Prentsa Oharren banner

Udalak aitorpena egin die zenbait agente ekonomiko eta soziali, gazteen enpleguaren alorreko jardunbide egokiengatik

Udalak aitorpena egin die zenbait agente ekonomiko eta soziali, gazteen enpleguaren alorreko jardunbide egokiengatik. Ludoland, Haziak23, Ikaslan Araba, On4u Global Services, Arabako Merkataritza eta Industria Ganbera, Kulturbide eta Sidenorrek jaso dute aitorpena Zabalganeko gizarte etxeko ekitaldi-aretoan.

Gazteria Zerbitzuak eta Enplegua eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Sailak sustatu dituzte aitorpen horiek, Udalaren Gazte Planaren barruan, jakitun baitira zein garrantzitsua den gazte ororentzat enplegua lortzea eta horrek dituen ezaugarriak, bizitza-proiektua garatzeari begira. “Entitate eta pertsona batzuk gauzak ondo egiten ari direla erakustea da helburua, egokia baita hori ezagutarazi  eta beste agente batzuengana helaraztea”, azaldu du Gazteriako zinegotzi Iñaki Prusillak.

Aitortu diren eragileak:

Ludoland: Gasteizko gazte askok beren lehen lanpostua dute han aisialdiko arloan monitore bezala. Goraipatu behar da bere parte hartze aktiboa Arabako aisialdiko lehenengo hitzarmena lortzeko eta daukan kezka baloreetan etengabeko prestakuntza (berdintasuna, ingurumena, aniztasuna eta hizkuntza trataera besteak beste).

Bigarren esperientzia da Hazia 23. proiektu honen lidergoa Udalaren Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Sailak dauka. Berak sortu zuen eta finantziatzen du Vital Kutxa Fundazioaren laguntzarekin. Proiektua gauzatzen dute elkarlanean Adsis Fundazioa, Egibide eta Arabako Elizbarrutiko Caritas, bakoitzak ekintza ezberdinak egiten proiektuaren barruan.

18 eta 23 urte bitarteko gazteentzat zuzentzen da proiektu hau. Adinagatik edo beste ezaugarriengatik ezin dira Lanbide Hezkuntza orokorrera heldu eta lanerako kualifikazioaren ezak zailtasun asko jartzen die lan munduan sartzeko. Orain bigarren edizioan dago eta aurreko edizioan, 14 gazte (28 parte hartu zuten) praktikak egin zituzten enpresetan kontratatu izan dira.

Ikaslan Arabak egiten duen lana ere aitortzen da. Ikaslan Arabako lanbide heziketako ea zentro publiko guztien taldea dela esan dezakegu. Bere elkarlana beste eragileekin, Lanbide Heziketa beste zentroekin eta Unibertsitateekin goraipatu ahal da eta momentu honetan bere zentroetan dituzten lan poltsak aitortzen da (Mendizabala, Zaraobe, Ciudad Jardín, Eraiken eta Laudioalde).

Hiru gasteiztarren iniziatibaz, 2009an sortu zen On4u Global Services, merkataritza elektronikoa sortu zen momentuan eta enpresek bere salmentak on line planteatzen zirenean. Bere arrakastaren gakoa pertsona ondo prestatuak eta kalitatezko zerbitzua. Mentoring programa bat daukate gazteentzat zuzendua (praktiketan kontratuak).

Aitortu den beste eragile bat da Arabako merkataritza Ganbera. Oso garrantzi handia dauka bere barnean lurraldeko enpresariak biltzen direla, gazteak  kontratatzen dituztenak. Bere programen artean nazioarteko programak enplegagarritasuna hobetzeko… eta programa bereziak PICE bezala.

Aisialdiko arloan dagoen beste proposamena de Kulturbide enpresa. Orain 10 urte bete dituen enpresa gazte honek Plan berezi bat dauka pertsonak kudeatzeko, talentuaren aldeko apustua, sarean egiten duen lana eta prestakuntza, bai barnekoa, bai kanpokoa bertan lan egiten duten gazteentzat.

Sidenor: enplegua lortzeko zailtasunak zituzten gazte askori lehen lan esperientzia izateko aukera eman die.

