Prentsa Oharren banner

Udalak kirol instalazioen abonamendu guztien % 25 itzuliko du urrian

Urriaren bigarren hamabostaldian, udalaren kirol instalazioetara abonatuta dauden orori ofizioz itzuliko zaie abonamenduaren zenbatekoaren laurdena, osasun krisialdian izandako itxialdiaren ondorioz. Hasiera batean bi aukera aztertu ziren itzulketa gauzatzeko: aurten eskabidea eginez, edo datorren urteko kuotan automatikoki deskontatuz. Azkenean, kudeaketa eraginkorragoa izan dadin eta herritarrek izapiderik egin beharrik izan ez dezaten, urrian abonatu orori ofizioz itzultzea erabaki da, eskabiderik egin beharrik gabe.

 

Urte hasieran, 97.509 pertsona zeuden abonatuta udalaren kirol instalazioetara, hau da, erroldatutako biztanleen % 38,2. Abonamendu horietako 63.291 A motakoak dira (25 urte betetik aurrera), zeinek urtean 95,4 balio baitute. Gainerakoak honela banatzen dira: B motakoak (18-24 urte bitartekoak), 7.354, 79,1 euro; C motakoak (5-17 urte bitartekoak), 22.382, 19,9 euro, eta D motakoak (0-4 urte bitartekoak), 4.482, doakoak. Gogoan izan behar da familiek eta 24 urte arteko ikasleek hobariak dituztela kuotetan.

 

Iñaki Gurtubai alkateordeak gogorarazi duenez, Udalak kirol instalazioetako abonamenduengatik biltzen duenak ekipamendu sare horren urteko kostuaren herena estaltzen du gutxi gorabehera. Azaldu duenaren arabera, alarma-egoera zela eta instalazioak itxita egon ziren bitartean instalazioak zein programak mantentzeko lanak ordaindu behar izan ziren, pandemiaren ondoren berriro erabili ahal izateko. Horretaz gain, instalazioak ireki ahal izan direnean neurri osagarriak hartu beharrak ohikoa baino gastu handiagoa ekarri du.

Share

Gasteizek gazteentzako aisialdi hezigarri, sortzaile eta osasungarria sustatzearen alde egin du, COVID-19aren kontrako prebentzioa bermatuz

Gasteizko Udalak gazteentzako aisialdi hezigarri, sortzaile eta osasungarria sustatzearen alde egin du, COVID-19aren kontrako prebentzioa bermatuz. Horren harira, Gazteria Zerbitzuak hiru programa aurkeztu ditu udazken-neguko denboraldirako. Xtraklub, Gauekoak eta Gazte Klik Klak dira, aisialdirako kalitateko aukerak, erakargarri eta seguruak.

“Gazteen aisialdirako eskaintzari eustearen alde egiten dugu, kulturari eta bertako artistei laguntzearen alde. Tokiko administrazioa garen aldetik, aisialdirako alternatibak eskaintzen jarraitu behar dugu, eta gazteei beren sormena garatzen laguntzeko aukera ematen. Oraingoan, 12 eta 30 urte bitarteko pertsonentzako jarduerak eskaintzen ditugu. Osasunaren arloko berme guztiekin beti. Ahalegin handia egin dugu protokoloak eta prebentzio-neurriak lantzen, jarduerak segurtasunez gara daitezen COVID-19ari dagokionez“, azaldu du Gazteriako zinegotzi Miren Fernández de Landak.

Hiru programa hauek aurkeztu dira gaur goizean:

Xtraklub: aisialdi, kultura eta abentura jardueren programa, 12-18 urtekoentzat. Informazio gehiago

Gauekoak: aisialdia eta kultura programa, 16-30 urtekoentzat. Informazio gehiago

Gazte klik Klak, argazki eta bideo lehiaketa, 14-25 urtekoentzat. Informazio gehiago

Share

Zigorra urratzeagatik atxilotua

Udaltzainek atzo 46 urteko gizonezko bat atxilotu zuten ustez zigorra urratu izanagatik.

Salburua auzoko edukiontzien alboan topatu zuten herritarren dei batek norbait bertan lotan zegoela ohartarazi ostean. Identifikatzeko garaian egiaztatu zuten bikote ohiarekiko urruntze-agindua zuela indarrean eta bikotekide ohia topatu zuten lekutik metro gutxira bizi dela. Hori dela eta, atxilotu eta epailearen esku utzi zuten.

Deskuiduen aurkako kontrol-kanpaina

Gasteizko udaltzaingoa, aste honetan, deskuiduak eta zirkulazioko arreta-falta eragiten duten tresnen eta gailuen erabilera kontrolatzera zuzendutako trafikoko kanpaina berezia ari da egiten. Hainbat jarrera antzematea da helburua: gidatzen ari diren bitartean musika-entzungailuak erabiltzea, GPS gailuak modu arduratsuan ez erabiltzea, eta batez ere, “eskuak libre” motakoak ez diren telefono mugikorreko gailuak erabiltzea.

