Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2017-12-14)

Topaketa informatiboa: Autobus Elektriko Adimenduaren proiektua aurkeztea

Gasteizen egingo den Autobus Elektriko Adimenduaren proiektuaren xehetasunak emango dituzte aditzera Cristina Lopez proiektuaren zuzendariarekin batera (ETS). Topaketa irekia izango da eta gertatzen eta esaten den guztia grabatu eta publikatzeko aukera izango da.

Parte hartzaileak. Garapen Ekonomiko eta Azpiegituren sailburu Arantxa Tapia; Arabako Aldun Nagusi Ramiro Gonzalez; eta Gasteizko Alkate Gorka Urtaran

Eguna. Osteguna, abenduak 14
Ordua.10:00etan (10.00 Irudi errekurtsoak, Tapia-Gonzalez-Urtaran.10.15 Topaketa informatiboaren hasiera)
Tokia. Artium Museoa, Ekialdeko goiko aretoa.

———————————-

Prentsaurrekoa. San Silvestre lasterketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; Arabako Atletismo Federazioko presidente Andrés Sánchez; Arabako Atletismo Federazioko antolakuntza teknikari Mikel Garcia Zurbano; Laboral Kutxako Komunikazio arduradun Kepa Koldo Ortiz de Urbina; eta Arabako ATECE erakundeko presidente Julian Larraz

Eguna. Osteguna, abenduak 14

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————————–

Prentsaurrekoa. LGTBI diagnostikoa aurkeztea

Parte hartzaileak. Berdintasun zinegotzi Jaione Agirre; eta Irabazi udal taldeko bozeramaile Oskar Fernández

Eguna. Osteguna, abenduak 14

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————————-

Harrera-ekitaldia erretiroa hartu duten udal langileei

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta udalbatzako ordezkariak

Eguna. Osteguna, abenduak 14

Ordua. 13:00

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

——————————————-

‘El ecosistema europeo del talento: grandes oportunidades para los jóvenes’ jardunaldia amaitzea

Parte hartzaileak. Gazteria zinegotzi Iñaki Prusilla

Eguna. Osteguna, abenduak 14

Ordua. 13:15

Tokia. Europa jauregia

————————————–

Gabonetako Azoka inauguratzea

Parte hartzaileak. Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa; eta ekimen hori bultzatzen duten beste erakundeetako ordezkariak

Eguna. Osteguna, abenduak 14

Ordua. 18:30

Tokia. Azoka plazako sarrerako plaza

—————————————

LGTBI biztanleriaren errealitateei buruzko diagnostikoa aurkeztea

Parte hartzaileak. Jaione Agirre, Berdintasunerako zinegotzia

Eguna. Osteguna, abenduak 14

Ordua. 18:30

Tokia. Goiuri jauregia

 

Share

Gazteentzako sexu-aholkularitzak 20. urteurrena ospatuko du, bere historiari buruzko erakusketa batekin

 

 

Landatxoko gizarte-etxean izango da erakustaldia, abenduaren 15etik urtarrilaren 11ra bitartean

Gazteentzako sexu-aholkularitzak 20. urteurrena ospatuko du, Landatxoko gizarte-etxean egingo duen erakusketarekin. Hainbat informazio-taulatan, zerbitzuaren historia jasoko da. Hain zuzen ere, 1987an jarri zen martxan zerbitzu hori, Gazteria Zerbitzuak bultzaturik, eta 14 urtetik 30era bitarteko gazteei, agente sozio-kulturalei, ikastetxeei, elkarteei eta familiei aholkularitza eta informazioa ematen jarraitzen du geroztik.

Ostiralean, abenduak 15, irekiko ditu ateak erakusketak, 19:30ean, eta 2018ko urtarrilaren 11ra arte egongo da zabalik.

