Prentsa Oharren banner

Prentsa deialdiak (2017-12-15)


– Kandelen gauaren aurkezpena

Parte-hartzaileak: Nerea Melgosa, Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Saileko zinegotzia.

Eguna: abenduak 15, ostirala.

Ordua: 10.00

Lekua: Udaletxeko prentsa-aretoa.

————————————————————–

– Alkatearen prentsaurrekoa

Gorka Urtaranek Tokiko Gobernu Batzarrean landutako gaien eta Udalarekin lotutako beste gai batzuen berri emango du.

Parte-hartzailea: Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea.

Eguna: abenduak 15, ostirala.

Ordua: 10.30

Lekua:  Udaletxeko prentsa-aretoa.

————————————————————————————-

“Asexoria,  20 urte zurekin” erakusketaren inaugurazioa

Parte-hartzailea: Iñaki Prusilla, Gazteria zinegotzia

Eguna: abenduak 15, ostirala.

Ordua: 19.30

Lekua:  Landatxoko gizarte etxea

 

 

Share

Erasmus + KA-2 taldeari harrera

 

 

 

 

 

 

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok eta udaleko beste zenbait kidek harrera egin diete KA2 Erasmus+ “History and society in the virtual dimension” proiektuan parte hartzen duten ikasleei, Europako lehen bilkura Gasteizen egin baitute.

Sei lurraldetako sei ikastetxe ordezkatzen dituzte:  Polonia, Errumania, Italia, Frantzia, Bulgaria eta Espainia.

Ikasleek Gorka Urtaran alkatearen agurra jaso dute.

 

Share

XXXV. San Silvestre lasterketaren aurkezpena

 

 

 

 

 

 

 

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok Gasteizko XXXV. San Silvestre lasterketa aurkeztu du gaur prentsaurrekoan. Berarekin izan dira Atletismo Federazioko lehendakari Andrés Sánchez, Federazio horretako teknikari Mikel García Zurbano eta Laboral Kutxako Kepa Ortiz de Urbina. Lasterketa abenduaren 31n izango da, eta Olagibel kalean izango ditu irteera eta helmuga.

 

Share

LGTBI pertsonek espazio publikoan nahiz lanaren, osasunaren, hezkuntzaren, kirolaren, aisialdiaren eta kulturaren arloan dituzten pertzepzioak jaso ditu Gasteizek

Gasteizko LGTBI biztanleriaren errealitateen lehen diagnostikoaren aurkezpena egingo da gaur arratsaldean Goiuri jauregian

 Hiriko LGTBI pertsonen pertzepzioak jasotzen dituen azterlan baten bitartez, LGTBI biztanleriaren premiak zehaztu ditu Gasteizek, bost esparrutan, helburutzat harturik errealitateak ezagutzea, eta, diagnostiko horretatik abiaturik, sexu-dibertsitatearen eta generoaren arloko lehentasunak definitzea, eta lantzen ari den IV. Berdintasun Planean jasotzea.

Gasteizko LGTBI biztanleriaren errealitateen lehen diagnostiko horren ondorio nagusiak aurreratu dituzte gaur goizean Berdintasuneko zinegotzi Jaione Aguirrek eta Irabaziko bozeramaile Oskar Fernándezek —dagoeneko gainerako talde politikoei aurkeztu zaizkie, eta gaur arratsaldean egingo da jendaurrean, Goiuri jauregian—.

Udal-gobernuak Irabazi-Ganar taldearekin hartutako konpromisoetako bat izan zen erradiografia hori egitea. Gasteizko LGTBI pertsonen errealitateen diagnostikoa orobat izan da hiriko mugimendu feministaren eskaria.

Azken sei hilabeteetan egin du azterlana Kualitatek, Aldarterekin lankidetzan. Gainera, kontraste-espazioak izan dira, zeinetan hainbat adituk parte hartu baitute, hala nola Lucas Platero, Fefa Vila, Gerard Coll-Planas eta Sejo Carrascosak.

Gasteizko lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualen errealitatean zentratzen da diagnostikoa, eta 2017ko ekainetik azarora bitartean egin da.

Hiriko LGTBI pertsonengana hurbilduz egin da lehen azterketa-lan hori, eta halaber Gasteizko LGTBI elkarte-ehuneko kide diren edo beren eguneroko lanean nola edo hala pertsona horiekin diharduten elkarte, talde eta entitateengana. Udalaren IV. Berdintasun Planean sar litezkeen hainbat lan-ildo ere proposatzen dira.

