Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdia (2020-09-04)

– Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, irailak 04

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

 

Share

Asteartean, hilak 8, ekingo dio atzera Principal antzokiak Ganbera Zikloaren programazioari

Pandemiaren ondorioz bertan behera utzitako emanaldiak berreskuratuko dira

 

Datorren asteartean, irailak 8, hasiko da atzera Principal antzokiaren Ganbera Zikloa. Pandemiaren ondorioz bertan behera utzitako hainbat emanaldi berreskuratuko dira, irailerako eta urrirako programatuta zeudenak eskaintzeaz gain. Jesus Guridi Musika Kontserbatorioko areto nagusian izango dira emanaldiak, arratsaldeko zortzietatik aurrera —19:30ean irekiko dira ateak—.

“Krisi sanitarioaren ondorioz gauzatu ezin izan ziren jarduera guztiak atzera programatzeko egin den ahaleginaren erakusgarri dugu. Ziklo honen bidez, beste herrialde batzuetan proiekzioa lortu duten euskal eta arabar musikariak ezagutarazi nahi ditugu, espazio paregabe batean —musika kontserbatorioa— ganbera-musikako proposamenak eskainiz”, nabarmendu du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Udaleko Hezkuntza eta Kultura Sailak Jesus Guridi kontserbatorioarekin elkarlanean antolatzen duen ziklo horren bederatzigarren edizioa izango da.

Egitaraua

Irailaren 8an ekingo zaio atzera programari, Kugel Ensemble saxofoi laukotearekin —Iñigo Setuáin Antoñanzas, Luis Homedes López, Cristina Arcos Cano eta Pedro Caballero García—. J. Haydn, Ivan Fedele, J. Torres eta  G. F. Haas-en lanak joko dituzte, besteak beste.

Irailaren 17an, Oreka Quartet-ek hartuko du lekukoa: Iñaki Lagos (biolina), Enrique Campos (biolina), Marina Barredo (biola) eta Iván Casado (biolontxeloa). L. V. Beethovenen eta Jesús Guridiren piezak joko dituzte.

Irailaren 22an, berriz, Adriana González soprano guatemalar gaztea entzun ahalko du publikoak, Iñaki Encina piano-jotzailea lagun duela. Jesús Guridi Bidaola, Isaac Albéniz, Hélène Covatti-Dussaut eta Robert Dussaut-en lanak ekarriko dituzte.

Irailaren 29an, J. S. Bachen ‘Viola da gambarako sonatak’ entzun ahal izango dira, Alejandra Saturno eta Izaskun Ihabenen eskutik.

Bukatzeko, Vocalia taldeak abestuko du urriaren 2an, Basilio Astúlezen zuzendaritzaren pean.

Abonamendutik kanpo, ‘Sagutxu tuntuna’ antzezlan musikala eskainiko da irailaren 26an Principal antzokiaren Ganbera Zikloaren barruan, 2 eta 6 urte bitarteko haurrentzat eta helduentzat; 11:00etan euskaraz eta 12:30ean gaztelaniaz.

Artisten eta ikusleen segurtasuna bermatzeko ezarri diren prebentzio-neurriak nabarmendu ditu zikloko zuzendari artistiko Carlos Secok.

Era berean, bertan behera utzitako kontzertuetarako erositako sarrerek data berrietarako balioko dutela jakinarazi du.

Share

Astelehenean, hilak 7, irekiko da atzera Montehermoso kulturuneko dokumentazio-zentroa edo mediateka

 

Astelehenetik ostiralera bitartean erabili ahal izango da zerbitzu hori, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara

 

Astelehenean, hilak 7, irekiko da atzera Gasteizko Montehermoso kulturuneko dokumentazio-zentroa edo mediateka, Covid-19ak eragindako itxialdiaren ondoren. Aldi batez, aldatu egingo da ordutegia. Hain zuzen ere, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara irekiko da, jaiegunetan izan ezik.

“Neurri honekin, Gasteizko kultur ekipamendu horrek aktibo mantenduko ditu bere espazio guztiak, herritarren segurtasuna bermatzen duten protokoloak betetzen direlarik, hori baita gure lehentasuna, pandemiaren kudeaketan”, adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Bertara sartzen direnek maskara eraman beharko dute, eta gel hidroalkoholikoa erabili. Barruan, segurtasun-distantzia mantendu beharko dute, eta beren gauzak aldean eraman, uneoro.

Aretoko langileei eskatu beharko dizkiete erabiltzaileek nahi dituzten dokumentuak (liburuak, aldizkariak, dvd-ak…), aretoan kontsultatzeko nahiz mailegatzeko izan.

Maileguan utzitako materialak sarrerako kutxa batean utzi beharko dira itzultzean, koarentena pasa dezaten.

Erabilera publikoko ordenagailuak erabiltzeko, liburutegiko txartela erakutsiz identifikatu beharko dute beren burua erabiltzaileek, eta, bukatzean, ekipoa itzali eta lekua libre geratu dela jakinarazi.

Ireki aurretik garbitu egingo da mediateka, aldiko. Txanda batean leku bat libre geratzen bada, eta beste erabiltzaile batek hartu nahi badu, desinfektatzailea izango du eskura, garbitzeko.

Inprimaketa-zerbitzua etenda egongo da oraingoz.

 

 

Share

Udaltzainen eta suhiltzaileen esku-hartzeak

Azken hogeita lau orduotan, zirkulazioko zazpi istripu bat erregistratu dira eta pertsona batek zauri arinak izan ditu.

Sute txikiak

Suhiltzaileek sute txikiak zirela eta bi abisu jaso zituzten atzo. Haietako bat San Prudentzioren eskulturaren oinarrian zegoen, lorategian, Armentiaganan (seguru asko, kandelaren bat erortzean piztuko zen sua), eta bestea, aldiz, Larrugile kaleko kutxatila batean (gaizki itzalitako zigarro-punta batek eragindakoa). Bi kasu horietan, suak urarekin itzali zituzten gorabeheren berri eman zuten pertsonek.

Ertzaintzak hala eskatuta, gainera, suhiltzaileak bart saltoki bateko erakusleiho bat oholekin ixtera joan behar izan dute Landazuri kalean, norbaitek kristala hautsi duelako.

 

Share