Prentsa Oharren banner

Udalak Arana, Anglo, Judimendi eta San Kristobal auzoetara zabaldu du urrezko auzoen gizarte eta hirigintza egoeraren erradiografia

Gizarte eta hirigintza egoeraren azterlanak funtsezkoak izango dira hondatze progresiboa geldiarazteko

 Gasteizko Udalak Arana, Anglo, Judimendi eta San Kristobal auzoetako gizarte eta hirigintza egoera ere aztertuko du, Gasteizen 50 urte baino gehiagoko eraikinak dituzten auzoetako erradiografia edukitzeko. Gorka Urtaran alkateak iragarri duenez, datorren astean aurkeztuko da, 21 Zabalgunearen kontseiluan, lau auzo horietako azterlanak egiteko kontratazioa. Aldez aurretik Koroatze, Adurtza, Ariznabarra, Zaramaga eta Abetxuko auzoetan eginak dira azterlan horiek, eta hirigune historikoan burutzen ari dira.

 Gehien bat 1980. urtearen aurretik altxatutako auzoak dira. Eraikinek hainbat arazo dituzte: kalitate txikiko erakuntza, irisgarritasun arazoak atari eta/edo etxebizitzetan, isolamendurik eza edo isolamendu eskasa, patologia puntualak eta hezetasunak fatxadetan.

Bestetik, hiriko beste inguru batzuen aldean, auzo horietan adineko biztanle gehiago daude, langabezia maila handi samarra dute, eta gizarte-zerbitzuen arreta jasotzen duten pertsona gehiago bizi dira; horrenbestez, Gasteizko egitura urbanoan eremu ahultzat jotzen dira.

Orain arte jasotako ondorioak eta azterlan berri hauetatik jasoko direnak funtsezkoak izango dira “Gasteizko Udalak beharrezkotzat jotzen du eremu horietan esku hartzean, hondatze progresiboa geldiarazi eta saihesteko, bertako gizarte, ekonomia, hirigintza eta eraikuntza baldintzak hiriko gainerako alderdienekin parekatzeko, eta hirigintzari, eraikuntzari, iraunkortasunari eta energia eraginkortasunari buruzko araudiak betetzeko”.

Hori lortzeko lehen urratsa etxebizitzak eta bizitokietarako eraikinak birgaitzeko laguntzak emateko araudian –21 Zabalguneak kudeatzen duena– auzo horiek lehentasunez birgaitu beharreko eremutzat jotzea da. Izendapena lortuz gero, auzokoek Eusko Jaurlaritzak birgaitzeko ematen dituen laguntzak eskuratu litzakete, horiek handiagoak baitira, birgaitze integratuko eremuetarako zehaztutakoen parekoak.

 Lau azterlan hauetarako aurrekontua 200.000 euro ingurukoa izango da, Eusko Jaurlaritzak proiektuak idazteko 138.000 euroko laguntza emango du.  Azterlanek 88 hektarea aztertuko dituzte, guztira.

Auzo horien benetako egoeraren erradiografia lortzearren, behar bezala kreditatutako soziologo-talde batek elkarrizketak egingo dizkie bizilagun eta merkatariei, eta arkitekto, urbanista eta paisajistek bisita teknikoak egingo dituzte eraikinetara eta espazio publikoetara.

Horretaz gain, urbanista eta soziologo taldeek auzoetako elkarteetako arduradun eta kideekin harremanetan jartzeko asmoa dute: auzo-elkarteak, merkatari eta ostalarien elkarteak, eta beste.

“Ekarpenek  oso balio handia dute, beraz, aurretiaz beste auzo batzuetan egindako azterlanetan egin dugun bezala, auzokoei laguntzeko eta denbora tarte bat eskaintzeko eskatzen diegu, auzoaz, haren nortasunaz eta eboluzioaz elkarrizketa irekia eta zabala izateko: zein arazo eta premia dituen, eta haien ustez, zein noranzkotan eta nola hobetu litekeen” nabarmendu du alkateak.

 

Share