Gazteriako zinegotzi Iñaki Prusillak nabarmendu du gertuko eta beharrezko zerbitzu horren lana garrantzitsua dela, moldeak hautsi zituela bere garaian, eta gaur egun ere munta handiko baliabidea izaten jarraitzen duela, askotan ingurukoekin partekatzea kostatzen den zenbait konturen inguruan gazteei aholkularitza eta informazioa ematen.  Informazio- eta prebentzio-lana funtsezkoa da gazteei sexualitatea askatasunez bizitzen laguntzeko, tabuak hausteko eta garapen pertsonalerako behar-beharrezkoa den informazioa eskuratzeko.

Doako udal zerbitzua da Gazteentzako sexu-aholkularitza, sexologiaren alorreko profesionalek eskainia, orientabidea eta laguntza emateko, zalantzak argitzeko, eta sexualitateari buruzko informazio kontrastatua eskuratzeko. Sexu-identitatea, nahiaren orientazioa, bikote-harremanak —jelosia, komunikazioa, hausturak, eztabaidak—, gustuak, nahiak, fantasiak nahiz sexu segurua praktikatzeko prebentzioa dira aholkularitzan lantzen diren gai nagusietako batzuk.

informazio gehiago

Share

Larunbatean egingo da X. Azoka Txikia, Iradier Arenan

Bildutako dirua Save the Children elkarteak Greziara bakarrik iristen diren ume migratzaile eta errefuxiatuen alde egiten duen lanean laguntzera bideratuko da.

Abenduaren 16an (larunbata) egingo da X. Azoka Txikia, Iradier Arenan. Gasteizko Udaleko Hezkuntza Zerbitzuak eta Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak antolatzen dute, umeak eta familiak elkartasunean eta partaidetzan sentsibilizatzeko asmoz.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi ordezkari Estíbaliz Cantok, Garapenean Laguntzeko zinegotzi ordezkari Jaione Aguirrek eta proiektuaren koordinatzaile eta Save The Children elkarteko Sara Polok aurkeztu dute ekitaldia, zein 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara izango baita.

Aguirrek nabarmendu duenez “proiektu hau eta sarean lan egitea oso garrantzitsuak dira herritarrak migrazio-mugimenduen arrazoi eta ondorioen inguruan sentsibilizatu eta mobilizatu daitezen, bereziki haur migratzaileen eskubideak babesteari dagokionez, genero, bake eta kultur aniztasunaren ikuspegitik“.

Udal Ludoteken Sareko 293 umek eta 11 ikastetxetako 916 umek hartu dute parte “Migratzen duten umeen ahotsa” sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainan, enpatiarako gaitasuna eta jarrera solidarioak sustatzen helburu. Ondoren, azaroan, egoera onean dauden jostailuen bilketan parte hartu ahal izan zuten herritar orok.

Garbi dago –azpimarratu du Cantok– Azoka Txikia ez litzatekeela aurrera aterako familiek eta irakasleek proiektu osoan borondatez eta musu truk lan egingo ez balute azken jai hau egin ahal izateko, zeinean jostailuak modu onean salduko baitira lankidetza-proiektu bat finantzatzeko”.

Azoka Txikia abenduaren 16an (larunbata) egingo da, Iradier Arenan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Egoera onean dauden jostailuen salmentaz gain, elkartasun lantegiak eta kafe foroa izango dira. Animazioa, erakusketa bat eta gaztelu puzgarriak ere izango dira.

