Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  11 abuztua 2017 10:00

 

 

 

 

 

 

 

Alkateak neska gazte batek jasandako sexu-abusua gaitzetsi du, eta herritarrei eskerrak eman dizkie jai-programa ongi garatzen laguntzeagatik, bereziki beirarik gabeko txupinazoan

Zeledon San Migeleko dorrera igo eta 2017ko Andre Maria Zuriaren jaiak amaitu eta ordu gutxitara, alkateak eta Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotziak balorazioa egin dute. Balantzea zoragarria da, ekitaldi guztietan parte-hartze handia izan da eta ez da gertakari larririk erregistratu”, adierazi du Gorka Urtaranek; orobat, irmo gaitzetsi du neska gazte batek jasandako abusua. Bestetik, jai-programa ongi garatzen herritarrek izandako inplikazioa eskertu du, bereziki beirarik gabeko txupinazoan.

“Begirunez dibertitzen jakitea funtsezkoa da eta, oro har, hala gertatu da jaietan. Gizon eta emakumeen arteko harremanek errespetuan oinarritu behar dute, are gehiago jaietan. Hori dela eta, udal gobernuak erabat gaitzesten ditu hilaren 5eko ordu txikietan emakume bati egindako ukituak. Garbi gera dadila gure gaitzespen erabatekoena sexu-abusu horren aurrean eta gure sostengua eraso duten gazteari; izan ere, horrelako kasuetarako aurreikusitako gizarte eta psikologia arretako baliabide guztiak eskaini zitzaizkion. Udal osoak adierazten dio sostengua erasoa jasan zuen emakumeari, eta irmo adierazten du indarkeria sexuala ezin dela onartu, ez jaietan ez inoiz. Gure hirian ez da erasoentzako lekurik, ez emakumeen ez inoren kontra, haren aukera sexuala dela eta. Gizarte moderno batek, gurea den bezala, ezin du errespetu falta bat bera ere onartu, edozein delarik”, azaldu du alkateak.

Gertaera hori kenduta, Gorka Urtaran oso pozik agertu da jaien garapenarekin, eta herritarrez harro, balantzea ezin hobea izan baita, giro eta parte-hartze handiarekin. Berezi aipatu beharra dago gasteiztarren jarrera Zeledonen jaitsieran zein igoeran beirarik ez erabiltzeko Udalak eman zuen aginduaren aurrean. “Erantzunak ohorezko matrikula merezi du. Zenbakiak ikusi besterik ez dago. 2016an 16.000 beirazko botila bildu ziren Andre Maria Zuriaren plazan, edukiontzietan zein lurrean; aurten, berriz, 300 baino ez zirela izan kalkulatu da, eta jai-esparrutik kanpo geratu ziren, plazara sartu aurretik edukiontzietara bota baitziren”. Nabarmentzekoa da iaz 82 pertsonak behar izan zutela arreta ebakiengatik eta aurten, aldiz, bakarrak. “Segurtasunaren aldeko apustua egin dugu eta erantzuna bikaina izan da”, erantsi du.

Parte-hartzaileek Zeledonekin ere begirunez jokatu zuten oro har, eta alkateak esker ona adierazi die horregatik. Era berean, jaiekin lotura duten sailetako udal langileen dedikazioa eskertu du, bai eta Udalarentzat lan egiten duten kontratetako langileena, denak funtzionatzea ahalbidetzen baitute. “Lan zoragarria egin dute eta haiei esker jaien emaitza bikaina izan da” esan du alkateak; bide batez, Turismo Bulegoak lortutako emaitza onak aipatu ditu, kontsultak % 5,5 igo baitira.

Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok, berriz, zorionak eman dizkie blusa eta neskei, arlo batzuetan dituzten ezadostasunak ezadostasun, jaiez harmonian eta gatazkarik gabe gozatzen jakin dutelako. “Zorionak ematen dizkiegu horregatik, eta ezadostasunak konpontzen saiatzeko eskatzen, datorren urtean berriro elkarrekin joan daitezen”.