Share

[ZUZENKETA] Prentsa-deialdiak (2017-12-21)

Prentsaurrekoa. Musika-tresnen Bankuaren emaitzak aurkeztea eta Siriako proiektuko azken fasea zertan den azaltzea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; Músicos sin Fronteras erakundeko presidente Jesus Maria Alegria; eta Musika-tresnen Bankua Sirian proiektuko arduradun Gany Mirzo

Eguna. Osteguna, abenduak 21

Ordua. 11.00

Tokia. Luis Aramburu Udal Musika Eskolan

———————————-

Prentsaurrekoa. Gazte Arte tailerrak eta 2017ko Gazte Arte Sariak aditzera ematea

Parte hartzaileak. Gazteria zinegotzi Iñaki Prusilla; 2017ko Gazte Arte lehiaketako komisario Salim Malla; eta 2017ko Gazte Arte lehiaketako irabazleak: Sarai López eta Maiela Zurutuza

Eguna. Osteguna, abenduak 21

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

———————————-

Enpresari Gazteen Sarien XVI. edizioko sari-banaketa

Parte hartzaileak. Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa

Eguna. Osteguna, abenduak 21

Ordua. 20:00

Tokia. Gran Hotel Lakua

 

Share

Ariznabarreko Helduen Hezkuntzako zentroak Imanol Marrodán artistaren mural bat estreinatu du, Helduen Hezkuntzaren Europar Urteari amaiera emateko

 

 

 

 

 

 

 

 

Gorka Urtaran alkatea Imanol Marrodán artistak ‘Paulo Freire’ Helduen Hezkuntza Iraunkorreko zentroaren fatxadan (Ariznabarra) egin duen muralaren inaugurazioan izan da gaur goizean. 2017an ospatu den Helduen Hezkuntzaren Europar Urteari amaiera eman dio ekitaldiak.

Ikastetxeko ikasle, irakasle eta boluntarioek hartu dute parte ekitaldian, eta eskolan egiten den lanaren erakustaldi txikia eskaini dute. Paulo Freireko zuzendari Begoña Ayarzagüenak azaldu duenez, Helduen Hezkuntzako aretoak hobetzeko helburu orokorraren barruan egokitu dute fatxada Imanol Marrodánen eskutik.

Alkateak horrelako ekimenen garrantzia goratu du, helduen etengabeko hezkuntzan egiten den lana ikusarazteko balio baitute. DBHko titulurik edo bat ere titulurik ez duten helduak hartzen dira ikastetxean. Horretaz gain, informatika eta ingeles eskolak ematen dira, jende ororentzat, baita gaztelania eskolak ere, migratzaile eta errefuxiatuentzat.

Ariznabarreko HHko zentroa 1990eko hamarkadatik ari da lanean auzoan. Hasieran elizaren aretoetan hasi zen, eta 1998an aldatu zen Gebarako Gazteluaren kalera. Gaur egun Zabalganeko ikasleak ere hartzen ditu.

 

 

Share

MAZOKAren hirugarren edizioa arrakastatsua gertatu da, ia 8.000 bisita izan baitira, eta parte hartu duten mazokalariak pozik daude

  •  Udalak bidaia antolatu du urtarrilaren 27 eta 28an Angulemako Nazioarteko Komiki Jaialdiara joateko

Asteburuan MAZOKA Marrazki eta Ilustrazioaren Gasteizko Azokaren hirugarren edizioa egin da Montehermoso kulturuneko garai bateko ur-biltegian, eta arrakastatsua gertatu da bai asistentziari bai antolakuntzari dagokienez. Ia 8.000 bisita zenbatu dira (500 ostiralean, 3.400 larunbatean eta 3.800 igandean), eta larunbat arratsaldean zein igande goizean eta arratsaldean aforoa bete egin zen. Horrek esan nahi  du iaz baino % 63 bisitari gehiago izan direla, orduan 4.729 pertsona zenbatu baitzen orotara.

Gasteiztik kanpoko bisitarik ere izan zen, Euskadi osoko zaleak ez ezik Madril, Segovia edo Burgostik etorritakoak, besteak beste. Publiko arrakastarekin batera, parte hartu zuten 40 mazokalariak ere oro har pozik daude. Horien artean Elena Odriozola (Ilustrazio Sari Nazionalaren irabazlea),  Julio Falagan artista ezaguna, eta atzerritik etorritako Sofía Venzel eta Chris Joly aipa daitezke.

Jaialdi grafikoa Euskal Autonomia Erkidegoko marrazkigintza, ilustrazio eta arte plastikoetako balio berriak ezagutarazteko tresna izan da berriro, eta Gasteiz bertako proposamenek kalitate tekniko eztabaidaezina izan dute. Gasteizko Ilustrazio Eskolako hiru ikasleren “Tres Kabezas” proiektuak, esaterako, oso harrera ona lortu du.

