Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2017-12-04)

Deustuko Unibertsitatearen eta Egibideren arteko hitzarmena sinatzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Astelehena, abenduak 4

Ordua. 18:30

Tokia. Europa Biltzar jauregia

Share

Asteburuko aurreikuspenak

Ostirala, abenduak 1

  • Alkate Gorka Urtaranek eta alkateorde Peio López de Munainek parte hartuko dute 2017ko Sidalava Sarien banaketan 19:00etan, Montehermoso Kulturuneko Ur Andelan
  • Gazteria zinegotzi Iñaki Prusilla Gazte Klik Klak lehiaketako proiektu irabazleei buruzko erakusketa hasieran izango da 19:00etan, Montehermoso kulturunean.

 

Larunbata, abenduak 2

  • Bizikidetza eta Aniztasun zinegotzi Nerea Melgosak parte hartuko du IV Encuentro Autonómico de Voluntariado Cruz Roja Euskadi ekitaldian 11:00etan, Europa jauregian.
  • Araski eta Campus Promete taldeek jokatuko duten Saski Baloiko Nesken Ligako partida ikusten izango da Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto 18:00etan, Mendizorrotza kiroldegian.
  • Bizikidetza eta Aniztasun zinegotzi Nerea Melgosa Desgaitasun Intelektuala pairatzen duten Pertsonen Nazioarteko Eguna dela eta APDEMAk antolatu duen irakurketa eta jai solidarioan izango da 18:30ean, Elkar liburudendan

 

Igandea, abenduak 3

  • San Frantzisko Jabier Eguna dela eta, Berdintasun zinegotzi Jaione Agirrek eta Udal Administrazio zinegotzi Carlos Zapaterok parte hartuko dute Hogar Navarrok antolatzen dituen ekitaldietan 11:00etan, Santa Kruz kaperan (Pintore kalea, 96).
  • Alkate Gorka Urtaran, Euskara zinegotzi Iñaki Prusilla eta Partaidetzaren eta Gizarte Etxeen zinegotzi Isabel Martínez Euskararen Eguna dela eta antolatu den ekitaldian izango dira 12:00etan Europa Jauregian
Share

Miren Agur Meabek eta Aitor Aranak irabazi dituzte haur eta gazte literaturaren alorrean euskarara egindako itzulpenik hoberenak saritzeko “Vitoria-Gasteiz” sariak

 

 

 

 

 

Gaur banatu dira haur eta gazte literaturaren alorrean euskarara egindako itzulpenik hoberenentzako “Vitoria-Gasteiz” sariak, Oihaneder Euskararen Etxean. Euskara zinegotzi Iñaki Prusillak banatu dizkie diplomak Udalak antolatzen duen sariaren irabazle Miren Agur Meabe eta Aitor Aranari. Bide batez, Udalbatzak Euskararen Nazioarteko Egunarekin lotutako erakunde-adierazpena irakurri du.

 

 

 

 

 

 

 

 

Haur literaturaren kategorian Miren Agur Meabe izan da irabazlea, eta 9.000 euro jaso ditu Lola Moral eta Sergio Garciaren Alicia et le jeu de l’oie lanaren itzulpenagatik: Alizia eta antzara jokoa.  Gazte literaturaren alorrean, Aitor Arana izan da irabazlea, Jordi Sierra i Fabraren El grito de la mariposa  lanaren itzulpenagatik: Tximeletaren oihua. Sari horrek ere 9.000 euroko diru-zuzkidura du.

Euskara Zerbitzuaren arduradun Iñaki Prusilla zinegotziak itzultzaileek euskarazko literaturari egiten dioten ekarpena aitortu nahi izan du. “Hauei esker nazioarteko literaturako lanik onenak gure hizkuntzan, euskaraz, gozatzeko aukera dugu” adierazi du.

 

Karlos del Olmo Serna, Itziar Diez de Ultzurrun Sagalá, Isabel Etxeberria Ramirez, Ramón Etxezarreta Aizpuru eta Usoa Wyssenbach Ibarrak osatu dute epaimahaia. Miren Agur Meaberen lanean testuaren “naturaltasuna” eta “freskotasuna” balioetsi dituzte, eta hizkuntza “bizia, aberatsa eta gozagarria” erabili izana. Aitor Aranaren itzulpenari dagokionez, hala adierazi du epaimahaiak: “estilo zuzen, biluzi eta lehor batez idatzita dago jatorrizkoa, eta itzulpenak ederki asmatu du ezaugarri horiek euskarara ekartzen”.

