Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-09-30)

Prentsaurrekoa. ‘Euskadi Turismo Bonua’ eta ‘Euskadi Bonodenda’ merkataritza eta turismo bonuak aurkeztea

Parte hartzaileak:

  • EUDELeko presidente eta Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran
  • Vitoria-Gasteizko alkateorde eta Ekonomía Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo zinegotzi Maider Etxebarria
  • Turismo, Merkataritza eta Kontsumo kontseilari Javier Hurtado
  • Arabako ahaldun nagusiorde eta Enpleguaren Sustapen, Merkataritza eta Turismo foru diputatu Cristina González
  • Bizkaiko Ekonomia Sustapen foru diputatu Amaia Basurko
  • Gipuzkoako ahaldun nagusiorde eta Merkataritza Sustapen, Turismo eta Nekazaritza foru diputatu Imanol Lasa
  • Donostiako Udaleko Turismo Iraunkorraren zinegotzi Critina Lage
  • Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu zinegotzi Xabier Ochandiano
  • Cámaras de Comercio Vascas-Eusko Ganberak erakundeko presidente eta Bilboko Merkataritza Ganberako presidente Jose Angel Corres

Eguna. Asteazkena, irailak 30

Ordua. 11:00

Tokia. Eusko Jaurlaritzako prentsa aretoa, Lakua 2

———————————-

Prentsaurrekoa. Arabaclik aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto; Kultura foru diputatu Ana del Val; Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibañez de Opakua; Arabaclick lehiaketako ordezkari Iñigo Antia; eta Fotogasteiz, Arabako Argazkilarien Elkarteko ordezkari Jose Antonio Eguiara

Eguna. Asteazkena, irailak 30

Ordua. 12:00

Tokia. Vital Fundazioko erakusketa aretoa (Posta kalea, 13-15)

—————————————

Musika Bulegoa sari banaketa

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Asteazkena, irailak 30

Ordua. 19:00

Tokia. Jimmy Jazz aretoa

 

Share

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Batzordea (Etenda) 2020-09-30

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Saileko zinegotzi ordezkariak karguari uko egin dionez, bertan behera geratu da Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Batzordeak 2020ko irailaren 30ean, asteazkena, egitekoa zuen bilkura. Gai-zerrendako puntuak hurrengo ohiko bilkurara (2020ko urriaren 14an) pasako dira.

Share

Atxilotua desobedientzia larriagatik eta udaltzain bati eraso egiteagatik

Udaltzainek atzo 52 urteko gizonezkoa atxilotu zuten erresistentzia, desobedientzia eta agintaritza-agenteen aurkako atentatua delituen ustezko egilea zelakoan. Guztia Koroatzearen kaleko ostalaritzako lokal batean gertatu zen, pertsona hori bezeroak molestatzen ari zelako eta, gainera, ez zituelako COVID-19ari aurre egiteko higiene- eta segurtasun-neurriak betetzen.

Establezimendura joan ziren udaltzainek gizonezkoa barruan erretzen topatu zuten eta, ondorioz, behin eta berriro eskatu zioten zigarroa itzaltzeko, musukoa janzteko eta lokaletik ateratzeko. Gizonezkoak ez zien jaramonik egin eta, udaltzainek kanpora ateratzen lagundu nahi izan ziotenean, haietako baten aurka egin zuen. Ondorioz, atxilotu egin zuten. Guardiako epaitegiari dagozkion eginbideak egin ostean, aske utzi zuten.

Ebasketa saltoki batean

Bestalde, udaltzainek atzo 28 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Arriagako Kofradiaren kaleko establezimendu batean ebasketa-delituaren ustezko egilea zelakoan.

Share

HEI-Herritarrentzako Eskola Irekiak hirugarren hiruhilekoari ekingo dio urriaren 8an, Rosa María Calaf kazetariarekin

  • Jarduerak doakoak eta aurrez aurrekoak izango dira, edukiera mugatuta eta prebentzio-neurriak hartuta, eta urriaren 1etik aurrera eman ahalko da izena

Gasteizko Udaleko Herritarren Partaidetzaren Zerbitzuak antolatzen duen HEI-Herritarrentzako Eskola Irekiak urteko hirugarren hiruhilekorako antolatu dituen jarduerak aurrez aurrekoak izango dira gehien bat. Hitzaldi eta eztabaida programa urriaren 8an abiatuko da, Rosa María Calaf kazetari ezagunak Europa biltzar jauregian emango duen hitzaldiarekin. Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen zinegotzi Borja Rodríguezek aurkeztu du gaur egitaraua prentsaren aurrean.