Jostailuen salmenta bidez bilduriko dirua Save the Children elkarteak bidaiderik gabeko adingabekoentzako Atenaseko arreta zentroan duen proiekturako izango da. Bertan zaintza eta babesa ematen zaie bai heldu baten laguntzarik gabe bidaia egiten duten adingabeei, bai zaindariengatik banandu direnei, bai jatorrizko herrian gurasoak galdu dituztenei.

azoka txikia

Share

Eskaintza enogastronomiko lokala eta doako hainbat jarduera bilduko ditu Azoka plazako Eguberrietako azoka berriak

 

 

 

 

 

 

  • Hamar saltoki eta dastalekuk osatuko dute azokaren muina, food-truck batekin batera, eta, aldi berean, 30etik gora jarduera izango dira: probatzeak, lantegiak eta dastatzeak

Merkatu berri batek Eguberrien magia eta esentzia transmitituko ditu Gasteizen, ikuspegi enogastronomikotik. Horretarako, eta Europa erdialdeko merkatuen antzeko diseinuarekin, bai produktuak saltzeko postuak, bai dastatzeko espazioak izango ditu Azoka plazaren ondoan prestatzen ari den esparruak. Elkargune bat izango da, baserritarrentzat, denda lokalentzat, produktoreentzat eta gastronomian eta elikaduran aditu diren pertsonentzat.

Gaur goizean aurkeztu dute ekimena Eusko Jaurlaritzako Merkataritzako zuzendari Juan Emilio Andradesek, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren foru diputatu Cristina Gonzálezek, Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak, Aenkomerreko zuzendari kudeatzaile Edurne Parrok eta Gasteizko azoka plazako kudeatzaile Eloy López de Forondak, eta lehendik izandako esperientzia batetik sortua da: Goxo Goxo Gabonak azoka, zeinetan denda lokalek parte hartzen baitzuten, Sortzez Garbiaren zubiko hiriaren erdialdeko merkataritza-eskaintza espezializatua zabalduz.

Horren jarraipena planteatzerakoan, “pauso bat harago joateko premia ikusten genuen, espezializatzeko beharra, produktu lokala benetan posizionatuko zuten jarduerekin lotuz, ez bakarrik hirian bisitatu beharreko leku bat edukitzeko balio zezaten, baizik eta gure establezimenduetako eta gure ekoizleen produktuak benetan ezagutarazteko espazio bat edukitzeko, gaur boladan dauden slow food-a edo zero kilometroko establezimenduak zer diren identifikatzen laguntzeko”, adierazi du Aenkomerreko zuzendari kudeatzaile Edurne Parrok.

Horretarako, hainbat proposamen konbinatzen ditu Eguberrietako Azokak:

  • Dastatze komentatuak: Arabako Errioxako ardoa, txakolina eta sagardoa, eta Idiazabalgo gazta.
  • Arabako produktuak dastatzea: marmeladak, baserriko oilaskoa, euskal txerria, txahal-haragia eta beste.
  • Slow fooden eskutik dastamen-laborategi batean parte hartzeko aukera.
  • Zuzeneko sukaldaritza-lantegiak, Eguberrietako zizka-mizkak prestatzeko.
  • Haurrentzako lantegiak, Eguberrietako gailetak edo mazapan-iruditxoak egiteko, besteak beste.
  • Eta, jakina, saltokiak, hainbat produktu erosi ahal izateko, eta gure ekoizleen beste hainbat proposamen, hala nola lekaleak, eztia edo hain ezagun ez diren beste batzuk, eguzkilore-likorea, esaterako, baita Eguberrietako beste hainbat produktu ere: hestebeteak, gozokiak eta abar.
  • Era berean, foodtruck baten presentzia izango da azokan, zeinek eskaintza komertziala osatuko baitu, patatarekin eta euskal labeleko hanburgesarekin, eta Olentzerorena, zeinek gozokiak banatuko baitizkie haurrei, eta haien gutunak jasoko, baita hainbat animazio-jarduera ere, altzariaren komertzioko elkartearekin elkarlanean, hala nola Eguberrietako lore-sortak lantzea, edo home standing lantegia, zeinetan simulazio bat egingo baita, logela bat nola muntatu.
  • Gainera, elikaduraren sektorearekin lotutako agente guztiak murgilarazi nahi dira azokan, eta, horretarako, gastronomia-elkarteei zuzendutako proposamen bat barne hartzen du, patata-tortillen lehiaketa, abenduaren 29an.

