Prentsa Oharren banner

Prentsa deialdiak (2017-12-22)

Flashmoba, Udal Musika Eskolaren 25. urteurrena ospatzeko ekitaldien barruan.

Parte-hartzaileak: Udal Musika Eskolako kideak eta ikasleak.

Eguna: abenduak 22, ostirala.

Ordua: 19.00.

Lekua: “Farolón”. San Frantzisko aldapa, Aiztogile kalearen sarreran.

*Mesedez, ez zabaldu Flashmobari buruzko informazioa, ezta kokalekuari buruzkoa ere.

———————————————————————-

– ICOMA-Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialaren jaia, 2017

Parte-hartzailea: Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea.

Eguna: abenduak 22, ostirala.

Ordua: 19.30.

Lekua:  Europa biltzar etxea – Francisco de Vitoria aretoa.

—————————————————————————–

– Arabako Ganberak deitutako Visual Sariak 2017 (merkataritza irudirako) ematea.

Parte-hartzaileak: Gorka Urtaran alkatea, eta ekitaldira gonbidatutako agintariak eta beste pertsona batzuk.

Eguna: abenduak 22, ostirala.

Ordua: 21.00.

Lekua: NH hotela – Santiago Ramon y Cajal kalea.

 

Share

TUVISAk Vectia Mobility enpresari esleitu dio hamar autobus hibridoren erosketa

  • Garraio publikoaren erabilerak gora egiten jarraitzen du, azarora arte 13 milioi erabiltzaile izan baitituzte hiri autobusek

 

TUVISAko Administrazio Kontseiluak erabaki du aho batez Vectia Mobility enpresari esleitzea hamar autobus hibrido —gasolioa eta elektrizitatea baliatzen dutenak eta 12 metroko luzerakoak— erosteko kontratua. Horietako bost 2018an iritsiko dira Gasteizera, eta beste bostak 2019an. Vectia enpresak —CAF taldearen filiala— egindako eskaintza izan da onuragarriena aurkeztu diren lauren artean, 3.300.000 euro proposatu baitute, lehiaketaren aurrekontuan ezarritako 3.550.000 euroen aldean (BEZik gabe).

 

TUVISAren flota berritzeko aurrerapausoa izateaz gain, hamar autobus berri horiek erostea teknologia eta ingurumen jauzi handia izango da alkateak 2025erako ezarritako erronka lortzeko, hau da, flota osoa hibridoa edo elektrikoa izan dadin. Konpainiak erositako beste hamar ibilgailu —18 metro luze ziren haiek— maiatz bukaeran atera ziren kalera. 2009az geroztik TUVISAk erositako lehen autobusak ziren.

 

Energia-kontsumo eraginkorra lortzeko sistemak ez ezik, autobus hibrido berriek gurpil-aulkietarako hiru leku ere izango dituzte, eta ibilgailuetara igotzeko arrapala elektriko eta eskuzkoak. Lehiaketan, orobat, fidagarritasuna, iraungarritasuna, garbitu eta mantentzeko erraztasuna, eta balio erantsia dakarten berrikuntzak hartu dira kontuan. Autobusek motor bikoitza edukiko dute: batetik, barne-errekuntzako motorra, lau alditako diesela, 240 CV-tik gorako potentzia duena; bestetik, motor elektrikoa, 100 kW-etik gorako potentziarekin.

 

Bestetik, TUVISAko Administrazio Kontseiluan jardueraren hileko balantzea eman da ezagutzera: orotara 13.281.798 bidaiari zenbatu dira azarora arte, beraz, azken hilabeteetako goranzko joera berresten da, iazko kopuruen aldean % 2,14 hazi baita.