“Hiru urte eskasetan, MAZOKA lehen edizioaren emaitza ia hirukoiztera iritsi da. Bisita gehiago izan dira, eta programazioaren kalitatea nahiz hitzorduan parte hartzeko interesa handitu dira, azoka dagoeneko Estatuko iparraldean erreferentzia gisa sendotzen hasia baita. MAZOKAren edizio honetan giro ona nabarmendu da, profesionalen artean sortzen diren harremanak, eta programazio osagarriaren kalitatea. Gasteizek pisua irabazten jarraitzen du diseinuari eta ilustrazioari lotutako hiri gisa”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak MAZOKAren balantzea aurkeztean; harekin batera jaialdiaren antolakuntzaren eledun Marta C Dehesa eta Anuska Arbildik hartu dute parte.

Marrazkiaren eta arte aplikatuen alorreko profesionalentzako erreferentziazko feria gisa sendotzeaz gain, hirugarren edizio honetan urratsak egin dira sorkuntza lana industria eta zerbitzu osagarriekin lotzeko.

Izan ere, familientzako jarduerak gero eta protagonismo handiagoa hartuz joan dira MAZOKAren barruan. Aurten, Ediciones Tralarí arduratu da lantegiak emateaz: ilustrazioaren  eta irakurketaren arteko jolas-dinamiketan aditu diren profesionalek publiko zorrotzenaren itxaropenak bete dituzte, eta txikienei marrazteko beldurra kendu diete, mazokalari helduen ereduarekin.

Musika, dantza eta mikroantzerki emanaldiek, zuzeneko ilustrazioek, errealitate birtualezko marrazkiak —oso harrera ona izan zuen—, girotze zainduak eta zerbitzu paraleloek bisitariei aparteko espazioa eta kalitateko egitaraua eskaintzea ahalbidetu dute, eta emaitzak ikusita, asmatu dutela esan daiteke.

Angulemarekiko senidetzearekin lotutako jarduerak

Aldi berean, Angulemarekiko senidetzearekin lotuta Gasteizko Udalak datorren urterako antolatu duen jarduera-programa aurkeztu da. Horietako lehena Nazioarteko Komiki Jaialdia dela eta hiri hartara egin ohi den bidaia dugu. Urtarrilaren 27an (larunbata) 50 lekuko autobusa aterako da Angulemara, eta hurrengo egunean itzuliko. Angulema barruko joan-etorrietarako ere autobus zerbitzua jarriko da. Aurreko urteetatik bidaiaren kudeaketan esperientzia duten bi gidarik lagunduko diote taldeari. Pertsonako prezioa 60 euro da, Angulemarako bidaia, egonaldia, jaialdirako bi eguneko sarrerak eta laguntza barne. Udala bidaiaren kostuen heren bat ordaintzen du.

Angulemarekin senidetzearekin lotuta, halaber, 2018ko otsailaren 3an, goizean, zenbait ekintza antolatu dira Erdi Aroko hirigunean. Publiko orori zein interes profesionala dutenei zuzendutako jarduera parte-hartzaileak izango dira. Besteak beste, Patxi Zubizarretak eta Mintxo Cemillánek ilustrazioz lagundutako ipuin-kontaketa egingo dute Montehermoso kulturunean. Iñaki Amurriok errealitate birtualaren bidezko 3D marrazketa jarduera egingo du, eta komikiz osatutako diru-zorro eta poltsen lantegia, Hedegile kalean biak. Bi egun lehenago, otsailaren 1ean, Antonio Altarribak hitzaldia emango du Montehermoso kulturunean, Gasteiz eta Angulemaren arteko harremanaz, komikiarekin lotuta.

“Ekintza horien bidez Gasteizko sorkuntza industriaren aniztasuna eta talentua ezagutarazi nahi ditugu, eta Angulemarekiko senidetzeak duen garrantzia alor horretan dihardutenen lana sustatzeari begira”, amaitu du Nerea Melgosak.

