Prentsa Oharren banner

Hainbat obra esleitu ditu Urtaranen gobernuak Errota kalea eraberritzeko, Lakuabizkarrean ‘parkourra’ egiteko eta Nebera gainean Eraztun Berdea ixteko bideak eta landaketak egiteko 720.000 euroko inbertsioarekin

 

 

 

 

 

Obrak dossierra

Beste hiru obraren esleipena onetsi du gaur goizean Urtaranen gobernuak, Arabako hiriburua modernizatzen eta espazio publiko eraldatzen jarraitzeko, Vitoria-Gasteiz 2025 Estrategiaren ildotik. Hainbat jarduera onetsi ditu Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean: Errota kalea eraberritzeko obrak, Lakuabizkarrean ‘parkourra’ egiteko obrak eta Nebera gainean bide berriak eta landaketak egiteko lanak. Hiruren artean, 720.000 euroko inbertsioa. “Gasteiztarrentzako espazioak nahi ditugu berreskuratu, pertsonen bizia errazagoa egiteko, eta Gasteizek aurrera egiteko lan egiten jarraitu nahi dugu”, esan du Gorka Urtaran alkateak.

Lehenengo neurriaren ildotik, Adurtza auzoko Errota kalearen berrikuntza bultzatuko du udal gobernuak, Heraclio Fournier kaletik Zumakadi ibilbidera arteko tartean; bereziki, aparkaleku gisa erabiltzen den espazioan, elizaren eta ikastetxearen artean. Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean esleitu dizkio obrak —‘Gasteiz Hobetuz’ programan hautatuak—Orizon Constructora eta Lazaro Conextran enpresek eratutako aldi baterako enpresa-elkarteari. 350.000,73 euroan egingo dira, bost hilabeteko epean, eta Berdeguneak eta bizilagunentzako eta inguruko ekipamenduen erabiltzaileentzako nahiz Errota egoitzako pertsonentzako elkarbizitza-, topaketa- eta aisialdi-leku berriak sortzeko aukera emango dute.

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak diseinatutako lanek ingurua oinezkoentzat erosoagoa izatea eta landaredia duten espazioak gehitzea dute helburutzat, Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren ildotik. Lehenengo, aparkalekua mugatzen duen horma eta aparkalekuaren eta barneko plazatxoaren artean dauden hiru estalpeak eraitsiko dira. Espazio horretan zuhaitzak dituen berdegune bat jarriko da, eta arrapala bat eta eskailera batzuk egitea aurreikusi da, plazatxoaren eta aparkalekuaren artean dagoen kota-aldea gainditu eta irisgarritasuna erraztearren. Beste muturrean, elizaren ondoan, inguruko horma kenduko da, espaloiak handitu ahal izateko, eta oinezkoentzako plazatxo berria sortuko da, kanpoaldeko espaloiaren eta elizaren kota berean. Hartara ez da arrapalarik edo eskailerarik beharko.

Era berean, parterreak eta txorkoak egingo dira plazatxoko zenbait lekutan (ikastetxearen fatxadaren ondoan, elizaren aurreko plazatxo berria zedarritzeko…), ingurua atseginagoa izan dadin. Parterreen ondoan eserleku jarraitua jartzea proiektatu da.  Argiteria ere hobetuko da, eta espaloiak, aparkalekua eta galtzada zolatuko. Bestetik, Txalaparta eta Errota kalearen artean zuzeneko lotura sortuko da, oinezkoentzako bide baten bitartez.

Lakuabizkarrean ‘parkourra’ egiteko, berriz, Urbabil 2000 izan da hautatu den enpresa. 200.000 euroan (BEZ barne) egingo ditu lanka, hiru hilabeteko epean. Era horretako lehenengoa izango da zona berritzaile hori, euskal hiriburuan. Forondako atearen ondoko lursail batean jarriko da aisialdi aktiborako gunea, eta jolas eta kirol espazio osagarria ere jarriko da, saskibaloian, futbitoan, pilotan edo eskaladan aritzeko, besteak beste. ‘Gasteiz Hobetuz’ partaidetza-prozesuan hautatuetako bat da proiektua, eta gutxienez 800 metro koadroko azalera izango du, bi atalak batuta.

