Prentsa Oharren banner

Gasteizen Gabonetako argiak piztu ditu

Dagoeneko piztuta daude Gasteizen Gabonetako argiak; magiaz beteko dituzte hiriko berrogeita hamar bat kale eta espazio.

Aurten 266 uztai banatuko dira 46 kaletan, iaz baino bi gehiago. Horietaz gain, 139 irudi instalatuko dira faroletan, eta argiztapen berezia jarriko da 3 eraikinetan eta 60 zuhaitzetan.

Share

(Eguneratua) Aurreikuspenak

Asteazkena, abenduak 6

  • Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa eta Partaidetzaren eta Gizarte Etxeen zinegotzi Isabel Martínez Ardoaraba 2017ri hasiera emateko ekitaldian izango dira 12:30ean, Foru plazan.

Ostirala, abenduak 8

  • Ingurugiroaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusilla Euskal Herriko Bonsai artearen laugarren leihaketa-erakusketaren inaugurazioan izango da, 12.00tan Europa Jauregian.
Share

Udalak formalki eskatu du Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak Udalaren eta garbiketako aldi baterako enpresa-elkartearen arteko ezadostasuna azter dezala

Udalak aurrera jarraitzen du garbiketa egin eta hiri-hondakinak biltzeko zerbitzuaren kontratista FCC-GMSM enpresa-elkartearekin abuztu hasieran lortutako akordioaren ondoren zehaztutako bide-orriarekin. Zentzu horretan, Udalak dagoneko formalki eskatu du Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak Udalaren eta garbiketako aldi baterako enpresa-elkartearen arteko ezadostasuna aztertu eta irizpena eman dezala.

 

Iragarri zen bezala, eta baldintza-agiriaren 36. klausulan ezarritakoari jarraituz,  2016ko bigarren seihileko prezioak berrikusteko eskatu zuen enpresak. Prezioen berrikuspena ohiko mekanismoa da kontratazio publikoan, kontratuen bideragarritasuna bermatzeko eta indarrean dauden bitartean gerta daitezkeen aldaketen ondorioak orekatzeko xedez. Zirkunstantzia horiek eragina izan dezakete kontratuetan, eta aldeek elkarri ematen dizkieten prestazioetan desoreka sortu.

 

Prozesu horretan, batez besteko antzinatasunen, erretiro-sarien eta absentismoaren ondorio ziren kostuak ere prezioen berrikuspenean sartu behar zirela aldeztu izan du enpresak Udalaren aurrean. Udalak, bere aldetik, kostu horiek enpresak bere gain hartu behar dituela aldeztu izan du Kontratazio Zerbitzuak eta Ogasun Sailak egindako txostenetan.

 

Ezadostasun horren ondorioz, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren irizpena eskatzen deneko ebazpena sinatu du dagoeneko alkateak. Aurki hasiko da organo hori kasua aztertzen, eta bi hilabeteko epea izango du irizpena emateko.

 

Share

(Eguneratua) Koroatze auzoaren birgaikuntzaren sustatzaileek epea luzatzea eta jarduera-eremua handitzea adostu dute

 

 

 

 

Visesak, Gasteizko Udalak eta Energiaren Euskal Erakundeak proiektuaren aldeko apustu irmoa egiten jarraitzen dute, eta maiatzaren 31ra luzatu dute atxikitzeko epea, eta inguruko kaleetara zabaldu jarduera-eremua.

Zabaldu den kaleen jarduera eremu berria

Gasteizko Udalak, Visesak, EEEk eta Giroak gaur aurkeztu dituzte Koroatze auzoa birgaitzeko SmartEnCity proiektura atxikitakoen datu eguneratuak. Orobat iragarri dute epea maiatzaren 31ra luzatzen dela eta jarduera-eremua inguruko kaleetara ere zabaldu dela. “Proiektu honen aldeko apustua egiten jarraitzen dugu, herritarrentzat ona dela uste baitugu”, adierazi dute.

Azaroaren 30eko epea amaitu delarik, hauxe izan da  proiektuarekiko atxikimenduen balantzea:

– Batetik, 15 komunitatek egin dute bat proiektuarekin (156 etxebizitza): horietatik 13 (140 etxebizitza) proiektu osoari atxiki zaizkio (berokuntza-sarea eta birgaikuntza) eta bi (16 etxebizitza) berokuntza-sareari bakarrik.

 

– Bestetik, proiektuak 512 etxebizitzaren baliokidetasuna du: horietatik 356 lokalei dagozkie —Atlas gimnasioa, bingoa, Aldabe gizarte-etxea, Simone de Beauvoir eta parrokia—, eta gainerako, 156, atxikitako etxebizitzei. Berokuntza-sarea bideragarria izateko, 750 etxebizitza behar ditu, gutxienez; beraz, egun kopuru horren % 70a lortu dela esan daiteke.