Diagnostikoaren lan-prozesuan LGTBI pertsonek emandako informazioa ugaria eta oso aberatsa izan da, dibertsitateagatik eta analisiaren hainbat arlotan egin dituzten ñabardurengatik —espazio publikoa, lana, osasuna, hezkuntza, kirola, aisialdia eta kultura—. Parte hartu duten pertsonek planteatutako pertzepzioak dira, eta haien iritzia da azterlanean jaso dena.

“Gasteiz hiriko LGTBI pertsonen dibertsitate handia islatzen du informazioaren aberastasunak. Sexu- eta genero-dibertsitatea zeharkako kontu bihurtzen ahalegintzen ari da Berdintasun Zerbitzua. Esate baterako, ikuspegi horrek Emakumeen Berdintasunerako eta Jabekuntzarako Eskolaren programazioa zeharkatzen du, eta indarkeria matxistaren prebentziorako eta erantzun publikoa emateko programa, eta berdin egingo du IV. Berdintasun Planean”, azaldu du Berdintasuneko zinegotziak.

Gainera, Jaione Aguirrek berretsi egin du Udalaren konpromisoa, zein baita emaitzak sexu- eta genero-dibertsitatearen arretaren gaineko esku-hartzea diseinatzeko lanean aintzat hartzekoa. Udalaren IV. Berdintasun Plan Estrategikoak zeharkakotzat joko du sexu- eta genero-dibertsitatea, eta diagnostikoan antzemandako lehentasunak bere egingo ditu.

Irabazi Ganar taldearen bozeramaile Oskar Fernándezek, berriz, nabarmendu du Udalera iritsi zirenetik beren lan-ildoetako bat Gasteizko LGTBI politiketan aurrera egitea izan dela. “Udalak ezin zuen jarraitu atzeko bagoian, eta beharrezkoa zen aurrera egitea, beste udal batzuen mailan jartzeko, hala nola Madrilekoa, Bartzelonakoa edo Iruñekoa. Uste dugu diagnostiko hau abiapuntu bat dela, dibertsitatea errespetatzen duen gizartea lortzeko, homofobia, bifobia, lesbofobia eta transfobiarik gabeko gizartea.

Gure konpromisoa berresten dugu, LGTBI politikak Gasteizen errealitate bat izan daitezen lan egiten jarraitzekoa, eta dokumentuak planteatzen dituen ekintza-ildoetan laguntzeko premia nabarmenduko dugu. Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu diagnostiko hau errealitatea izan dadin horrenbeste lan egin duten pertsonei, kolektiboei eta Berdintasun Zerbitzuari”, bukatu du Fernándezek.

Diagnostikoaren ondorio nagusiak

LGTBI kolektiboa osatzen duten pertsonak errealitate sozialki heterogeneo eta aldakor eta aldi berean oso pertsonaletakoak dira.  LGTBI zer den definitzeak eztabaida sozial handia dakarren kontua izaten  jarraitzen du eta jarraituko du.

LGTBI etiketa ohiko definizio mediko, psikologiko edo sexologikoetatik aldentzen da. Gasteiz hiriko LGTBI errealitateen diagnostikoan parte hartu duten pertsonek ez dute beren burua halakotzat definitu, aho batez. Pertsona bakoitzak nahi izan duen etiketa aukeratu du, eta bere esperientziaren, bizipenen eta egunerokotasunaren arabera egin du bere.

LGTBI pertsonek aurkeztu dizkiguten errealitateak aztertu dira, begirada intersekzionaletik, eta egoera zehatzak ulertzen lagundu du horrek, beste antolatzaile sozial batzuekiko erlazioan, hala nola adina, etnia, jatorri kulturala, dibertsitate funtzionala, seropositibotasuna, lan-egoera edo gorputz- eta genero-dibertsitatea.

Eskuratutako informazioan argi eta garbi ageri da ezen, oro har, LGTBI kolektibokoak izateagatik, pertsonek urraketa sorta bat jasan behar izaten dutela Gasteizen, komunzki erasoekin erlazionatuak —etengabeko erasoak jasaten dituzte, eraso fisikoak, irainak, mespretxuzko begiradak; cruisinga egiten den leku publikoetan eta kalean—, eta orobat diskriminazioa, ikusezintasuna eta beren arazo eta premiak administratzaile interesatzen ez zaizkieneko sentsazioa.

