Prentsa Oharren banner

Gasteizen egin da 2020ko Musika Bulegoa sariak banatzeko gala

Sarien bidez, Euskal Herriko 11 musika talde, artista, erakunde zein proiekturen lana aitortu dute

Gaur arratsaldean, Gasteizko Jimmy Jazz aretoak 2020ko Musika Bulegoa sariak banatzeko gala hartu du; sari horien bidez, Euskal Herriko 11 musika talde, artista, erakunde zein proiekturen lana aitortu dute.

Ekitaldia martxoan egitekoa zen, baina atzeratu egin behar izan zuten, COVID-19a dela eta. Indarrean dauden segurtasun eta osasun neurriak zorrotz bete dira, sektoreak kultura segurua delako mezua igorri nahi baitu.

Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok Zukan hirukoteari eman dio Musika Bulegoa sarietako bat, ‘Soinuzko begiradak. Toma 1’ diskoarengatik. Hauek eskuratu dituzte 2020ko edizioko gainerako sariak:  Zea Mays, Xabi Aburruzaga, Pascal Gaigne, Niña Coyote y Chico Tornado, Maite Larburu, Kafe Antzokia, Euskal Barrokesemble, Eresbil, Dupla eta Baloreak. 2.000 euro eta Fernando Mikelarena artistak sortutako eskultura bana jaso dituzte.

Ilaski Serranok aurkeztu du ekitaldia, eta zuzeneko musika ere izan da. Publikoak Xabi Aburruzaga trikitilari eta konpositorearen melodiez, Zukan hirukotearen lan bikainaz eta Duplaren musika kontzeptualaz —popa, elektronika eta hip hop estetika nahasten dituena— gozatzeko parada izan du.

Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak sortu ditu Musika Bulegoa sariak, zeinak Gasteizko Udalaren, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eta Etxepare Euskal Institutuaren laguntza baitu.

 

 

 

Share

Herritarrek zuzenean ezagutu ahal izan dute 2021erako ordenantza fiskalen proiektua

Ohi bezala, Ogasuneko zinegotzi Iñaki Gurtubaik 2021erako udal zerga, tasa eta prezio publikoen proiektua aurkeztu du auzogune, elkargune eta herritarrei oro har irekitako entzunaldi publikoan. Bertaratuek zuzenean ezagutu ahal izan dute datorren urterako proposamena: zerga guztiak izoztea, COVID-19aren pandemiak eragindako krisi ekonomikoa kontuan izanik. Proiektuak, halaber, 2022. eta 2023. urteetarako tasa eta prezio publikoak % 2 igotzea aurreikusten du, Gasteizen aldeko itun ekonomikoari buruzko lantaldean adostutakoari jarraituz.

Datorren astean, 2021erako ordenantza fiskalen eztabaidan herritarrek parte hartzeko beste aukera bat izango da, Gizarte Kontseiluak bilera egingo baitu gobernu taldeak aurkeztu duen zerga proiektuari buruzko txostena lantzeko.

Share

Prentsa-deialdiak (2020-10-01)

Nazioarteko Adinekoen Eguneko adierazpena irakurtzea

Parte hartzaileak. Gizarte Politikak, Adinekoak eta Haurrak Arloko zinegotzi Jon Armentia; eta Adinekoen Zentro Soziokulturaletako adineko ordezkariak

Eguna. Osteguna, urriak 1

Ordua. 11:00

Tokia. Arka plaza

———————————

Prentsaurrekoa. Indarkeria Matxistaren prebentzio kanpaina

Parte hartzaileak. Berdintasun zinegotzi Miren Fernandez de Landa

Eguna. Osteguna, urriak 1

Ordua. 12:15

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Gasteizko herritarren postontziak 1.052 galdera jaso ditu mugikorretarako aplikazioaren bidez, aurreko hiruhilekoan baino % 8 gehiago

 

  • Gasteiztarrek herritarren postontzia baliatu dute itxialdian eta deseskalatzean nola jokatu behar zuten argitzeko.
  • TUVISA eta kirol instalazioekin lotutako kontsultak hirukoiztu egin dira, eta Udaltzaingoarekin eta herritarrentzako arretarekin lotutakoak, bikoiztu.