 

 

Share

Berrogeita hamar musika-tresna inguruk bidaiatuko dute Gasteiztik Siriara, aurreikuspenak gainditu dituen Instrumentuen Bankuari esker

 

 

 

 

 

 

Resultados Banco Instrumentos

Proiektua Gasteizen jaio zen, eta harekin bat egin dute Bilbo, Donostia eta Iruñeko eskolek zein Musika Eskolen Elkarteak

Gaur aurkeztu dira Udal Musika Eskolak sortutako Instrumentuen Bankuaren emaitzak, zeina duela urtebete Mugarik gabeko Musikariak elkartearekin sinatutako hitzarmenaren ondorioa baita. Eskolako lehendakari Estíbaliz Canto zinegotzia, Mugarik gabeko Musikariak elkartearen lehendakari Jesús María Alegría, eta siriar jatorriko Gani Mirzo musikari kurdua izan dira prentsaurrekoan; azken hori arduratuko da materiala helmugan entregratzeaz eta erabileraren jarraipena egiteaz.

Udal Musika Eskolak orotara 45 instrumentu bildu ditu zuzenean, horietako asko tamaina handikoak, eta beste hiri batzuetatik bidalitakoak ere jaso ditu, Valentziatik esaterako. Horiei gehituko zaizkie ekimenaren berri izan ondoren harekin bat egin duten beste batzuek bildutakoak ere:  Bilbo, Donostia eta Iruñeko eskolak, eta Musika Eskolen Elkartea (Bermeo, Erandio, Udaberria, Santurtzi, Ermua, Berriatua, Tobera, Zarautz, Galdakao, Lekeitio).

 

 

 

 

 

 

Herritarrok askotan pentsatzen dugu arlo lokaletik ezin dela nazioarteko elkartasunerako tresnarik baliatu —hala ere, Lankidetzarako Zerbitzuak jartzen ditu—, baina arrakasta lortuko bazuen gasteiztarrak inplikatzea eskatzen zuen ekimen honen bidez argi erakutsi dugu arlo lokaletik ere zuzenean egin daitekeela lan elkartasunaren alde eta bizikidetza arazoak dituzten gizarteen garapenaren alde, horri esker musika munduko txoko guztietara iritsi ahalko baita”, nabarmendu du Estíbaliz Cantok; haren hitzetan, “arrakastak gure aurreikuspenak gainditu ditu”.

Dohaintzan emandako instrumentu guztiak Siriako musika eskoletara bidaliko dira zuzenean; herrialdea gatazka zibil betean bizi da, eta horiei esker ” musikak ordeztuko du balen soinua“, Jesús María Alegría azpimarratu duenez.

Gani Mirzo musikariak aipatu duenez, ideia “errefuxiatu-eremu batera eta ondoren Siriako kurduen herri bateko musika-eskola batera egindako bidaia batean sortu zen, bertan ikusi ahal izan baikenuen gerrak eragindako aurpegi tristeak aldatu egiten zirela eskolako atetik sartzean. Izan ere, ordu batzuez lehergailuen soinua, bizipenak eta irudiak ahantzaraztea lortzen du musikak, eta horren bidez umeek, gerraren faktura handiena ordaindu behar dutenek, barrena arindu dezakete nolabait.”

Canto harro agertu da Gasteiztik kanpora ere zabaldu den proiektua garatzeagatik: “45 musika-tresna baino askoz gehiago dira: musika arimaren adierazpena da, poza, tristezia eta sentipenak adierazten laguntzen baitigu, entzuten ari denaren arimarekin ere konektatzen duen aparteko lengoaia batean; orain, instrumentu horiek Siriako umeen bidaide bihurtuko dira, zeinek zailtasunak baitituzte musika hezkuntza jasotzeko, eta are handiagoak tresna bat erosteko. Poz horregatik merezi du emaileontzat instrumentuari uko egiteak izan dezakeen zailtasuna”. Amaitzeko iragarri du proiektuak “datorren urtean jarraipena izango” duela, “zalantzarik gabe”.