Beste ondorio bat da sentsibilizazio- eta prestakuntza-lana behar dela, tratu ona, berdintasuna eta bereizkeriarik eza bermatzeko. Aztertutako esparru horietan guztietan, berariazko neurriak behar dira, LGTBI biztanleriaren ahultasun-egoera larrienetan zentraturik eta horiek aintzat harturik —adinekoak, beste kultura batzuetakoak, seropositiboak, ezinduak…—.

Diagnostikoan orobat jasotzen da LGTBI elkarteak edo, oro har, sexu- eta genero-dibertsitatea ez direla ezagutzen, eta topaketa-lekuak sustatu beharra dagoela, sozializazio-lekuak, bakardadeari aurre egiteko —aisialdiko jarduerak, kultur jarduerak, LGTBI errealitateak proiektatuko dituztenak—.

Lan-esparruari dagokionez, LGTBI pertsonak ikusarazteko eta duintzeko kanpainak egiteko premia planteatzen da, eta hautatze-prozesuetan eta laneko baldintzei dagokienean LGTBI pertsonen berdintasuna bermatzekoa.

Kirol-esparruei dagokienez, espazio matxista eta homofoboak direla hautematen dute. Sentsibilizazio- eta prestakuntza-lana egin beharra dago maila guztietan: erabiltzaileak, zuzendaritzakoak, masajistak, entrenatzaileak…

Hezkuntzaren alorrean ere badago sentsibilizatzeko beharrik: Bullyinga ohikoa da LGTBI pertsonen hezkuntza-esperientzietan. Pertsona askok kontatzen dute arazoak izan dituztela LGTBI kolektibokoak izateagatik, eta babesik gabe sentitu izan direla arazo horien aurrean, ikastetxeak eta irakasleak ez direlako inplikatu.

Osasunaren arloan, galdetu zaien pertsonek uste dute profesionalek ez dutela beharko luketen prestakuntza LGTBI pertsonen berezitasunen aurrean behar bezala jokatzeko. LGTBI pertsonei ematen zaizkien zerbitzuak zabaldu eta hobetu beharra dago, bereziki osasun mentalaren eta VIH prebentzioaren arlokoak.

“Asko dagoela egiteko, erakusten digute ondorioek. Bai erakundeek, bai Gasteizko gizarteak. Eta hori da gure konpromisoa. Aurrera egitea, Gasteiz bidezkoagoa, inklusiboagoa, homofobiarik eta transfobiarik gabea lortzeko”, nabarmendu du Jaione Aguirrek.

Share

Gasteizko Autobus Elektriko Adimenduna 2018. urtearen hasieran lizitatuko da

 

 

 

 

 

 

  • 12 eta 18 metroko luzera duten autobusak gehituko dira, %100 elektrikoak, bide-gurutzeetako semaforoetan lehentasuna izango dute eta errail erreserbatutik zirkulatuko dute.
  • Tapiak, Gonzalezek eta Urtaranek azpimarratu dutenez, AED –Autobus Elektriko Adimendunak– etorkizunerako Garraiorako prestatuko du Gasteiz.
  • ETSren aldetik proiektuaren definizioa amaitu ondoren, Gasteizeko dualak 42,8 M€-ko aurrekontuarekin lizitazioa martxan ipiniko du.
  • Erreferentziazko mugarria da, Euskadiko hiriburu ezberdinetan mugikortasun elektrikoaren alorrean aktuazio berriak hedatzeko asmoz.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburuak gaur goizean Gorka Urtaran Gasteizko Alkatearekin eta Ramiro González Arabako Foru Diputatuarekin izan duen jende aurreko agerraldian adierazi duenez, Arabako hiriburuko Autobus Elektriko Adimenduna (AED-BEI) 2018. urtearen hasieran lizitatu ahal izango da.

Gaur goizean Artiumen egin den ekitaldian, hiru erakundeetako arduradunek, Tapiak, Urtaranek eta Gonzálezek, proiektuaren xehetasunen berri eman dute, Cristina Lopez (ETS) proiektuaren zuzendariaren babesarekin. Gasteizko hiriko garraio publikoa jasangarriagoa eta lehiakorragoa bilakatzeko helburuarekin aurrera eraman den AED-BEI ezartzeko proiektua dagoeneko osatua dago.

AED-BEI proiektuak 42.850.000 euroko oinarrizko aurrekontua du, eta honen finantzaketarako hitzarmena berehala berretsiko da. Finantzaketaren banaketari dagokionez, tranbiaren eraikuntzarako aurrera eramandako eredu bera jarraituko da: Eusko Jaurlaritzak %65 jarriko du, eta Foru Aldundiak eta Udalak, %17,5 bakoitzak.