Hainbat arrazoik bidezkotzen dute atxikitzeko epea 2018ko maiatzaren 31ra luzatzea: Batetik, auzokideek erabakitzeko denbora gehiago edukitzeko egindako eskaerak —Errota Zaharra elkarteak igorritako gutun baten bidez—. 48 komunitatek ez dute oraindik bozkatzeko aukerarik izan. Koroatze auzoko bizilagunek 6 hilabete izan dute proiektuari atxikitzeko, eta epea hau “oso laburra” izan dela adierazi digute auzokoek. Era berean, ez zaie hutsik egin nahi proiektuarekiko konpromisoa erakutsi duten 156 bizilagun eta merkataritza-aretoei, eta horregatik epea luzatzeko eskatu diete euskal erakundeek Europako solaskideei. Erakunde sustatzaileen eta Giroaren erabakiak orobat erantzuten dio Europar Batasunak emandako konfiantzari eta proiektu hori milioi askoko diru-laguntzen bitartez finantzatzeko asmoari —inbertsio osoa 24.720.750 eurokoa izango baita, gehi BEZ—. Izan ere, galdu egingo lirateke laguntza horiek, bizilagunek nahikoa sostengu eman ezen. Horretaz gain, auzo horrezaz haragoko proiektua da, eta Euskal Herriko hiru lurralde historikoetako auzo ahuletan errepikagarria.

Ildo beretik, proiektuaren jarduera-eremua zabaltzea erabaki dute. Mugak, orain arte, Koroatze kalea, Arriagako atea, Jesusen Zerbitzarien Fundatzailearen kalea, Badaia kalea eta Domingo Beltran de Otazu kalea ziren; baina, bero-sarearen trazadura aldatzen delarik, bizilagun gehiagorengana iritsiko da proiektua. Horrela, hasierako proiektuan finkatutako 108 komunitateei eta 1.305 bizilagunei, beste 568 etxebizitza gehituko zaizkie —36 komunitate—, guztira 1.873 etxebizitza izateraino —144 komunitate— Proiektua kale hauetara zabaldu ahal izango da:

  • Badaia kalea, 1.etik 23.era
  • Zerkabarren kalea, 35.etik 30.era
  • Jesusen Zerbitzarien Fundatzailearen kalea, 35
  • Domingo Beltran de Otazu kalea, 13.etik 25.era
  • Ziudadela plaza, 3 eta 4
  • Andre Maria Zuriaren plaza, 1.etik 23.era

Proiektuari uko egin dioten 630 bizilagun daudenez —44 komunitate—, esparrutik kanpoko beste batzuk sartu eta diru-laguntza izango dutela bermatzeko aukera dago. Proiektua ezagutzera emateko martxan jarritako informazio-bulegoan azken asteetan jasotako iradokizunek erakusten dutenez, hasierako esparrutik kanpoko hainbat pertsonek benetako interesa dute. Izan ere, bertan izandako hiru bisitetatik bat egungo esparrutik kanpoko bizilagunenak izan dira. Azpimarratu beharra dago proiektuarekin bat egiten duten komunitateen artean diru-laguntzak banatzeko orduan estu-estuan hartuko dela kontuan atxikitze-hurrenkera.

Gogoratu beharra dago hilabete hauetan informazio eta sentsibilizazio lan handia egin dela Koroatzeko proiektuaren inguruan, proiektua bultzatzen ari diren erakundeetatik.

  • Irailean hasi eta gaur arte, 67 bilera egin dira jabeen komunitateekin, informazioa emateko eta erabakiak hartzerik izan zezaten.
  • Kutxa kalean informazio-etxola jarri zenetik —joan den uztailaren 31n—, 401 kontsultari erantzun zaie. Nabarmentzekoa da zer nolako interesa sortu duen proiektu honek jarduera-eremutik kanpo; izan ere, kontsulten % 15 proiektuaren eremutik kanpo bizi diren pertsonek egin dituzte.
  • Atez ate joanez, 879 pertsonarekin kontaktatu da, hau da % 89,7rekin —976 posibleetatik—.

Azkenik, gogoratu beharra dago Eulogio Serdan kaleko 4.eko jabeen komunitatearen eraikina birgaitzeko obrei ekiteko lizentzia eskatu dela, hori izan baitzen proiektuari atxiki zitzaion lehenengo komunitatea, eta birgaitze-lanei ekiteko konpromisoa hartu baitzen berarekin, proiektuaren ibilbidea gorabehera. Datorren urteko otsailean edo martxoan hasiko dira obrak.

