Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-09-28)

Prentsaurrekoa. Udal Musika Bandaren ‘Berriz elkartzearen zirrara’ kontzertua aurkeztea

Parte hartzaileak. Udal Musika Bandako zuzendari Luis Orduña; eta Luis Gonzalez, tronpeta solista

Eguna. Astelehena, irailak 28

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

Share

19 urteko gazte bat atxilotu dute bikotekideari eraso egiteagatik

Udaltzainek 18 urteko gazte bat atxilotu zuten atzo genero-indarkeriaren delituaren ustezko egilea izateagatik 19 urteko bere bikotekideari eraso egin ziolako. Bikotekidea izan zen udaltzainei dei egin ziena.

Sansomendin gertatu zen guztia eta erasotutako gazteak ezpainean zauriak jasan zituen. Ustezko erasotzailea bere etxean atxilotu eta, izapidetzeak formalizatu ostean, epailearen esku utzi zuten. Bien bitartean, biktimari Santiago ospitaleraino lagundu zioten.

 

Sutea etxebizitza batean

Suhiltzaileek Bolivia kaleko etxebizitza bateko sutea itzaltzen lan egin behar izan dute bart gauean, 03:00ak baino zertxobait geroxeago. Iritsi zirenerako, udaltzainek su-itzalgailu bat hustuta eta etxebizitzako biztanleak aterarazita zituzten.

Sutea itzalitakoan (logela batean izan du eragina), PSISZeko langileek etxebizitza aireztatu eta komunitate osoan monoxidorik ez zegoela egiaztatu dute.

 

Share

2030 Agendaren garapen jasangarrirako helburuen aldeko adierazpena

Gasteizko udaleko udalbatzak bere egin dezan 2030 Agendaren garapen jasangarrirako helburuen aldeko adierazpena (FEMPek XII. osoko bilkuran onetsia), eta 2030 Agendaren garapen jasangarrirako helburuak (gjhak) garatzeko toki-erakundeen sareari atxiki dadin.

Hauxe jakinarazi zuen 2020ko ekainaren 29an Iraungarritasun, Klima eta Energia Zerbitzuaren buruak:

“2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJHak) garatzeko Espainiako Udalerri eta Probintzien Federazioaren (FEMP) toki-erakundeen sarea osatzen dute udal-politika publikoetan zeharkako 2030 Agendaren GJHak lokalizatu eta zeharka inplementatzeko konpromisoa hartu duten gobernu lokalek.

Gobernu lokalen artean jarduketak koordinatzen laguntzera zuzenduta dago sarea, hartara emaitza hobeak lortzeko udalerrietan 2030 Agenda inplementatzean, esparru lokaleko garapen iraunkorreko helburuak lokalizatu eta garatuz.

Sareak beren helburuan lortzen laguntzeko tresnak eskainiko dizkie gobernu lokalei, Espainian 2030 Agendaren inplementazioarekin bat etorrita. Horrez gain, Covid-19ak eragindako krisialdiari aurre egiteko tresnak, jarraibideak, informazioa eta proposamenak eskainiko dizkie gobernu lokalei; hain zuzen ere, 2030 Agendaren premisa nagusietako bat aintzat hartuta, zein baita inor atzean ez uztea.

 

Sarearen helburu nagusien artean honako hauek daude:

  • Toki-erakundeetan 2030 Agendako GJHen ezagutza, sentsibilizazio eta ezarpena sustatzea, erakunde-sendotzearen eta tokiko eragileen inplikazioaren bitartez.
  • Tokiko agintariei 2030 Agendaren garapenenean dagokien zeregin estrategikoa sendotu eta legitimatzea, hartara eragin politiko ahalik eta handiena lortzeko asmoz, halako moduan non sareko lana sustatuko den, eta aliantzak bilatuko, kohesio-politikoa eta eragile zein maila anitzeko (zentrala, autonomikoa, tokikoa) egitura osatuko den, tokian-tokian 2030 Agenda eraiki eta inplementatzeko.

 

Bertako kide diren gobernu lokalen artean esperientziak trukatzeko foroa izan nahi dut sareak, eta orobat eskaini horiei aholkularitza- eta laguntza-zerbitzuak, eta teknikariei prestakuntza.

2030 Agendaren GJHak garatzeko toki-erakundeen sareari atxikiz, jarduketa-multzo bat definitzeko konpromisoa hartzen du Gasteizko Udalak, eta Udalbatzak onetsitako Jarduketa edo Estrategia Lokalaren Plan batean bildu beharko da hori, egoeraren analisiarekin eta 2030 Agendaren GJHak lokalizatu eta inplementatzeko plan batekin batera.

