Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2017-12-18)

Ekintzaileen izpiritua FPko ikasleen artean zabaltzeko egingo den Ikasenpresa Biltzarrari hasiera ematea

Parte hartzaileak. Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa eta antolatzaileak

Eguna. Astelehena, abenduak 18

Ordua. 8:45

Tokia. Europa Biltzar Jauregia

———————————

Prentsaurrekoa. ‘Artxipielagoa’ ikuskizuna aurkeztea

Parte hartzaileak. Ainhoa Aramendia (sopranoa); eta Belen Ibarrola (arte eta diseinu zuzendaritza)

Eguna. Astelehena, abenduak 18

Ordua. 11:00
Tokia. Teatro Principal Antzokia

Share

Prentsa-deialdiak (2017-12-16)

Azoka Txikia irekitzea

Parte hartzaileak. Lankidetza zinegotzi Jaione Agirre

Eguna. Larunbata, abenduak 16

Ordua. 11:00

Tokia. Iradier Arena

Share

[Eguneratua] Asteburuko aurreikuspenak

Ostirala, abenduak 15

  • Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea  Melgosak parte hartuko du Mazoka, Marrazki eta Ikustrazio Azokaren III. edizioaren inaugurazioan 17:00etan, Montehermoso jauregian
  • Gazteria zinegotzi Iñaki Prusilla Asexoriaren XX. urteurreneko ospakizunean parte hartuko du Landatxo gizarte etxean
  • Bizikidetza eta Aniztasun zinegotzi Nerea Melgosa Mendi Solidarioak elkarteak antolatu duen lehen jaian izango da 19:00etan, Ibañez de Matauco antzokian

 

Larunbata, abenduak 16

  • Alkate Gorka Urtaran eta Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa Araba Encounteren inaugurazioan izango da 11:00etan, Europa Biltzar Jauregian.

 

  • Lankidetza zinegotzi Jaione Agirre Azoka Txikia irekitzeko ekitaldian izango da 11:00etan, Iradier Arenan
  • Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio Lopez de Munain ASCUDEAN elkarteak antolatu duen Zaintzailearen Egunaren ospakizunean izango da 12:00etan, Lakua gizarte etxeko Federico García Lorca antzokian.
  • Alkate Gorka Urtaran Arkeologiarako Arabar Institutuaren 60.urteurra ospatzeko ekitaldira joango da, Bibat museoan, 13:00ean.
  • Santa Luzia jaia dela eta, Berdintasun zinegotzi Jaione Agirre ONCE erakundeak antolatu duen bazkarian izango da 14:30ean, Canciller Ayala hotelean.
  • Alkateorde Itziar Gonzalo Gabonetako Gimnasia Gala ikusten izango da 18:00etan, Mendizorrotza kiroldegian.
  • Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusilla Pilota Federazioak antolatu duen 75. urteurreneko ekitaldian izango da 18:00etan, Beti Jai pilotalekuan.
  • Bizikidetza eta Aniztasun zinegotzi Nerea Melgosa Down Araba Isabel Orbe elkarteak antolatu duen LA HISTORIA DE JAN filmaren aurkezpenean izango da 19:00etan, Florida zineman.
  • Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munain Odol Emaileen Elkarteak antolatu duen ongintzako afarian izango da 21:30ean, Andere jatetxean.

 

Igandea, abenduak 17

  • Alkate Gorka Urtaran eta Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto Vitoria-Gasteizko Maratoi Erdiaren sari-banaketan izango dira 12:00etan, Mendizorrotzako aparkalekuan.
  • Bizikidetza eta Aniztasun zinegotzi Nerea Melgosa Mazoka ikusten izango da 13:00etan, Montehermosoko ur andelan.