ETS erakunde publikoak, jasotako kudeaketa enkomendan oinarrituta, proiektu teknikoa gauzatu du. Behin hau amaituta, eta Baldintza Teknikoen eta Administratiboen Plegua idatzi eta gero, Gasteizko udalak lizitazioari ekingo dio, bus elektriko sistema egungo 2. linean ezartzeko, ondoren TUVISA udal enpresak ustiatuko duelarik.

Mugikortasun elektrikoaren aldeko apustu instituzionala

Arantxa Tapia pozik agertu da, “Gasteizen mugikortasun elektrikorako trantsiziorako eman den pauso irmoarengatik”. Aurreikuspenak betetzen badira, pixkanaka Euskadi osora zabalduko da esperientzia. Sailburuak azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzaren helburua “Euskadin ibilgailu elektrikoaren integrazioa bultzatzea da, garraioan energiaren eraginkortasuna hobetzeko helburuarekin eta euskal industria egituran negozio aukera berriak bultzatzeko aukera gisa”.

Azaldu duenez, “lan egun batean 6,7 milioi joan-etorri egiten dira Euskadin, eta horietako asko ibilgailu pribatua erabiliz egiten dira; horietatik %68 baino gehiago udalerri barneko joan-etorri laburrak dira”. Tapiak adierazi duenez, horrek argi eta garbi uzten du “premiazkoa dela garraio sare publiko integratua eta modernoa izatea, zerbitzu lehiakorra eta erakargarria eskaintzeko gai izango dena, ibilgailu pribatua alde batera uzteko aukera eskainiz, eta energiaren ikuspegitik jasangarria izango den ereduaren aldeko apustua eginez”. Azpimarratu duenez, “Euskadi Mugikortasunaren, Logistikaren eta Garraio Sistema Adimentsuen sektoreko enpresa garrantzitsuenetako batzuen egoitza da, eta BPGren %30 hartzen du. Bereziki berritzailea den industria da”.

Sailburuak adierazi duenez, “kontuan izanda, gero eta gehiago, garraiobide guztiak, pertsonak eurak barne, elkarren artean era digitalean konektatuta egongo direla, eta informazio kopuru handia sortuko dela (Big Data), hori ongi prozesatu eta erabiliz gero zerbitzu berriak eskaini ahal izango dira, garraio sistema hobetuz, erabiltzaileari ematen zaion informazioari eta dauden baliabideen kudeaketaren eraginkortasunari dagokienez, batez ere”.

Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusiak azpimarratu duenez, “lurraldearen oreka zaintzeko lan egiten duen erakunde gisa”, Arabako Foru Aldundiarentzat “funtsezkoa da une honetan mugikortasunaren aldeko apustua egitea, autobus elektriko adimendunaren proiektua bultzatuz, eskaintzen diren zerbitzuak baldintza hoberenetan eskaini ahal izateko”. Gonzalezek azpimarratu duenez, “ez dago aurrera egiteko beste modurik”, eta, gainera, “Arabako herritar guztiei zerbitzua ematen zaie eta kalitate gehiagoko zerbitzuak izaten laguntzen da”.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak azaldu duenez, “garraio publiko sistema eraginkorraren eta ahalmen handikoaren ezarpena, Autobus Elektriko Adimenduna, hain zuzen ere, erakundeen apustu irmoa da. Horrela erakutsi dute azken hilabeteetan Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak”. Azpimarratu duenez, “Vitoria-Gasteiz erreferentzia izango da Euskadirako, Estaturako eta Europarako mugikortasun jasangarriaren eta osasungarriaren alorrean”.

Alkatearen hitzetan, “Etorkizuneko Vitoria-Gasteizerantz aurrera egiten jarraitzen dugu, barrura eta kanpora begira ondo konektatuta egongo den hiria lortzeko, 2025 Estrategiaren ildoari jarraituz. Garrantzitsua iruditzen zait azpimarratzea, gainera, AED-BEIak hiriko hamalau auzo lotuko dituela. Benetako iraultza eragingo du, gasteiztar askoren, biztanleriaren %40 ingururen, bizimodua aldatuko baitu, beraien hiri barruko joan-etorriak azkarragoak, erosoagoak, arinagoak eta eraginkorragoak bilakatuz”.