Eguberrietako azoka berriaren helburua da egun hauetan Gasteiz eszenatoki ideal bihurtzea, aisialdi-eskaintza erakargarria eginez, gastronomiaren, ardoen kulturaren —Arabako Errioxako ardoa, txakolina eta sagardoa—, gourmet produktuen eta ekoizle lokalen produktuen arloan.

Gure lurreko zaporerik hoberenak egongo dira presente espazio bakarrean, non bilduko baitira eskaintza enogastronomikorik onena eta kultura lokalarekin lotutako hainbat jarduera. Zehazki, doako hogeita hamar bat jarduera izango dira: probatzeak, lantegiak eta dastatzeak.

Lankidetza publiko-pribatuaren bitartez —Eguberrietako azokaren gisako ekimenekin— lanean jarraitzearen aldeko apustua egin du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak. “Eguberrietako kanpaina are erakargarriago egingo duen beste jarduera bat dugu. Aurten, Gasteizek eskaintzen dituen ohiko beste aukera batzuekin batera, hala nola jaiotza monumentala eta hain espazio enblematikotan bizi ohi den giroa, hiriko merkataritzari eta ekoizle lokalei ematen diegun laguntza sendotu nahi dugu”, adierazi du Melgosak.

Informazio gehiago: www.aenkomer.com

 

Share

Bere estrategia partekatua diseinatu du Gasteizek, erronka berriei aurre egiteko, begirada 2025ean jarrita

 

 

 

 

 

 

 

 

  • Abiadura handiaren etorrerak aukera berriak ekarriko ditu, sektore ekonomiko guztietan
  • Hurrengo urteetako inbertsioak definitu ditu alkateak, guztira 800 milioi euro, hurrengo urteetan
  • Hainbat proiektu nabarmentzen dira, hala nola hiri-laborategia, etorkizuneko mugikortasuna bultzatzeko; Larragorri parkea, Lasarteko legar-hobiak lehengoratzeko; Berrikuntza Sozialerako Zentroa, zahartzeari eta haur nahiz gazteen beharrei aurre egiteko; Zulueta jauregia promozio enologiko eta gastronomikorako erabiltzea, eta kirola, osasuna eta elikaduraren inguruko zentro teknologiko bat

 

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Bidegurutze batean dago gaur egun Gasteiz, hainbat proiektu estrategiko elkartu baitira, hurrengo hamarkadei begira. Horrek ezinbesteko egiten du estrategia bat lantzea, gizarteko sektore guztiek partekatua, planteatzen diren erronkei arrakasta lortzeko bermearekin aurre egiteko aukera emango duena. Ikuspegia 2025. urtean jarrita, munta handiko proiektuak partekatu ditu gaur goizean Gorka Urtaran alkateak esparru guztietako ordezkariekin, hala nola abiadura handiaren etorrera, besteak beste.

Partaidetza, inbertsioak eta ekimenak gehituz baino ezingo dute izan arrakasta 2025 Estrategiak eta berekin dakartzan proiektuek, eta agente ekonomiko, sozial, kultural, kirolaren arloko eta besterekin batera lan eginez. “Baditugu ideiak, inbertsioak, proiektuak eta baliabideak Gasteiz hiri prestatua eta lehiakorra izan dadin, abiadura handiaren etorrera —hiriaren azken aldiko historiako mugarri hori— berme osoz aprobetxatzeko”, azpimarratu du alkateak. Egonkortasun-garaiak ditugu, berpizte ekonomikoarenak eta aukera berrienak.  Orain hartzen diren erabakiek hurrengo belaunaldien aukerak eta ongizatea baldintzatuko dituzte. Beraz, oso garrantzitsua da hiri-estrategiak guztion laguntza izatea.