 

 

Share

“Kandelen gauak” Gasteizko Hirigune Historikoa argiztatuko du berriro, datorren ostiralean, hilaren 22an

 

 

 

 

 

 

  • Erdi Aroko Hiriguneko Denden eta Zerbitzuen Federazioak, Gasteizko Udalak, Vital Fundazioak eta Santa Maria Katedrala Fundazioak kultur eskaintza zabal antolatu dute, tartean musika, antzerkia eta ardo beroa izango direlarik

‘Kandelen gaua’, gabon inguruko ekimenik tradizionaletakoa da Gasteizko Hirigune Historikoan, izan ere, aurten adin-nagusitasunera iritsiko da. Urtero bezala, milaka kandelek hiriko kale antzinakoenak argiztatuko dituzte Gabon gauaren aurreko ostiralean, jende orori zuzenduriko kultur programazio benetan bete baten testuinguruan.

Gasteiz Onen kide den Erdi Aroko Hiriguneko Denden eta Zerbitzuen Federazioak antolatuko du aurten urteko gau berezienetako baten hamazortzigarren edizioa. Hiriko zenbait kolektibok argiztatuko dituzte milaka kandelekin kaleak, esaterako hauek: Down Araba Isabel Orbe elkartea, Vicente Ferrer Fundazioa, Radix;2 kirol eta kultur elkartea, BEZALA-Conciencia animal, Escor Gaztedi Rugby Taldea, Alde Zaharra Bizirik Goian eta Zoroak Blusa eta Neska Taldea. Horrez gain, zenbait kultur-ekintza eta -emanaldi izango dira abenduaren 22ko gauean.

“Kandelen gaua tokiko dendariek herritar zein bisitarientzat antolaturiko ekimena da, eta bertan parte hartzen du –ezin bestela izan– Gasteizko Udalak, hiriko inguru esanguratsu eta berezi bat sozialki, komertzialki eta kulturalki dinamizatzeko ekimen garrantzitsu bat sostengatuz. Era honetako ekimenak funtsezkoak dira agintaldia hasi zenetik sustatzen ari garen Merkataritza eta Ostalaritza Plan Estrategikoan”, gogoratu du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak, zeinak ekimena aurkeztu duen Erdi Aroko Hiriguneko Denden eta Zerbitzuen Federazioaren presidentearekin, Javier Mendoza, eta Vital Fundazioko zuzendariarekin, Josune Albizu, batera.

Programazioa 17:45ean hasiko da, Santo Domingo plazan egingo den haur-diskoteka saio batekin, ‘DJ Kaktus y su flow’ arituko delarik ekimenaren gidari. 19:00etan Deabru Beltzak konpainiaren ikuskizun ibiltaria abiatuko da Doña Otxanda dorretik, eta kalejiran ibili ostean, 20:00etan amaituko du Aihotz plazan. Gainera, une horretan ardo beroa zerbitzatuko da. 20.30ean zenbait abesbatzek musikaz jantziko dituzte Hirigune Historikoko txokoak.

Bestalde, Gasteizko Udaleko Turismo zerbitzuak ere zenbait jarduera programatu ditu egun horretarako. 18:30ean bisita gidatua egingo da El silencio de la ciudad blanca nobelako gertalekuetan barrena; parte hartzeko 945 161 598 telefono-zenbakira deitu beharko da nahitaez. Gainera, Goiuri jauregian bisita gidatuak izango dira ordu erdiro, 20:00etan hasi eta 22:00ak arte.

Santa Maria katedralak ere bat egingo du ekimenarekin. Muinoaren tontorreko elizan gabon-abestien kontzertua hartuko du, 19:30ean hasita, Badaia, Dultzinea eta Mairu abesbatzen eskutik. Halaber, Santa Maria Katedrala Fundazioak gau-bisitaldiak eskainiko ditu 21:00etan eta 21:15ean. Jarduera horretan parte hartzeko izena eman behar da aurretiaz, dela 945 255 135 telefonora deituta, dela www.catedralvitoria.eus helbidera idatzita.

Erdi Aroko Hiriguneko Denden eta Zerbitzuen Federazioa hiriko merkataritzaren alorreko elkarte nagusi den Gasteiz Onen kidea da; gaur egun 600 establezimendu kide baino gehiago daude bertan.