Gasteizko Udalaren herritarren postontziak 6.105 gai erregistratu zituen 2020ko bigarren hiruhilekoan. 2019ko hiruhileko beraren aldean % 29,5 hazi da gaien kopurua. Jasotako iradokizun eta eskaeren % 95 inguru itxi dira, beraz, erantzun mailak oso handia izaten jarraitzen du.

Mugikorretarako aplikazioaren bidez 1.052 iruzkin iritsi dira, aurreko hiruhilekoan baino % 8 gehiago. 251 iruzkinetan argazkia erantsi da. Espazio publikoak, mugikortasunak, garraioak eta herritarren segurtasunak metatzen dituzte mugikorrez jasotako mezuen erdia baino gehiago.

Kexak edo erreklamazioak adieraztean gain, gasteiztarrek herritarren postontzia baliatu dute covid-19ak eragindako itxialdian nola jokatu behar zuten argitzeko. Hori dela eta, normalean gehiegi nabarmentzen ez diren gai-arloetan hazi egin da jasotako gaien kopurua: esate baterako, herritarrentzako arretarekin eta Udaltzaingoarekin lotutakoak bikoiztu egin dira hiruhileko horretan. Garbiketa publikoari eta hondakinen bilketari dagokienez, % 17,40 hazi da jasotako mezuen kopurua; TUVISAri buruzko kontsultak, berriz, nabarmen handitu dira, aurreko hiruhilekoaren aldean hirukoiztu egin baitira, baita kirol-instalazioekin loturiko mezuak ere.

Bide publikoko kalteekin, argiteria publikoarekin zein seinale eta balizekin lotutakoak, aitzitik, ia erdira jaitsi dira aurreko hiruhilekoaren aldean.

Udaleko sailek azkar erantzuten jarraitzen dute. Hamar egun baino gutxiagoan erantzundako gaien ehunekoa berriro hazi da, % 93 izatera iritsi baita, hau da, aurreko hiruhilekoan baino lau puntu gehiago, eta duela urtebete baino % 3 gehiago.

Borja Rodríguez, Herritarren Partaidetzaren zinegotzia: “Postontzian jasotzen diren datuen analisiak herritarren kezkak zuzenean ezagutzea ahalbidetzen digu, eta udalaren kanal desberdinen bitartez ematen den informazioa hobetu eta egokitzea. Ziurgabetasun orokorreko egoera honetan, gainera, gure herritarren postontzia erreferentziazkoa da iradokizun eta erreklamazioen tratamenduari dagokionez. Iruzkinak eta erantzunak publikoak dira, eta horrek gardentasuna sustatzen du, udal administrazioaren eraginkortasuna etengabe aztertzen baita.”

 

Share

Vitoria-Gasteizko Udalak parte hartuko du Euskadiko merkataritza eta turismo bonuen programan

Alkate Gorka Urtaranek, Eudeleko presidente legez, eta lehen alkateorde eta Merkataritza Sustapen zinegotzi Maider Etxebarriak parte hartu dute gaur Eusko Jaurlaritzako merkataritza eta turismo bonuen aurkezpenean, zeini horiei esker 8,7 milioi sartuko baitute merkatuan. Plana euskal erakundeen baterako lanaren emaitza izan da, eta 5, 10 eta 20 euroko deskontuak eskainiko dituzte modalitate ezberdinen arabera; bonuak urriaren 28tik aurrera erosi ahal izango dira.

