Prentsa Oharren banner

Inbertsio handiak bermatuta daude datorren urterako

  • Urtaranen gobernuak berriro esleitu ditu proiektuen urtekoak, luzapenak eragin ez diezaien
  • Luzatutako aurrekontuaren zenbateko osoa 364,4 milioi euro izango da

 

Tokiko Gobernu Batzarrak aurrekontua aldatzeko 25 proiektu onetsi ditu orotara, 2017ko aurrekontuan jasotako hainbat konpromiso-kredituren urtekoak birbanatzeko. Hartara, urtarrilaren 1ean indarrean jarriko den luzapenak ez dio eragingo hiriko inbertsio handien martxari. Gaur ontzat eman diren aldaketak proiektu hauekin lotuta daude: Konstituzio plazaren eraberritzea, Bost Enparantza proiektua, tranbiaren luzapenak, Emakumeen Etxea, Gasteiz Antzokia, Judimendi-Santa Luziako adinekoentzako zentro soziokulturala, Araneko silo-aparkalekua eta kirol zelaietako inbertsioak.

Beste konpromiso-kreditu batzuek, hala nola Koroatzea birgaitzeko proiektua, autobus elektriko adimentsua ezartzea, Forondako aireportua dinamizatzeko VIArentzako transferentziak, eta Beti-Jai, Adurtza eta San Ignazio pilotalekuak eraberritzea aurreikusten dituztenek, ez dute aldaketarik izango, 2017ko aurrekontuan 2018, 2019 eta 2020ko ekitaldietarako aurreikusi ziren urtekoak proiektuen eboluzioari doitzen baitzaizkie.

Hartara, abian jarritako inbertsioak gauzatzen jarraituko dira datorren urtean, eta 2018rako aurrekontu-proiektuan sartutako proiektu berriak desblokeatu ahal izateko, aldiz, akordio puntualak egin beharko dira. Inbertsioak askatzeko beste modu bat litzateke aparteko diru-sarrerak lortzea, kanpoko finantzaketaren bidez edo lurzoruaren eta higiezinen salmenta aurreikuspenak gaindituz.

Bestetik, datorren urteko aurrekontu-luzapenak ez du eraginik izango gastu-kapitulu handietan, langile-gastuei dagokienean, esaterako, oro har 2018rako aurreikusitako kopuruari eutsiko baitzaio. Gastu arrunta (garbiketa zerbitzua edo berdeguneen mantentzea) eta  transferentzia arruntak (hitzarmen gehienak barne hartzen dituzte), luzatu egingo dira, aurrekontuko partida horiek aurtengo ekitaldi ekonomikoaren amaieran zuten azken balioaren arabera.

Ekitaldi ekonomikoa behin betiko ixteke, aurrekontu luzatua 364.435.898 euro izango da.

Share

Udalak bat egin du Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Publiko Berderako Planarekin

Tokiko Gobernu Batzarrak gaur onetsi du Udala Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Publiko Berderako Planari atxikitzea. Agintaldiaren hasieran bertan, 2015eko urrian, kontratazio gizartearekiko arduratsua eta iraunkorra egiteko jarraibidea onetsi zuen udal gobernuak, udal-kontratuetan irizpide sozialak eta ingurumen-arlokoak txertatzeko xedez, era horretan garapen iraunkorrean laguntzearren.

Jarraibide horretan aurreikusitako alderdietako bat da urtero Erosketa eta Kontratazio Gizartearekiko Arduratsua eta Iraunkorra Egiteko Plana (EKIP) onestea, udal-kontratazioan gizarteratzea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, bidezko merkataritza eta ingurumenarekiko errespetua bultzatuko dituzten jardunbideak ezartzeko eginkizuna izango duena. 2017. urtearen hasieran onetsitako planak asmo handiko helburuak ezarri zituen, hain zuzen ere, 2020rako kontratuen % 50-60an ingurumen eta iraunkortasun klausulak sartzea, eta ingurumen irizpideak kontuan hartzen dituzten baldintza-agiriak urtero % 10 eta % 20 bitartean haztea kontratatutako obraren, produktuaren edo zerbitzuaren arabera.

2017an gauzatu beharreko ekintzen barruan, orobat, Udala Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Publiko Berderako Planari atxikitzea aurreikusten zen, eta gaur bete da helburu hori. Horrek zenbait konpromiso dakartza berekin, eta Udalak ingurumen kudeaketarako Ihobe sozietate publikoaren laguntza izango du horretarako.