CARTEL NOCHE DE LAS VELAS 2017

Share

Hainbat obra esleitu ditu Urtaranen gobernuak Errota kalea eraberritzeko, Lakuabizkarrean ‘parkourra’ egiteko eta Nebera gainean Eraztun Berdea ixteko bideak eta landaketak egiteko 720.000 euroko inbertsioarekin

 

 

 

 

 

Obrak dossierra

Beste hiru obraren esleipena onetsi du gaur goizean Urtaranen gobernuak, Arabako hiriburua modernizatzen eta espazio publiko eraldatzen jarraitzeko, Vitoria-Gasteiz 2025 Estrategiaren ildotik. Hainbat jarduera onetsi ditu Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean: Errota kalea eraberritzeko obrak, Lakuabizkarrean ‘parkourra’ egiteko obrak eta Nebera gainean bide berriak eta landaketak egiteko lanak. Hiruren artean, 720.000 euroko inbertsioa. “Gasteiztarrentzako espazioak nahi ditugu berreskuratu, pertsonen bizia errazagoa egiteko, eta Gasteizek aurrera egiteko lan egiten jarraitu nahi dugu”, esan du Gorka Urtaran alkateak.

Lehenengo neurriaren ildotik, Adurtza auzoko Errota kalearen berrikuntza bultzatuko du udal gobernuak, Heraclio Fournier kaletik Zumakadi ibilbidera arteko tartean; bereziki, aparkaleku gisa erabiltzen den espazioan, elizaren eta ikastetxearen artean. Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean esleitu dizkio obrak —‘Gasteiz Hobetuz’ programan hautatuak—Orizon Constructora eta Lazaro Conextran enpresek eratutako aldi baterako enpresa-elkarteari. 350.000,73 euroan egingo dira, bost hilabeteko epean, eta Berdeguneak eta bizilagunentzako eta inguruko ekipamenduen erabiltzaileentzako nahiz Errota egoitzako pertsonentzako elkarbizitza-, topaketa- eta aisialdi-leku berriak sortzeko aukera emango dute.

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak diseinatutako lanek ingurua oinezkoentzat erosoagoa izatea eta landaredia duten espazioak gehitzea dute helburutzat, Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren ildotik. Lehenengo, aparkalekua mugatzen duen horma eta aparkalekuaren eta barneko plazatxoaren artean dauden hiru estalpeak eraitsiko dira. Espazio horretan zuhaitzak dituen berdegune bat jarriko da, eta arrapala bat eta eskailera batzuk egitea aurreikusi da, plazatxoaren eta aparkalekuaren artean dagoen kota-aldea gainditu eta irisgarritasuna erraztearren. Beste muturrean, elizaren ondoan, inguruko horma kenduko da, espaloiak handitu ahal izateko, eta oinezkoentzako plazatxo berria sortuko da, kanpoaldeko espaloiaren eta elizaren kota berean. Hartara ez da arrapalarik edo eskailerarik beharko.

Era berean, parterreak eta txorkoak egingo dira plazatxoko zenbait lekutan (ikastetxearen fatxadaren ondoan, elizaren aurreko plazatxo berria zedarritzeko…), ingurua atseginagoa izan dadin. Parterreen ondoan eserleku jarraitua jartzea proiektatu da.  Argiteria ere hobetuko da, eta espaloiak, aparkalekua eta galtzada zolatuko. Bestetik, Txalaparta eta Errota kalearen artean zuzeneko lotura sortuko da, oinezkoentzako bide baten bitartez.

Lakuabizkarrean ‘parkourra’ egiteko, berriz, Urbabil 2000 izan da hautatu den enpresa. 200.000 euroan (BEZ barne) egingo ditu lanka, hiru hilabeteko epean. Era horretako lehenengoa izango da zona berritzaile hori, euskal hiriburuan. Forondako atearen ondoko lursail batean jarriko da aisialdi aktiborako gunea, eta jolas eta kirol espazio osagarria ere jarriko da, saskibaloian, futbitoan, pilotan edo eskaladan aritzeko, besteak beste. ‘Gasteiz Hobetuz’ partaidetza-prozesuan hautatuetako bat da proiektua, eta gutxienez 800 metro koadroko azalera izango du, bi atalak batuta.