Informazio-lanarekin jarraitzeko, eta hartara herritarrak inplikatzen, berriro zabalduko da joan den azaroaren 30etik itxita egon den informazio-etxola abenduaren 12an, ohiko ordutegian, lanegunetan. Goizez, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara, eta asteartetik ostegunera, 17:00etatik 19:30era.

 

Share

Goya eraikinaren erabileraren inguruko beren proposamenak aurkeztu dituzte udal taldeek, lantaldearen lehenengo bileran

Goya eraikinaren erabileraren inguruko proposamenak aztertze aldera udal gobernuak sortzeko konpromisoa hartu zuen lantaldearen lehenengo bilera egin dute gaur udal talde politikoek.

Gaur goizeko bilkuraren ondoren, laster bigarren bat egiteko asmoa dago, garai bateko gasolindegia zertarako baliatu behin behingoz erabakitzeko.

Share

334 lanpostu sortzeko aukera emango du Udalak eta Eusko Jaurlaritzak sustatutako Vitoria-Gasteiz 2017 Enplegu Planak

 

 

 

 

 

 

  • 2.860.364 euroko aurrekontua du ekimenak, Eusko Jaurlaritzaren ekarpen ekonomikorik handiena, eskualdeko enplegu-planak daudenetik
  • Lan-merkatura sartzeko zailtasun gehien dituzten kolektiboek izango dute lehentasuna, kontratazioak egiteko orduan
  • Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak enplegu egonkor eta kalitatekoa sortzeko hartua duten konpromisoaren funtsezko piezatzat jo dute plana Gorka Urtaranek eta Beatriz Artolazabalek

Vitoria-Gasteiz 2017 Enplegu Plana

Vitoria-Gasteiz 2017 Enplegu Plana aurkeztu dute Gasteizko Alkate Gorka Urtaranek eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek, erakunde eta enpresen baterako ahaleginari esker udalerrian 334 lanpostu berri sortzeko aukera emango duen ekimena. Horretarako, 2.860.364 euroko aurrekontua izango du planak, esparru horretako eskualdeko planak martxan jarri zirenez geroztik Eusko Jaurlaritzak Gasteizko Udalari enplegua sortzeko inoiz egin dion ekarpenik handiena, hain zuzen ere.

Enplegu egonkor eta kalitatekoa sortzea da Vitoria-Gasteiz 2017 Enplegu Planaren helburu nagusia, lan-merkatura sartzeko zailtasun gehien dituzten kolektiboei lehentasuna emanik. Bidenabar, enpresa-ehun lokalaren jarduera dinamizatzeko balio izango du, eta, gainera, iraunkortasunari eta berrikuntzari lotutako sektoreetan enplegu-nitxo berriak sustatuko ditu. Azkenik, Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak uste dute plan hori balio handiko tresna dela prestakuntzaren eta lanbide-kualifikazioaren arloko programak osatzeko orduan.

“Gasteizko ehun ekonomikoa pultsua berreskuratzen ari da, eta horren frogarik argiena dugu azken bi urteetan eta erdian 4.400 langabe gutxiago izatea lortu dela. Enpresen inplikazioari esker izan da posible emaitza hori, eta, aldi berean, enplegu-sorkuntzarekin konprometituta dauden erakundeek elkarrekin egin duten lanari esker. Udalak eta Eusko Jaurlaritzak enplegu egonkor eta kalitatekoaren alde egina duten apustuaren adierazgarririk onena dugu enplegu-plan hau”, adierazi du Gorka Urtaran alkateak.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek, berriz, honela adierazi du: “Lanbideren bitartez hiru lurraldeetan martxan jarri ditugun enplegu-plan lokalak gaur egun oraindik ere lan-merkatura sartzeko zailtasun gehien dituzten kolektiboei zuzenduta daude. Lan-kontratu baten bitartez izango duten esperientzia profesionalaren ondoren, errazago izango dute behin betiko lan-merkatuan sartzea”. Eusko Jaurlaritzak, Lanbideren bitartez, 22 milioi euro bideratu ditu aurten enplegu-plan lokaletara, 2016an baino bat gehiago.

 

Vitoria-Gasteiz 2017 Enplegu Planaren zifra nagusiak

Enplegu Plana indarrean den bitartean 334 lanpostu sortuko direla aurreikusten da. Horietatik, 159 Gasteizko Udalak egingo dituen kontratazioen ondorio izango dira, eta gainerako 175ak, berriz, enpresa lokalek egingo dituzten kontratuen ondorio. Hain zuzen ere, duela egun gutxi onetsi zuen Tokiko Gobernu Batzarrak kontrataziorako laguntza ekonomikoak emateko deialdia, 1.050.000 euroko diru-zuzkidurarekin.

