Prentsa Oharren banner

Udaleko Osasun Publikoaren Zerbitzuak ehun bat ostalaritza-establezimendutako higiene baldintzak ikuskatuko ditu Andre Maria Zuriaren jaietan

Udaleko Osasun Publikoaren Zerbitzuak higiene eta osasun baldintzak ikuskatu eta zaintzeko lanak egingo ditu Andre Maria Zuriaren jaietan, taberna, jatetxe eta establezimendu ibiltarietako instalazioak eta bertan saltzen diren janariak higiene eta osasun egoera onean daudela bermatzeko.

Gutxi gorabehera 100 bisita egingo dira, jaietan jende gehien ibiltzen den establezimenduetan.

Zerbitzatzen diren produktuak zuzen maneiatzen direla eta egoera onean daudela ziurtatu nahi dugu, eta establezimenduek behar diren osasun neurriak betetzen dituztela“, azaldu du Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munainek.

Kontsumitzailea babestea da helburua. Establezimenduek bezeroei saltzen dizkieten produktuen higiene eta osasun baldintzak bermatuz lortzen da hori, eta instalazioak egokiak direla egiaztatuz: sukaldea, hozkailuak, biltegiak, etab.

Alkoholaren eta bestelako substantzien kontsumoa

Horretaz gain, beste neurri batzuk hartuko dira alkoholaren eta bestelako substantzien kontsumoak dakarren arriskua gutxitzeko.

Horretarako, testak egiteko bi gune jarriko dira Ai Laket elkartearekiko lankidetzan: abuztuaren 4an, Aihotz plazan, 23:30etik 2.30era; abuztuaren 8an, txosnetan, 00:00etatik 03:00etara.

Jaietako lehen gauean, berriz, Ai Laket-eko zenbait monitore erdialdeko kaleetan ibiliko dira, alkohola kontsumitzen ari diren gazteei horrek dakartzan arriskuei buruz informatzeko.

Azkenik, abuztuaren 4tik 6ra bitartean, 00:00etatik 03:30era, alkoholari buruzko informazioa emango zaie herritar orori, Loma Jeneralaren plazan jarritako karpan. Eusko Jaurlaritzak finantzatzen du jarduera hori, eta Udalaren babesa du.

Share