Lehenengo zonak, Udalak planteatutako eskakizunen arabera, diziplina horretako oinarrizko lau mugimenduak egiteko aukera eman beharko du: joan-etorriak, jauziak, jasotzeak eta kulunkak, karreran nahiz egonean. Jolas eta kirol zonak, bestetik, altuera ezberdinetara itxitako esparrua izango da, hainbat kirol jarduera egiteko. Gutxienez elementu hauez hornituta egongo da: bi saskibaloi-saski, bi futbito-ate, eskalatzeko murru bat, gimnastika egiteko murru bat, frontenisean aritzeko beste bat, pilotan aritzeko beste bat eta punteria praktikatzeko panel bat. Erasoen kontrako hesiak dituen itxitura garaia ere izan beharko du.

Gaur goizean esleitu den hirugarren esku-hartzea Nebera gainekoa izan da. 169.830 euro (BEZ barne) inbertituko ditu bertan Urtaranen gobernuak, bideak eta landaketak egiten —inguru horretan nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoko kudeaketa-proiektu bat sustatzeko lehen urratsa—. Viveros Eskalmendi enpresak egingo ditu lanak, bost hilabeteko epean.

Lehen fasean, lursaila egituratzeko bide bat egingo da, eta zenbait landaketa, lurra geroko erabilerako egokitzeko asmoz. Gainaren ekialdetik joango da bidea, eta oinezkoentzat eta bizikletentzat orain dauden ibilbide eta pasealekuen konektagarritasuna hobetzeko balioko du. Irisgarria izango da, eta 3 metro zabal, gehi alboko areka. Oinezkoak, bizikletak eta nekazaritzako makineria igaro ahalko da bertarik.

Inguru horretan gerora nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoko proiektua bat jartzeko lehiaketa egitea denez, izango dituzten erabilera eta laboreen arabera proiektatu dira dagoeneko nekazaritzarako lursailak. Nebera gaineko goi ordokian bazka-landareak (alpapa) jartzea erabaki da; gainerako soroetan zalkea eta zekalea ereingo dira, ongarri berde gisa. Lurrak landarezko estalki iraunkorra izatea da helburua, haren ezaugarri agronomikoak zein aprobetxamendua hobetzearren. Orobat landatuko dira intxaurrondoak, elorri zuria, fruta-baratzeak, heskaiak eta tamaina handiagoko handiko 138 zuhaitz (lizarrak, astigarrak, ezkiak, masustondoak, hurritzak, gereziondoak…).

 

Obren egoera

Halaber, 2017ko aurrekontuak hiri osoan hogei bat inbertsio abiarazteko aukera eman duela gogora ekarri du alkateak. Hain zuzen ere, obra horietako bakoitza gaur egun zein egoeratan dagoen azaldu du Gorka Urtaranek. Bukatuta edo ia bukatuta daude, esate baterako, Zabalganeko txakurrentzako parkea eta Laudio plaza eta San Anton plaza eraberritzeko obrak. Egiten ari dira, berriz, beste hauetakoak: Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea, Europa jauregiko aparkalekua, San Ignazio Loiolakoaren kalea, Konstituzio plaza, Lakuabizkarreko hiri-baratzeak, Borinbizkarreko joko-eremua —atzo bertan hasi ziren— eta Elexaldekoa, Araneko siloko parkinga, Lakua 03ko futbol-zelaia, Honduras kalean bizikleten trafikoa erregulatzea, eta AUOko aparkalekua. Esleituta, baina artean hasi gabe: Bastida plazako eta Labraza ibilbideko zoladura hobetzea, Etxanobetarren etxean irisgarritasuna, eta orobat gaur iragarritako esku-hartzeak, Errota kalean, Nebera gainean eta Lakuabizkarreko parkourrean.

 

Share

6,6 milioi euro bideratuko ditu Gizarte Politiken Sailak adinekoen zerbitzuetara eta gizarte- eta hezkuntza-jarduerak garatzera

Tokiko Gobernu Batzarrak zenbait kontratu esleitu ditu gaur 6,6 milioi euroan, adinekoei zuzenduriko zerbitzuak eta gizarte- eta hezkuntza-jarduerak garatzea bideratuko dituenak, den-denak Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak diseinatuak.