Share

Udalak boluntarioentzako kontsumo arduratsuari buruzko prestakuntza programa bati lagunduko dio

25.000 euro emango dizkio Setem-Hego Haizea elkartearen kontsumo arduratsu eta eraldatzailetarako eskolari 

Setem-Hego Haizea GGKEarekiko lankidetza-hitzarmena izenpetzea onetsi du gaur udal gobernuak, 2017-2018 ikasturtean  garapenean laguntzeko boluntarioak prestatzeko programa —”kontsumo arduratsu eta eraldatzailetarako eskola” izenekoa— egiteko.

Setemek 2017-2018 ikasturterako egin duen proposamenak hainbat alorretako (finantza, ekonomia, ingurumen, zaintza, etab.) bidegabekeria eta krisi globalarekiko kontzientzia kritikoa sustatuko du, baita irabazteko asmorik gabeko gobernuz kanpoko erakundeetan nahiz gizarte ekimen eraldatzaileetan konpromiso sozial aktiboa izatea ere.

Hainbat prestakuntza-ekintza egingo dira: hitzaldiak, solasaldiak, lantegiak, zine-foroak, ikastaroak… Elkartasunerako auzolandegien programa ere garatuko da: asteburu batez, bizikidetza eta prestakuntza uztartuko dira, eta horren barruan, prestakuntza bilerak, garapenerako lankidetzako proiektuen barruko esperientziak, eta esperientzia osoa ebaluatu eta ondorioak ateratzeko topaketak egingo dira. Prestakuntzan parte hartzen duten pertsonetako batzuek GGKE horrek zenbait herrialdetan garatzen dituen lankidetza-proiektuetan jarduteko aukera izaten dute, elkartasunerako auzolandegien bitartez; joan-etorrietarako eta egonaldirako kostuak haien kabuz ordaindu behar dituzte osorik. Ondoren, GGKE baten barruan esku hartzeko hainbat aukera eskaintzen zaizkie.

Udalak 25.000 euro emango ditu Setem Hego Haizearekiko urteko hitzarmenerako.

Bestetik, Euskara Zerbitzuak aisialdiko begiraleak eta zuzendariak izateko ikastaroak antolatu eta emateko egindako laguntzetarako deialdiaren ebazpena onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, eta aisialdirako Bizkaiko Urtxintxa Eskolari 1.800 euroko diru-laguntza emango dio.

Share

“Gazte Arte”-ren irabazleek bere obra jende aurrean sortzen hasiko dira

Montehermoso kulturuneko Ur Biltegian egingo da abenduaren 22tik 30era

“Gazte Arte”-ren irabazleek banakako sortze prozesu batean bere obra jende aurrean sortzen hasiko dira, Montehermoso kulturuneko Ur Biltegian, abenduaren 22tik 30era.

Gazte Arte 14-25 urteko gazteentzako Ikus Arteren lehiaketa da. Horren bitartez gazteen Arte-sorkuntzarako gune bat sustatu nahi izan da. Gazte Arte programan hiru atal bereizten dira: proiektu garaileak izendatzea, “Jende aurreko Arte Gaztearen lantegiak” eta Taldeko erakusketa, non gazteek eginiko arte-lanak erakusten diren.

“Gazte Arte” Lehiaketaren bigarren edizioak oso emaitza pozgarria izan du. Izan ere, aurreko edizioaren emaitzak %40ko gehiketa izan du.

Guztira, 46 gaztek hartu dute parte, eta banaka edo bikoteka, 41 proiektu aurkeztu dute. Nabarmendu behar da parte hartzaileen % 89 emakumeak direla. Adina dela eta, %61 16-19 urteko gazteak dira, eta gainerako %39  20-25 urteko gazteak.

Sarai López, Leire Rojano, Mikel Arranz, Núria Pérez-Cárcamo eta Maiela Zurutuza, aurtengo edizioaren irabazleak izan dira.  Aurkeztutako proiektuek  hainbat arte- modalitate jorratzen dute: grabatuak, marrazkia, eskultura, performance, ikus-entzunezko muntaketa, eta grafiak edo poesia batuz.

