Prentsa Oharren banner

Gasteiz prestatzen ari da jai “begirunetsuak, parte-hartzaileak eta urteurren biribilekikoak” bizitzeko

 

 

 

 

 

Urtaran alkateak “inguruko jairik onenetan dibertsioa eta errespetua eskutik helduta joan daitezkeela erakustera” animatu ditu gasteiztarrak

Zeledonen jaitsieraren 60. urteurrena eta Blusa eta Neska Beteranoen Egunaren 40. urteurrena nabarmentzen dira suziriaren jaurtiketan beirarik izango ez den lehenengo jaietan

Gasteiz azken prestaketak egiten ari da bihartik eta 6 egunez jai  “begirunetsuak, parte-hartzaileak eta urteurren biribilekikoak” bizitzeko. Aurretik dugun astea labur geratuko zaigu aukeraz betetako ekitaldi egitarauari zuku guztia ateratzeko. Andre Maria Zuriaren ohorezko jaiak inoizko distiratsuenak bihurtzera animatzen ditut gasteiztarrak. Duen koloreagatik, gu elkartzeko ahalmenagatik, egun hauetan berdintasuna banderatzat hartzeagatik, blusa eta neskek txoko guztietara eramango duten giroagatik, beste hiri batzuetatik datozkigun bisitarientzat duen gero eta erakarmen handiagoarengatik”, azpimarratu du alkateak; orobat, “edozergatik ospakizunetan gurekin egoterik ez dutenei ere gertutasuna” adierazi die. “Eta egotekoak direnei, gonbit bero-beroa egin” die.

Zeledonen jaitsieraren 60. urteurrena eta Blusa eta Neska Beteranoen Egunaren 40. urteurrena nabarmentzen dira suziriaren jaurtiketan beirarik izango ez den lehenengo jaietan. Izan ere, Udal gobernuaren helburua da bihar arratsaldeko 6etan Zeledoni harrera egitean beirazko botilen erabilera anekdota hutsa izatea. Zehazki, abuztuaren 4an eta 9an, hots, Zeledonen jaitsieran eta igoeran, Udalak ez du Andre Maria Zuriaren plazara beira sartzen utziko. “Segurtasunaren eta iraunkortasuna zaintzen duten alternatibak erabiltzearen aldeko apustua egin dugu, une hunkigarri horietaz berdin gozatzen jarraitu ahal izateko, baina beharrik gabeko arriskurik hartu gabe“, azaldu du alkateak. Bihar Andre Maria Zuriaren plazan sartzeko antolaketa berezia prestatu da, beraz, alkateak garaiz joateko eskatu die herritarrei, pixkanaka sartu ahal izateko.

 

Supermerkatuen lankidetza beirarik gabeko kanpainan

Beirarik gabeko txupinazoa sustatzeko kanpainaren barruan, Udala harremanetan jarri da hiriko zenbait supermerkaturekin, kartelak jar ditzaten. Ekintza honen helburua ontziz aldatzea da, kristalezko botiletatik beirik gabeko ontzietara eramatea.

 

Blusak eta Neskak

Duela 60 urte jaitsi zen lehenengoz Zeledon San Migeleko dorretik, eta Blusa eta Neska Beteranoen Eguna duela 40 urte hasi zen ospatzen. Alkateak adierazi du ziur dagoela jaietan blusa eta nesken taldeek “giro ona jarriko dutela, uztailaren 25ean egin zuten bezala”.

 

Mezuak balkoian

Andre Maria Zuriaren jaien hasierako agertoki nagusian bi pankarta jarriko dira: batean, eraso matxistarik gabeko jaiak bizitzera deituko da; bestean, Zeledonen kantaren euskarazko bertsioa gogoraraziko.

 

Pantaila erraldoia eta txupinazoaren zuzeneko emanaldia

Abuztuaren 4an Zeledonen jaitsiera Andre Maria Zuriaren plaza baino leku lasaiagoan eta familiartean jarraitu nahi duten gasteiztarrek handik metro gutxi batzuetara ikusi ahalko dute, Plaza Berrian, Udalak jartzen duen pantaila erraldoian. Euskatel konpainiak hartuko du bere gain instalazioaren kostua. EITBk zuzenean emango du Zeledonen jaitsiera, eta hirugarren urtez jarraian, bai eta igoera ere.

 

Jarrera matxisten eta homofoboen arbuioa

Alkateak dibertitzeko eta une oro errespetua eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna zaintzeko eskatu du. “Inguruko jairik onenetan dibertsioa eta errespetua eskutik helduta joan daitezke. Gasteiz hiri modernoa eta plurala da, eta jarrera matxista eta homofoboek ez dute lekurik. Gizon eta emakumeen arteko harremanek errespetuan oinarritu behar dute, bereziki, jaietan. Udalak ahaleginak egingo ditu gertaera ezatseginik eta indarkeriazkorik izan ez dadin, eta Berdintasun Zerbitzuak eraso sexistei erakunde erantzuna emateko protokoloa jarriko du abian berriro”, gogorarazi du.

 

 

 

 

 

 

Share