 

 

 

 

 

 

 

Adierazpenaren irakurketa

 

‘Vitoria-Gasteiz’ sariak banatzearekin batera, Euskararen Nazioarteko Egunarekin lotutako erakunde-adierazpena irakurri da. Euskara zinegotzi Iñaki Prusillak eta talde politiko guztien ordezkariek hartu dute parte: Blanca Lacunza (PP), Ane Aristi (EH Bildu), Estíbaliz Canto (PSE), Juan Cerezuela (Ahal Dugu) eta Oscar Fernández (Irabazi). Gasteizko Udalak HAKOBAk aurten landutako testuarekin bat egin du, zeinaren esteka ondoren eransten baita.

 

 

 

 

 

 

 

Erakunde adierazpena

Share

Udalak ONCErekiko lankidetza-hitzarmena onetsi du, informazio eta sentsibilizazio jarduerak garatzeko

Udalaren Gizarte Politiken Sailak 8.430 euro emango dizkio ONCE-Itsuen Erakunde Nazionalari, Gasteizen informazio eta sentsibilizazio jarduerak garatzeko. Izan ere, erakunde horrekin lankidetza-hitzarmena sinatzea onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak.

Hitzarmenaren xedea da “herritarrak itsuek zein ikusmen urritasun larria duten pertsonek dituzten arazoez sentsibilizatzeko jarduerak egitea, haien gizarte inklusioa eta aukera berdintasuna handiagoa izan dadin, eta beren eskubideak lor ditzaten”, azaldu du Gizarte Politiken zinegotzi Peio López de Munainek.

Orobat, hitzarmenaren barruan aurreikusitako jardueren bidez ONCEren egitekoa, lan-jarduera etab. ezagutarazi nahi dira, itsuen kolektiboarekiko lotura eta inplikazioa sustatzearren.

Besteak beste, jarduera hauek antolatutako dira:

  • Belaunaldien arteko topaketa.
  • Saltzaileen arteko lurralde topaketa.
  • Afiliatuen talde zehatzekin lan jardunaldiak eta jarduerak lurralde mailan.
  • Kriskitin Lasterketa, “gizarte inklusibo baten alde”.

Gizarte Lana eta Jeiki fundazioa

Bilera berean, Tokiko Gobernu Batzarrak Arabako Gizarte Laneko Diplomatuen Elkargo Ofizialarekiko hitzarmena onetsi du, 10.000 eurokoa, informazio, prestakuntza eta sentsibilizazio programa bat garatzeko, besteak beste, Gizarte Lanari buruzko X. Jardunaldia.

Era berean, udal-gobernuak ontzat eman du Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailaren, Arabako Foru Aldundiko Gizarte Gaien Sailaren eta JEIKI fundazioaren arteko lankidetza-hitzarmena aldatu eta luzatzea, drogazale-ohiak diren pertsonak gizarteratzera bideratutako jarduerak burutzeko

Share

Udal gobernuak kalkulatu du 34 hilabete beharko direla Gasteiz Antzokia egiteko proiektua lantzeko eta obrak gauzatzeko

Udalak azpiegitura kokatzekoa den etxadiaren azterlan arkeologikoa egingo du laster, eta horrek hiru hilabete hartuko du

Urtaranen gobernuak pausoak ematen jarraitzen du Gasteizek etorkizunean Gasteiz Antzokiaz gozatzerik izan dezan, hau da, euskarari eta euskal kulturari osorik eskainitako espazio batez, gobernu-taldearentzat estrategikoa baita. Gorka Urtaran alkateak gogoratu duenez, “agintaldi honen hasieratik adierazi dugu proiektuan aurrerapauso garrantzitsuak egiteko asmoa genuela. Lehenengo, eraikitzeko leku aproposena bilatu genuen, Eskoriatza-Eskibel jauregiaren etxadia; ondoren, ideia-lehiaketara deitu genuen, higiezinaren espazio antolaketa eta diseinu posibleak aztertzeko, eta orain ekimena garatzen jarraitzen dugu”.

