidentea, Pedro Elosegi, eta beste hainbat agintari lokal, probintzial eta autonomiko.

Eguna: abenduak 13, asteazkena.
Ordua: 9:00. Antolakuntza-arrazoiak direla eta, hedabideei eskatzen diegu 8:50ean aretoan egon daitezela.

Lekua: Artium Museoa – Ekialdeko goiko aretoa.

——————————————————————

– Azoka Txikiaren aurkezpena
Parte-hartzaileak: Estibaliz Canto, Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzia, eta Jaione Aguirre, Garapenean Laguntzeko zinegotzia
Eguna: abenduak 13, asteazkena.
Ordua: 11:00.
Lekua: udaletxeko prentsa-aretoa.

———————————————————————

– Sun Magoaren ‘Spectacular Magic’ ikuskizunaren aurkezpena

Abenduaren 16 eta 17an izango den ikuskizun horren inguruko informazioa emateko prentsaurrekoa.

Parte-hartzailea: Iñaki Ruiz de Galarreta (Sun Magoa)

Eguna: abenduak 13, asteazkena.

Ordua: 11:30.

Lekua:  Principal antzokia.

———————————————————————–

– Harrera, KA2-Erasmus proiektuan parte hartzen duten ikastetxeei

Corazonistas ikastetxeak eta proiektu honetako ikasle eta irakasleen 1. mugikortasunean parte hartzen duten Europako ikastetxeek parte hartuko dute ekitaldian.

Parte-hartzaileak: Estibaliz Canto eta ikastetxeen ordezkariak

Eguna:  abenduak 13, asteazkena.

Ordua: 13:30.

Lekua: Udaletxeko harrera-aretoa

Share

Bisitarien % 22ko hazkundearekin itxi du zubia Turismo Bulegoak

 

 

 

 

 

 

 

Nabarmen egin du gora bisitarien kopuruak zubi honetan, hirian gertatzen diren turista-etorreren joerak markatzen dituzten adierazleetako batetik ondorioztatzen denez. 3.495 pertsonaren kontsultak eta informazio-eskariak jaso ditu Turismo Bulegoak abenduaren 6tik —asteazkena— 10era —igandea— bitartean, hau da, joan den urtean sasoi berean izandako bisitak baino % 22 gehiago.

Jende gehien bertaratu zen eguna larunbata izan zen; ia mila kontsulta erregistratu ziren, gehiena Estatuko hainbat lekutatik etorritako jendea, nahiz eta Asia, Europa eta Amerikatik etorritako turistak ere izan diren Plaza Berriko bulegoan.

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak modu positiboan baloratu du turismoak Gasteizen duen hazkunde-joera, eta ostalaritza-, merkataritza- eta turismo-sektoreek data hauetan egin ohi duten lan handia eskertu du. “Erakundeen arteko elkarlana da sektorearen motore nagusietako bat herrialdean, baina funtsezkoa da profesional guztien lankidetza, eta, poliki-poliki, fruituak ematen ari da hori.”

 

2017/Aben./6/
2017/Aben./10 Herrialdea
AbenduaAbenduaGuztiraGuztira
BisitariakBisitariak
(%)
BisitariakBisitariak
(%)
Espainia3.438% 98,373.438% 98,37
Alemania3% 0,093% 0,09
Frantzia6% 0,176% 0,17
Herbehereak2% 0,062% 0,06
Italia4% 0,114% 0,11
Portugal3% 0,093% 0,09
Europako  gainerako herrialdeak1% 0,031% 0,03
Iberoamerika, gainerakoa4% 0,114% 0,11
AEB2% 0,062% 0,06
Europa, gainerakoa17% 0,4917% 0,49
Hegoafrika1% 0,031% 0,03
Argentina4% 0,114% 0,11
Mexiko2% 0,062% 0,06
Txina2% 0,062% 0,06
Uruguai2% 0,062% 0,06
Peru4% 0,114% 0,11
GUZTIRA3.495% 100,003.495% 100,00

 

 

Share

San Ignazio Loiolakoaren kalean espaloiak zabaltzeko eta trafiko-arazoak gutxitzeko obrak hasi dira

Gaur goizean hasi dira San Ignazio Loiolakoaren kalea eraberritzeko obrak Zehazki, bidearen alde batean aparkatutako ibilgailuak kendu dira, eta inguruko zenbait zuhaitzekin lanean hasi. Hurrengo egunetan, areagotu egingo dira lanak, Iparraldeko parkearen inguruko eremuan. Urtaranen gobernuak bultzatutako jarduera horren bitartez, kaleko espaloiak zabaldu nahi dira, oinezkoak erosoago ibiltzeko, bidegorria egin, eta puntako orduetan gertatzen diren trafiko-pilaketak gutxitu. Yarritu SA enpresari esleitu zitzaizkion lanak, 1.424.106,12 euroan. Obrak egiteko epea sei hilabetekoa izango da.

“Espazioa modernizatzea, atseginago bihurtzea eta oinezkoen zirkulazioa hobetzea da esku-hartzearen helburu nagusia. Orain, espaloiak estuak dira, eta hainbat trafiko-arazo sortzen dira puntako orduetan”, azaldu du Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak.