Etxebarriak programaren abantailak aprobetxa dezaten eskatu die herritarrei, zeren eta “inoiz baino gehiago laguntza behar duten sektoreak” babestuko baititu. Krisiak eragin nabarmena izan duela arlo sozial eta ekonomikoan azaldu du zinegotziak “eta orain errealista izatea, indarrak batzea eta irtenbideak eskaintzea dagokigula”.

Informazio gehiago:

www.euskadibonodenda.eus

www.euskaditurismobono.eus

Share

Ogasunaren eta Herritarren Partaidetzaren… eta Herritarren Segurtasunaren eta Udal Administrazioaren Batzordeak 2020-10-07

Webgunean eskuragarri daude Ogasunaren eta Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen Batzordeak urriaren 07an, 9:00etan, gai-zerrenda eta  Herritasunen Segurtasunaren eta Udal Administrazioaren Batzordeak egun bereko 12:00etan egingo dituzten ohiko bilkuren gai-zerrenda.

Share

Urriaren 1etik aurrera, sei erakusketa egingo dira 2020ko Arabaclik topaketaren barruan

Horretaz gain, argazkigintza eta mugikorraren II. topaketak lau lantegi eta bi zabalkunde jarduera proposatzen ditu

 

Arabaclik argazkigintza eta mugikorraren II. topaketak 2020ko ediziorako jarduera-programa aurkeztu du gaur goizean prentsaren aurrean. Ekitaldiari laguntzen dioten hiru erakundeen ordezkariak izan dira aurkezpenean: Estíbaliz Canto, Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zinegotzia; Ana del Val, Kulturako foru diputatua, eta Arantxa Ibáñez de Opacua, Vital Fundazioko zuzendaria.

Bertan izan dira, halaber, Iñigo Antia, Arabacliken koordinatzailea, eta Jose Antonio Eguiara, Fotogasteiz elkartearen ordezkaria. Haiek azaldu dutenez, lehiaketaren aurtengo edizioan 740 argazki jaso dituzte guztira, 50 egilerena.

Arabaclick-ek 230 argazki onenak hautatu ditu, eta horiekin sei erakusketa antolatu. Horietako bost Arabako hiriburuan jarriko dira ikusgai, urriaren 1etik 18ra, eta seigarrena Agurainen, urriaren 12tik 25era.

“Lehiaketa honek adierazteko bide bat eskaintzen du, eta aurten garrantzi handiagoa hartzen du, hala esan badaiteke. Izan ere, itxialdiaren ondoren lozorrotik esnatzen den bizitza harrapatu nahian atera dira argazkilariak kalera. Gasteiztarrak erakusketetara joatera animatzen ditut, eguneroko irudien edertasuna miresterik izan dezaten”, nabarmendu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Atarian naturarekin lotutako argazkiak ikusi ahalko dira; Sancho el Sabio fundazioan, Arabako paisaiak, eta Amarika aretoan, zuri-beltzeko argazki urbanoak. Vital Fundazioaren erakusketa aretoan, berriz, koloretako argazki urbanoak jarriko dira, eta El Corte Inglés saltokiko pasabidean, pertsonen irudiak.

Aguraingo ZabalArte zentroan, azkenik, 36 argazki erakutsiko dira (gai bakoitzeko sei onenak). “Lurraldeko gizarte etxe eta kultur zentroei ere eskainiko zaie erakusketa jartzeko aukera, argazkigintzak emozioak transmititzeko duen balioa agerian uztearren“, iragarri du.

Jarduera osagarriak

Erakusketen osagarri antolatu den jarduera-programak lau prestakuntza-lantegi eta bi zabalkunde-jarduera barne hartzen ditu.

Urriaren 3an (larunbata) “Argazkigintza urbanoa smartphoneaz” lantegia emango du Gustavo Bravok, Fotogasteiz argazkigintza eskolan. Hilaren 14an (asteazkena), Javier Berasalucek “Hiru dimentsioko anaglifoak” hartuko ditu gaitzat Amarika aretoan.