Share

Argi berdea Gasteizko Zarataren Mapa Estrategikoaren proiektuari

Udal gobernuak Gasteizko Zarataren Mapa Estrategiko berriaren proiektua onetsi du gaur. Zarata kutsadura mota garrantzitsua dela jotzen da, eta bizi-kalitate eskasaren adierazlea, beraz, beharrezkoak dira neurtu eta kontrolatzeko neurriak, zeinak udalaren plan akustikoaren bidez zehazten baitira. Planaren barruan, batetik, mapa akustikoa egiten da, dauden zarata mailak aztertu eta kutsadura akustikoaren iturriei buruzko informazioa emateko; bestetik, ekintza plana lantzen da, udalerrian kalitate akustikoa hobetzeko eta, horrenbestez, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko hartu behar diren neurriak ezartzeko.

Kutsadura akustikoari buruzko euskal legediaren arabera udalerriek dute eskumena beren lurralde-eremuko zarata mapak landu, onetsi eta berrikusteko eta jendaurrean jartzeko. Gasteizko Udalak, ingurumen alorreko politika aplikatuz, hiriko zarata mapak landu zituen 1998, 2003 eta 2005ean. Azkena 2012koa da. Mapa bost urtean behin berrikusi behar denez, Udalak lan hori egin eta orain jendaurrean jarriko du. Alegazioak aztertu ondoren, udal gobernuak mapa berritu eta eguneratua onetsiko du.

Share

Gobernuak Los Molinos egoitza eraberritu eta bertan etxebizitza komunitarioak egiteko obrak esleitu ditu

Tokiko Gobernu Batzarrak Los Molinos udal egoitza eraberritu eta hobetzeko obrak esleitu ditu gaur; Gizarte Politiken Sailak 462.563 euro jarriko ditu  Gizarte Zerbitzuen Zorroari buruzko Dekretuaren aplikazioak dakartzan beharrizan berriei egokitzeko.

Los Molinos egoitzan etxebizitza komunitarioak egokituko dira, 1. graduko mendekotasuna duten adinekoei arreta eman ahal izateko, aurten Udalaren eskumena izatera igaro baita.

Proiektuak espazioak handitu eta optimizatzea aurreikusten du, irisgarriagoak izan daitezen eta eraikineko lau solairuak mugikortasun murriztuko pertsonen beharretara moldatzearren. Beheko solairuan egongela-jantokia, sukaldea eta profesionalentzako guneak jarriko dira. Beste hiru solairuetako bakoitzean 9 logela izango dira, horietako batzuk bikoitzak, gehi botikina, sukaldondoa, erabilera askotarako aretoa eta beste bulego batzuk.

Indenort PV enpresari esleitu zaio eraberritzeko obra, 270 eguneko  epean gauzatzeko; ondoren, Los Molinos egoitzak 30 leku izango ditu.

Lan horretaz gain, Udalak beste batzuk jarri ditu abian bere baliabideak hobetu eta Kartera Dekretuaren eskaerei egokitzeko. Esate baterako, Olarizuko Santa Mariako zainpeko apartamentuak eta eguneko arreta-zentroa ere egokitzen ari dira.

Geroago, Tomas Zumarraga Dohatsuaren kaleko eta Blas de Otero kaleko eguneko arretako zerbitzuak, Aurora egoitza eta beste udal gizarte-baliabide batzuk moldatuko dira. “Lanak progresiboki egiten ari gara. Ezin ditugu denak batera egin, munta handikoak direlako, eta baliabide horietan pertsonak daudelako. Horrenbestez, eraberritze-lan horiek arreta handiz pentsatu eta diseinatu behar dira, erabiltzaileei ahalik eta enbarazu gutxien egiteko”, esan du Gizarte Politiken zinegotzi Peio López de Munainek.

 

 

Share

ASASI programak haurrek sexu-abusurik jasan duten balioetsiko du, eta aholkularitza emango die biktima, familia eta profesionalei

Udal gobernuak ASASI programa esleitu ditu gaur, haurren ustezko sexu-abusuetan aholkularitza psikologikoa emateko. Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Saileko Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak 70.167 euro jarriko ditu zerbitzu hori datozen bi urteetan emateko.

