Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  11 abuztua 2017 13:00

Judith Praten erakusketa “Kazetaritza, bertatik bertara” programaren aurtengo edizioaren hasierako platera izango da

“Nigeria, Afrikako erraldoia, kontinenteko lehen ekonomia da, petrolioaren produkzioari esker. Alabaina, horrek ez du inolako aldaketarik eragin herrialdearen iparraldeko biztanleriaren % 90entzat, muturreko pobrezia egoeran bizirauten baitu. Ez da kasualitatea Boko Haram-en sorlekua Maiduguri-n egotea, Borno estatuaren hiriburuan —herrialdean egoera larrienean daudenetako bat—; han, gazteak ez dira gustura bizi, etorkizunean ez baitute inolako ziurtasunik, ezta itxaropenik ere. Testuinguru horretan, Boko Haram-ek hasiera-hasieratik lortu zituen jarraitzaileak bere estrategia berriarentzat; izan ere, predikazioa bigarren mailan utzi zuen aldaketa lortzeko bidean, eta indarkeriazko borrokari eman zion lehentasuna”. Hitz horiekin aurkezten du  Judith Prat prentsa-argazkilariak erakusketa, zeina gaurtik, abuztuak 11,  ikus baitaiteke Gasteiz hiribidean, Europa jauregiaren ondoan.

Boko Haram, indarkeria Afrikaren bihotz ekonomikoan” argazki-erakusketa “Kazetaritza, bertatik bertara” jardunaldien atarikoa da; abuztuaren 28tik irailaren 2ra arte iraungo dute.

2015ean eta 2016an egindako argazkiek Boko Haram-ek baliatutako indarkeria dokumentatzen dute, eta herritarrengan zer nolako ondorio suntsitzaileak izan zituen: atentatu suizidak jende asko biltzen den tokietan, emakumeak bahituta, ehunka mila pertsona etxerik gabe… Iparraldearen eta hegoaldearen arteko aldeak ere agertzen dira: hegoaldean petrolioa nola erauzten duten ikus daiteke argazkietan, baita ingurumenean zer nolako ondorio larriak eragiten dituen ere; horren aldean, iparraldeko nekazaritza tradizionala, gainbehera doana, jasotzen da.

Zuzenbidean lizentzia lortu ostean, Judith Pratt argazkigintza dokumentalean eta prentsa-argazkilaritzan prestatzen hasi zen. Argazkilari gisa, zenbaitetan ikusi ezin diren errealitateak ikusgai egitea interesatzen zaio. Azken urteotan, Panamako espetxeetan atera ditu argazkiak; halaber, Kongoko Errepublika Demokratikoko gatazka armatuari buruz, Siriako errefuxiatuek Libanon, Jordanian eta Turkian bizi duten egoerari buruz, Nigeriako Boko Haram-eko indarkeriari buruz edo Turkiako Kurdistango egoerari buruz egin ditu argazkiak.

Nazioarteko jaialdi eta lehiaketetan sariak ere eman dizkiote. Nazioko eta nazioarteko komunikabideetan argitaratzen ditu argazkiak, eta Quebec, Montreal, Mosku, Querétaro, Bartzelona edo Zaragozan egin ditu argazki erakusketak.

Erakusketaren eta jardunaldien inaugurazio ofiziala abuztuaren 28an izango da, 12etan.

Share