Horrekin lotuta, Gasteizko alkateak prozesuan jarriko den beste mugarri bat iragarri du. Udal gobernuak gauzatze-proiektua idazteko eta obra bera egiteko eskuartean duen kronogramaren berri eman du Gasteiz Antzokia garatzeko lan-taldean —talde politikoek, udal teknikariek eta euskararen arloko taldeek parte hartzen dute horretan—. Horren arabera, gutxi gorabehera 34 hilabete beharko dira proiektua lantzeko eta obrak gauzatzeko. Aurretik etxadiaren azterlan arkeologikoa egin behar da, eta horrek hiru hilabete hartuko du.

Horrenbestez, udal zerbitzu teknikoen aurreikuspenen arabera, orain hiru fase ditugu aurretik: lehena, aginduzko azterlan arkeologikoa  egitea, Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntzarekin; horrek hiru hilabete iraungo du. Ondoren, gauzatzeko proiektua egiteko lehiaketara deituko da. Prozesu horrek 10 hilabete hartuko duela kalkulatu da: hilabete baldintza-agiria lantzeko, lau hilabete lehiaketa eta esleipen administrazio prozesurako, eta bost hilabete proiektua idazteko.

Azkenik, lana bera egiteko lehiaketak eta gauzatzeak 24 hilabete inguru hartuko dute. Zehazki, hilabete beharko da baldintza-agiria lantzeko; bost hilabete, lehiaketa eta esleipen administrazio prozesurako, eta 18 hilabete, lanak burutzeko. Beraz, Eskoriatza-Eskibelen etxadiaren azterlan arkeologikoa idazten denetik 34 hilabeteko epea izango da guztira.

 

 

Share

Larrialdietarako Arabako Funtsak laguntza aktibatu du Bangladeshera alde egin duten rohingya etniako umeei sostengu emateko

Gasteizek eta Arabak 45.000 euro bideratuko dituzte nutrizio-egoera hobetzera, oinarrizko elikagaien kitak bidaliz

Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak Larrialdietarako Arabako Funtsa aktibatu dute, Bangladeshera ihes egin duten rohingya etniako kideei sostengu emateko. Funtsak 45.000 euro jarriko ditu Save The Children elkarteak 24.000 pertsonari baino gehiagori oinarrizko elikagaien kitak bidaltzerik izan dezan.

Rohingya etniako kideek mendeak daramatzate Myanmarren bizitzen, Rakhine estatuan, eta hizkuntza eta erlijio gutxiengoa osatzen dute. Talde horrek maiz jasan ditu jazarpenak, indarkeria eta hainbat eratako bereizkeria.

 Abuztuko erasoak direla kausa, rohingya etniako ehunka mila pertsonak Bangladeshera ihes egin behar izan dute. Cox’s Bazaar eskualdera dagoeneko 624.000 pertsona iritsi dela kalkulatzen da. Egunero, 2.000 pertsonak gurutzatzen dute muga. Abuztuaren 25az geroztik, bakarrik zeuden 1.500 ume identifikatu dira, eta urriaren amaierarako 24.484 umezurtz zenbatu ziren.

Larrialdietarako Arabako Funtsak finantzatutako ekintzak populazioaren nutrizio-egoera hobetzen lagunduko du, 4.800 janari-anoa  banatu ahalko baitira, bereziki txiroenentzat.

Pilaketak areagotu egin du izurriteren bat (kolera, barizela edo arnas-gaixotasunak) gertatzeko arriskua, baita komunitatearen barruan eta bertako populaziorekin indarkeria handiagoa sortzeko arriskua ere. Pertsonen salerosketa da egoera horren ondorio larrienetako bat.

Ume ugarik estres emozional izugarria dute, muturreko indarkeria jasan edo horren lekuko izan baitira. Horri gehitu behar zaio neskatilek ezkontzara behartzeko edo mutikoak banda armatuek erreklutatzeko duten arriskua. Gainera, rohingya etniako emakumeak eta neskatilak sexu indarkeriaren eta genero-indarkeriaren biktima dira beren jatorrizko lurraldean (Rakhine estatua), eta exodoaren pilaketak larriagotu egiten du egoera hori. Sexu bidezko gaixotasunekiko ahuldadea eta beste arazo ginekologiko batzuk ere areagotu egiten dira.