Diru gehien eskatzen duen kontratuaren bitartez elikagaiez hornituko dira adinekoentzako udal egoitzak, adinekoentzako zentro soziokulturalak eta beste baliabide sozial batzuk. Guztira, 3,3 euro milioi gastatuko ditu Udalak datozen bi urtetan 18 zentroetako hornikuntzan. Hogei enpresa baino gehiago arduratuko dira lehiaketara atera diren 34 produktu-sortak.

Gaur onetsitako beste zerbitzu baten onuradunak ere adinekoak dira, hain zuzen ere adinekoak euren etxebizitzetatik San Prudentzio, Olarizuko Santa Maria, Tomas Zumarraga Dohatsua eta Blas de Otero eguneko zentroetara eramateko zerbitzuarenak. Autobuses Arriaga enpresak emango du zerbitzua datozen bi urtetan, 1.051.214 euroren truke.

Gizarte- eta hezkuntza-zerbitzuak

 Bestalde, udal-gobernuak 2 milioi euro baino zertxobait gehiagoko aurrekontua onetsi du Gasteizko udalerrian gizarte zein hezkuntza alorretan esku hartzeko zerbitzuaren kudeaketa kontratatzeko. Eulen enpresariu eslaitu zaio kontratua, datozen bi urteetan garatu dezan.

Zerbitzu horrek gizarte- eta hezkuntza-arloetako laguntza eta laguntza psikosoziala ematen die zailtasunak dituzten pertsona eta familiei. Horretarako prebentzio, hezkuntza eta asistentzia alorretan aritzen da, delako pertsona edo familiaren autonomia sustatu, hari eutsi edo berreskuratzeko asmoz, betiere haren bizi-baldintzak hobetzeko asmoz.

Halaber, Tokiko Gobernu Batzarrak Ateka enpresari esleitu dio Osasun Iturri gizarte eta hezkuntza zentroaren kudeaketa 272.360 euroan, bi urteko aldirako.

Familia babesteko programa da, babes gabezia izateko arrisku moderatua duten haur eta nerabeei zuzendua, eguneko erregimeneko bizikidetzaren bitartekoa, hezitzaileen lantalde baten esku-hartzea bitarte.

Osasun Iturri gizarte eta hezkuntza zentroak 3 eta 16 urte bitarteko 10 haur eta nerabe artatu ditzake aldi berean. Honako xedeak ditu, besteak beste, betiere inguru suspergarri eta normalizatu batean:

  • Familia-unitateari eustea, eta haurra edo nerabea familia-girotik aldendu dadila ekiditea.
  • Babesgabetasun egoera desagerraraztea edo arintzea.
  • Babes-gabeziak utzitako ondorioak sendatzea.
  • Adingabeen garapen pertsonala eta heziketa integrala sustatzea.
  • Seme-alaben hazkuntzan eta heziketan sortzen diren arazo eta zailtasunei eraginkortasunez aurre egiteko familien gaitasuna indartzea.

 

Share

Gasteizek berritu egin du kultura eta aisialdirako Gauekoak programarekiko konpromisoa

Elkarteen Federazioak jarraituko du programa kudeatzen, eta 300.000 euroko aurrekontua izango du, 2018ko urtarriletik 2019ko urrira.

Udal gobernuak Gauekoak programarako kontratua berritzea erabaki du gaur goizean. Gauekoak kudeatzeko elkarteen federazioak 300.000 euroko aurrekontua izango du proiektua 2018ko urtarriletik 2019ko urrira bitartean kudeatzeko.

Gazteentzako kultura eta aisialdi sortzaile, osasungarri eta parte-hartzailea sustatzeko “Gauekoak” programa hiriko beste erakunde publiko eta pribatuen programazioak eta ekimenak osatzen ditu. Cuerda alkatearen garaian sortu zen, esperientzia pilotu gisa, eta 2000tik aurrea gauzatu zen. Gazteen parte-hartze aktiboa eta gazte elkarteen zein banakoen eta tokiko administrazioaren arteko kudeaketa partekatua dira programaren oinarriak, programa partaidetzazko proiektu gisa eraiki eta gauzatzen baita.