Esku-hartzea urtegian

Suhiltzaileek Uribarri Ganboan urtegi ertzean zegoen eta orkatilan lesioak zituen pertsona bati lagundu zioten atzo. Zodiak batekin aurkitu eta zauritua anbulantziaraino eraman zuten.

 

Share

Adinekoentzako zentroen aire zabaleko udako zinema-zikloa, Yesterday filmaren proiekzioarekin.

 

Ostegunean, gaueko beste saio bat izango da San Andres kiroldegiaren kanpoko saskibaloi kantxan

 

Irailaren 17an, osteguna, adinekoentzako zentro soziokulturalek antolatuko udako zinema-zikloaren bigarren saioa izango da San Andres kiroldegiaren kanpoko saskibaloi kantxan. 21:30etik aurrera, 120 lagun, gehienez, Danny Boylek zuzendutako Yesterday” komedia musikalaren proiekziora joan ahalko dira. Ospetsu izatearekin amets egiten duen kantautore britaniar baten historia kontatzen du, zeinek istripu baten ostean, Beatles taldea gogora dezakeen talde bakarra dela konturatuko da.

Sarrera doakoa izango da, lekuak bete arte. Covid-19 a dela eta, hainbat neurri hartu dira bertaratuen segurtasuna bermatzeko: maskara nahitaez erabiltzea, gel hidroalkoholikoarekin desinfektatzea, segurtasun-distantziak mantentzea, eta bertaratuen joan-etorriak kudeatzea, besteak beste.

Adinekoentzako zentro soziokulturalek udan herritar ororentzako jarduerak eskaintzen dituzten laugarren urtea da. Uztailaren 23an, esaterako, “Green Book” filma proiektatu zen.

Lantegiak eta ikastaroak

Beste alde batetik, adinekoentzako zentro soziokulturalek gogorazi egiten dute irailaren 27an amaituko dela 2020-2021ko jardueretan izena emateko epea, eta irailaren 30ean irekiko dela hutsik geratu diren lekuetan izena emateko epea.

Ikastaro eta lantegi horiek urriaren 13an hasiko dira, eta egun batzuk lehenago, urriaren 1ean, osasun-parkeetako jarduerari ekingo zaio. “Ahal den neurrian, zentroan martxa berreskuratzen saiatzen gara, pandemia-egoerak uzten digun neurrian.Hori dela eta, urratsak ematen ari gara, pixkanaka baina irmo, normaltasunerantz. Zerbitzuak ireki eta jarduerak antolatzen ditugu adinekoen eskura jartzeko, horiek baitute lehentasuna guretzat“ adierazi du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Share

Udalak ongietorria eman die 169 funtzionario berriri

 

A eta B taldeetarako —goi eta erdi mailako titulazioei dagozkienak— egin zen LEPean sartutako 169 funtzionariori harrera egiteko eta haiek lanpostuaz jabetzeko ekitaldia egin da gaur goizean, Europa jauregian. Hiru hilabeteko praktikaldiari ekingo diote orain, behin betiko izendatzen dituzten arte.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek ongietorria eman die langile berriei, eta udal administrazioan betetzekoak diren zeregina nabarmendu du; izan ere, administrazioak hainbat erronkari egin behar die aurre, hala nola modernizatzea eta herritarren beharrizan berriei egokitzea. “Udal funtzionarioek ez dute alderdi politiko edo alkate jakin batentzat lan egiten, hiri oso batentzat baizik. Gaur, inoiz baino gehiago, gasteiztarrek zerbitzu publiko hurbila, arina eta eraginkorra eskatzen digute, erronkei erantzuteko gauza dena, COVID-19aren pandemiarekin egiten ari garen bezala“, adierazi du alkateak. Haren hitzetan, “egunero gasteiztarren beharrei erantzuten dien ia 3.000 pertsonako talde horretan sartzea ohore handia da, erantzukizun handia, administrazio publikoa lanbide aberasgarrienetako bat baita“.

Urtaranek adierazi duenez, 169 langile horiek sartzea beste urrats bat da agintaldi honetako helburu nagusia betetzeko: udal plantillaren bitartekotasun-tasa digitu bakarrekoa izatea. Ongietorria emateko ekitaldia hemendik aurrera beren gain hartuko dituzten zereginekiko lehen harremana izan da langile berrientzat. Gizarte Politiken zuzendari Sara Buesak hitzaldi bat eman du, eta udaleko zenbait sail eta zerbitzuetako arduradunek ere hartu dute parte.

Lanpostuaz praktikaldian jabetu direlarik, LEParen bidez eskainitako lanpostuen % 97 bete dira; orotara 7.662 eskabide aurkeztu ziren. Gaur funtzionario karrerari ekin diotenen % 76,3 emakumeak dira, eta batez besteko adina 46,31 urtekoa da, hau da, udal plantillaren batez besteko adinetik (48 urte) beherakoa.

Nabarmentzekoa da funtzionario berriek aurretik zuten esperientzia. Izan ere, ia bi herenek 10 urtetik gorako esperientzia dute administrazioan, eta % 28k, 5 eta 10 urte bitartekoa; Udalak ematen duen zerbitzuaren jarraitutasuna bermatzen du horrek.

Share