Prentsa Oharren banner

Jabetze Feministarako Eskolaren ikasturtearen  inaugurazioa, bere  hamargarren urteurrenean

Gorka Urtaran alkateak eta Miren Fernandez de Landa Berdintasun zinegotziak eman diote hasiera lehen lauhilekoan 77 jarduera online eskainiko dituen eskolaren 10. edizioari

Gorka Urtaran alkateak eta Miren Fernandez de Landa Berdintasun zinegotziak hasiera eman diote gaur arratsaldean Jabekuntza feministarako Eskolaren 10. edizioari. Horretarako, Beñat Etxepare antzokiak A Panadería konpainiaren “Elisa y Marcela” antzezlana hartu du.

Estatuan urratsak eman zituen lehen eskola feministetako bat da Jabetze Feministarako Eskola, eta hamar urte beteko ditu aurten, programazio sendoarekin, “desberdintasunetan arreta jartzen jarraitzeko akuilu, bereziki azken garaiotan, baita zenbait foro publikotan ere, erdi ezkutuan zenbaitetan, bortizki beste batzuetan, emakumeen eta LGTBI pertsonen eskubideen inguruan zalantzak erakutsi dituenik agertu den honetan. Hamar urte hauetan, Berdintasun Zerbitzuak ez du bakarrik egin bidea. Aldean izan ditu kolektibo feministek eta LGTBI-kolektiboak, emakume-elkarteak eta elkarte mistoek, eta hainbat gobernu-talde, zeinek proiektu horren iraunkortasuna bermatu baitute, ikuspegi feministatik”, azaldu du Miren Fernández de Landa.

Gorka Urtaranek eskerrak eman dizkie “gure gizartea eraldatzen urteak daramatzazuen emakume guztiei. Gasteiz berdintasunezkoago eta inklusiboago baterantz bultzatuz, non aukera-berdintasuna errealitate bihurtzen hasiko den gero eta eremu gehiagotan. Gaur, Eskolaren hamargarren urteurrenean, denok berresten dugu berdintasunarekiko konpromisoa, emakumeen mugimendu feministaren eta elkarte-mugimenduaren borroka eta aldarrikapenei esker lortutako oinarrizko eskubideen atzerapausoen eta mehatxuen aurrean. Maila indibidualean hainbeste pertsonarena eta eskaera horiek beren agendan berdintasuna jarriz txertatu ditugun erakundeena ere”.

Share

Udalak Hirigune Historikoko eragile eta biztanleekin batera definituko du biziberritze integral eta parte-hartzaileko plana

Ana Oregi: “azterlan hau lehen urratsa da hala auzoaren biziberritze integrala sustatzeko nola Udalaren eta Erdi Aroko Hiriguneko biztanleen eta elkarte-sarearen arteko konfiantza berreskuratzeko eta ulermena bultzatzeko”

 

Udalak Hirigune Historikoko gizarte, ekonomia eta kultur eragile eta biztanleekin batera definituko du biziberritze integral eta parte-hartzaileko plana.  Hala azaldu dute gaur arratsaldean Ana Oregi alkateordeak, 21 Zabalguneko arduradunek eta Paisaje Transversaleko kideek Erdi Aroko Hiriguneko auzogunean; hain zuzen ere, enpresa horri esleitu zaio Gasteizko Hirigune Historikoaren gizarte, ekonomia, hirigintza eta ingurumen beharrizanak sakon ikertzeko azterlana. Proiektuaren ikuspegia, orain arte egindako lana eta hurrengo urratsak azaldu dituzte gaur arratsaldeko bileran.

“Hasierako lan horien helburua da Hirigune Historikoaren biziberritzea sustatzeko lan egiteko modu berri baten oinarriak definitzea elkarrekin, eta plan, proiektu eta ekintza zehatzak koordinazioaren eta partaidetzaren bidez garatzeko oinarria ezarriko dute. Azterlan hau lehen urratsa da hala auzoaren biziberritze integrala sustatzeko nola Udalaren eta Erdi Aroko Hiriguneko biztanleen eta elkarte-sarearen arteko konfiantza berreskuratzeko eta ulermena bultzatzeko“, nabarmendu du Ana Oregik.

Auzoko eragile eta biztanleekin zein Udaleko, Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako arduradun teknikoekin informazioa alderatzeaz gain, Bartzelona, Santiago eta Bolonian izandako esperientzia ere kontuan hartuko da azterlanean.

Azterlanaren abiapuntu gisa, Hirigune Historikoa hiri ekosistematzat hartu da, hau da, bertan esku hartzen duten organismoen multzo batek (herritarrak, erakundeak, sail eta sozietateak, fundazioak, elkarteak, interes-taldeak, mugimendu alternatiboak…) eta haiek elkarrekin erlazionatzeko erabiltzen duten ingurune fisikoak (etxebizitza eta lokalak, ekipamenduak, monumentu eta jauregiak, berdeguneak… espazio publikoan barne hartuta) osatutako sistematzat.

