Prentsa Oharren banner

Gasteizek gabon giroa piztu du, 30.000 bonbillez eginiko kandela erraldoi baten bidez

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek parte hartu du gaur hasita hiri erdia argiztatuko duen kandela erroldoi ibilgarria pizteko ekitaldian, zeina Gabon garaian tokiko merkataritza dinamizatzeko kanpainaren barnean kokatzen den.

 

Hamar metroko garaiera, lauko diametroa eta 30.000 bonbilla… horrenbestez, kandela erraldoi hau Gasteizko Gabonetako monumentu aipagarrienetakoa bihurtu da, eta hura instalatzen bat egin dute Gasteiz On elkarteak, Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Gasteizko Udalak, Vital Fundazioak eta Euskaltelek. barruan ibiltzeko aukera ematen duen egitura paregabea da, herritarren eta bisitarien begirada erakarriko duena Gabonek iraun bitartean, hala gehitu egingo zaielarik Arabako hiriburuaren erakarpen turistikoei.

Kandela erraldoiaren inaugurazio-piztueran hartu dute parte, Eusko Jaurlaritzako Turismoko zuzendari Maider Echevarria; Gasteiz On elkartearen lehendakariorde Isaac Campos; Vital Fundazioko lehendakari Jon Urresti. Enol abesbatzak hartu du parte ekitaldian.

Share

Gizarte Politiken Sailaren 2016-2020rako Plan Estrategikoaren ekintzen % 72 dagoeneko burutu da edo garatzen ari da

 

Gizarte Politiken Sailaren 2016-2020rako Plan Estrategikoan aurreikusitako ekintzen % 72 dagoeneko burutu da edo garatzen ari da. Arloko zinegotzi Peio López de Munainek planaren betetze-mailaren berri eman du gaur goizean; plana joan den maiatzean onetsi zen, eta hiru urte ditu aurretik guztiz betetzeko.

“Oso pozik gaude planaren garapen mailarekin. Amaitzeko hiru urte geratzen direlarik dagoeneko martxan dira 10 ekintzatatik 7, eta horrek erakusten du zein lan ona egiten ari den sailean”, esan du Peio López de Munainek. Orobat iragarri du 2018ko otsailean dei egingo zaiela auzogune eta elkarguneen ordezkariei zein herritarrei oro har, planaren jarraipena egin eta ekarpenak eta hobekuntzak jasotzeko dinamika parte-hartzailea egiteko.

Gizarte Politiken Saileko profesionalek, hiriko gizarte-entitateek, gizarte zerbitzuen erabiltzaileek eta herritarrek berek hartu zuten parte Gizarte Politiken 2016-2020rako Plan Estrategikoa lantzen, “Gasteiz gizarte-kohesioaren eta giza garapenaren hiria bihurtzeko xedez; gizarte-zerbitzuak berraztertzeko premia partekatu batetik sortu zen, ahots berriei entzunez ikuspegi aldaketa sustatzeko premiatik, eta pertsonen ahalduntzearen alde eginez.  Bide-orri bat da, Gasteizen dauden premia-egoeren eta profil desberdinen aniztasunari eta konplexutasunari aurre egiten lagunduko diguna”, azaldu du Gizarte Politiken zinegotziak.

 

Planaren garapena

Plan estrategikoak 57 ekintza jasotzen ditu, lau ildo estrategikotan banatuta. Horietako 41 dagoeneko burutu dira, edo garatzen ari dira.

Lehenengo ildo estrategikoan, udalaren baliabideak gizarte zerbitzuen araudira egokitzea aurreikusi zen. Horren barruan, azpiegiturak eta giza baliabideak 1. graduko mendekotasuna duten pertsonei egokitzeko ekintzak garatzen ari dira bai kudeaketaren bai obren bidez. Zehazki, Olarizuko eguneko arreta-zentroan eta Los Molinos eta Aurora egoitzetan.

Bigarren ildoko jarduerak eredu komunitarioa eta, bereziki, prebentzioaren ikuspegia eta arretaren pertsonalizazioa garatzearekin lotuta dago. Horri dagokionez, zahartze aktiborako ekimenak bultzatu dira, eta adinekoen bakardadea antzemateko proiektuak zein adinekoen zentroetan eta ikastetxeetan parte hartzeko proiektuak garatu. Haurren babesgabetasuna garaiz detektatzeko eta esku hartzeko programa eta gurasotasun positiboaren programa ere garatze bidean dira.

Hirugarren ildo estrategikoak sortzen ari diren gizarte-premiak detektatzea du helburutzat, eta egoeren aniztasunari eta konplexutasunari aurre egitea. Horri erantzuteko, egokitu egin da Udalaren Prestazioen Programa, eta, besteak beste, ekimen hauek jarri dira abian: gizarte inklusiorako erakundearteko mahaia, Gasteizen eskean ari direnei buruzko “ES-KALE-an” proiektua, eta Gizarte Zerbitzuen Behatokiaren sorrera.