 

Agintzari enpresa arduratuko da aholkularitzaz, helburu hauekin:

  • Sexu-abusuen zantzuak balioestea, sexu-abusua gertatu den ala ez egiaztatu edo aukera hori baztertzeko.
  • Sexu-abusua gertatu dela uste bada, adingabeei arreta psikologiko espezializatua ematea.
  • Abusuen biktima izan diren adingabeen familiei orientabideak eta laguntza psikologikoa ematea.
  • Udalaren gizarte-zerbitzuetako profesionalei haurren sexu-abusuen alorreko aholkuak ematea, baita haurrekin lan egiten duten beste gizarte-eragile batzuei ere.

Programak irauten duen bitartean, Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak familiaren eta esku-hartze psikosozialaren jarraipena egingo du.

 

Hitzarmenak

Gaurko bileran, udal gobernuak Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak 2017an kudeatutako zenbait hitzarmen onetsi ditu:

  • ONCE. Gizarte- zein ospakizun-jarduerak burutzeko lankidetza-hitzarmena.
  • GADEN.  Gasteizko udalerrian dauden katu koloniak kudeatzeko lankidetza-hitzarmena, 29.000 €.
  • KUTXABANK. Oinarrizko produktuak erosteko finantzarioak ez diren txartelak egin eta horietaz hornitzeko lankidetza-hitzarmena.
Share

Udalak energia hornikuntza kudeatzeko eredu berria ezarri nahi du, 42 udal eraikinetan elektrizitate kontsumoa eta CO2-ren isurketak murrizteko

Tokiko Gobernu Batzarrak datozen lau urteetan 42 udal eraikinetan energia hornikuntza kudeatzeko eredu berria ezartzeko kontratazio-dosierra abiaraztea onetsi  du gaur: 11,8 milioi eurotik gora jarriko du horretarako. Elektrizitate kontsumoa eta CO2-ren isurketak murriztea da helburua.

Duela 15 urte, Udalak energia kudeaketarako eredu aitzindaria garatu zuen klimatizazio instalazioetan (berokuntza, klimatizazioa eta aireztapena) eta ur beroko instalazioetan, gerora administrazio askotan ezarriz joan zena.

“Kontratu honen bidez, antzeko sistema bat ezarri nahi dugu energia elektrikoa eraginkortasunez kudeatzeko 42 udal eraikinetan, gehien konsumitzen dutenak baitira, eta gaur egun Udalak dituen eraikinen askotariko tipologiaren lagina” , azaldu du Udal Administrazioaren zinegotzi Carlos Zapaterok. Instalazio horien artean gizarte etxeak, kiroldegiak, gizarte baliabideak, Europa jauregia, Montehermoso jauregia, Goiuri jauregia eta Principal antzokia ditugu, besteak beste.

Hauexek dira kudeaketa kontratu berriaren helburuak:

  • Elektrizitate kontsumoa eta CO2-ren isurketak murriztea da.
  • Energia elektrikoaren erabilera arrazionalizatzea.
  • Hiri osoaren garapen iraunkorrari laguntzea, klima-aldaketaren kontrako borrokarako estrategia baita.
  • Instalazioak errendimendu optimoan mantentzea, behar diren doikuntzak eginez eta ekipoak berrituz.
  • Udalaren instalazio elektrikoen  ondarea hobetzea.
  • Udal instalazioen erabiltzaile eta langileen erosotasuna bermatzea.

 

 

Share

Bost elkartek herritarren partaidetzako proiektuak garatuko dituzte Gasteizen, Udalaren diru-laguntzari esker

 

Tokiko Gobernu Batzarrak gaur onetsi du herritarren partaidetzako proiektuak diruz laguntzeko deialdi publikoaren ebazpena, Isabel Martínezek zuzentzen duen Sailaren proposaturik.

Hauek dira diru-laguntzaren bat eskuratu duten eskatzaileak eta proiektuak: Abendaño Guraso Elkartea eta “Abendatoki” proiektua; Gurutze Gorria eta “Reinterpretando los Servicios Sociales” proiektua; DEIADAR eta “Encuentro e intercambio de saberes y costumbres entre Culturas” jardunaldiak; ESKUHARTU eta “Dar un paso más” proiektua; eta Goian Kultur eta Kirol Elkartea eta “Haurren auzoa” proiektua. 2.000 eta 3.500 euro arteko kopurua jasoko horietako bakoitzak, guztira 15.703 € banatuko direlarik.