Proposamen hori hiriko Hirigune Historikoa biziberritzeko urratsa da: eraikuntzak hobetuko dira, eta gizarte-  eta ingurumen-izaerako alderdiak hobetuko, baita hirigintza-araudia berrikusi ere, ekoizpen-, gizarte- eta kultura-jarduera berriak gara daitezela errazteko, Erdi Aroko hiriguneari bizitasun eta erakargarritasun handiagoa emate aldera.

Azterlanak egiteko hauek hartzen ditu barne:

  • Diagnostikoa, aurretik egindako lan eta proiektuen bilduma eta sintesia zein hiriguneko gizarte-eragileek sortutako proposamen eta dokumentuak oinarritzat hartuz. Udal arduradunekin eta Alde Zaharreko eragileekin egiten ari garen elkarrizketetan jasotako ekarpenak ere hartuko ditugu kontuan.
  • Bide-orri partekatua, Hirigune Historikoaren biziberritze integralerako estrategia orokorra (faktore fisiko, sozial, ekonomiko eta ingurumenekoak barne hartuta) definitzeko.
  • Lehentasunezkotzat jotzen diren hasierako ekintzen definizioa eta balioespen ekonomikoa, zehaztutako estrategiarekin bat etorriz, bai epe laburrean egitekoak direnak bai epe ertain edo luzera hiriguneko gai nagusiei erantzungo dietenak (etxebizitzen birgaikuntza, espazio publikoa, lonjak, mugikortasuna, etab.).
  • Lan-esparru komuna eta lankidetzazkoa definitzea, hala Udalaren barruan —sail ezberdinak integratuz— nola Udalaren eta auzoaren artean —elkarte eta eragileen zein banakoen partaidetzarekin—.
Share

Prentsa-deialdiak (2020-09-24)

Prentsaurrekoa. Beñat Etxepare Aretoko udazkeneko denboraldia aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto; eta Teatro Paraíso taldeko zuzendari Pilar López

Eguna. Osteguna, irailak 24

Ordua. 10:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

———————————-

Prentsaurrekoa. Herritarrek Euskaraldian izena emateko epearen irekiera

Parte-hartzaileak: Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta hainbat erakundetako ordezkariak: Euskaraldia, Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, Euskaltzaleen Topagunea, Euskatzaindia, Geu Elkartea…

Eguna. Ostegunea, irailak 24

Ordua. 11:00

Tokia. Oihaneder Euskararen Etxea, Ortuño aretoa

———————————-

Prentsaurrekoa. Gasteiz On udazken-negu ibiltokia aurkeztea

Parte hartzaileak. Lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapen zinegotzi Maider Etxebarria; Enpleguaren Sustapen diputatu Cristina Gonzalez; Kontsumo, Merkataritza eta Turismo sailburu Javier Hurtado; eta Gasteiz On elkarteko presidente Diego Martínez de San Vicente

Eguna. Osteguna, irailak 24

Ordua. 11:00

Tokia. Florida parkeko kioskoa

———————————

Prentsaurrekoa. IX. Ganbera Musika Zikloaren ‘El ratón tontorrón’ kontzertua aurkeztea

Parte hartzaileak. Ganbera Musika Zikloaren zuzendari Carlos Seco; eta kontzertuko zuzendari artistiko Maider Lopez

Eguna. Osteguna, irailak 24

Ordua. 11:30

Tokia. Teatro Principal Antzokia

 

 

Share

FEMPek eta gobernu zentralak emandako 62.650 maskara jaso ditu Gasteizek

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek 62.650 maskara jaso ditu Gobernuak Araban duen ordezkariorde Carlos Zapateroren eskuetatik, covid-19aren pandemiari eusteko eta herritarren artean babes-kultura handiagoa sortzeko erakunde-ekimenen barruan. Babes-material hau Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioaren eta Lurralde Politikaren eta Funtzio Publikoaren Ministerioaren ekimenez banatu da. Biak 12 milioi maskara banatzen ari dira, egunotan, Estatu guztian zehar, udalerri bakoitzeko biztanle-bolumenaren arabera.

Urtaranek azpimarratu egin du administrazioen arteko lankidetzak egungo osasun-sanitarioari aurre egiteko duen balioa, eta, berriz ere, maskararen erabileraren garrantziaz kontzientzia hartzeko eskatu die herritarrei, nahitaezkoa den maskara birusaren transmisioa saihesteko neurri nagusitzat har dezatela.

Carlos Zapatero, bestalde, Gasteizko Udalarekin elkarlanean jarraitzeko prest agertu da, COVID-19ren pandemiaren ondorioei aurre egiteko ekimenetan.