Azken ildo estrategikoak udalaren gizarte-zerbitzuen egitekoa sendotzea du xede, herritar guztientzako gertuko erreferente gisa; horretarako, beste entitateekiko lankidetza areagotu da, baliabide publikoen kudeaketa eta kontrola hobetzearren. Orobat, zenbait ekintza abiarazi dira herritarrei helarazten zaien informazioa hobetzeko eta udalaren gizarte-zerbitzuek ematen duten arretari buruzko asebetetze maila neurtzeko.

Share

Ikasenpresa biltzarraren inaugurazioa Europa jauregian

 

 

 

 

 

 

 

 

Lanbide Heziketako 200 ikasle inguru bildu dira gaur Europa jauregian Ikasenpresa biltzarrean. Ekimen honek kultura ekintzailea lantzeko gune izan nahi du, eta sareko elkarlana sustatu. Horretarako ikasleek kultura ekintzailearen arloko dinamikak egingo dituzte, hainbat arlori buruzko lantegietan parte hartuta: negozio-ideia bat izatea, finantzen arloko oinarrizko ezagutza eta enpresa-jarduera bat abian jartzeko aukerak, esaterako.

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak eman dio hasiera Ikasenpresa biltzarrari, eta kultura ekintzaileak hainbat arlotan zabaltzeak duen garrantzia azpimarratu du, esaterako lanbide-prestakuntzaren arloan.

 

Share

(Presazko deialdia) Prentsa-deialdiak (2017-12-18)

Kandela erraldoiaren itxura izango duten 30.000 bonbilla piztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; hala nola Gasteiz On erakundearen, Eusko Jaurlaritzaren eta ekimenaren enpresa bultzatzaileen ordezkariak

Eguna. Astelehena, abenduak 18

Ordua. 19:00

Tokia. Arka plaza

Share

Musika Banda, Musika, Arte eta Prozesu Institutua eta Autismo Araba gizarte-inklusioko proiektu batean ari dira elkarrekin, eta amaieran kontzertua emango dute Principal antzokian

 

 

 

 

 

 

 

 

Musika komunitarioaren (community music) bidezko ekintza da,  autismoa duten helduen gizarte-inklusioa sustatzearren

Udal Musika Banda, Musika, Arte eta Prozesu Institutua eta  Autismo Araba elkartu egin dira musika komunitarioaren (community music) bidezko gizarte-inklusioko proiektu batean; ikasturte osoa iraungo du horrek, eta Principal antzokian maiatzaren 20an kontzertua eskainiz bukatuko da.

Musika, Arte eta Prozesu Institutua (MAP) musikoterapia zentro aitzindaria da, eta erreferentziazkoa estatuan. Udal Musika Bandak proiektu bat garatu nahi izan du aipatutako zentroarekin, eta biek Autismo Araba-ren erabiltzaileak hautatu dituzte lankidetza egiteko, haren helburu nagusia baita autismoa duten helduen gizarte-inklusioa sustatzea, musikaren bitartez.

Joan den irailean hasi zen proiektua lantzen, harreman  eta komunikazio fasearekin: taldeko kideak Musika Etxera joan ziren bisitan, eta Bandako zenbait musikari boluntario, Autismo Araba-k Landaberden dituen instalazioetara. Bihar, abenduak 19, lehen faseko azken bisita egingo dute bi klarinete-jotzailek, tuba-jotzaile batek eta tronpeta-jotzaile batek.

 

 

 

 

 

 

Eguberrien ondoren, bigarren fasea hasiko da: Autismo Araba-ko eguneko zentroko musikoterapeutek eta gainerako langileek buru-belarri ekingo diote azken ikuskizuna prestatzeari.

Zehazki, “Creando y recreando Peter Pan” lana antzeztuko dute, Ferrer Ferrán konpositorearen “Peter Pan” lana oinarritzat hartuta. Principal antzokian izango da, “Familientzako musika” zikloaren programazioaren barruan.  Udal bandaren zuzendariondoko Iker Olazabalek gidatuko du guztia.

Horrek  jarriko dio urrezko amaiera ikasturteari, baina parte hartzen duten taldeak dagoeneko esperientziak partekatzen ari dira, eta musika pentsatzen, eztabaidatzen, erabakitzen eta sortzen, testuinguru ezberdinetan eta hainbaten partaidetzarekin.

 

Share

Abian da Foru plazako Eguberrietako Azoka zeina urtarrilaren 6ra arte egongo baita zabalik

 

 

 

 

 

 

 

  • Artisautzako 40 saltokiez gain umeentzako jarduerak eta atrakzioak izango dira

Abian da Foru plazako Eguberrietako Azoka. Karpa —guztira artisautzako 40 saltoki hartzen ditu— 2018ko urtarrilaren 6ko 22:00ak arte egongo da irekita.