+INFO: Bidaia Angulemako Komikaren Nazioarteko 45. jaialdira

+INFO: Ipuin-kontaketa Mintxo eta Patxi Zubizarretarekin

+INFO: Marrazki-esperientzia errealitate birtualean eta irekitako gune sortzailea

+INFO: Komiki diru-zorroen tailerra

Share

IGIk martxora arteko jarduera-programa aurkeztu du, zeinean erakusketak, hitzaldiak eta haurrentzako jarduerak baitira nagusi

 

 

 

 

IGIren neguko agenda

Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (IGI) asmo handiko jarduera-programa antolatu du negurako, martxora arte. Eskaintzak hainbat jarduera barne hartzen ditu: erakusketak Ataria interpretazio zentroan, ingurumen kulturarekin eta bizikletarekin lotutako lantegiak eta ikastaroak, natura ibilbideak, eta familientzako askotariko jarduerak udalaren baliabide ezberdinetan. “Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak hezteko eta sentsibilizatzeko ahalegina egiten jarraitzen du, eta lan horri esker herritarrek interesgarri gertatzen zaien jardueren eskaintza dugu“, nabarmendu du Ingurumen zinegotzi eta IGIko lehendakari Iñaki Prusillak.

Programan hiru erakusketa aurkituko ditugu: Alemaniako Natura Argazkilarien Elkarteak antolatutako ‘European Wildlife Photographer of the Year’ lehiaketa (urtarrilaren 21era arte);  Luis Pancorboren ‘Naturaren Bideak’ (urtarrilaren 30etik martxoaren 4ra) eta ‘Lurraren erraietatik isurtzen den ura’ (URA-Uraren Agentziak eta IGIk antolatua, martxoaren 13tik apirilaren 15era).

Horietaz gain, “naturalistaren lantegia” izeneko jarduerak jarraituko du, 6 eta 14 urte bitarteko umeentzat. Neguko larunbatetan egingo da jarduera, eta mikrougaztunen mundua ezagutzen, hegaztien lumak erabiliz orriak markatzekoak egiten eta intsektuentzako hotelak eraikitzen ikasteko bide emango du, besteak beste.

Hitzaldietan hauek nabarmendu daitezke: Miriam Martínez de Egiduak Arabako orkatzei buruz urtarrilaren 18an (osteguna) emango duena, 19.00etan, eta Aranzadiren ornitologia-mintegien barruan “Hegaztien argazkigintza Euskadin” gaitzat duena (otsailaren 22an, osteguna, 19.00etan).

Orobat, otsailaren 21ean (asteazkena) sukaldaritza andalustarrari buruzko lantegia eskainiko da Atarian, Mamiak antolaturik, eta otsailaren 25ean (igandea) ibilketa nordikoari (Nordic walking) buruzko hastapen-ikastaro berritzailea antolatu da Olarizuko etxaldean. Ohi bezala, IGIk antolatutako natura ibilbideek osatzen dute agenda. Besteren artean, “Urubi arruntaren gaua” eta familia osoarentzako hegazti behaketa ingelesez. Hezeguneen Mundu Eguna ere ospatuko da, eta baso-igel jauzkaria ezagutzeko bisitak izango dira.

Programa osoa hemen eskuratu daiteke: www.vitoria-gasteiz.org/igiwww.vitoria-gasteiz.org/ataria y www.vitoria-gasteiz.org/eraztun berdea . Jardueretan parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena, udalaren web-orrian, Atarian, 010ean edo gizarte etxeetan. Jardueren tarifak ere leku horietan kontsultatu daitezke.

 

 

Share

Gurasoen aurkako Indarkeriaren Prebentziorako Udal Programan dagoeneko 14 familiari eman zaie arreta

 

Orain arte hamalau familiak jo dute Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak aurten martxan jarritako Gurasoen aurkako Indarkeriaren Prebentziorako Udal Programara, zeina 12 eta 17 urte bitarteko seme-alabak dituzten familiei zuzendua baita. Orotara 39 pertsonarekin esku hartu da, nerabeekin ez ezik familia ingurunearekin lan egiten baita.

Etxe barruko indarkeria mota berri bati egin nahi dio aurre programak: gurasoak seme-alaben abusuaren biktima bihurtzen dituena. “Portaera ezegokiei aurrea hartu nahi diegu, eta horiek murriztu, eraso fisikoak gertatu eta egoera larriagotu aurretik”, azaldu du Peio López de Munain zinegotziak; haren hitzetan, “azken urteetan familia barruko indarkeria arazo ikusgarria bihurtu da, eta kezka eta alarma pizten du gizarte osoan. Dagoeneko ez da etxe barruko arazo pribatua”.

2016an, Udaltzaingoak 9 atestatu egin zituen seme-alabek gurasoekin indarkeria erabiltzeagatik; adingabe bat atxilotu zuen, eta beste bi ikertu. Adituen kalkuluen arabera, gurasoen % 10ek baino ez du salaketarik egiten, eta horiek muturreko kasuetan baino ez dira aurkezten, egoera jasanezina denean. “Oso gogorra da gurasoentzat seme-alabek tratu txarrak ematen dizkietela jendaurrean azaltzea; gainera, ez dute nahi izaten, ez kriminalizatzeko”, dio López de Munainek.