Share

Udalak iraunkortasunaren arloko politikak eta ekintzak jaso ditu argitalpen batean, “beste hiri batzuetarako gida eta tresna” izan daitezen

 

Ibilbidea eta egindako esku-hartzeak errepasatzeaz gain, “Vitoria-Gasteiz. Giza eskalako hiri bat” liburuak etorkizuneko jarduera-ildoak eta proiektuak aurkezten ditu

 

Alkateorde eta IGIko presidente Ana Oregik “VITORIA-GASTEIZ GREEN CAPITAL: giza eskalako hiri bat” liburua aurkeztu du gaur goizean. IGIk argitaratu du, azken 20 urteetan gure hirian mugikortasun iraunkorrari, biodibertsitateari eta azpiegitura berdeari lotuta egin diren politikak biltzeko.

“Oso tresna praktikoa da, eta Europako Hiriburu Berdea (2012) eta Global Green City (2019) izateak bultzaturik argitaratu dugu. Orrialde hauen bidez, gainera, hiri jasangarri eta erresiliente baterantz lanean jarraitzeko konpromisoa berresten dugu, pertsonak —haien osasuna, segurtasuna eta ongizatea— beste alderdi batzuen gainetik jarrita beti“, nabarmendu du Ana Oregik. Azaldu duenez, “neurri horiek liburu batean biltzea eta zabaltzea, horietako asko hiri-bizigarritasunaren alorrean jardunbide egokitzat jotzen baitira, Gasteizko herritarrei ezagutarazten laguntzen du eta beste hiri batzuei kopiatzerik izatea ahalbidetzen die, denok batera aurrera egin dezagun NBEk ezarritako GIHak betetzeko bidean, hirien etorkizuneko garapenari begira“.

Mugikortasunaren arloan, adibidez, kaleak oinezkoentzako bihurtzeko eta bizikleta sustatzeko politikak, garraio publikoaren berregituraketa edo lehen superetxadiaren egokitzapena gogoratzen dira.

Azpiegitura berdearen jarduketen artean, Eraztun Berdearen sorrera eta hiriko hainbat auzo eta espaziotan gauzatutako naturalizazio-proiektu ugariak nabarmentzen dira. Horien artean, erabilerarik gabeko orubeetan baratzeak eta hiri-basoak sortzea, landaredi autoktonoa sartzea eta faunaren babeslekuak sortzea, besteak beste.

“Jarduera horien bidez, batetik, motordun ibilgailuen trafikoa murrizten eta espazio publikoa handitzen ari da, eta, bestetik, natura hirian integratzen. Hori guztia lagungarria da airearen kalitatea hobetzeko, lurpeko ur-erreserbak handitzeko, uholde-arriskua murrizteko eta, azken finean, klima-aldaketari aurre egiteko eta hiria horretara hobeto egokitzeko “, adierazi du IGIko presidenteak.

Egindako ibilbidea eta esku-hartzeak errepasatzeaz gain, jarduera-ildoak eta proiektuak aurkezten dira, horien bidez etorkizuneko erronkei aurre egiten jarraitu nahi baitu Gasteizek.

Argitalpen hau COVIDen ondorioak pairatzen ari garen honetan iritsi da, eta agerian uzten du ingurumen osasungarria eta espazio publiko eta berdegune nahikoak eta kalitatezkoak izateko beharra“, nabarmendu du Ana Oregik.

Liburuan jasotako etorkizuneko erronken artean alkateordeak honako hauek aipatu ditu:

  • Gasteizko azpiegitura berdearen eraikuntza kolektibo eta partekatuan aurrera egitea, berdeguneak zabaltzeko eta azpiegitura berdea indartzeko kanpainak eta ekimenak sustatuz, gizarte-eragileen parte-hartzearekin.
  • Eraztun Berdea ixtea, Larragorri eta Mendebaldea proiektuen bidez.
  • Aramangeluko parke agroekologikoa sustatzea, Áncora de Abechuco lantegia zena birgaituz, hari lotutako ekipamendu berri gisa.
  • Olarizuko Lorategi Botanikoa sendotzea, erabilera publikoko ekipamenduak osatuz eta indartuz, eta ikerketa-, hezkuntza- eta sentsibilizazio-programa berriak bultzatuz.
  • Hiriko berdeari lotutako onurei buruz ikertzea eta ezagutza hobetzea.
  • Superetxadien ezarpenean aurrera egitea hiriko bizitegi-eremu osoan.
  • Superetxadien barrualdeetan oinezkoen lehentasuneko eremuak orokortzea, elkartzeko eta sozializatzeko espazio osasungarri gisa.
  • Bizikletentzako eta oinezkoentzako ibilbideen eskaintza sendotzea eta hobetzea, industrialdeekiko loturak
  • Eskola-bide seguruak
  • Bizikletentzako aparkaleku-irtenbide seguruen eskaintza zabaltzea.
  • Hiri-mugikortasunaren deskarbonizazioan aurrera egitea, garraio publikoaren elektrifikazioa eta hiri-logistikaren optimizazioa osatuz.
  • Aparkatzeko eskaintza arautua berrantolatzea, automobilen joan-etorriak arrazionalizatzera bideratutako kudeaketa integral baten bidez.