Bere saria hau izango da: 300€ esku-dirutan, 200€ko balea Arte Diziplinatako materialetan gastatzeko,  eta jende aurreko Arte Gaztearen lantegietan euren proiektuak  gauzatzea.

Gazte Arte Lantegiak Montehermoso kulturunean, Ur Biltegian, abenduaren 22tik 30era izango dira, goizez (11:00-14:00) eta arratsaldez (18:00-21:00). Gainera, sortze prozesu horretan eginiko lanekin taldeko erakusketa bat egingo da (Montehermoso kulturunean, 2018ko otsailean).

Sari banaketa egin eta, 2017ko  Gazte Arteren edizioaren irabazleek, jende aurrean, banakako sortze prozesu batean bere obra sortzen hasiko dira, Montehermoso kulturuneko Ur Biltegian, abenduaren 22tik 30era. Horretarako, Eloísa Montoya eta Salim Malla ikus arteen eremuan artista espezialistak direnen tutoretza eta laguntza izango dute.

Sarai López eta Leire Rojano gazteek/ Proiektua: “Monotipo Conflicto Límites Colectivo Azar Cooperación” . Sarai eta Leire talde-lanean arituko dira monotipoaren teknikaren bidez zenbait grabatu egiteko; mosaiko bat lortu nahiko dute ariketa plastiko horren bidez, komunikazioaren ondoriozko gatazkak islatzen dituena, komunikazioaren beraren mugak aztertuta

Mikel Arranz/ Proiektua: “Ustekabeko batuketak” . Publikoaren presentzia aprobetxatuko du Mikelek zenbait sinergia sortzeko, eta lengoaiatik abiatuta marrazkietan eta eskultura txikietan gauzatuko dira hilotz bikain gisa.

Núria Pérez-Cárcamo/ Proiektua: Papaver”. Bideoa, argazkia eta objektuak bilduko dituen instalazio bat planteatuko du Nuriak, eta emakumearen eta naturaren arteko antzekotasun plastiko eta kontzeptuzkoen bidez, egungo sistema ekonomikoak nola objektualizatzen eta salerosten dituen nabarmendu nahi du.

Maiela Zurutuza/ Proiektua: “komorebi”. Kaligrafiaren eta txantiloiz egindakoaren arteko lan bat gauzatuko du Maielak, euskal poesia haikuarekin lotuta, bi diziplinek jorratzen duten gai baten bidez, hots, naturak eskaintzen dituen une labur eta iragankorrak.

Dossier. Gazte Arte 2017- Euskera

Share

Gazteen enplegurako Genera 30 programa abian da, prestakuntzarako, lanbide-praktiketarako eta tutoretzarako programak kontratatuko baitira

Tokiko Gobernu Batzarrak gazteen enplegurako Genera 30 proiektuaren barruko zenbait ekintza garatzeko kontratazio dosierra onetsi du, 249.260 euroan, BEZa barne. Zehazki, langabezian dauden gazteak lan-merkatuan integratzeko programa horretan aurreikusi diren prestakuntzarako, lanbide-praktiketarako eta tutoretzarako moduluak kontratatzeko lehiaketa egingo da. Genera 30 Gasteizko Udalaren ekimen aitzindaria da, eta horretarako orotara 325.000 euroko ekarpena lortu du Europatik, zeinari esker aurrekontu osoaren % 92 estali ahalko baita.

Genera 30 programaren helburua da 30 urtetik beherako 75 gazte ingururekin lan egitea, lan-merkatuan sartu daitezen. Emakumeei, ikasketarik edo lan esperientziarik ez duten eta oinarrizko prestakuntzan gabeziak dituzten pertsonei emango zaie lehentasuna. Hasteko, ekimenean parte har dezaketen pertsonak erakarri eta diagnostikatzeko fasea egingo da. Ondoren, Urtaranen gobernuak gaur lehiaketara atera dituen jarduerak garatuko dira.