Leku berean egingo dira “Lau urratsetan” (Maialen Lacalle) eta “Argazkiak baino gehiago” (Koldo Mendaza eta Piko Zulueta) lantegiak. Biak hilaren 17an (larunbata) izango dira.

Zabalkunde-jarduerei dagokienez, Fotogasteiz argazkigintza eskolako zuzendari Gustavo Bravok hitzaldia emango du Amarika aretoan, urriaren 3an (larunbata), 12:00etan, “Kaleko argazkigintza” hizpide hartuta.

Azkenik, urriaren 21ean (asteazkena), 19:00etan, Arabacliken 2020ko edizioaren amaiera ekitaldia egingo da Vital Fundazioaren kulturunean: Arte eta Lanbide Eskolako irudi saileko ikasle Sebastián Bayo, Pato Furlong eta Raquel Calvoren lanak aurkeztuko dira, eta sail horretako irakasle Koldo Mendaza, Piko Zulueta eta Juan Arrosagarayk gidatuko dute jarduera.

Informazio gehiago

 

 

Share

Urriaren 2an (ostirala) amaituko da epea coronavirusari aurre egiteko materiala erosteko laguntza berriak eskatzeko

  • Gelak, maskarak eta manparak erosteko deialdi honetan, Udalak malgutu egin ditu betekizunak, saltegi eta enpresa gehiagotara iristearren

Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapenaren Sailak urriaren 2ra arte (ostirala) izango du zabalik epea saltoki eta enpresek osasun krisialdiak sortutako gastuei aurre egiteko laguntza berriak eskatzeko. Bigarren deialdi honek 200.000 euroko aurrekontua du babes- eta higiene-materiala eskuratzeko. Programa Ekonomia Suspertzeko Planean sartuta dago, zeinak COVID-19ak tokiko sare ekonomikoan duen eragina arintzeko asmo handiko laguntzak eta ekimenak biltzen baititu.

Diruz lagundu daitezkeen gastuen artean daude maskarak, eskularruak, aurpegia babesteko pantailak, manparak, prebentzioko eta higiene sanitarioko materiala eta instalazioak desinfektatzeko materiala, hala nola gel edo xaboi desinfektatzaileak. Birusak eragindako aholkularitza- eta kontsultoria-gastuak ere finantzatzen dira, baita itxialdian eraldaketa digitalarekin lotuta egin diren inbertsioak ere. Jarduera eten zelarik, ekipoak eta makinak martxan jartzeko beharrezko gastuak ere barne hartzen ditu. Aurkezten diren proiektuek gutxienez 500 euroko inbertsioa aurreikusi beharko dute saltoki, taberna, jatetxe eta ile-apaindegien kasuan, eta 1.000koa gainerako sektoreetan.

Alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak adierazi duenez, “laguntza hauek funtsezkoak dira hiriko sektore ekonomikoen eskari nagusietako bati erantzuten baitiote. Lehen deialdian 300 eskaeratik gora jaso ziren eta orain, elkarteen eskaria aintzat hartuta, malgutu egin ditugu betekizunak, dirulaguntzak merkatari, ostalari eta enpresari gehiagorengana irits daitezen.”

Sektorearen iradokizunek hainbat betekizun egokitzeko balio izan dute. Hala, bigarren deialdian 50 langile baino gutxiago (lehen deialdian 10 langile baino gutxiago) eta urteko negozio-bolumena 10 milioitik beherakoa duten enpresak aurkez daitezke (aurrekoan 2 milioitik beherakoa izan behar zuen). Halaber, kendu egin da negozioaren antzinatasunaren muga (lehen bi urtekoa zen).

Share

Gasteizek klima-aldaketaren kontrako konpromisoa berretsiko du Hiri eta Herri Iraunkorren Europako IX. Konferentzian

Ekitaldian 1.500 pertsonak baino gehiagok hartuko dute parte: tokiko eta eskualdeetako gobernuen, erakundeen eta antolakundeen ordezkariak; ikertzaileak, sektore pribatuko kideak eta herritarrak.