“Gizartea aldatzen ari da; beraz, gero eta beharrezkoagoa da herritarren artean eztabaida, hausnarketa eta kritikatzeko gaitasuna sustatzea. Udaleko Partaidetza Zerbitzuaren helburua da bizilagunen arteko elkarrizketa bultzatzea, krisialdian zaintzaileei laguntzea eta gazteei udal politikaren funtzionamendua eta partaidetza hurbiltzea”, nabarmendu du Rodríguezek. Zinegotziak gogoratu du, halaber, jarduera-programak aurrera egin ahala “arreta handiz jarraituko” dela “pandemiaren eboluzioa, eta beharrezkoa balitz, aurrez aurreko jardueretako batzuk online edo formatu mistoan emango lirateke”.

Zinegotziarekin batera, Vital Fundazioaren zuzendari Arantxa Ibáñez de Opacua izan da aurkezpenean; entitate horrek HEI Txiki Vital programan esku hartzen du, zeinak familia eta umeentzako lantegi, ikastaro eta bisitak eskaintzen baititu. Jarduera horietako asko Hiri Hezitzailea programaren bitartez eskaintzen zaizkie udalerriko ikastetxeei. Jardueren artean lantegi hauek nabarmendu daitezke: trebetasun sozialei buruzkoak, gatazkak positiboki konpontzeko; boluntariotza eta herritarren partaidetza; giza eskubideak, edo Udala ezagutzea.

“Azpimarratu nahi dut Vital fundazioak interes handia duela herritarren partaidetza eta ahalduntzerako programa honi laguntzeko, txikienak herritar orori dagozkien gaietan parte hartzeko moduan heziz. HEI Txiki Vitalek arreta berezia emango dio komunitatean bizitzeko behar diren trebetasun sozialak hobetzeari, baita Udala eta herritarren partaidetzarako bide nagusiak ezagutarazteari ere”, azaldu du Ibañez de Opacuak.

Kazetaritza, bizikidetza eta bisita gidatuak

Programaren helburua da herritarrei irekitako topaketarako eta prestakuntzarako espazioa sortzea, Gasteizko biztanleen parte hartzeko kultura hobetzen laguntzeko, demokrazia sendotzeko eta komunitateko erantzunkidetasuna sustatzeko,aktualitateko hainbat gairen inguruko informazio-, prestakuntza eta eztabaida-saioen bitartez.

Lehen jardueran Rosa María Calafek esku hartuko du, eta gaur egun informatzeak eta informatuta egoteak duen zailtasuna izango du hizpide. Informazioarekin kritiko izateak herritar aske bihurtzen gaitu izenburuaren pean, kazetariak azalduko du nola emozio publikoak askotan iritzi publikoa ordezten duen, eta informazio toxikoari aurre egiteko gaitasun kritikoa sendotzeko beharraz ohartaraziko.

Calaf, telebistan ibilbide luzeen eta askotarikoena egin duen kazetaria, RTVEren berriemailea izan da Estatu Batuetan, Moskun, Buenos Airesen zein Asia-Ozeano Barean. Kazetari katalanak hainbat gairi buruzko informazioa landu du: politika, ekonomia, gatazkak, hondamendiak, kultura eta gizartea.

Herritartasunerako Eskola Irekiaren hirugarren hiruhilekoko programazioak bi bisita gidatu eskainiko ditu udaletxera, familientzat. Udalaren antolakuntza (alkatea, Udalbatza, Tokiko Gobernu Batzarra, talde politikoak) eta administrazioarena azalduko dira horietan.

Orobat, Florida parkearen 200. urteurrenarekin lotutako bisitak prestatu dira Gasteizko familia eta haurrentzat. Urriaren 17tik 25era bitartean, hiriko parke enblematiko horren historia eta landareak ezagutu ahalko dituzte, era atsegin eta egokituan.

Harreman komunitarioekin lotutako zenbait lantegi ere sartu dira hiruhileko honetako jardueren barruan, covid-19aren pandemia hasi zenetik agerian geratu baita horien garrantzia, eta areagotu. Saio horiek Simone de Beauvoir elkarteen etxean egingo dira.