Genera 30 programan aurreikusitako prestakuntzaren bitartez, 1. mailako profesionaltasun-ziurtagiria lortu ahalko da alor hauei buruzko ikastaroetan:  biltegiko laguntzailea (210 ordu), gozogintza (440 ordu), sukaldaritzako oinarrizko eragiketak (290 ordu) eta fabrikazio mekanikoko laguntzailea (440 ordu). Orobat, zeharkako beste alor batzuei buruzko prestakuntza bloke garrantzitsua aurreikusi da: informazioaren teknologiak, tresnen erabilera, berdintasunaren sustapena, hizkuntzak eta iraunkortasuna.

Lanbide praktikei dagokienez, gutxienez 60 enpresatara joko da, prestakuntza fasea egoki burutzen duten parte-hartzaileek lanbidean jardun dezaten, bi hilabetez. Tutoretza eta orientazio jarduerari esker, berriz, parte-hartzaileek coach bat izango dute programaren ibilbide osoan, eta taldeko saioak. Pertsona bakoitzak gutxienez 6 tutoretza-ordu eta 30 orientazio-ordu jasoko ditu, eta praktikak amaitu eta 6 hilabetetara zein 12 hilabetetara laneratzearen jarraipena egingo zaie.

Aurreikusi den egutegiaren arabera, prestakuntza 2018ko lehen seihilekoan emango da, orain egiten ari den erakartze-fasea amaitu bezain laster. Praktikak 2018ko bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan egingo dira, eta tutoretza eta orientazioa, berriz, 2018an zehar.

Gazte enpleguaren alorrean hirian diharduten agente nagusien ahaleginen batuketa da Genera 30 proiektuaren zutabeetako bat. Aurretik ere bada esperientziarik alorrean diharduten entitate eta elkarteekin, esaterako, Gazte bermerako programa eta HAZIA 23; azken horren lehen edizioa uztailean amaitu zen, diploma banaketarekin. Programa berriaren bidez ahalegin handiagoa egin nahi da gazteentzako enplegua sortzeko helburua lortzeko, krisiak gehien eragindako taldeetako bat baita.

Share

Udalak 150.000 euro emango dizkio Santa Maria Katedrala Fundazioari

Tokiko Gobernu Batzarrak ontzat eman du Gasteizko Udalak 150.000 euroko ekarpena egitea Santa Maria Katedrala Fundazioari, erakunde horren Patronatuak urte honetarako ezarritako konpromiso ekonomikoak betetzearren.

Fundazioak erakundeetatik jasotzen duen finantzaketaren zatirik handiena katedraleko obra-programa gauzatzen jarraitzeko erabili da. Aurten girolako kaperen erlaitzak eta horien gaineko estalkia zaharberritu dira, eta beste mantentze, egokitze eta birgaitze lan batzuk egin dira.

Santa Maria Katedrala Fundazioaren beste egiteko funtsezko bat bisita gidatuena da. Udalak beste 32.000 euro jartzen ditu horrekin lotuta, Erdi Aroko harresiaren bisita gidatuen programarako, Gasteizko Hirigune Historikoaren turismo eta kultur eskaintzaren.

Share

Urtaranen gobernuak Forondako aireportuko hegaldi erregularren jarduerarekiko konpromisoa berritu du

Gaur goizean, Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi du VIA (Vitoria International Airport) sozietateari 250.000 euroko transferentzia egitea, horixe baita Gasteizko Udalaren urte honetako ekarpen ekonomikoa Ryanair konpainiak estatu barruko zein nazioarteko hegaldi erregularren jarduera gara dezan. 2020ra arte iraungo duen kontratuaren lehen urtekoari dagokio kopuru hori.