Azoka 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 22:00etara egongo da irekita, salbuespen hauekin:

  • Abenduaren 24an eta 31n, 21:00etan itxiko da.
  • Urtarrilaren 1ean ez da goizean irekiko.
  • Urtarrilaren 5ean ez da eguerdian itxiko.

Karpan 40 saltoki instalatu dira, Estatuko leku guztietakoak, eta horietan askotariko artisau-produktuak aurki ditzakete bisitariek: feltrozko poltsak, olibondo eta ezpel egurrez egindako eskulanak, zetazko hariz egindako bitxiak, kosmetika naturala eta abar. Azokak interes handia pizten du sektoreko profesionalen artean, eta horren erakusgarria da 62 eskabide jaso direla gehienez jar zitezkeen 40 saltokiak eskuratzeko. Aurten Gasteiz, Bartzelona, Alacant, Nafarroa, Asturias eta Bajadozeko erakusketariak etorriko dira, besteak beste. Gasteizko ekoizleek 12 saltoki jarri dituzte, hau da, % 30.

Azken bi edizioetan bezala, azokaren artisautza osagaia lehenetsi nahi izan da, eta horretarako, deialdiaren oinarrietan 5 puntu eman zaie eskulangintza enpresen erregistro ofizial batean sartuta daudela egiaztatzen dutenei, lizentzia eskuratzeko aukera handiago izan zezaten, eta hala izan da.

Egun seinalatuetan, txikientzako puzgarria jarriko da, begirale elebidunek lagunduta. Orobat, abenduaren 24an eta 31n eta urtarrilaren 5ean haurrentzako lantegiak egingo dira, euskaraz eta gaztelaniaz: giltzatakoak egitea, material birziklatuz musika-tresnak sortzea…

Share

Mural kolektibo batek zurrumurruei kasurik ez egitera eta herritarren elkarbizitza sustatzera gonbidatuko du

La Omega artista eta rap-kantariak diseinatu du, eta Pilar eta Iparralde auzoetako gazte eta umeek margotu dute

Zurrumurruen kontrako udal sareak mural bat landu du urteari amaiera emateko, zeina Pilar eta Iparralde gizarte etxeen inguruko auzoetako gazte eta umeek margotu baitute. Saioa García La Omega artista eta rap-kantariak diseinatutako murala gaur erakutsiko da Iparralde gizarte etxeko sarreran, 19.00etan. Saioa García sarearen agente aktiboa da, eta zurrumurruen kontrako rap batzuk  ere abestuko ditu.

Migratzaileen Nazioarteko Egunarekin bat egiten du aurkezpenak. Muralak arreta eman nahi du etorkinei buruz sortzen diren zurrumurruez eta horiek informazioaren bidez desegiteko beharraz, horiei kasu egin eta jarrera eta portaera xenofoboetan ez erortzeko. Horixe da estrategiaren helburua, zurrumurru edo gezurrek inpunitatez zabaltzen duten informazio okerra analizatu ahal izatea, herritarren elkarbizitzari kalte egiten baitio“, gogorarazi du Bizikidetza eta Aniztasun zinegotzi Nerea Melgosak.

 

Share

Bihar inauguratuko da izotz-pista

Bihar, hilaren 16an, inauguratuko da –goizeko 10:00etan– Gabonetako izotz-pista, berriro ere Andre Maria Zuriaren plazan izango dena.

Urtarrilaren 7ra bitartean, egunero irekiko da izotz-pista, ordutegi honetan: 10:00 – 14:00 eta 16:00 – 22:00.

Izotz-pista aukera paregabea da haurrek eta ez hain haur direnek neguan aisialdiaz era berezi eta desberdin batean gozatzeko. Hauxe da Udalak antolatzen duen Gabonetako programazio benetan zabal eta kalitate handiaren baitan ekimenik eskatuenetako bat; horrekin batera daude antzerkia, Gabonetako Haur Parkea, Floridako jaiotza, Olentzero eta Mari Domingiren etxea Uraren Ezkutuko Lorategian, eta, nola ez, desfileak. 2017 amaitzeko 2018an sartzeko modu eder bat, gure hirian arrakastatsua izango dena” esan du Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Saioak 60 minutukoak izango dira gutxienez, prezio hauetan: 2,5 euro 16 urtetik beherakoentzat (sarrera, patinak eta kaskoa utziko zaie) eta 4 euro adin horretatik gorakoentzat (sarrera eta patinak trukean). Txirristan jaistearen prezioa, berriz, 0,80 €-koa izango da.

Aurten, zerbitzua15.000 euroan esleitzea lortu du Udalak; beraz, aurrezpen nabarmena aurreko urteetako kopuruekiko, baina ez kalitatean eta ez prezioan eraginik batere izan gabe.

 

Informazio gehiago.

Share