Gauekoak programaren lana beharrezkotzat jotzen da, aisialdi sortzaile eta parte-hartzailerako eskaintza gazteekin eta haiengandik hurbil lan egiten duten taldeekin batera antolatzea bermatzen baitu.

“Gauekoak programak administrazioaren eta gazteen arteko muga apurtzea lortzen du. Gasteizko gazte askok hiriari bere ekarpena egin nahi diote eta Gauekoak aisialdi osasungarrirako alternatiba egokia da horientzat” nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak

 

 

 

Share

344.000 eurotik gora bideratu ditu Gasteizek hainbat programatara —berdintasuna, euskararen sustapena, gazteria eta memoria historikoa

Laguntzak emateko hainbat erabaki eta ebazpen onetsi ditu gaur Gobernu Batzarrak. 344.000 eurotik gora bideratuko ditu Udalak hartara arlo hauetara: berdintasuna, euskararen sustapena, gazteria eta memoria historikoa.

Alde batetik, Berdintasun Zerbitzuak 2018an emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorrean jarduerak eta proiektuak bideratzeko emango dituen diru-laguntzen deialdi publikoa onetsi du udal gobernuak, 50.000 euroko zuzkidurarekin. Elkarte feministak eta emakume-elkarteak sendotzen laguntzea da helburua, ikuspegi feminista edo genero-ikuspegi argia duten proiektuak finantzatuz, eta, aldi berean, entitatean bertan emakumeen partaidetza aktiboa sustatzeko eta beren jarduera eremuan —kirola, hezkuntza, arlo soziala, kulturala eta abar— genero-berdintasunerako proiektu edo jarduerak egiteko sortutako espazio bat duten entitate mistoen proiektuak sustatzea.

Gainera, Arabako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialarekin lankidetza-hitzarmena sinatzea onetsi du Gobernu Batzarrak, Gasteizko udalerriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen alorreko langileen euskara-ikastaroak diruz laguntzeko. 2017-2018 ikasturterako aurreikusitako laguntzek 10.500 euroko aurrekontua dute. Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren arabera, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen alorra lehentasunezkotzat eta estrategikotzat jotzen dira gure hirian euskararen normalizazioa lortzeko. Besteak beste, alor horietako eragileek hizkuntza ikas dezaten sustatzeko ekintzak eta bezeroekiko harremanetan euskararen erabilera handitzeko hizkuntza zerbitzuak eskaintzen dira. Laguntza horiek funts propioekin osatzea erabaki zuen Gasteizko Udalak, kolektibo horietako profesionalen euskararen ikaskuntza are gehiago errazteko, eta interesgarri jo zuen diru-laguntza horiek Merkataritza Ganberak kudeatzea, tramiteak errazteko, bikoiztasunak ekiditeko eta baliabideak optimizatzeko.

Udal gobernuak hartutako beste erabaki bat izan da helduentzako euskara-eskolak ematen dituzten hiriko akademia homologatuei 2017-2018 ikasturterako diru-laguntzak emateko deialdia ebaztea. Guztira, 99.000 euroko diru-laguntza eman zaie akademiei, honela banatuta:

– Ardatz Kultur Elkartea, 49.847,98 euro

– Bai&by Gasteiz, 4.484,68 euro

– Euskaraz Kooperatiba Elkartea, 16.484,94 euro

– Hegoalde Kultur Elkartea, 7.193,43 euro

– Mondragon Lingua, S. Coop., 2.254,97 euro

– Udaberria Elkartea, 18.734 euro

Bestalde, 2017ko ekitaldian Gasteizko udalerrian memoria historikoaren arloko jarduera eta proiektuak bideratzeko diru-laguntzen deialdia ebazteko proposamena ere onetsi da gaur, eta 3.000 euroko diru-laguntza esleitu Martxoak 3 elkarteari, “La memoria y la búsqueda de la Verdad desde las Mujeres del 3 de Marzo” ikerketaren azken txostena zabalkunde-formatura egokitzeko proiektua gauza dezan.