Abian jarri zenetik, hegaldi erregular komertzialen operatibaren barruan Milan (Bergamo), Tenerife, Colonia eta Sevillarako bidaiak antolatu ahal izan dira Gasteiztik. Atzoko datuen arabera, orotara 53.206 pertsona garraiatu dituzte, eta hegaldi bakoitzaren batez besteko okupazioa % 90 izan da. Horri charter hegaldiak eta IMSERSOren mendekoak gehitu behar zaizkio. Hori guztia dela eta, Gasteizko aireportuak kopuru errekorrak lortuko ditu 2017ko amaieran, bai bidaiarien bai salgaien garraioari dagokionez.

“Forondan hegaldi erregularrak berreskuratzea gobernu taldeak —Eusko Jaurlaritzarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin batera— Gasteizko aireportuarekin duen konpromisoaren isla da. Hiru erakundeen ahalegin ekonomikoari esker, gure aireportua gorantz doa, zama operazioetan ez ezik, baita bidaiarien garraioan ere. Foronda erakargarria da berriro, logistika enpresen, euskal erakundeen eta aire-konpainien inplikazioari esker. Lan egiten eta inplikatzen jarraituko dugu, aireportua merezi duen lekuan jartzeko. Horregatik, funtsezkotzat jotzen ditugun alderdiak eskatzen jarraituko dugu, hala nola 24 orduko jarduna eta PIF (mugak ikuskatzeko postua) berreskuratzea”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Gaur onetsitako 250.000 euroko ekarpenaz gain, uztailean 60.000 euro eman zizkion Gasteizko Udalak VIAri, aireportua bultzatzen laguntzearren, bai zamaren bai bidaiarien garraiorako.

Share

Partaidetza Sailak auzo-elkarteentzako oinarriak onetsi ditu 2018rako

Isabel Martínez zinegotziaren ardurapean dagoen Partaidetza eta Gizarte Etxeen Sailak proposaturik, 2018an Gasteizko auzo elkarteei eta auzo elkarteen federazioei diru-laguntzak eta bestelako udal baliabideak emateko deialdi publikoa onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, 180.000 euroan.

Martínezen hitzetan, “bistakoa da elkarte horiek udalerriko auzoetan egiten duten lana, eta horrexegatik  bideratzen dugu urtero diru-laguntzetarako programa, eta haien esku uzten udalaren titularitateko lokalak, auzoaren eguneroko bizitzan eragiten eta bizi garen komunitatea hobetzen laguntzen duten jarduerak garatzerik izan dezaten”.

Ildo horretatik, oinarrietan bi alderdi arautzen dira: batetik, jarduera-programa egiteko eta zerbitzuak emateko laguntza ekonomikoak; bestetik, udalaren titularitateko lokalak  erabiltzeko baimena.

Share

Araskik 10.000 euro gehiago jasoko du, emakumeen saskibaloiko elitean parte har dezan

Estíbaliz Canto zinegotziak gidatzen duen Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailak proposaturik, Araski Saskibaloia taldearekiko babesletza-kontratua onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak, saskibaloiko estatuko lehen mailan parte hartzeagatik; orotara 110.000 euro jasoko du, BEZa barne.

Araski taldea emakumeen saskibaloiko elitera iritsi zen iaz, eta beheko kategorietan zegoela jasotzen zuen kopurua 90.000 euroan igo zuen Udalak. Aurten 100.000 eurotik 110.000 eurora igo da ekarpena.

Cantok esan duenez, “emakumeen kirola sustatu eta finantzatzeko konpromiso sendoa dugu, progresiboki gizonen parera iritsi arte. Udalaren dirua den aldetik, ez genuke babesle pribatuen, ikusle kopuruaren edo telebistaren eraginaren arabera jokatu behar, baizik eta berdintasunaren eta produktuaren kalitatearen arabera. Eta Araskirekin itxaropenak gainditzen ari den produktua dugu”.

 

Share