Aldi berean, agente lokal eta ekonomiko guztiek eta udal-bizitzan ordezkaritza duten herritar-organizazioek parte hartzeko informazio- eta sentsibilizazio-prozesu bati ekin beharko zaio, 2030 Agendaren inplementazio lokalean inplikatu daitezen.

Horrez gain, Sareko kide diren hiriek bere egin beharko dute, Udalbatzaren onarpenarekin, 2030 Agendaren aldeko Adierazpena, FEMPek XII. Osoko Bilkuran onetsia.

2030 Agendaren GJHak garatzeko toki-erakundeen sarearen helburuak guztiz lerrokatuta daude Gasteizko Udalaren helburuekin, eta aukera egokitzat jotzen da Udala sare horri atxikitzea, balio eta helburu beren inguruan konprometituta dauden beste udalerri batzuekiko elkarlana sendotzeko asmotan”.

Erabaki honi 2030 Agendaren GJHak garatzeko toki-erakundeen sareari atxikitzeko formularioak eransten dira.

Horrenbestez, eta aintzat hartuta Toki Jaurbidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 123.1 f artikulua eta Udalbatzaren Araudi Organikoaren 259 artikulua, erabaki hau har dezan proposatzen zaio Gasteizko Udalaren Udalbatzari:

 

ERABAKIA

LEHENA.- Udalbatzak bere egitea 2030 Agendaren aldeko Adierazpena, FEMPek XII. Osoko Bilkuran onetsia.

BIGARRENA.- Gasteizko Udala 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuak garatzeko toki-erakundeen Sareari atxikitzea onestea, eta horrenbestez, bere gain hartzea konpromiso hauek:

  • Parte-hartze bidez Jarduketa edo Estrategia Lokalaren Plan bat jorratzea, non egoeraren analisia egingo den, bai eta 2030 Agendaren GJHak lokalizatu eta inplementatzeko plan bat osatu ere.
  • Sarearen funtzionamendu-arauetan ezartzen diren betekizunak betetzea eta eskubideak baliatzea.

 

Share

Moriako errefuxiatu kanpamenduaren egoera larriari buruzko adierazpen instituzionala

Irailaren 8an, sute handia izan zen Moriako errefuxiatuen kanpamenduan, non ia 13.000 pertsona bizi ziren egoera ez onargarri batean lehendik ere. Pertsona horien egoera, hortaz, larriagotu egin da Covid-19ren pandemia bete-betean. Ondorioz, milaka pertsonak zuten apurra galdu dute eta ihes egin behar izan dute, gainera poliziak Mitilinira, uharteko hiriburura, doan errepidea blokeatuta daukala.

4000 haur baino gehiago ebakuatu dituzte Lesbosetik Greziako iparraldera, eta 1.000 pertsona inguru ere, ahulenak direnak, ebakuatuko dituzte. Giza tragedia honen aurrean emergentziazko erantzunak behar dira, kolektibo guztientzat, bai eta Europan egiturazko neurriak onartzea migrazioen fenomenoari errotik heltzeko, argi aurreikusten delako honek luze jo dezakeela.

Horri guztiari gehitu behar zaio Greziako gobernuak azken hilabeteotan legeak gogortu eta poliziaren kontrol handiagoa ezarri duela, eskuin muturrak iheslariei eta Gobernuz Kanpoko Erakundeei (esaterako, Zaporeak Proiektuari) erasoak egin dizkiela, eta Europar Batasunak arlo horretan erakutsi duen axolagabekeria; izan ere, Europar Batasuna ez da gai izan duela bi urte ezarri ziren birkokapen-kuotak betetzeko, berez eskasak ziren kuota batzuk, Europako kostaldeetara heltzen ari zen pertsonen kopuruak ikusita.

Europar Batasunak asilo- eta immigrazio-politika komun bat diseinatu behar du Europarako, pertsona guztien ongizate eta giza eskubideen egoera bermatze aldera, jakinda aldizka etorri diren migrazio-oldeen aurrean abian jarri diren ekintzek porrot egin dutela.

Europarako politika komun bat da giza arazo zirraragarri honi konponbide integrala emateko bidea ireki dezakeen erantzun bakarra. Politika bat abian jarriko dituena asilo-eskubidea bermatzeko Europako Batasunaren itunean eta oinarrizko Giza Eskubideen kartan jasotzen diren neurriak. Alde horretatik, premiazkoa da bisa humanitarioak jasotzea Europako agendan, ahalbidetzeko Europarako asiloa eskatzen dutenei era seguruan sartzea, gatazkan diren herrialdeen mugan dauden harrera-zentroak zabaltzea eta Europako herrialdeen artean errefuxiatuen kuotak banatzeko irizpideak eta sistema definitzea.