 

Lehentasuna, langabeziak gehien eragiten dien kolektiboei

Lan-merkatura sartzeko zailtasun gehien dituzten kolektiboekiko konpromisoa da Vitoria-Gasteiz 2017 Enplegu Planaren ildo estrategikoetako bat. Zentzu horretan, lehentasuna izango dute honako hauei egiten zaizkien kontratuek: emakumeei, 55 urtetik gorakoei, 45 urtetik 54ra bitartekoei, lehen enplegua lortzen duten 35 urtetik beherakoei, langabezian luzaroan daudenei, diru-sarrerak bermatzeko errentaren jasotzaileei eta dibertsitate funtzionala dutenei.

Era berean, eta enpleguaren egonkortasunari eta kalitateari lehentasuna emate aldera, enpresek kontratazioak egiteko berariazko ildoan, lehentasuna izango dute lanaldi osorako egiten diren kontratazioek, lanaldi partzialekoen aldean. Gainera, kontratu mugagabeek balorazio handiagoa izango dute laguntza emateko orduan, aldi baterakoek baino.

 

Enplegu-planean sartzea

Vitoria-Gasteiz 2017 Enplegu Planaren barruan kontratatzen diren pertsonek Gasteizko bizilagunak izan beharko dute, langabezian egon eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egon. Hortaz, ez dago inongo eskabiderik egin beharrik aurreikusitako kontraturen bat eskuratu ahal izateko; izan ere, Lanbide bera izango da lehenengoz hautagiak aukeratuko dituena, kontuan izanik zein enplegu eskaintzen diren eta zein profil dituzten eskatzaileek.

Vitoria-Gasteiz 2017 Enplegu Planaren bitartez sinatzen diren kontratu guztiek gutxienez sei hilabeteko iraupena izango dute. Gasteizko Udalak zuzenean sustatzen dituenek % 75eko lanaldia izango dute.

Sektore pribatuak kontratuak egiteko laguntzen kasuan, enpresa bakoitzak gehienez ere bi laguntza eskuratu ahal izango ditu —hiru, baldin eta gizarteratze-enpresa bada—. 6.000 euro izango da gehieneko zenbatekoa, sei hilabeteko edo hortik gorako lanaldi osoko lan-kontratu bakoitzeko; kontratatutako pertsona laneratzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboetako batekoa bada, 9.000 euroko laguntza emango da.

 

Jarduera-sektore estrategikoetako kontratazioa

Gasteizko Udalak Enplegu Planaren barruan zuzenean bultzatzen dituen 159 enpleguek era horretako kontratuen bolumenik handiena egiten dute, ekimena abian jarri zenetik. Horien bitartez, iraunkortasunari eta berrikuntzari lotutako sektoreetan enplegu-nitxo berriak bultzatuko dira bereziki.

  • Eraikinen birgaikuntza iraunkorra / energia-eraginkortasuna: 44 lanpostu sortzea aurreikusten da, urrezko auzoetan energia-eraginkortasunaren arloko irizpideak aintzat harturik birgaitzeko proiektuak garatzeko berebiziko munta duen sektore horretan. Beste 16 enplegu lan eta azterlanak egiteko izango dira.
  • Paisaiaren egokitzapena: 5 lanpostu sortuko dira, berdeguneak hobetzeko, bereziki kontuan harturik enplegagarritasun handiena duten profilak.
  • Ingurumenaren arloan ikertu eta tresnak garatzea: 21 enplegu aurreikusi dira, hainbat proiektu garatzeko, hala nola, lurrak lehengoratzeko teknika berrien bilaketa, Gasteizko biodibertsitatearen kontserbazio-estrategia edo nekazaritzako elikagaien estrategia lokaletik eratorritako ekintza-plana.
  • Gizarte-berrikuntzako proiektuak: 4 lanpostu, Gizarte Politiken udal arloarekin lotuak, bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako edo esklusio-egoeran dauden adinekoei arreta eskaintzeko ekimenak burutzeko.

Beste esparru hauetan hainbat proiektu martxan jartzeko ere sortuko da enplegua: euskararen erabileraren normalizazioa, hiriaren identitate digitala sendotzea, udalerriko nekazaritza-eremuko kontzejuei laguntza ematea, iruzur fiskalaren kontrako borroka, herritarren partaidetza edo berdintasunerako politikak.

Vitoria-Gasteiz 2016 Enplegu Planean egin zen zuzeneko kontratazioaren barruan, nabarmendu beharra dago parte hartu zuten pertsonen asebetetze-maila handia —8,49 puntu, 10ean gainean—. Era berean nabarmentzekoa da kualifikazio handiko parte-hartzaileen kopurua —% 49,66—, eta 35 urtetik beherako gazteak izan zirela nagusi —% 60,40—.

Share