Batetik, Bizikidetza Behatokiak antolaturik, elkarrizketa metodoei buruzko saioak antolatu dira, indarkeria eta gatazkei aurrea hartzeko eta horrrelakoetan jokatzeko tresnak lantzearren. Mª Eugenia Ramos Pérez eta Laura López-Molina Rodríguez izango dira gidari, aditu baitira gatazken kudeaketa integralean eta bizikidetzaren sustapenean.

Bestetik, ahultasun-egoeran dauden pertsonei laguntzen dieten boluntarioentzako lantegi bat eskainiko da, egoera horri ahalik eta ondoen egin diezaioten aurre. Garazi Rodero Baraño eta Maider Aierdi Gaztelu-iturri psikologo eta bitartekariek emango dute lantegia.

Azkenik, Emma Ortiz prestatzaileak gidatutako bi lantegi izango dira, zeinetan elkarrizketa motak landuko baitira, baita elkarrizketa egoki eta eraginkorrak izatea ahalbidetzen duten gakoak eta trebetasunak ere.

Gonbit-txartela sartzeko

Jardueren agenda web-orri honetan kontsultatu daiteke: HEI-Herritartasunerako Eskolaren jarduerak.

Jarduerak doakoak dira, baina izena eman beharra dago, gizarte etxeetan, udalaren webgunean, HEIren aplikazioan edo 010 telefonoan.

 

 

Share

Adinekoen Nazioarteko Eguna gogoratzeko ekitaldi txikiak egingo dira erdigunean

Adinekoentzako zentro soziokulturalek tamaina txikiko jarduerak antolatuko dituzte urriaren 1a ospatzeko

Urriaren 1ean, adinekoentzako zentro soziokulturalek Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatuko dute, Gasteizko erdigunean tamaina txikiko eta asistentzia murriztuko jarduerak antolatuta.

Covid-19arekin lotutako prebentzio-neurriek baldintzatuko dute ospakizuna, ekitaldietan indarrean dauden higiene eta osasun neurriak beteko baitira, eta pertsonen kopuru txikia bilduko baitute.

Egun horren helburua da “zentro soziokulturalen erabiltzaileen errealitate ezberdinak ikusaraztea, adinekoei buruzko estereotipoak apurtzea, proaktiboak izateko aukera ematea eta beren desioak, errealitateak eta eskaerak ezagutzea“, azaldu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Zinegotzi ordezkariaren hitzetan, “gizarteak adinekoen ahalduntzea bultzatu behar du, gizartean, ekonomian eta politikan parte har dezaten bultzatuz haien inklusioa lortzearren, eta aurrez aurre dituzten ezberdintasunak eta ahultasun-egoerak ezabatzearren. Haien autonomiaren sustapenak gure helburuen erdian egon behar du; bestetik, haien ezagutza eta esperientzia baliatu behar ditugu. Gizarteari on egingo dio horrek eta, aldi berean, adinekoen bizitza hobetuko da”.

Zehazki, jarduera hauek antolatu dira urriaren 1eko goizean Adinekoen Nazioarteko Eguna dela eta:

  • Manifestu baten irakurketa Arka plazan.
  • “Pintamos y mucho” eta “Gu pintatu gogotik” lemak pintatzea.
  • Pankarta baten erakustaldia Andre Maria Zuriaren plazan. Bertan, hamar adinekok koreografia bat dantzatuko dute, eta minutu bateko isilaldia egingo dute covid-19a dela eta hil diren adinekoen alde.
  • Adinekoentzako zentro soziokulturaletako jarduera batzordeen ordezkarien arteko eztabaida, adinekoek “normaltasun berrian” duten egitekoaz.
  • Sophik (Psikopompoko kidea) adinekoen omenez konposatutako abestia aurkeztea.

Ekitaldiek gehienez 10 minutu iraungo dute, formatu txikikoak eta jendetzarik gabeak izan daitezen. Gainera, nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea eta distantzia gordetzea.