Lehenengo zonak, Udalak planteatutako eskakizunen arabera, diziplina horretako oinarrizko lau mugimenduak egiteko aukera eman beharko du: joan-etorriak, jauziak, jasotzeak eta kulunkak, karreran nahiz egonean. Jolas eta kirol zonak, bestetik, altuera ezberdinetara itxitako esparrua izango da, hainbat kirol jarduera egiteko. Gutxienez elementu hauez hornituta egongo da: bi saskibaloi-saski, bi futbito-ate, eskalatzeko murru bat, gimnastika egiteko murru bat, frontenisean aritzeko beste bat, pilotan aritzeko beste bat eta punteria praktikatzeko panel bat. Erasoen kontrako hesiak dituen itxitura garaia ere izan beharko du.

Gaur goizean esleitu den hirugarren esku-hartzea Nebera gainekoa izan da. 169.830 euro (BEZ barne) inbertituko ditu bertan Urtaranen gobernuak, bideak eta landaketak egiten —inguru horretan nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoko kudeaketa-proiektu bat sustatzeko lehen urratsa—. Viveros Eskalmendi enpresak egingo ditu lanak, bost hilabeteko epean.

Lehen fasean, lursaila egituratzeko bide bat egingo da, eta zenbait landaketa, lurra geroko erabilerako egokitzeko asmoz. Gainaren ekialdetik joango da bidea, eta oinezkoentzat eta bizikletentzat orain dauden ibilbide eta pasealekuen konektagarritasuna hobetzeko balioko du. Irisgarria izango da, eta 3 metro zabal, gehi alboko areka. Oinezkoak, bizikletak eta nekazaritzako makineria igaro ahalko da bertarik.

Inguru horretan gerora nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoko proiektua bat jartzeko lehiaketa egitea denez, izango dituzten erabilera eta laboreen arabera proiektatu dira dagoeneko nekazaritzarako lursailak. Nebera gaineko goi ordokian bazka-landareak (alpapa) jartzea erabaki da; gainerako soroetan zalkea eta zekalea ereingo dira, ongarri berde gisa. Lurrak landarezko estalki iraunkorra izatea da helburua, haren ezaugarri agronomikoak zein aprobetxamendua hobetzearren. Orobat landatuko dira intxaurrondoak, elorri zuria, fruta-baratzeak, heskaiak eta tamaina handiagoko handiko 138 zuhaitz (lizarrak, astigarrak, ezkiak, masustondoak, hurritzak, gereziondoak…).

 

Obren egoera

Halaber, 2017ko aurrekontuak hiri osoan hogei bat inbertsio abiarazteko aukera eman duela gogora ekarri du alkateak. Hain zuzen ere, obra horietako bakoitza gaur egun zein egoeratan dagoen azaldu du Gorka Urtaranek. Bukatuta edo ia bukatuta daude, esate baterako, Zabalganeko txakurrentzako parkea eta Laudio plaza eta San Anton plaza eraberritzeko obrak. Egiten ari dira, berriz, beste hauetakoak: Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea, Europa jauregiko aparkalekua, San Ignazio Loiolakoaren kalea, Konstituzio plaza, Lakuabizkarreko hiri-baratzeak, Borinbizkarreko joko-eremua —atzo bertan hasi ziren— eta Elexaldekoa, Araneko siloko parkinga, Lakua 03ko futbol-zelaia, Honduras kalean bizikleten trafikoa erregulatzea, eta AUOko aparkalekua. Esleituta, baina artean hasi gabe: Bastida plazako eta Labraza ibilbideko zoladura hobetzea, Etxanobetarren etxean irisgarritasuna, eta orobat gaur iragarritako esku-hartzeak, Errota kalean, Nebera gainean eta Lakuabizkarreko parkourrean.

 

Share