Kale horrek —gutxi gorabehera 230 metro luze da— irisgarritasun-arazoak ditu, eta oso itxura zaharkitua. Espaloiak oso estuak dira, eta bertatik bi ikastetxetako erabiltzaile ugarik igaro behar izaten dute. Bestetik, trafikorako bide garrantzitsua da, Erdi Aroko hirigunearen iparraldeko mugatik baitoa, eta leku nahiko mugatuan autoek eta autobusek zirkulatzen dute. Gainera, gero eta bizikleta gehiago ibiltzen da kale horretatik, Arriagako atearen eta Legutianoko atearen arteko lotura baita.

San Ignazio Loiolakoaren kaleko zoladura ere egoera txarrean dago, txaplatak, bigunguneak eta arrakalak baititu. Espaloiak 2,50 metro zabal dira, eta bi aldeetan dauden zuhaitzek mugatu egiten dute zati erabilgarria. Kaleak ibilgailuentzako bi errei ditu, zirkulazioaren noranzko bakarrean. Aparkatzeko bi lerro ere baditu. Nabarmendu beharra dago kalean autobus-geltoki bat dagoela, eta horrek kaosa sorrarazten duela puntako orduetan eta autobusek aparkatzeko maniobrak egiten ari diren ibilgailu pribatuak topatzen dituztenean.

Inguruko auzokoek planteatutako esku-hartzearen bidez, Udalak espazioak birbanatuko ditu. Batetik, aparkalekuak kenduko dira galtzadaren bi alboetan, zamalanetarako lekuak izan ezik. Mugikortasun murriztuko pertsonentzat bi aparkaleku utziko dira, eta 15 minutuz aparkatzeko zenbait geraleku.

Bi zuhaitz-ilara ere kenduko dira, fatxadetatik oso hurbil baitaude, eta Iparraldeko parkeko parterrearen zati bat atzeratu egingo da, leku gehiago izatearren. Lan horiek espaloiak lau metrora zabaltzea ahalbidetuko dute. Horietako batean bidegorri bat jarriko da.

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak egindako proiektuak zoladura eta galtzada aldatzea eta drainatze-sarea, hustubideak eta saretak berritzea aurreikusten du. Bide batez, Udalak bilketa pneumatikorako sareak berrituko ditu: iparraldeko espaloian dauden ahoak hegoaldera aldatuko dira, bizitzetatik gertuago baitago, beste aldean bidegorria egin ahal izateko. AMVISAren saneamendu- eta hornikuntza-sarea ere osorik berrituko da, eta bidenabar, telekomunikazio-sarearen airetiko lineak lurperatuko. Argiteriari dagokionez, hobekuntza puntualak egingo dira, duela gutxi luminaria arrunten ordez led teknologiakoak instalatu baitziren.

Share

Alaine Agirre idazlearekin solasean

Udalaren Liburutegi Sareak “Idazleekin solasean” izeneko programa du martxan, euskal idazleak liburutegietara ekarri eta irakurleengana hurbiltzeko, eta asmo horretan Karmele Jaio aritzen da dinamizatzaile lanetan. Urte bukaera gertu dugun honetan, urteko azken topaketan Alaine Agirre izango da protagonista, eta Erraietatik idazten duen idazlea izenburua jarri dio bere solasaldiari.

Azken bi liburuak aurkeztu berri ditu: Maren eta Libe (Erein, 2017), aurretik Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama (Elkar, 2017) argitaratua zuen, baita beste eleberri batuk, poema liburu bat, haur eta gazteentzako literatura… lan oparoa utzi digu “idaztera kondenatuta” dagoen idazle honek.

Bere idazlanak izango ditu mintzagai, nola idazten duen, nolako bidea egiten duen testuak sortzean, orain arteko bere ibilbide literarioa…

Solasaldia abenduaren 13ean (asteazkena) izango da, 19:00etan, Judimendi gizarte etxeko liburutegian. Sarrera librea.

Share

Amaia Elizaran eta Mystérieuses Coiffures konpainiek, Karrikan hautatuak, Kaldearten hartuko dute parte

XIII. Gasteizko kaleko arteen erakustaldia ekainaren 8tik 10era ospatuko da

Amaia Elizaranen Block dantza garaikideko pieza eta Mystérieuses Coiffures konpainiaren Xori-gizonaren elezaharra ipuin onirikoa aukeratu dira Karrikan plataformaren bigarren edizioan aurkeztu diren 20 proiektuen artean; plataforma horrek Euskal herriko kaleko arteen sorkuntza sustatzen du.