Alkateak azaldu duenez, berebiziko garrantzitsua du une honek, abiadura handiko trena —lurpetik— hiriaren erdialdera nola iritsiko den diseinatzeko unea baita, eta aukera ekonomiko berriak eskainiko baititu horrek sektore guztietan; berpizten ari da Forondako aireportua, eta, horrekin batera, plataforma logistiko berriak bultzatzen; hiriburu-kanon berriaren baliabideak ditugu, eta Eusko Jaurlaritzak, Aldundiak eta Udalak adostutako mugikortasunaren arloko inbertsio handiak; 4.0 industriaren aldeko apustu handia ari dira egiten erakundeak, unibertsitateak, lanbide-prestakuntzako zentroak eta enpresa lokalak; smarcity iraunkor eta ingurumenarekin konprometituaren eredua garatzen ari da Udala, eta hiria biziberritzeko munta handiko inbertsioak abian dira, hala nola Koroatzeko proiektua edo erdialdeko Masterplana.

Erakundeen arteko lankidetzari eta ekimen pribatuari esker, jauzi kuantitatiboa eta kualitatibo handia emango da.  “Administrazio publiko guztiak erakusten ari dira hiriarekin hartua duten konpromisoa, eta hainbat ehuneko milioi euroko inbertsioak izango ditugu, Gasteiz eraldatu eta modernizatzeko”. Zehazki, dagoeneko tasazio ekonomikoa egina duten proiektuek 800 milioi euro inguruko kopurua egiten dute.

2025 Estrategia proposatzeko orduan, hiriak dituen indarguneak hartu ditu abiapuntutzat alkateak, aukera bihurtzeko. Lehenengoa, Gasteiz ongi konektatutako hiria dela. “Gure kokapen estrategikoak komunikazio-nodo bihurtzen gaitu, ipar-hegoen eta ekialde-mendebaldeen artean. Beraz, lehentasunezkoa da barne- eta kanpo-komunikazioak hobetzea.” Funtsezkoa da edukiera eta kalitate handiko garraio publiko moderno, elektriko eta CO2 emisiorik gabekoaren aldeko apustua. Hortik, tranbia hegoaldera, ekialdera eta mendebaldera zabaltzea, autobus elektriko adimentsua martxan jartzea eta TUVISAren autobusak berritzea —2025era flota osoa hibridoa edo elektrikoa izango da—, eta horientzako garaje berriak egitea.  Hori guztia, puntako enpresen eskutik, hala nola Mercedes, Michelin, Irizar eta CAF.

Gainera, elkarrekin lan egiten jarraitu beharra dago Forondako aireportuak gorako joerari euts diezaion, bidaiariak berreskuratu eta kargaren zifrak handituz. “Badugu nahikoa zume Foronda industria-aireportu bihurtzeko, hub logistikoa izan dadin. Aireportua eta bertako VIAP funtsezko piezak dira Euskadiren eta Gasteizen lehiakortasunerako —hiri industrial eta logistiko gisa—.

Orobat nabarmendu du Gorka Urtaranek Sopelatik abiatuta Europa Amerikarekin kablez lotzeak berekin ekarriko duen konektagarritasun teknologikoa, informazioa etxeetako edozein konexiok baino 16 milioi bider bizkorrago komunikatzeko ahalmena izango baitu. Arlo horretan bertan txertatu beharra dago Gasteizko Smart & Green City Planaren garapena —e-administrazioaren erreferente bihurtuko baikaitu—, markesina adimentsuak jartzea, udal aparkalekuen kudeaketa adimentsua, etorkizuneko mugikortasunerako konektagarritasuna eta abar.

Euskadiko hiriburuaren bigarren indargunea da hiri industriala eta logistikoa dela. Industriaren BPGd-a % 32ra iristen da, eta Gasteizko lanpostuen % 27 industriak sortzen ditu. Gainera, lurralde esportatzailea gara —euskal esportazioen % 30 Arabakoak dira—, eta 15 milioi metro koadro ditugu industrialde eta poligono teknologikoetan. Hortaz, Industria lokalari laguntzeko I. planean buru-belarri murgilduta dago Udala; poligonoetako kaleak hobetzeko inbertsioak egiten hasi da, eta lehentasuna emango dio banda zabaleko konexioari, 4.0 industriaren proiektuak hartzeko prest egon daitezen. Aldi berean, talentua prestatu, sortu eta erakartzeko zentroa izaten jarraitzearen aldeko apustua egin beharra dauka hiriak.