Save the Children elkarteak 1970az geroztik dihardu Bangladeshen, eta urtean ia 16 milioi pertsonarengana iristen diren programak garatzen ditu. Hainbat alorretako 800 langile ditu, eta bertako 100 bazkidek (antolakunde) baino gehiagok osatutako sarea. Save the Children 2012tik ari da Cox’s Bazaar-en lanean. Abuztuaren 25etik, oinarrizko premietarako artikuluak banatu  ditu, eta 260.000 pertsona ingururi —horietako 148.000 gutxienez umeak— eman diela arreta kalkulatzen du.

 

Share

Gasteiz Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen bi urtean behingo topaketaren egoitza izateko lehiatuko da

Gorka Urtaran alkateak positibotzat jo du hiria berrikuntzaren eta iraunkortasun politiken arloan erreferentea izatea

Gasteiz bi urte barru Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen II. Konferentziaren egoitza izateko finalista izendatu dute. Aste honetan Clermont Ferrand frantziar hirian egin den Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen I. Konferentzian iragarri da hori.

Topaketan parte hartzen dute mundu zabalean enpresa horren lantegiak edo ikerguneak dituzten udalerrietako ordezkariek, tartean Gasteizko alkate Gorka Urtaranek.

Sareak lankidetza-proiektuak sustatu nahi ditu hiri horien artean, abiapuntu hartuta arlo publiko eta pribatuaren arteko lankidetza. Aurten Michelin enpresako fabrikak edo zentro teknologikoak dituzten berrogeita hamar hiri inguruk hartu dute parte, udalerri antolatzailearekin senidetuta daudenekin batera.

Alkateak positibotzat jo du Gasteiz nazioarteko topaketa horren egoitza izateko hautagaien artean aukeratu izana, Sao Pauloko Michelin lantegiak aurkeztutako beste proiektu batekin batera. “Aukeratu izanak berretsi egiten du Udalaren ahalegina iraunkortasun-politiken berrikuntzan erreferente izateko, klima aldaketaren kontra borrokatzeko, berotegi-efektua duten gasen emisioak murrizteko, eta mugikortasun iraunkorraren eta espazio urbanoaren alorreko politiketan aurrera egiteko”, nabarmendu du.

Share

Gobernuak partaidetza-elkarteei materiala mailegatzeko zerbitzuaren kontratua esleitu du

 

Orobat, Udalaren diru-laguntza deialdi guztiak arautuko dituzten oinarri orokorrak onetsi ditu

Isabel Martinez zinegotziak gidatzen duen Partaidetza eta Gizarte Etxeen Sailak proposatuta, 2018-2019 urteetan herritarren partaidetzarako elkarteei materiala mailegatzeko zerbitzuaren kontratua esleitu du Tokiko Gobernu Batzarrak.

Ludoland SL enpresari esleitu zaio, 89.900 euroan, 2018ko urtarrilaren 1etik 2019ko abenduaren 31ra arte zerbitzua emateko.

 

Diru-laguntzetarako oinarri orokorrak

Tokiko Gobernu Batzarrak, halaber, 2018. urterako Gasteizko Udalaren diru-laguntzen deialdiak arautzen dituzten oinarri orokorrak onetsi ditu.

Diru-laguntzen bidezko gastu publikoa gardenagoa eta kudeaketa efizienteagoa eta eraginkorragoa izan daitezen, gobernu-taldeak diru-laguntzei buruzko mahai bat osatu zuen, Udalak ematen dituen diru-laguntza guztietarako eredu izango ziren oinarri orokorrak lantzeko, eta horiexek onetsi dira gaur.