 

Gasteizek klima-aldaketaren kontrako konpromisoa berretsiko du Hiri eta Herri Iraunkorren Europako IX. Konferentzian. Irailaren 30etik urriaren 2ra arte egingo da konferentzia, ICLEI – Tokiko gobernuak erakundeak antolaturik eta Alemaniako Ingurumen Ministerio Federalak, Inbertsioen Europako Bankuak, Europar Eskualdeen Batzordeak, Baden-Württembergeko Ingurumenaren, Klima Babesaren eta Energiaren Ministerioak, Aalborgeko udalerriak eta Urban Europe entitateak lagundurik.

Alkateorde eta Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregik eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko zenbait teknikarik Gasteizek iraunkortasunaren eta klima-aldaketaren kontrako borrokan garatutako esperientziak eta jardunbide egokiak partekatuko dituzte, internet bidezko topaketetan; izan ere, Mannheim hirian egitekoa zen tokiko ordezkarien topaketa plataforma interaktiboetara bideratu behar izan da, pandemia dela kausa.

Hiru egun iraungo du konferentziak, eta Europak klima-aldaketaren kontrako borrokan duen jarreraren berri ikasi ahalko dute parte-hartzaileek. Iraunkortasunaren alorrean aitzindari diren hiriei —Gasteiz, besteak beste— entzungo diete, eredu ekonomiko alternatiboak aztertuko, eta digitalizazioaren gero eta zeregin handiagoaz eztabaidatuko. Konferentziak ondorio praktikoak ere izango ditu: Mannheimeko mezua, zeinak europar hiri eta herriek Europako Itun Berdea ezartzen eman beharreko hurrengo pausuak deskribatuko baititu.

Besteak beste, gai hauek landuko dira saioetan: justizia klimatikoa eta erresilientzia, digitalizazioak etorkizun iraunkorrean duen zeregina, sistema ekonomikoen arteko tentsioa, eta klimari buruzko itunen zeregina trantsizio iraunkorraren prozesuan.

Irtenbideak ere landuko dira hainbat alorretan: hiri-mugikortasun garbia, trantsizio energetiko iraunkorrerako politiken garapena, kontratazio publiko gizartearekiko arduratsua, eta plastikoa, eraikuntza eta bio-hondakinak ikuspegi zirkular batetik aztertzea.

Aldaketa globalak eraginkorragoak dira komunitate mailan errotzen badira, auzoan, pertsona bakoitzarengan. Aldaketa horiek beharrezkoak dira gure gizartean, kohesioa eta aldaketaren onarpena lortzeko, eta eraginkorragoak izango dira ikuspegi lokal eta komunitario batetik helduz goragoko maila global eta orokorrago batetik helduta baino. Eztabaida horretan, trantsizio horretan, funtsezkoa da udalen eta toki-erakundeen papera. Alkateen eta tokiko arduradunen europar foro horrek aukera garrantzitsua ematen digu hirioi giza garapenerako politikak eztabaidatu eta partekatzeko, garapen iraunkorreko helburuen eta Europako Itun Berdearen barruan“, azaldu du Ana Oregi alkateordeak.

Hiri eta Herri Iraunkorren Europako IX. Konferentziak aurretik leku hauetan egindako beste topaketa batzuen lekukoa hartzen du: Aalborg (Danimarka, 1994 eta 2004), Lisboa (Portugal, 1996), Hannover (Alemania, 2000), Sevilla (Espainia, 2007), Dunkerque (Frantzia, 2010), Geneva (Suitza, 2013) eta Euskadi (2016). Ekitaldian 1.500 pertsonak baino gehiagok parte hartzea aurreikusi da: tokiko eta eskualdeetako gobernuen, erakundeen eta antolakundeen ordezkariak; ikertzaileak, sektore pribatuko kideak eta herritarrak.

 

Share