Martínezen arabera, “iaz sortu genuen aurrekontu-partida da, eta aurten ere eutsi egin diogu, gure Sailaz kanpoko eragileek partaidetzaren aldeko ahaleginak sustengatzeko asmoz; izan ere, konbentzituta gaude egunetik egunera gero eta hiri aktibo, moderno eta dinamikoa dela erakusten duen gure Gasteiz honetan partaidetza hiri-kohesioaren beste osagarri bat dela”.

 

 

 

Share

Udaltzaingoak Urte Berriari jaiak eta kotiloiak eginez ongi etorria ematen dioten ostalaritzako aretoen aforoa eta segurtasun-neurriak zainduko ditu Urte Zaharrean

 

Udaltzaingoak Urte Berria bezeroen konpainian agurtuko duten 60 ostalaritza-establezimendu inguru kontrolatuko ditu Urte Zaharrean. Horien heren batek kotilioiak antolatuko ditu. Urtarrilaren 1ean, goizaldean, udaltzainak hotel, kafetegi, jatetxe, diskoteka eta pubetara joango dira, ezarritako aforoa, behar den lizentzia eta segurtasun-neurriak zein irekitzeko ordutegia betetzen dituzten egiaztatzeko.

Aurretik, Udaltzaingoko Ingurumen Taldeak horrelako ekitaldiak arautzen dituen alkatearen bandoaz ohartarazi die, eta suhiltzaile teknikari bat kotilioiak antolatzen dituzten hoteletara hurbildu da, baimendutako aforoa zehaztearren. “Areto horietara Urte Berriari ongi  etorria ematera doazen pertsonen segurtasuna bermatu nahi dugu horrela. Inolako arriskurik gabe goza dezaten nahi dugu”, azaldu du Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok.

2018a hastearekin batera, goizaldeko ordu batetik aurrera, gaueko patruilak establezimendu horietara joango dira, aforoa eta larrialdietarako irteerak egiaztatzera. Bertan dagoen jende-kopuruak baimendutakoa gainditzen badu, jabeari egoera onbideratzeko aginduko zaio. Aforoa nabarmen gainditzen bada edo larrialdietarako irteerak blokeatuta badaude, aretoa husteko agindu ahalko da.

Udaltzaingoak dituen datuen arabera, Gasteizko 20 aretotan antolatuko dira Urte Zaharreko kotilioak, eta gutxi gorabehera 7.400 leku eskainiko dute. Jendetsuenak hotel eta diskoteketan antolatuko dira, baina ez  dira 900 pertsonatik gorakoak izango.

 

Petardoak

Era berean, Udalak gogorarazi du 2018ko urtarrilaren 1eko 00:00etatik 00:15era baino ez dagoela material piroteknikoaren jaurtitzetik Urte Berria ospatzeko. Alkatearen bando baten bidez araututa dago hori, jairako eskubidea eta pertsona, animalia eta ondasunen segurtasuna uztartzeko eta zaratari buruzko udal ordenantza betetzeko asmoz, “bizikidetzaren izenean”.

 

 

Share

Urtaranen gobernuak Eusko Jaurlaritzarekiko eta Aldundiarekiko hitzarmena onetsi du, Gasteizen bus elektriko adimentsua (BEA) ezartzeko

Gasteizen autobus elektriko adimentsua jartzeko erakunde bakoitzak egingo duen ekarpen ekonomikoa zehazten da agirian

 

Alkateak  “hiru erakundeek garraio publikoko sistema eraginkor eta edukiera handiko horren alde egindako apustu irmoa”  nabarmendu du: “hiriko auzo guztiak hobeto konektatzea da gure asmoa, eta mugikortasun iraunkor eta osasungarria sustatzea”

 

Beste urrats bat  egin da Gasteizen bus elektriko adimentsua (BEA) ezartzeko. Izan ere, Tokiko Gobernu Batzarrak ontzat eman du Gasteizko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko hitzarmena, gaur egun Gasteizko linea periferikoan autobus elektrikoaren sistema ezartzea elkarrekin finantzatzeko.