Share

Tranbiaren Salbururako luzapenak bost geltoki izango ditu 2,5 kilometroko bidean

 

 

 

 

 

 

Informazioa-azterlanaren jendaurreko erakustaldia hasi da, eta aldi berean bilerak egingo dira auzokoei proiektua aurkezteko

Tranbiaren Salbururako luzapenari buruzko dossierra

Gaur hasi da tranbiaren Salbururako luzapenaren informazio-azterlanaren jendaurreko erakustaldia. Linearen luzapenari esker konexioa hobetuko da Judimendi, Santa Luzia eta Salburua auzoen eta hiriaren erdialdearen, hegoaren eta iparraren artean. Ibilbide berriak bost geltoki izango ditu ia 2,5 kilometroko bidean, eta Salburua bulebarraren eta Joan Karlos I.aren hiribidearen bidegurutzeraino iritsiko da. Datozen asteetan auzokoei informazio-bileretara deituko zaie, proiektuaren berri emateko.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek nabarmendu du oso garrantzitsua dela tranbia Salburuko hezeguneko parkearen sarreraraino iristea. “Erakundeok aintzat hartu ditugu auzokoen eskaerak. Izan ere, tranbia Salburua bulebarraren eta Joan Karlos I.aren hiribidearen bidegurutzeraino iristen delarik, auzoaren erdi-erdiraino sartuko da. Hartara, eragin-eremua nabarmen handitzen da, eta zerbitzua osoagoa izango da”.

 

Udal agintariak azpimarratu du hiriko Mugikortasun Iraunkorrerako Plana urrats guzti-guztiak betetzen ari dela. “Udal honek apustu irmoa egin du hiriko joan-etorriak erraztearen alde. Tranbia hain auzo gazte eta populatura heltzea benetako mugarria da hiri honetako mugikortasunerako. Horri esker, Salburuko biztanleak era azkar, iraunkor eta osasungarrian konektatu ahalko dira erdialdearekin ez ezik, baita iparraldearekin eta hegoaldearekin ere, edukiera handiko garraio baten bidez”.

Gorka Urtaranek ez du ahaztu hiriko beste auzo gazte handia, Zabalgana. Horrekin lotuta adierazi du: “Ekialderako proiektua zehaztu eta fase ezberdinak bete ahala lanak errealitatea izan daitezen prest dagoenean, hurrengo urratsa tranbia mendebalderantz nola luzatu definitzea izango da, hurrengo udal agintaldian ekiteari begira”. Garbi dago tranbia herritar ugarik eskatutako zerbitzua dela, eta horren erakusgarri dira zerbitzuaren erabilera kopuruak, 2017. urtea bukatzean ia 8 milioi erabiltzaile izatera iritsiko baita, ezarri zenetik hartutako goranzko joerari jarraituz.

 

 

 

 

 

 

Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraio sailburuorde Antonio Aizek, berriz, proiektuaren ildo nagusiak laburtu ditu. Zehazki, inguru horretako 13.700 biztanlek tranbiaren geltoki bat etxetik bost minutura baino gutxiagora izango dute, eta beste 18.300 biztanlek, hamar minutura baino gutxiagora. Izan ere, tranbiaren hurrengo luzapenak 27.700 biztanle dituen zona bat du xede, eta etorkizunean 37.000 biztanle izatera iritsiko dela aurreikusi da.

Tranbiak ekialdean izango dituen bost geltokien kokapenak TUVISAko lineekin erraz konektatzea ahalbidetuko du, garraio publikoaren erabileraren mesederako. Orobat, Florida kaleko bidegorria luzatzea eta Jacinto Benavente kaletik doanarekin lotzea aurreikusi da.

Aiz pozik agertu da tranbia Gasteizen luzatzea “azkenik” errealitatea delako, “bai hegoaldean, orain gauzatzen ari baita, bai Salburuan, informazio-azterlana gaurtik aurrera erakutsiko baita jendaurrean”. Sailburuordea gogoratu duenez, “Eusko Jaurlaritza lanean ari da Gasteizen mugikortasun elektrikoko sistema berria  izateko, tranbia ardatz integratzailea delarik, garraiobide ezberdinen arteko intermodalitatea sustatuz, informazioaren kudeaketa hobetuz, teknologia gehiagoz eta hobeaz hornituz eta CO2 emisioak murriztuz.

Behin betiko onetsi aurretik, informazio-azterlana jendaurrean erakutsiko da, 30 egun balioduneko epean, Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzan, Gasteizko Udalean eta www.euskadi.eus web-orriko Garapen Ekonomikoaren eta Azpiegituren Sailaren atalean, nahi duenak proiektua ezagutu eta alegazioak aurkezterik izan dezan.