“Askotan, indarkeria izozmendiaren muturra besterik ez da. Familian zerbaitek funtzionatzen ez duen seinale. Azpitik dauden arazo horietara iristea lortzen bada, familia barruko bizikidetza hobea izango da eta, beraz, indarkeria gutxituko”.

 

Programa aitzindaria

Gasteizko Udalaren Gurasoen aurkako Indarkeriaren Prebentziorako Programa guztiz berritzailea da. Urte hasieran jarri zen abian, esku-hartzea amaitua duen talde batekin, eta orain beste batekin ari da; orotara, arazo larriak zituzten hamalau familia.

Oro har, adingabeak nahasita daudelako sortzen dira indarkeria-episodioak, nortzuk diren eta nortzuk izan nahi luketen ez dakitelako; horren ondorioz, haserretu egiten dira, helduek ez dietela entzuten eta kasu egiten sentitzen baitute. Gurasoek, berriz, ez dute estrategiarik aurkitzen haiei hitz egin eta laguntzeko, beraz, orientabideak behar dituzte haiengana nola hurbildu jakiteko. Egoera berria da denentzat, eta prebentzio programak hori kudeatzen laguntzen die.

Hiru profesional arduratzen dira lan horretaz, nerabeen etxeko portaera arazoak gutxitu edo desagerrarazteko xedez, gerora gerta daitekeen gurasoekiko indarkeria fisiko edo psikiko- emozional larriari aurrea hartzeko.  Gurasoei, aldiz, autoritatea berreskuratzen eta seme-alaben portaera agresiboak egoki gobernatzen laguntzen zaie. “Azken batean, helburua da batzuek zein besteek egoera horiek kontrolatzeko tresna eta trebetasun egokiak izan ditzaten, desagertzea lortu arte”, azaldu du Gizarte Politiken zinegotziak.

Horretarako proposatzen den esku-hartzeak 6 hilabete irauten du, eta taldeko saioak egiten dira nerabeekin zein gurasoekin, baita familia bakoitzarekin ere. Horiek osatzeko, errefortzu eta aholkularitza banakako saioak egiten dira.

Orotara, 11 saio dira gurasoentzat, 16 nerabeentzat, eta 8 senitartekoentzat; horien bidez, parte-hartzaileek aurrera egiten dute programaren ikaskuntza, ariketa eta edukietan.

Gurasoen aurkako Indarkeriaren Prebentziorako Programan parte hartu duten gurasoek diotenez, “bakoitzak leku eta paper bat izaten” lagundu die, “komunikatzen, arauak jarri eta horiei eusten,  eta semeak bete ditzan lortzen“; “entzuten eta negoziatzen lagundu digu, zer negoziatu daitekeen eta zer ez jakinda”; “familian komunikazio-espazio bat irekitzeko balio izan du, gainerakoen egoerak, jarrerak eta sentipenak ulertzeko”; “gure egoeraz hausnartzen lagundu digu, familia harremana indartzen, gure sentipenak hitzetan adierazten”.

Adingabeek, bestetik, alderdi hauek azpimarratu dituzte: “etxean gertatzen diren gauzez hitz egin ahal izan dugu”; “hobeto egoteko eta hainbeste istilu ez sortzeko balio izan dit” ; “gurasoen lekuan jartzen lagundu dit, haiengana hurbiltzen eta nire akatsez ohartzen”.

“Azken batean, estrategiak eta jarraibideak ematea da kontua, bakoitzak familiarekin, etxean eta ikastetxean erabil ditzan. Pertsona orok dituzte gaitasun horiek, baina zailtasun une batean ez dute argi ikusten, blokeatuta daudelako. Guk argitara ateratzen laguntzen diegu, programa amaitu ondoren erabiltzen jarraitzerik izan dezaten, eta bakarka aurrera egin dezaten”, amaitu du Peio López de Munainek.

Programaren xede izan daitezkeen familiak antzemateko, Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak zabalkunde-kanpainak egiten ditu herritarrei eta familiekin lan egiten duten gizarte-eragileei zuzenduta.

Informazioa nahi dutenek 647 304 752 telefonora ere deitu ahal dute, eta laguntza behar izanez gero, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetara jo dezakete.

Share