Esparru horretan, lankidetzarako deia egin du alkateak, hiria hiri-laborategi bihur dadin, etorkizuneko mugikortasuna bultzatzeko: automatikoa, konektatua, elektrikoa eta partekatua. Horregatik, 2025. urtea helmuga, Vitoria-Gasteiz Mobility Lab abian jartzeko asmoa aipatu du Gorka Urtaranek; bertan, mugikortasun-eredu berriak kontrastatu ahal izango dira: joan-etorri partekatuak (car sharing), flotaren maneiua, azken miliako garraioa, ibilgailu barruko konektagarritasuna… “Ekosistema perfektua du Gasteizek horrelako proiektu bat abiarazteko, erreferentziazko hiria baikara iraunkortasunaren alorrean, eta puntako enpresak baititugu automozioaren eta mugikortasunaren arloan, baita automozioan espezializatutako unibertsitate-gradu bat ere”, zehaztu du Urtaranek.

Gasteizen hirugarren indargunea da hiri berdea eta iraunkorra dela. “Erreferentea gara Europan, eta ingurumenarekin sentibera diren eta konprometituta dauden herritarrak ditugu.” Horregatik, etorkizunean izan daitekeen etxebizitza-eskaria bateragarri egin behar da hiria gehiago ez sakabanatzearekin, urrezko auzoak —eta, bereziki, Koroatzearen auzoa— birgaitzearekin. Horri gehitu behar zaio erdialdeko masterplana, espazio horretako berpizte sozial eta ekonomikoa bultzatzeko.

 

Bidenabar, Eraztun Berdea handitu eta osatzen jarraitu beharra dago, hiriaren benetako ikonoa baita. Ildo horretatik, eta eragindako agenteekin elkarlanean, Hegoaldeko Plan Berdea bultzatuko du hiriak, Larragorri parkea martxan jarriz, Lasarteko legar-hobien inguruan, ingurumenaren eta iraunkortasunaren arloko gure proiektuaren indarra agerian jartzeko. “Parke horrek —adierazi du Urtaranek— konponbide naturala eta iraunkorra ekarriko du, urarekin eta florarekin, hegoaldeko ibiak hazten direlarik uholdeak galarazteko, laminazio-baltsak sortuz, dauden lurren kutsaduraren arazoa in situ konpontzeko bioerremediazioa-sistema batekin, eta aisialdi- eta turismo-parke batekin, ubide-eremu natural bat barne.”

Laugarren indargunea bizi-kalitate oneko hiria izatea da. “Guztion artean, Gasteiz ireki eta solidarioa eraiki dugu, hiri kohesionatua eta inklusiboa, bizi-kalitate eta giza garapen handiko hiria”, adierazi du alkateak, eta orobat azaldu du Gasteizek lehen magnitudeko erronka bati egin behar diola aurre: biztanleriaren zahartzeari. Horrekin batera, nabarmentzekoak dira gizarte modernoen dibertsitatea eta haur eta nerabeen premia berriak. Horregatik, konponbideen diseinuan elkarlanean jardun beharra dago, sortzen ari diren beharrei erantzun eraginkorragoak emateko. Berrikuntza Sozialerako Zentrotik bultzatu eta koordinatuko dira ekintza horiek, era horretako erronkei erantzuteko gauza izaki.