Liburua paperean eta digitalean argitaratu da, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, interesa duen edozein pertsona eta kolektibok eskuragarri izan dezaten. Argitalpena askotariko hartzaileei zuzenduta dago, eta, batez ere, administrazioetako teknikariei, hainbat sektoretako (mugikortasuna, lorezaintza, uraren kudeaketa, etab.) enpresa eta profesionalei, eta beste kolektibo sozial eta herritar batzuei.

Paperean, 250 ale argitaratu dira gaztelaniaz, 150 ingelesez eta 100 euskaraz, eta honako hauen artean banatuko dira: haiekin lan egiten duten hirien sareak, azterketa- eta ikerketa-zentroak, ingurumen-sektoreko enpresak eta haiekin lotutakoak, unibertsitatea eta herritarren kolektiboak, besteak beste.

Deskargatzeko estekak:

 

www.vitoria-gasteiz.org/ciudadaescalahumana

www.vitoria-gasteiz.org/humanscalecity

www.vitoria-gasteiz.org/gizaeskalakohiria

 

Share

Gasteizek 19 hezkuntza-jarduera berri aurkeztu ditu 2020-2021 ikasturterako

Guztira, 212 proposamen dira, eta urriaren 8tik aurrera eman ahalko da izena.

“Gasteiz, hiri hezitzailea” programaren 2020-21 ikasturteko jarduerak aurkeztu dira gaur goizean. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok 212 jardueraren berri eman du, eta urriaren 8tik aurrera eman ahalko da izena udalaren webgunean (www.vitoria-gasteiz.org).

Gai hauek landuko dira: ingurumena (13 jarduera), hiriaren ezagutza (21), euskararen erabileraren sustapena (9), artearen eta ikus-entzunezkoen alorreko hezkuntza (51), gorputz-hezkuntza eta kirola (9), eta berdintasunerako hezkuntza (3). Era berean, honako lantegiak izango dira: osasunerako hezkuntza (34), herritarren parte-hartzearen sustapena (13), gaitasun pertsonaletan heztea (34), bizikidetza eta aniztasuna (13), garapenerako lankidetza eta nazioarteko elkartasuna (3) eta babesa eta segurtasuna (9).

19 berrikuntza daude programan, horietako batzuk pandemiak eragindako osasun krisiari lotuak, esaterako  “Erlaxatzen ikasi. Antsietateari aurre egin” edo “Emozioen kudeaketa koronabirus garaietan”.

“Pandemiaren ondoriozko zailtasun eta ziurgabetasun une hauetan, indarrean jarraitzen dute jarduera hauen programazioaren helburuek eta sustatzen ditugun baloreek” nabarmendu du Cantok. Hauek dira balore horiek: bizi-kalitatea, gizalegea, sormena, bakearen kultura, ekitatea, prestakuntza, identitatea, emakumeen eta gizonen berdintasuna, inklusioa, berrikuntza, parte-hartzea, erantzukizuna, elkartasuna eta iraunkortasuna.

Jarduera-programa hau Gasteizko udaleko Hezkuntza Zerbitzuak azken 30 urteetan gauzatutako estrategiaren parte da. Estrategia horri esker, Hiri Hezitzaileen Estatu mailako Sareko (RECE) koordinatzaile izatea lortu du, Estatuko 220 hirik parte hartzen duen elkartekoa, hain zuzen ere. Halaber, Gasteizek “Hiri inklusiboa, hiri hezitzailea” izeneko sare tematikoa koordinatzen du nazio mailan.

 Gizarte kohesioa

Zinegotziak iragarri duenez, aurten, arreta eta sostengu behar handiagoa duten ikastetxeei erraztasunak emango zaizkie programan parte hartzeko. “Izena emateko epe orokorra urriaren 8an hasiko bada ere, ikastetxe horiek urriaren 5etik aurrera Gasteiz, hiri hezitzailea programaren jardueretan izena emateko aukera izatea aurreikusi dugu. Ezin dugu ahaztu gizarte-kohesioa hobetzeko erronka dugula, desberdintasunetan eraginez eta hiriko ikastetxeen arteko aukera-berdintasuna handiagoa izateko” azpimarratu du.

Hamaika Esku programan eta Magnet proiektua gauzatzen duten ikastetxeek izango dute izena ematean lehentasuna hori.

“Gasteiz, hiri hezitzailea” programa

 

Share