Gorka Urtaran alkateak  “hiru erakundeek garraio publikoko sistema eraginkor eta edukiera handiko horren alde egindako apustu irmoa nabarmendu du. “Hiriko auzo guztiak hobeto konektatzea da gure asmoa, eta mugikortasun iraunkor eta osasungarria sustatzea”.

Gaur Urtaranen gobernuak berretsitako agirian erakunde bakoitzak egingo duen ekarpen ekonomikoa zehazten da; proiektuaren kostua 42.850.000 euro (BEZa barne) izango dela kalkulatu da.

Hitzarmenaren arabera, Eusko Jaurlaritzak kostuaren % 65 ordainduko du, hau da, 27.852.500 euro. Udalak zein Aldundiak, berriz, aurrekontuaren % 17,5 jarriko dute, hurrenez hurren. Hau da, bakoitzak 7.498.750 euro.

Udalak, bestetik, proiektuaren lehiaketa deitu eta BEA ezartzeko zein zerbitzua ustiatzeko behar diren jarduera guztiak betetzeko konpromisoa hartu du. Eusko Jaurlaritzak laguntza teknikoa emango du lehiaketa-prozesua bideratzeko eta kontratua gauzatzeko, ETS ente publikoaren bidez.

Alkateak duela gutxi jakinarazi zuenez, proiektuan hamahiru ibilgailu berri erostea aurreikusi da.  Hiru geltoki-mota  izango dira (txikiak, estandarrak eta handiak), aurrez aurreko nasekin, eta bi aldeetako sarbideekin, eta irisgarriagoak izango dira.

Ibilgailuek karga azkarra lau minutuan egin ahal izateko sistema bat baliatuko dute. Mendizorrotzean eta El Boulevard merkataritza gunean kargatuko dira ibilgailuak. Karga mantsoa, berriz, gauez egingo da, kotxetegietan.

Gorka Urtaranek azpimarratu du horrelako proiektuekin “aurrera” goazela “etorkizuneko Gasteizerantzat, alegia, edukiera handiko garraio publiko eraginkor eta ingumenarekiko begirunetsu baten bidez ongi konektatutako hiri bateratz”.

 

Share

Alkateak nabarmendu du 2017a urte emankorra izan dela Gasteizentzat, eta 2018a are hobea izango dela iragarri du

 

 

 

 

 

 

  • Proiektu estrategikoak sustatzeko akordioak, martxan jarritako inbertsioen bolumen handia eta hiria modernizatzeko hainbat plan izan dira nagusi alkatearen balantzean

2017ko balantzea

 

Gorka Urtaran alkateak udal gobernuak amaitzear den urtean egindako kudeaketaren balantzea egin du. Aurten protagonismo berezia izan dute gainerako erakundeekin lortutako akordioak, mugikortasunaren, hiri berrikuntzaren eta herritarren ongizatearen alorretan hiriko proiektu estrategikoak sustatzearren. Horri gehitu behar zaio Gasteiz osoan zehar hogei inbertsiotik gora jarri direla abian, hiria modernizatu eta eraldatzeko hainbat plan garatu direla, eta agintaldiaren hasieran topatutako zulo ekonomikoa nabarmen murriztu dela.

Hori guztia dela kausa, gure ustez 2017a oso urte emankorra izan da Gasteizentzat, hala alderdi estrategikoei nola pertsonen eguneroko bizimoduarekin lotutako alderdiei begira. Gainera, 2018a are hobea izango dela iragartzen dut, inbertsio handiak bermatuta daudelako, eta prest nagoelako akordioak sustatzeko proiektu berriak aurrera ateratzeko”, adierazi du Gorka Urtaranek.

Proiektu estrategikoak sustatzeko erakunde akordioei dagokienez, Urtaranek gogorarazi du 2017an bikoiztu egin zela hiriburutza kanona, eta Iñigo Urkulluren gobernuaren apustuari esker Gasteizek 40 milioi euro jasoko dituela 2020ra arte. Horri gehitu behar zaio trenbidearen lurperatzea, Eusko Jaurlaritza eta Sustapen Ministerioa inplikatzen dituen akordio baten bidez, erdialdearen eraldaketa itzela ekarriko duen proiektua sustatuko baitu.