Adinekoak Gasteizen

Adinekoak ia % 21 dira Gasteizen. Hau da, Arabako hiriburuan ia 53.000 biztanle dute 65 urte edo gehiago, eta horien % 67 dira zentro soziokulturalen erabiltzaileak

Adinekoen Nazioarteko Eguna (2018)

Share

Klima-aldaketaren kontrako politiken bere eredua azaldu du Gasteizko Udalak Ingurumen-iraunkortasunaren ASECAM foroan

Arabako hiriburuaren ibilbidea eta etorkizunerako konpromisoak azaldu dizkie Ana Oregi alkateorde eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko lehendakariak Valentziako enpresariei

 

Duela hainbat hamarkadatatik hona Gasteizen garatu diren klima-aldaketaren kontrako eta ingurumena babestearen aldeko politiken eredua azaldu du gaur goizean Ana Oregi alkateorde eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko lehendakariak, baita hiriaren etorkizunerako konpromisoak ere, hala nola Gasteiz Green Deal estrategian jasotakoak.

Ingurumen-iraunkortasunaren ASECAM foroan —Valentziako enpresarien aurrean— beren eredua azaltzera gonbidatuetako bat izan da Gasteizko Udala. Gaur bertan izan da jardunaldia, online. Ana Oregi ez ezik, beste hauek ere mintzatu dira: María Mendiluce, Garapen Iraunkorrerako Munduko Enpresa Kontseiluko zuzendari nagusia, eta Jesús Linares, SUSTENTAren fundatzaile eta lehendakaria, New York Awards 2019 “Klima-aldaketaren kontrako borrokaren enbaxadore” sariaren irabazlea. Saguntoko alkate Darío Morenok eta Valentziako Generalitateko Klima Aldaketaren zuzendari nagusi Celsa Monrósk eman diote amaiera ekitaldiari.

 

Share

Elikagai-xahuketaren kontrako hirugarren astearekin bat egingo du Gasteizko Udalak

 

Elikagai-xahuketaren kontrako hirugarren astearekin bat egingo du Gasteizko Udalak. Hain zuzen ere, irailaren 28tik urriaren 4ra bitartean izango da fabrikatzaile eta banatzaileen AECOC elkarteak koordinatzen duen ekimen hori. Egun horietan, Estatu osoan egingo dira ekintzak, aldi berean, herritarrak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko, elikagaien balioa nabarmendu eta xahuketa eragozteko estrategiak sortze aldera.

Gaurko eguna, irailak 29, Elikagaiak Alferrik Galdu eta Xahutzearen kontrako Mundu Eguna izendatua du Nazio Batuen Erakundeak. Hori dela eta, berdez argiztatuko dira gaur gauean udaletxeko fatxada, Arkupeko ibilbidea eta Floridako kioskoa, “Xahuketaren kontrako marea berdea” ekintzarekin bat eginez —eraikin enblematikoak argiztatuko dituzte hainbat udalek—.

FAOren datuen arabera, kontsumorako ekoizten diren elikagaien heren bat alferrik galdu edo xahutzen da gaur egun munduan, hau da, 1.300 milioi tona urtean. Zaborretara janari gehien botatzen duten herrialdeetatik zazpigarrena da Espainia. Europako Batzordearen datuen arabera, berriz, xahutzen denaren % 42 etxeetan xahutzen da, % 39 industrian, % 14 jatetxeetan eta % 5 merkataritzan.

Gasteizko Udala aktiboki inplikatua dago elikagai-xahuketaren kontrako borrokan, eta Nazio Batuen Erakundeak ezarritako helburua lortzeko ahaleginean, zein baita elikagai-galera hori 2030erako erdira murriztea.

Hain zuzen ere, elikagai-xahuketaren kontrako Euskadiko plataformako kidea da Gasteizko Udala, eta hainbat jarduera bideratu ditu, hala nola Gasteizko jatetxeetako elikagai-xahuketaren diagnostikoa eta jardunbide egokien azterketa, eta “Elikagai-xahuketarik ez” gida egin eta zabaltzea —jatetxeek elikagai-xahuketari aurre egin eta murrizteko informazio baliagarria izan dezaten—, 2019an.

2020an, gidaren 130 ale banatu dira ostalaritza-sektoreko hainbat establezimendutan, eta kasuen % 80an interes handia piztu du, eta harrera oso ona izan du. Era berean, kasuen % 87,67an elikagai-xahuketa murrizteko jarraibideak eta neurriak hartuak dituztela egiaztatu ahal izan da.

+INFO: “Elikagai xahuketarik ez” gida

Share