Gizalegearen, elkartasunaren eta erantzukizunaren balioak beti dira beharrezkoak, are gehiago une honetan errefuxiatutako pertsona horientzat.

Horregatik guztiagatik :

Gasteizko Udalak:

  • Elkartasuna adierazten diete pertsona errefuxiatuei, beren eskubideen urraketa sistematikoaren eta bizi duten babesgabetasun eta zaurgarritasun egoeraren aurrean.
  • Dei egiten dute Europan mobilizazioa egin dadin, lekualdatze- eta birkokatze-prozesua aktibatzeko, nazioarteko legeria, Genevako Konbentzioa, giza eskubideen arloko itunak eta Nazioarteko Zuzenbidea betez, inolako bazterketarik gabe.
  • Europako instituzioei eskatzen diete dibertsitatearen balioa aitortu dezatela, eta perspektiba hori jaso dadila migrazio-fluxua erregulatzeko politiketan, funtsezkoa baita hori XXI. mendeko Europa berria garatzeko.
  • Instituzioei eskatzen diete ezen, lankidetzan arituz eta bakoitzaren eskumenetara egokituz, erantzun premiazkoak, eraginkorrak eta iraunkorrak eman diezazkiotela Europak migrazioaz duen erronkari
Share

Beste urrats bat BEAren kotxetegiak hartuko dituen eta TUVISA lekuz aldatuko den lursaila prestatzeko


Urtaranen gobernuak orain arteko udal mintegia izandakoaren eraikinak eraisteko lanak esleitu ditu. Bertan, udal garraio elkartearen instalazioak, aparkalekuak, zamalanetarako guneak, tailerrak eta bulegoak eraikiko dira

Urtaranen gobernuak beste urrats bat egin du gaur BEAren garajeak hartuko dituen lursaila prestatzeko lanetan. Epe luzeagora, Tuvisako instalazioak eta bulegoak lekuz aldatuko dira bertara. Gobernu Batzordeak Orizon Constructora y Medio Ambiente S.L. enpresari esleitu dizkio orain arte udal mintegia izandakoaren eraikinak eta instalazioak eraisteko lanak, 96.354 euroko aurrekontuarekin eta 8 asteko epearekin.

Kontratuaren bitartez, behar diren elementuak eraitsiko dira haztegiaren lursailean, gerora TUVISAren kotxetegiak instalatzeko. Zehazki, eraikin hauek eraitsiko dira: etxebizitza/bulegoa, ibilgailuak gordetzeko hangar bat, erabilera askotarako nabe bat, egurra eta bestelakoak gordetzeko teilape bat, berotegia eta etxola bat.

Haztegiko baso zabala ia osorik utziko da, hiriko azpiegitura berdearen barruan, ingurumen balioa baitu. Haztegian zeuden landareei dagokienez, berriz,  Parke eta Lorategien Zerbitzua horien zati bat hiri osoan landatzen aritu da azken hilabeteetan, haztegiko bolumena jeitsiz. Beste guztia Olarizuko ingurumen parkera eta lorategi botanikoko baratzeetara eramango da. Etorkizunean han garatuko da udal haztegia.

BEAren kargatze-unitate funtzionala aipatutako lursailean eraikitzeko erakundeen arteko lankidetza sinatzea onetsi zuen Udalak; kargatze geldoko sistemak 5,6 milioi euroko inbertsioa izango du. BEArako eta hiriko autobus flotarako kotxetegien eta tailerren eraikuntza faseka egingo da. Lehenengo fasean autobus adimendunaren kargatze-unitate funtzionalerako beharrezkoak diren instalazioak egingo dira.

Kotxetegi berriek 52.000 m2 hartuko dute. Horietatik, 16.000 m2 BEAren kargatze-unitate funtzionalerako izango dira, autobus elektriko adimendunaren eraginkortasuna bermatzeko beharrezkoa den azpiegitura barne. Instalazioek 13 autobus elektrikoetarako aparkaleku plazak eta dagozkien markesinak, tailer mekanikoa, unitateak garbitzeko tokiak, aldagelak, perimetro-itxitura eta urbanizazioa izango dituzte.