 

DATU NAGUSIAK

Gasteizko Erraldoien eta Buruhandien konpartsaren mendeurrena: Joan den uztailaren 30ean milaka lagunek gozatu ahal izan zuten hiri osoan zehar Arabako, gainerako Euskadiko eta Nafarroako 56 erraldoi nabarmengarrienak.

Jaien pregoia: Abuztuaren 2an, Ainhoa Santamaria aktore gasteiztarrak egin zuen pregoia, eta Gasteiz Big Bandak Sole Gimenezekin batera kontzertua eman zuten; 1.500 pertsona joan ziren.

Zeledonen jaitsiera: 80.000 pertsona elkartu ziren ekitaldian, Andre Maria Zuriaren plazan, Plaza Berrian, Loma Jeneralaren plazan, Prado kalean, Aihotz plazan, Mateo Moraza kalean eta inguruetako kaleetan. Zeledonen igoeran ere berriro bete ziren plazak.

Foru plaza: Guztira 58.500 ikusle bertaratu zen eta egunero bete zen plaza: La Raíz (11.500 ikusle), Zea Mays (7.500), ETS (9.500), El Drogas (9.000) Morat (12.000) eta M-Clan (9.000). Azpimarratzekoa da euskaraz bi kontzertu eskaini zirela, ohi baino bat gehiago.

Aihotz plaza: 30.000 pertsona. Azpimarratzekoak euskarazko kontzertuak: Huntza (2.500 lagun), Mikel Urdangarin (1000), Maider Zabalegi (600), Hesian (1.500).

Plaza Berria: 6 orkestra handik jo dute, eta 40.000 pertsonatik gora bildu dira bertan gauez-gau. Gainera, hilaren 5ean 68 dantzari bikote dantzatu ziren (iaz baino hiru gehiago) Udal Txistulari Bandarekin.

Fernandez de Pierola Apezpikuaren lorategia Umore txokoak 20.000 lagunetik gora jaso zituen, besteak beste, Yolanda Ramos, Agustin Jimenez, Maribel Salas, Humberto Gutierrez eta Enrique San Francisco ikusteko.

Abentura gunea, Gargantua eta ekitaldiak Peñafloridako Kondearen plazan: 26.000 lagunetik gora.

Olagibel kalea: 25.000 lagunetik gora egon dira zezensuzkoetan.

Probintzia plaza: 10.000 ikusle hainbat ikuskizunetan.

Foru plaza: Hegaluze eta hanburgesa pintxoetan 2000tik gora banatu ziren, eta jasotako dirua Aefat Aitzina Folk Elkartearen alde erabili da.

 

 

 

 

 

 

PRINCIPAL ANTZOKIA

Andre Maria Zuriaren jaietan berriro ikusle errekorra lortu zen Principal antzokian. Guztira 12.245 ikuslek gozatu dute jaietako zein jaien aurreko programazioaz; batez besteko okupazioa % 86,3koa izan da –azken urteetako errekorra–, eta 6 egunetan bete egin da.

  • “Rumba, el musical de Mayumaná con música de Estopa” uztailaren 27, 28 eta 29an, bost saio 4.920 ikusleekin, asistentzia: % 88.
  • “Prefiero que seamos amigos”, Lolita eta Luis Mottola, asistentzia: % 83, ikusleak: 2389.
  • Luis Merloren “El Test”, asistentzia: % 98, lau saioetatik hirutan leku guztiak bete-beteta, guztira 3.813 ikusleekin.
  • Mariano Peñaren “Obra de Dios”: hiru saio, % 68 eta guztira 1.933 ikusle.

Balantzea oso positiboa da, berriro ere egiaztatzen baita gure hirian antzerkiaren eta udal eskaintzaren osasun ona.