Lankidetzaren arloan, garapenerako lankidetzaren arloko urteko proiektuetarako diru-laguntzak emateko 2017ko deialdira aurkeztutako proiektu hauei eman zaie laguntza:

Erakunde eskatzaileaProiektuaren izenaDiru-laguntza
Vicente Ferrer FundazioaKalyandurg ospitaleko jaioberrientzako zainketa intentsiboen unitatea handitu eta handitzea —Anantapur barrutiko nekazaritza-eremuko ahulenentzat—. India.19.869,88 €
Jambo Congo, Asociación para el desarrollo de la R.D. CongoEskola-esparrurako eguzki-plakak eta bateriak hornitzea. Kongoko Errepublika Demokratikoa17.519,66 €
Kupu-KupuZentroa eta eskola konpontzea. Indonesia.20.000,00 €
Gasteizko Asociación Unión y Apoyo Hablante Pular – Haaly Pular elkarteaDebeyako lehen hezkuntzako eskola eraberritzen jarraitzea. Ginea-Conakry.19.992,75 €
Sonrisas Delalí GKEGaraiz kanpoko 500 jaiotza-agiri ezartzea. Togo5.095,00 €
Kolonbia-Euskadi elkarteaBakerako hezkuntza eta pedagogiarako eskubidea sustatzen, Ibaguéko nekazaritza-komunitateetan. Kolonbia.20.000,00 €
GUZTIRA102.477,29 €

 

Bestalde, Sexualitate Aholkularitzarekin hartutako konpromisoa berritu du Udalak, 20 urte bete dituen honetan. Emaize Centro Sexológico SL enpresari gazteei sexualitateari buruzko arreta emateko “Asexoria” programaren kontratua luzatzea onetsi du Gobernu Batzarrak. 50.020,93 euroko kopurua bideratuko da horretara hurrengo urtean. Orobat onetsi du udal gobernuak Hazgarri S.Coop. Ediren enpresari gazteentzako aholkularitza psikologikorako “Psiko-aholkularitza” zerbitzua emateko kontratua luzatzea, 29.017,5 euroko kopuruarekin.

Share

Udalak Arana, Anglo, Judimendi eta San Kristobal auzoetara zabaldu du urrezko auzoen gizarte eta hirigintza egoeraren erradiografia

Gizarte eta hirigintza egoeraren azterlanak funtsezkoak izango dira hondatze progresiboa geldiarazteko

 Gasteizko Udalak Arana, Anglo, Judimendi eta San Kristobal auzoetako gizarte eta hirigintza egoera ere aztertuko du, Gasteizen 50 urte baino gehiagoko eraikinak dituzten auzoetako erradiografia edukitzeko. Gorka Urtaran alkateak iragarri duenez, datorren astean aurkeztuko da, 21 Zabalgunearen kontseiluan, lau auzo horietako azterlanak egiteko kontratazioa. Aldez aurretik Koroatze, Adurtza, Ariznabarra, Zaramaga eta Abetxuko auzoetan eginak dira azterlan horiek, eta hirigune historikoan burutzen ari dira.

 Gehien bat 1980. urtearen aurretik altxatutako auzoak dira. Eraikinek hainbat arazo dituzte: kalitate txikiko erakuntza, irisgarritasun arazoak atari eta/edo etxebizitzetan, isolamendurik eza edo isolamendu eskasa, patologia puntualak eta hezetasunak fatxadetan.

Bestetik, hiriko beste inguru batzuen aldean, auzo horietan adineko biztanle gehiago daude, langabezia maila handi samarra dute, eta gizarte-zerbitzuen arreta jasotzen duten pertsona gehiago bizi dira; horrenbestez, Gasteizko egitura urbanoan eremu ahultzat jotzen dira.