Ondorengo fase batean, Gasteizko Udalak Tuvisako kotxetegiak, lantegiak eta eraikin administratibo berria eraikiko ditu lursail berean. Instalazioek bulegoak eta aldagelak izango dituzte, bi solairutan banatuta; orotara 1.878 m2 hartuko dituzte. Horrez gain, 1.213 m2-ko biltegia eta 2.884 m2-ko tailerra izango dituzte, BEAren mantentze-lanetarako eremuak aparte daudelarik. Garbiketarako eremuak berberak izango dira autobus guztientzat, eta 1.858 m2 hartuko dituzte. Nasen gune estaliak 110 autobus hartu ahalko ditu guztira, eta etorkizunean flota osoa elektrifikatuko dela kontuan hartuta, 10.029 m2-ko markesina bat izango du; panel fotovoltaikoak instalatuko dira horretan, ahalik eta energia-eraginkortasun handiena lortzeko.

Oinezkoentzako eta bezeroentzako arretarako sarbidea Juan Crisostomo de Arriaga kaletik egingo da, eta autobusak Zadorra hiribidetik sartuko dira, autobusen zirkulazioa hurbilen dauden etxebizitzetatik urruntzearren. Bigarren fase horren horren lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 17.895.628 eurokoa da, eta egikaritze-epea, 9 hilabetekoa

Share

Beste sei suhiltzaile sartuko dira Prebentzio eta Su Itzaltze Zerbitzuko azpieskala operatiboan

Tokiko Gobernu Batzarrak Prebentzio eta Su Itzaltze Zerbitzuan kabo lanpostuak betetzeko barne deialdia handitzea onetsi du gaur goizean. 2019ko martxoan onetsi zen deialdia, hasiera batean bi ofizialorde eta zazpi kabo lanpostu betetzearren. Geroztik, zenbait leku hutsik geratu da udalaren lanpostuen zerrendan; hori dela kausa, beste sei kabo lanpostu gehitzea erabaki da.

Hartara, Prebentzio eta Su Itzaltze Zerbitzuko azpieskala operatiboa baliabide gehiagoz hornituko da, eta horri esker, “suhiltzaileen lana eraginkorragoa izan ahalko da“, azpimarratu du Giza Baliabideen zinegotzi Iñaki Gurtubaik.

Gaur handitu den barne-sustapenaz gain, Gasteizko Udalak 15 suhiltzaile lanpostu eta 5 inspektoreorde lanpostu betetzeko LEP bat egin zuen duela bi urte.

Share

Slow Food Araba elkartearekin hitzarmena egitea onetsi da, tokiko produktuen kontsumoa sustatzearren

Tokiko Gobernu Batzarrak Gasteizko Udalaren eta Slow Food Araba elkartearen arteko lankidetza-hitzarmena onetsi du, zeinaren helburua tokiko produktuak kontsumitzearen inguruko sentsibilizazio-programa bat garatzea baita, eta Udalak 12.000 euro jarriko ditu horretarako. Aurreko urteetan ere egin izan da programa, baina oraingoan ezaugarri bereziak izango ditu, COVID-19aren ondorioei egokitu beharko baitzaie.

Sentsibilizazio programaren zati garrantzitsu bat umeei zuzendutakoa da: nekazaritza eta abeltzaintzaren alorretako profesionalen bisitak ikastetxeetara. Proiektu pilotu horretan, ikasleak ustiategietara joatea aurreikusten zen hasiera batean, baina ezinbestean aldatu behar izan da, pandemiak sortutako zailtasunen aurrean berme osoarekin garatu ahal izateko.

Saioen osagarri bideoak eta jarduera didaktikoak baliatuko dira; tokiko ekoizleek egiten duten lanaz kontzientzia harraraztea da helburua, eta elikadura osasungarria sustatzea, zero kilometroko produktuen laborantza- eta kontsumo-eredu batean oinarrituz.

Herritarrei oro har zuzendutako jarduerak ere barne hartzen ditu tokiko produktuen kontsumoaz sentsibilizatzeko programak, hala nola tokiko produktuen aurkezpenak, dastatzeak, lantegiak eta dastamenaren laborategiak. Osasunaren alorrean indarrean dagoen legedia beteko da une oro.

Orobat, elikadura-ohitura jasangarriei buruzko hitzaldiak emango ditu Slow Food Arabak Gasteizko zenbait ikastetxetan, horietan ere osasun-segurtasuna kontuan hartuz. Azkenik, bertako produktuak zabalduz Gasteiz estatuan zein nazioartean ezagutaraztea aurreikusten du hitzarmenak.

 

 

 

 

Share

Batzorde informatiboak. Aurrez aurreko saioak

Datorren asteko (irailak 28-urriak 2) batzorde informatiboak aurrez aurrekoak izango dira eta udaletxeko 1. aretoan egingo.

Komunikabideentzako gunean gehienez ere lau kazetarik jarraitu ahal izango dute saioa, aurrez aurre. Gehiago izanez gero, Komunikazio Bulegoak beste leku batzuk izango ditu aukeran saioak jarraitu ahal izateko.

 

Share