 

IRADIER ARENA

Aurten egin da Iradier Arenan zezenketarik gabeko lehen esperientzia. Kopuruak iazkoen antzekoak dira, bigantxen ikuskizunei dagokienez. Guztira 13.630 lagun izan dira Iradier Arenan, eta 12.131 pertsona joan dira bigantxen sei ekitaldiren batera, eta horietan argi eta garbi arrakasta gehien izan dutenak bigantxak bakarrik izandako goizetako ekitaldiak izan dira (9.282 lagun, aurreko urteetako baino portzentaje askoz ere handiagoa). Iaz sei ekitaldi izan ziren goizeko bigantxekin, eta haietan 13.720 lagun izan ziren. Udal gobernuak positibotzat jo du halako emaitza “esperientzia pilotu delako eta halaxe jaso nahi dugu, bereziki bigantxen demandari dagokionez, kopuruak aurreko urteetan gertatutakoen antzekoak izan arren, batez ere lehen aldiz aspaldiko urteetan Iradier Arenaren jarduera jaietan errentagarria delako bai enpresariarentzat eta baita hirirako ere”, azpimarratu du Estibaliz Cantok.

HERRITARREN SEGURTASUNA

Berriro ere ahalegina egin da Gasteizko herritarrek zein bisitariek jai seguruak bizi izan zitzaten antolatutako ekitaldietan parte hartzen zuten bitartean.

2017an, zehazki, Udaltzaingoak 699 gorabehera erregistratu ditu, eta 1054 esku-hartze; 2016an, berriz, 781 gorabehera eta 991 esku-hartze zenbatu ziren. Erregistratutako gorabeherak % 10 gutxitu  dira 2016. urtearen aldean.

Trafiko istripuen kopurua iazkoaren antzekoa izan da, 45; 2016an 42 izan ziren, eta 2015ean, 40.

Orotara 497 atestatu eta salaketa idatzi dira delitu ezagunengatik, 2016an bezalaxe (493).

Salaketen % 59,5 lapurreta delitu arinengatik aurkeztu da, bereziki diru-zorroen lapurretengatik. Kopuruak aurreko urteetakoen antzekoak izan dira, baina diru-zorroen kopurua 129tik 136ra igo da, eta mugikorrena, 158tik 160ra.

Etxebizitzetako lapurretak handitu egin dira 2017an, 6 kasutatik 12ra. Indarkeria edo larderia erabiliz egindakoak, ordea, gutxitu egin dira, 20tik 13ra.

Familia barruko erasoak eta tratu txarrak eta genero-erasoak gutxitu egin dira, 22tik 19ra; partikularren arteko salaketak ere % 53 gutxitu dira, 17tik 8ra igaro baitira.

Bi polizia kidegoen artean 22 pertsona atxilotu dituzte, eta 29 pertsona ikertzen ari dira.

Ia ez da borroka, liskar eta istiluetan esku hartu behar izan, eta ez da jarduera berezirik erregistratu.

Gauza galduen bulegoan 192 diru-zorro jaso dira, eta zenbait agiri, zeinak pixkanaka jabeei itzultzen ari baitzaizkie (dagoeneko 92 itzuli dira).

Bestetik, 8 esku-hartze zenbatu dira bide publikoan gai sorgorgarriak kontsumitzeagatik, eta bi kalean edateagatik.

ASISTENTZIA BALIABIDEAK

Jaietan 496 pertsonari eman zaie arreta: 278 gizon eta 218 emakume.
Iaz handitu egin zen intoxikazio etilikoengatik egin beharreko asistentzien kopurua; 2017ko Andre Maria Zuriaren jaietan, aldiz, 125 zenbatu dira. Datu kezkagarria bada ere, arreta emandako intoxikazio etilikoen kopurua % 14 jaitsi da. Egoera horretan zeuden adindunen kopuruak adingabeena halako 6 izaten jarraitzen du.
Orobat, 11 pertsona artatu behar izan dira abusuzko beste droga batzuen intoxikazioengatik; hainbat substantzia batera hartu zuten pertsona horiek, hala nola speeda, kokaina, kalamua eta alkohola. Horietako 4 adingabeak ziren.
2017an Zeledonen jaitsierarako beirari buruz indarrean jarritako arau berriari esker, ebakidura bakarra izan zen, eta justura puntu bakarra behar izan zuen.  Horrenbestez, arreta emandakoen kopurua % 78 jaitsi da,  eta ebakidurena, % 98.
Aurreko edizioetan ez bezala, gainera, ez zen intoxikazio etilikoengatiko arretatik eman behar izan, ez adinekoen ezta adindunen artean ere.