Orain arte jasotako ondorioak eta azterlan berri hauetatik jasoko direnak funtsezkoak izango dira “Gasteizko Udalak beharrezkotzat jotzen du eremu horietan esku hartzean, hondatze progresiboa geldiarazi eta saihesteko, bertako gizarte, ekonomia, hirigintza eta eraikuntza baldintzak hiriko gainerako alderdienekin parekatzeko, eta hirigintzari, eraikuntzari, iraunkortasunari eta energia eraginkortasunari buruzko araudiak betetzeko”.

Hori lortzeko lehen urratsa etxebizitzak eta bizitokietarako eraikinak birgaitzeko laguntzak emateko araudian –21 Zabalguneak kudeatzen duena– auzo horiek lehentasunez birgaitu beharreko eremutzat jotzea da. Izendapena lortuz gero, auzokoek Eusko Jaurlaritzak birgaitzeko ematen dituen laguntzak eskuratu litzakete, horiek handiagoak baitira, birgaitze integratuko eremuetarako zehaztutakoen parekoak.

 Lau azterlan hauetarako aurrekontua 200.000 euro ingurukoa izango da, Eusko Jaurlaritzak proiektuak idazteko 138.000 euroko laguntza emango du.  Azterlanek 88 hektarea aztertuko dituzte, guztira.

Auzo horien benetako egoeraren erradiografia lortzearren, behar bezala kreditatutako soziologo-talde batek elkarrizketak egingo dizkie bizilagun eta merkatariei, eta arkitekto, urbanista eta paisajistek bisita teknikoak egingo dituzte eraikinetara eta espazio publikoetara.

Horretaz gain, urbanista eta soziologo taldeek auzoetako elkarteetako arduradun eta kideekin harremanetan jartzeko asmoa dute: auzo-elkarteak, merkatari eta ostalarien elkarteak, eta beste.

“Ekarpenek  oso balio handia dute, beraz, aurretiaz beste auzo batzuetan egindako azterlanetan egin dugun bezala, auzokoei laguntzeko eta denbora tarte bat eskaintzeko eskatzen diegu, auzoaz, haren nortasunaz eta eboluzioaz elkarrizketa irekia eta zabala izateko: zein arazo eta premia dituen, eta haien ustez, zein noranzkotan eta nola hobetu litekeen” nabarmendu du alkateak.

 

Share

Salburuko rokodromoa 2018an izango da prest

Eskalatzeko ekipamenduak, zeina egiteke utzi baitzuen aurreko gobernuak, 150.000 euroko kostua izango du, eta gizarte etxean erabilera aukera berriak ahalbidetuko ditu

Isabel Martinez zinegotziak gidatzen duen Partaidetza eta Gizarte Etxeen Sailak proposatuta, Tokiko Gobernu Batzarrak Salburuko gizarte etxerako rokodromoa hornitu eta instalatzeko kontratazio dosierra onetsi du gaur, 150.000 euroan.

Rokodromoa instalatuta, gobernuak auzoak behar zuen konpromisoa betetzen du, eta auzokoek gizarte etxean eskalada kirolean jarduteko aukera izango dute” esan du Martínezek. Haren esanetan, albiste “oso ona” da, “auzoak ekipamendu hori eskatzen baitzuen; izan ere, hasierako proiektuan jasota egon arren aurreko gobernuak ukatu egin zien”.

 “Kontuan izan behar da aurreko udal gobernuak gabezia ugari zituela entregatu zuela Salburuko gizarte etxea, lanak presaka egin zirelako eta beheranzko esleipenen bidez; horrek gerora ezin konta ahaleko adabaki jarri behar izatea ekarri du, eta gobernu hau arrakastaz ari da konpontzen, eta rokodromoaren instalazioa beste urrats bat da bide horretan”, erantsi du Martínezek.

Azpimarratu behar da da rokodroamorentzako bideratutako aurrekontu-partida 50.000 eurotan hazi dela onetsitako aurrekontuan aurreikusi zenaren aldean; hazkuntza hori rokodromoa inauguratuko den 2018 urte bererako konpromiso-kreditu baten bidez egin da.

Share