Emakume biren arteko dantza-lan bat da Block; Amaia Elizaran bera eta Leire Otamendi dira emakume horiek, harremanak gorputzaren bitartez dituztenak eta euren artean aurkakotasun- eta blokeo-indarrak sortzen dituztenak erresistentzia horietan oinarritutako hizkuntza propio bat eraikitzeko helburu irmoarekin. Beste aldetik, La leyenda del hombre pájaro lanak, hura ere hastapenetan, habia handi baten inguruan elkartuko ditu Christophe Pavia artista eta Mélanie Spettel dantzaria; oso pieza bisuala da, eta habia horretatik sortuko da txori-gizona. Ikuskizun biek maiatzera arte garatuko dute euren sorkuntza-prozesua, eta, horretarako, egonaldi artistikoak egingo dituzte, Karrikanek eskainiak, leku hauetan: Hameka Karrikako Arteen Fabrikan, Luhuson (Lapurdi); Harrobia ekoizpen eszenikorako zentroan, Bilbon; Mendi Zolan kulturgunean, Hendaian (Lapurdi), eta Gipuzkoako Dantzagunea sorkuntza-zentroan, Errenterian. Pieza biak Hendaiako Antzerkiaren Maiatza jaialdian estreinatuko dira 2018ko maiatzaren erdialdean.

Karrikan 2016an sortutako plataforma bat da, kaleko arte eszenikoak Pirinioen alde bietan lagundu eta sustatzeko helburuarekin. Gaur egun, plataformako kide dira: Gasteizko, Bilboko, Iruñeko, Hendaiako eta Libourneko udalak, Euskal Elkargoa-Hameka eta Nafarroako Quiero Teatro antzerki-sustatzailea. Beste alde batetik, Arrigorriaga, Iurreta eta Zarauzko udalak kide laguntzaileak dira. Konpainia biei laguntza hauek emango zaizkie: guztira 24.000 euroko laguntza ekonomikoa, hiru sorkuntza-egonaldi egiteko laguntza eta programatua izatea, KaldeArten ezezik jaialdi hauetan ere: Hendaiako Antzerkiaren Maiatza, Bilboko Kalealdia, Libourneko Fest’Arts; Iruñeko Harresietako Jaialdia, Hameka Karrikako Arteen Fabrikako Abian!, Arrigorriagako Clown Jaialdia, Iurretako Kalez Kale eta Zarauzko Kalerki. Administrazio-aholkularitza ere izango dute, konpainien premietara egokitua.

Karrikanek hitzarmen bat du Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearekin, Pirinioen alde bietako eragileen arteko lankidetza-proiektuak sustatzeko, eskualdeen arteko harremanak sendotu nahi baitira garapena laguntzen duten jardueren alde eginez.

Euskal Herrian kaleko arteen egoeraren ikuspegi bateratua eman nahi du Karrikanek, agerian gelditu baita kaleko arteetan sorkuntzaren aldeko laguntzak ez direla behar bestekoak, bereziki sortzen ari diren konpainia edo artistentzat, eta horrela osatu nahi dira, edo ordeztu kasu batzuetan, alor horretako gabeziak.

Informazio gehiago www.karrikan.eu webgunean.

 

 

 

Share

Ludotekek eta ludoklubek 1.320 leku eskaintzen dituzte Eguberrietako opor programaren barruan

Udalaren ludoteka eta ludokluben sareak umeentzako 1.320 leku eskaintzen ditu 2017ko Eguberrietako opor-programaren barruan.

Partaidetzaren eta Gizarte Etxeen zinegotzi Isabel Martínezek aurkeztu du programa prentsaurrekoan. Haren hitzetan, programaren ardatza “giro hezitzaile eta dibertigarri batean partekatzeko eta besteekin batera jarduteko aukera ematea da, jolasak, lehiaketak, eskulanak, sukaldaritza eta abar baliatuz“.

Guztira 1.320 leku dira, jarduera hauetan banatuta:

 

1.- Ludoteka-egonaldiak

4-8 urteko haurrentzat, 9:30etik 13:30era.

Bina txanda egingo dira, 10 ludotekatan: lehena, 2017ko abenduaren 26tik 29ra, eta bigarrena, berriz, 2018ko urtarrilaren 2tik 5era; guztira, 400 leku. Zentroak: Landatxo, Ariznabarra, Arriaga, Ibaiondo, Iparralde, Judimendi, Lakua, Pilar, Salburua, Zabalgana.

2.- Familientzako jarduerak:

2-5 urteko haurrentzat, gurasoentzat nahiz beste senitarteko batzuentzat, 17:30etik 19:30era. Abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra bitartean, hainbat jarduera egingo dira, hiriko lau ludotekatan —Abetxuku, Arana, Ariznabarra eta Landatxo—; guztira, 200 leku.

3.- Ludoklub-egonaldiak

9-12 urteko haurrentzat, 9:30etik 13:30era —Ibaiondo, Salburua eta Zabalgana— eta 16:00etatik 20:00etara —Iparralde—. Bina txanda egingo dira: lehena, 2017ko abenduaren 26tik 30era, eta bigarrena 2018ko urtarrilaren 2tik 5era; guztira, 160 leku.

4.- Jarduera puntualak

9-12 urteko haurrentzat, 17:30etik 19:30era. Abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra, hainbat modalitatetako jarduerak izango dira zenait gizarte-etxetan: sukaldaritza, esperimentuak, igerilekuko jolasak; guztira, 280 leku.

 Izen-ematea, 2017ko abenduaren 12ko 8:30etik aurrera egin ahal izango da, edozein gizarte-etxe edo kirol-instalaziotan, baita internet bidez ere.

Ludotekas

 

Share