 

 

 

 

 

 

GARRAIO PUBLIKOA

2017ko Andre Maria Zuriaren jaietan beste errekor bat lortu da hiri autobusa erabili duten pertsonen kopuruari dagokionez: 196.035 pertsona guztira, iaz baino % 4,3 gehiago eta 2009an baino ia 80.000 gehiago; horrek argi adierazten du azken urteetan izandako hazkundea.

TUVISAk blusa eta neska taldeentzat berariaz eskaintzen duen garraioak orotara 2.976 erabilera izan ditu, iaz baino gutxiago (4.320), baina zerbitzu berezi horren goranzko joerari eusten zaio —izan ere, aurtengo jaietako erabilera duela hamarkada batekoaren bikoitza da—.

Gaueko zerbitzuak, berriz, 18.766 erabiltzaile izan diru, hau da, iaz baino % 14,6 gutxiago. Azken urteetan, erabilera 16.900 eta 22.000 bidaiari artekoa izan da. Aurten gaueko linea hauek erabili dira gehien: Armentia-Zabalgana ibilbidea egiten duen 3. Gautxoria (gaueko erabileren % 35), Sansomendi-Lakua ibilbidea egiten duen 4. Gautxoria (% 31) eta Lakua-Abetxuku ibilbidea egiten duen 1. Gautxoria (% 14).

 

GARBIKETA ZERBITZUA

Jaietarako antolaketari buruzko behin betiko kopuruak bihar emango dira, baina nabaria da beirarik gabeko txupinazoaren ekimenaren arrakasta. Zeledonen jaitsieran, jai-eremutik kanpoko hamar sarbideetan jarritako 20 edukiontzi berezietara 300 beirazko botila bota zirela kalkulatzen da; iaz, ordea, 16.000 botila jaso ziren plazako edukiontzietakoak eta lurrekoak zenbatuta. Hori dela eta, beira ebaketengatik arreta behar izan zuten pertsonen kopurua nabarmen jaitsi da: iaz 82 izan ziren eta aurten, bakarra.

Jaietako lehenengo egunetan jai-esparru nagusiak oso garbi eduki dira, bereziki suziriaren jaurtiketaren ondorengo antolaketari (66 langile) eta Egunsentiko Arrosarioaren aurreko zerbitzuei (101 langile) esker.

 

 

 

 

 

 

BERDINTASUNARI BURUZKO INFORMAZIO GUNEA

Berdintasun Zerbitzuak informazio gunea jarri zuen abuztuaren 4tik 9ra arte Postetxearen ondoan, indarkeria matxistaren prebentziorako kanpainaren barruan, eta herritarren erantzuna positiboa izan da. Informazioa eta materiala jasotzera hurbildu direnen artean oso harrera ona izan du.

Zapi gorriak eta laukidunak eskatu dira gehien. Zehazki, 1.000 zapi gorri eta 1.000 laukidun banatu dira. 10.000 txapek ere eskaera handia izan dute. Orobat nabarmendu behar da Beldur Barik-en 3.700 gida banatu zirela, eta Gazteria Zerbitzuak argitaratutako “Eta zu, nola moldatzen zara?” komikiaren 5.000 aleak.

Publikoaren tipologiari dagokionez, goizez gehien bat 45 urtetik gorakoa izan da (% 80), batez ere gizonak, eta materialak eskatzen zituzten. Arratsaldez publikoa gaztea izan da nagusiki, eta informazioa eskatu nahi zuten. Aipatzekoa da bakarka zein taldean hurbildu direla gunera. Familia eta gazte talde ugari joan dira informazio-lekura.