Tranbiaren bi luzapenak eta autobus elektriko adimentsua ezartzeko tramitazioa ere proiektu estrategikoak garatzeko erakundeen arteko lankidetzaren ereduak dira, eta erritmo onean doaz. Orobat, aurrerapausoak ematen ari dira Koroatze auzoa birgaitzeko lanean, zeinaren jarduera-eremua hedatu egin baita, eta etxebizitzei atxikitzeko epea ere luzatu baitzaie. Erakundeen arteko lankidetzaren beste emaitza bat Forondan hegaldi erregularrak berreskuratu izana da, bidaiarien garraioan kopuru errekorrak lortu baitira.

Inbertsioei dagokienez, 2017ko aurrekontuak 28 milioi euro aurreikusten zituen, eta horri esker hainbat lan abiarazi dira espazio publikoan: Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea, Errota kalea eta San Ignazio kalea eraberritzea, baita Konstituzio, Laudio, San Anton eta, bereziki, Santa Barbara plazak ere. Ekipamenduak ere egiten ari dira: Araneko silo-aparkalekua, Europa jauregiko aparkalekuaren eraberritzea, AUOren aparkalekua eta haurrentzako jolas-eremuak Zabalganean eta Lakuan. Jarduera horietako asko Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz programaren lehen edizioan daude sartuta; programa jauzi kualitatiboa izan da aurrekontu parte-hartzaileen alorrean, eta 2017rako aurreikusitako proiektu guztiak dagoeneko gauzatzen ari dira.

2017an, bestetik, TUVISAk 18 metroko 10 ibilgailu berri gehitu zizkion flotari eta beste 10 ibilgailu —hibridoak— eskuratzeko lehiaketa abiarazi du, garraio publikoaren flotan inoiz ezagutu ez den berrikuntza.

Enplegu egonkor eta kalitatekoaren sorkuntza da Urtaranen gobernuaren jarduera-ildo estrategikoetako bat, eta hori hainbat ekimenetan islatu da, esaterako, industriari laguntzeko lehen planaren onespena, zeinak ahalbidetu baitu industrialdeak berritzeko 1,5 milioi euroko inbertsioak aktibatzea, besteak beste.  Vitoria-Gasteiz Enplegu Planaren bidez, bestalde, 334 lanpostu sortzen lagundu da. Udalaren barruan, Udaltzaingoko 32 agente berri sartzeko LEP egiteaz gain, enplegu publikoaren eskaintza berriak aurkeztu dira, orokorrak (250 lanpostu), suhiltzaileentzat (15 lanpostu) eta Udaltzaingorako (barne sustapeneko 14 leku).

Hiriaren epe ertaineko eta luzeko etorkizunari begira, bi ekimenek hartu dute protagonismo berezia aurten. Batetik, Erdialdeko Masterplana, hirigunea birgaitu, biziberritu eta berpizteko 20 jardueratik gora aurreikusten dituena; horietako batzuk (Santa Barbara eraberritzea, Goya gasolindegia lagatzea, Dato 11.a birmoldatzeko hitzarmena,…) dagoeneko martxan dira. Bestetik, Vitoria-Gasteiz 2025 Estrategia, duela gutxi aurkeztutakoa, hurrengo urteetarako  800 milioi euroko inbertsioak definitzen dituena.

2017an abian jarritako beste plan batzuk iruzur fiskalaren kontrako borrokarekin eta kontratazio gizartearekiko arduratsuarekin lotutakoak dira, baita Vitoria-Gasteiz Smart Green City Plana ere, zeinak zenbait zerbitzu publiko modernizatzeko 17 proiektu biltzen baititu.

2018rako, mugikortasun alorreko hiru proiektu handiak  jo ditu Gorka Urtaranek erronka nagusitzat:  tranbia hegoalderantz luzatzeko lanen hasiera, eta tranbia Salbururantz luzatzeko lanen zein BEA ezartzeko lanen lehiaketak, obrak 2018an hasteko. Aldi berean, trenbidea lurperatzeko behin betiko azterlana zein Latinoamerikako biribilgunea lurperatzeko diseinua ezagutuko dira.

Datorren urterako lan-ildoen barruan, halaber, industriari laguntzeko ekimen berriak nabarmenduko dira. Urrezko auzoak birgaitzeko inbertsioak egiten jarraituko da, baita beste proiektu batzuk garatzen ere, hala nola Gasteiz Antzokia, Emakumeen Etxea eta kirol-ekipamenduen berritzea.

 

 

Share