Eta aipatu duen bosgarren indargunea, berriz, hau izan da: harro egoteko moduko hiria dela Gasteiz. “Gure hiria gero eta erakargarriagoa da turista eta profesionalentzat. Horregatik, gure zerarik erakargarrienak garatzen jarraitu beharra daukagu: natura, gastronomia, kultura, kirola eta osasuna. Azken batean, bizi-kalitatea eta ongizatea. Erreferente izaten jarraitu behar dugu, hiri berde, iraunkor eta naturan integratu gisa.

Era berean, Arabako Errioxarako sarrerako ate gisa jokatzen duen papera bultzatzen jarraitu behar du Gasteizek. “Elkarlanean jardun dezakegu, ardoaren bideak hedatuz, eta ardoaren kultura bultzatzen duten elkarteekin lan eginez. Wine city izan”. Erdialdeko masterplanak aurreikusten du Zulueta jauregia kultura, enologia eta gastronomia sustatzeko baliatzea, eta hartara Arabako Errioxako turismoa sustatzeko elementu izatea. Produktu lokala —gure ardoak eta gure produktu gastronomikoak— sustatzeko espazio bihurtu nahi da. Ardoaren erakusleiho, turistei Arabako Errioxako ardandegi eta mahastietarako bidea erakusteko.

Hiri-harrotasuna pizten duten alderdien artean, kulturak leku handia hartzen du. Gasteizen bizitasun kulturala sendotu nahi da, kultura maite duen eta harekin konprometitua dagoen hiria baita, non, argi propioarekin nabarmentzen baitira Jazzaldia, Azkena Rock jaialdia, Magialdia, Festval jaialdia, Word Press Photo, Santa Maria katedrala eta Nazioarteko Antzerki Jaialdia, besteak beste.

2025 Estrategiak garrantzi handia ematen dio sorkuntza- eta kultura-industriak bultzatzeko lankidetzari. Hartara, paper nabarmena jokatzen dute Eratzen sorkuntza artistikorako diziplina anitzeko zentroak, Alberto Schommer argazkigintza-zentroak eta Principal antzokia eraberritzeak.

 

Kirolaren eta osasunaren aldeko apustua egiten jarraitzea ere munta handikoa da Euskadiko hiriburuarentzat.  Horregatik, etorkizuneko hiriak hainbat ekitaldiren aldeko apustua egiten jarraitu beharra dauka: triatloia, Martín Fiz maratoia, San Silvestre lasterketa, Euskadi Extrem BTT, Ultratrail eta abar. Paper garrantzitsua jokatzen dute horretan guztian gizarte-etxeek, Mendizorrotzeko eta Gamarrako kirol-esparruek, Buesa Arenak, Vital fundazioaren Estadioak, Baskoniaren Bakh-ak eta abarrek. Zentzu horretan, erakundeen arteko lankidetzaren aldeko apustua egin du, Deportivo Alavés-ekin batera eraberritzeko eta handitzeko Mendizorrotzeko futbol-zelaia. Arrakasta lortzen laguntzen dute eliteko enbaxadoreek, hala nola Martín Fiz, Maite Zúñiga, Almudena Cid edo Juanito Oiarzabalek, dauden ugarietako bakar batzuk aipatzearren, edo kirol medikuntzako zerbitzuek, nazioarteko onespena jasoa duten Eduardo Anitua edo Mikel Sánchezen gisako profesional handien eskutik. Eremu horretan, aukera berriak sortzen dira, hala nola Euneiz unibertsitatea, Baskonia-Alavés taldeak bultzatua, zeinek Udalaren eta Aldundiaren laguntza baitu, eta kirolaren zientziak edo fisioterapia bultzatuko baititu, baita bideojokoen gradu bat ere, e-game-n munduari aukera-sorta zabala eskaintzeko.

Hiriaren hurrengo urteetarako bide-orriak orobat barne hartzen du Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan kirolera, osasunera eta elikadurara zuzendutako zentro teknologiko bat martxan jartzea, garai bateko kirol medikuntzako udal zerbitzua birmoldatuz.

Share