Sailburuordeak azaldu duenaren arabera, “jendaurreko erakustaldia arrakastatsua bada eta eskaerarik bada, ez da eragozpenik izango jarritako epea luzatzeko”. Aizek erantsi du: “oraintxe aurkeztu behar dituzte gasteiztarrek edo interesa duten aldeek ekarpenak eta alegazioak”. Horrenbestez, “erakundeok ahalegina egingo dugu informazioa ororen esku egon dadin errazteko, eta Salburuan agente nagusiekin informazio-bilera irekiak egitea aurreikusi dugu“. Laster jakinaraziko dira bileren datak.

Gasteizko tranbia Salburura luzatzeko lanak gauzatzeko epea 24 hilabetekoa da, eta hasierako aurrekontua 26,7 milioi euro (gehi BEZa) baino gehiago da (obra zibila, tranbiaren instalazioak eta adar hori ustiatzeko behar diren unitate mugikor gehigarriak erostea barne). Horren % 65 Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoaren eta Azpiegituren Sailak finantzatutako du, eta gainerako % 35a, Udalak eta Arabako Foru Aldundiak erdibana.

Trazatua galtzadaren albo batetik joango da, dagoen urbanizazioari ahalik eta gehien egokitu dadin, eta 2.450 metro luze izango da, bide berdean gehien bat. Florida kaleko geltokitik abiatuko da, zeina hegoalderako luzapenean —berriki esleitu dena— kokatuta baitago. Jacinto Benaventerekiko bidegurutzea igaro ondoren jarriko da adar berriaren lehen geltokia: Santa Luzia. Ondoren Iliada ibilbidetik igaroko da, bigarren geltokira iristeko, Salburuko gizarte etxearen aurrean. Gero, Salburua bulebarrean barrena joango da hirugarren geltokiraino, Nikosia kalean, Valletta kalearekiko bidegurutzearen ondotik. Bulebarretik 430 metro egin ondoren dago hurrengo geltokia, Batasunaren plazaren aurretik; Salburua bulebarretik jarraitu eta Joan Karlos I.aren hiribideraino helduko da, bertan izango baita azken geltokia, Salburuko parkeko sarreraren ondoan.

Albo batean izango dute nasa bost geltokiek. Guztiek eserlekuz hornitutako markesinak izango dituzte, erabiltzaileak eguraldi txarretik babesteko, eta garraio-txartelen salmentarako makina automatikoak. Mugikortasun murriztuko pertsonen irisgarritasunari buruzko indarreko araudia beteko dute geltoki guztiek.

 

Share

Zuzenak klubak udalaren laguntza izango du berriz ere, urteko hitzarmena onetsi baita

Futbol zelaietako zerbitzu osagarrien kontratua eta Mendizorrotzako sarbidea kontrolatzekoa esleitu ditu Kirol Arloak.

Estíbaliz Canto zinegotziak gidatzen duen Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailak proposaturik, Tokiko Gobernu Batzarrak Zuzenak Kirol Klubarekiko hitzarmena onetsi du, dibertsitate funtzionala duten pertsonen jarduera fisikorako kanpaina garatzeko, 135.000 euroko kopuruan.

Udalak arreta berezia eskaintzen dio dibertsitate funtzionala duten kolektiboei zuzendutako jarduera fisikorako programak sustatu eta garatzeari. Zuzenak kirol kluba irabazi-asmorik gabeko entitatea da, eta horrelako jarduerak garatzen ditu hirian.

Zerbitzu-kontratuen esleipena

Tokiko Gobernu Batzarrak honako kontratuak ere esleitu ditu 2018 eta 2019rako:  udalaren futbol-zelaietako zerbitzu osagarriena, eta Mendizorrotzeko kirol esparruko atletismo pistaren eta modulua gauez zaintzeko eta sarrera eta erabilera kontrolatzekoa.

Disport Eki S.L-ri esleitu zaio futbol-zelaietako zerbitzu osagarrien kontratua, 1.273.480,30 euroan, 2018ko urtarrilaren 1etik 2019ko abenduaren 31ra bitarteko eperako. Bestea, APRA atletismo-pistako sarbidea eta erabilera kontrolatzeko kontratua, Aitekomanagement S.L-ri esleitu zaio, aldi bererako, 100.473 euroan.

Share