 

 

 

 

 

 

 

 

TURISMOA

Andre Maria Zuriaren jaietan % 5,5 handitu da Turismo Bulegoan izandako kontsulten kopurua, iaz 4.352 pertsona izan baitziren eta aurten, 4.592. Egun hauetan ibili da jende gehien: hilaren 9an, asteazkena (1.023 kontsulta); 8an, asteartea (891), eta 4an, ostirala (764).

Estatuko bisitarien jatorriari dagokionez. oro har iazko ehunekoak mantendu dira; leku hauetatik datoz turista gehien: Euskadi (% 23,16), Katalunia (% 20,12), Madril (% 14,03) eta Andaluzia (% 13,6). Kanariar Irletatik etorritako bisitarien kopurua azpimarratu behar da, 2016koaren hirukoitza izan baita: estatuko guztien % 1,31tik % 3,57ra. Forondako aireportuko hegaldi erregularren jarduerari esker Teneriferekin dagoen aire-lotura berriak eragin du hazkundea.

Arrazoi berak azaltzen du Italiatik iritsitako bisiten hazkundea. Nazioartetik etorritako turisten ehunekoa ia ez da aldatu osotasunarekiko: 2016an % 15,8 izan zen eta aurten, % 14,3. Italiatik etorritakoen kopurua, aldiz, % 1,23tik 2017ko jaietako % 2,18ra igaro da. Kanpoko bisitari gehienak Frantziatik datoz: % 6,38.

Hotelen okupazioari dagokionez, gainditu egin da sektoreak hasieran aurreikusitakoa.  Jaien aurretik leku guztien % 70 beteko zela jotzen zuten, baina azken datuen arabera, hotel eta ostatu nagusietan % 85eko okupazioa gainditu dute, eta Katedraleko aterpean leku guztiak bete dira.

 

OSASUN PUBLIKOA

Janarien higienea eta osasuna zaintzeko jarduerak jaietan:

Bide publikoan egindako ekitaldien kontrola: hainbat kontrol egin dira bazkari herrikoietan, dastatzeetan, ganba-jan herrikoian, etab.

Osasun kontrola behin-behineko establezimenduetan:

  • Ferialekuan 16 establezimendu ikuskatu dira: txurro-dendak (4), mesoiak (3), ozpinetako eta gozoki saltokiak (3), izozki-saltokiak (1), patata erreak (2), krepeak (1), kebaba (1), janari furgonetak (1).
  • Txosnak: guztira 11 ikuskapen.

Osasun kontrola establezimendu egonkorretan: 75 ikuskapen erdialdean, zabalgunean eta Alde Zaharrean.

Ostalaritza-establezimenduen higiene eta osasun baldintzak onargarriak ziren oro har, baita bide publikoko ekitaldietan, establezimendu iraunkorretan, ferialekuan eta txosnetan ere.

UDALAREN GIZARTE LARRIALDIETARAKO ZERBITZUAREN TXOSTENA

Profesionalek 204 esku-hartze egin dute, 48 pertsonari arreta emateko. Kopuruak aurreko urteetakoen antzekoak izan dira, 2016an 209 izan baitziren; hala ere, 2015ean baino handiagoa izan da, orduan 175 zenbatu baitziren.

Orotara bertan bizi diren 16 pertsonari eta iragaitzezko 32 pertsonari eman zaie arreta. 2016ko kopuruen aldean jaitsiera nabarmena izan da: 15 gutxiago.

Gizarte Larrialdietarako Zerbitzuak arreta emandako emakumeen kopuruari dagokionez, 6 izan dira, iaz baino askoz gutxiago (16).

KALEKO HEZIKETARAKO PROGRAMA

Guztira 79 pertsonarekin egin da lan: 44 ohiko taldekoak, eta 35 kanpokoak.

Arreta emandako eta hirian finkatuta dauden pertsonak 44 izan dira, eta batez besteko adina 45 urte: 36 gizon eta 8 emakume.

Iragaitzezkoak 35 izan dira, eta batez besteko adina 42 urte: 32 gizon eta 3 emakume.

Gizonen kasuak % 51 handitu da, baina emakumeenak bere horretan geratu da.

 

 

 

 

 

 

 

Share