 

 

 

 

  1. Linearen aldaketa, erronka berrien aurrean

Gasteizko hiri barruko garraio sarea aztertu ondoren, TUVISAk kudeatzen dituen autobus lineak, hain zuzen ere, bidaiari gehien dituen ibilbidea 2. linea dela ikusi zen. Linea horrek Gasteiz inguratzen du, eta bere ibilbidean gasteiztarren eguneroko bizitzan oso bereziak eta garrantzitsuak diren lekuetatik igarotzen da, autobus geltokitik, Txagorritxuko Ospitaletik, Eusko Jaurlaritzatik edo Mendizorrotzako estadiotik, besteak beste.

 

Hori dela eta, 2. linea aukeratu zen AED-BEI proiektu berria ezartzeko eta garraioa eraginkorragoa eta lehiakorragoa bilakatzeko, ibilbiderako behar den denbora murriztuz.

Autobus elektrifikatua baino gehiago

AED-BEIk 10 kilometroko trazatua izango du, eta bertan 24 geraleku berri sartuko dira noranzko bakoitzean, orain arte “ohiko” geralekuak egon diren kokalekuetan. Geralekuei dagokienez, markesinen estetika tranbiaren markesinen antzekoa izango da, baina OPIan 29”-ko LCD pantaila handiagoa jarri da, itxaron beharreko denborari edo beste linea batzuekin dauden konexioei buruzko datuak denbora errealean eskaintzen dituen multimedia informazioa hobetzeko. Horrez gain, geralekuek jendearen arretarako sistemak izango dituzte, ahots eta bideo bitartez.

Beste alde batetik, aurre azterlanetan, autobusen karga elektrikorako merkatuan dauden soluzio teknologiko guztien azterketa zehatza egin da. Azkenean, pantografo inbertitua duen aukerako karga sistema aukeratu da, eta linea bakoitzerako bi kargagailu proiektatu dira, hau da, zirkulazioaren noranzko bakoitzerako bi: Bulebarrean eta Mendizorrotzan. Erabaki hori, karga sistemaren batek huts eginez gero ere zerbitzua ziurtatzeko helburuz hartu da.

Ibilgailuen ezaugarriak kontuan izanda, ustiapenak irauten duen bitartean, itzuli bakoitzeko 5 minutuko karga azkarra egiteko aukera dago, baina bi puntu gehitu dira, berme gehiago eskaintzeko. Aukerako karga edo karga azkarra goialdean pantografoa ukituz egingo da (ibilgailuak berak edo karga azpiegiturak). Kotxetegietan ere ekipamendua aurreikusten da, gaueko erregulazio karga egiteko, unitateak aparkatuta daudenean.

Komunikazioei dagokienez, AED-BEIren geraleku guztiak TUVISAko Kontrol Zentroarekin, Trafikoaren Kontrol Zentroarekin (semaforoen lehentasuna kontrolatzeko) eta San Martinen dauden udal bulegoekin lotuko dituen zuntz optikoko eraztuna eraikiko da. Horrela, aginte postutik monitorizatuko den sistema seguruagoa eta interkonektaturikoa bilakatuko da.

Tituluen balioztapenari eta salmentari dagokienez, TUVISAren ohiko funtzionamendu sistemarekin alderatuz izango duen berrikuntza nagusietakoa geralekuan baliogabetu ahal izatea izango da, eta baita joaneko tituluak erosteko, BAT txartela kargatzeko edo kreditu txartelarekin eta BARIK edo MUGI txartelekin ordaintzeko aukera ere. Beste berrikuntza bat, BAT txartela autobus geltokiko, Mendizorrotzako eta Bulebarreko geralekuetan eskuratzeko aukera izango da. Ticketing sistema berri horrek guztiak, tranbian erabilitakoaren antzekoak, geratzeko behar den denbora murriztea eragingo du eta, ondorioz, linearen ibilbidea egiteko beharko den denbora murriztea.

Vitoria-Gasteizko kaleetatik, %100 elektrikoak izango diren 18m-tako 7k autobusek eta 12m-tako 6 autobusek zirkulatuko dute, etorkizuneko garraioaren eskakizunetara egokituz garapen teknologiko berritzaileak integratuko dituztelarik. Berrikuntza gisa, segurtasunerako eta gidaritzari laguntzeko sistemak (geralekura hurbiltzeko laguntza, gidatze optiko bitartez), irisgarritasun arloko hobekuntzak (ahalmen handiagoa eta autobusaren solairua ohikoa baino beherago) eta klimatizazio baldintzak hobetuko dituen ateen eskuzko irekiera gehituko dituzte. Eta, azkenik, autobus elektrikoa denez, azpimarragarria da ez duela zaratarik egingo, hiriko hots kalitatea eta gidarien lan baldintzak hobetuz.

Share