Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-09-14)

2020ko Mugarrien bisita

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Acoviko presidente Nieves Quintana; eta Vitoria-Gasteizko udalbatzako ordezkariak

Eguna. Astelehena, irailak 14

Ordua. 9:30

Tokia. 186. mugarria Miñaon: Geolokalizazio puntua

  • Puntu horretara ailegatzeko Miñao herria pasatu behar da, ezin da autobiatik sartu
  • Ibilbidea Miñaotik Duranara egingo da.
Share

Asteburuko aurreikuspenak

Igandea, irailak 13

  • Alkateorde Ana Oregi  Eskerrak Emateko Jaian izango da 12:00etan, Estibalizeko harrera zentroan.
Share

Xtraclub aisialdi eta denbora libreko jardueretarako izen-emateak astelehenean irekiko dira


Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuak Xtraclub programazioa jarri du abian udazkena-neguko denboraldirako. Aisialdiko, kulturako, abenturako eta kiroleko 42 jarduera eskaintzen dira, hainbat formatutan: tailerrak, ikastaroak, abentura-irteerak, erakustaldiak eta kultur-bidaiak. Proposamen hauek 12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude.
Xtraclub jardueretarako izen-ematea astelehenetik aurrera, 8.30.ean, ‘online’ egin daiteke esteka honetan,  baita 010 edo 945161080 telefonoan edota Gazte Argibideetarako Udal Bulegoan, gizartetxetan edota kiroldegietan.

Jarduera horiez guztiez gozatu ahal izateko, COVID 19aren aurkako Kontingentzia Plana ezarri da, prebentzio-protokolo eta segurtasun neurriekin. Xtraclub programazioari buruzko informazio guztia eta Covid-19ari aurre egiteko neurri horiei buruzko informazio guztia web orri honetan aurki daiteke: www.vitoria-arciz.org/xtraclub

Xtraclub jardueretan parte hartzeko Herritarren Udal Txartela behar da. Gainera, udal instalazioetan abonatutako pertsonek %40ko deskontua izango dute jardueren prezioan.

 

Share

Zenbaki berezia eskaini dio Urrezko aldizkariak José Luis Isasi lehen Zeledonari

 

 

Gorazarre egin dio alkateak Isasisi —hiriko seme kutuna, pertsonaia mitikoaren sorkuntza eta hedapenaren eragileetako bat—

 

San Migeleko balkoian —Zeledonen irudiaren aldamenean— aurkeztu da, gaur eguerdian, Urrezko Zeledonek bultzatu eta egin eta Udalak finantzatzen duen Urrezko aldizkariaren 5. zenbakia, José Luis Isasi Montalbáni eskainia —hiriko seme kutuna, Gasteizko kulturan eta jaietan hain errotuta dagoen pertsonaia mitikoaren sorkuntza eta hedapenaren eragileetako bat—.

Urrezko Zeledonen presidente Josemari Vélez de Mendizábalek azaldu du zein handia den Isasiren figura, ez beren kolektiboarentzat bakarrik, baita hiriaren historian ere. Izan ere, bera izan zen lehenengoz, 1957an, Zeledon haragitu zuena, eta horretan urte gehien, 22 urte, egin zituena.

Isasiren figurak merezi duen omenaldia eta gorazarrea azpimarratu ditu monografikoaren erredaktore Eduardo Vallek. Lehen Zeledonen alargun Esther Polo ere izan da ekitaldian, eta oroigarri bat jaso du.

Gorka Urtaran alkateak, berriz, 2007ko irailean hil zen Jose Luis Isasik gorpuztutako hiriaren izpiritua izan du hizpide. “Zeledonen, egungo jai-ikurraren sortzaile eta hedatzaileetako bat izan zen, eta, ondorengoek bezala, urtero, abuztuaren 4an, Zeledon Andre Maria Zuriaren plazara jaistea ahalbidetu zuen —aurten ezinezkoa izan bada ere—. Eta hori izan ohi da jaietako unerik zoriontsu eta maitagarrienetako bat.” Horregatik, hiriko seme kuttun izendatu zuen Udalak 2008an, eta beraren izena dauka Olarizuko kale batek.

 

 

 

 

 

 

Share

Udaltzainen eta suhiltzaileen esku-hartzeak

Udaltzainek azken 24 orduotan bederatzi zirkulazio-istripu erregistratu dituzte. Ez da zauriturik izan istripu horietan.

Lastategia sutan

Udaltzainek atzo A-3008 errepidearen alboan, Gasteizen, oso-osorik su hartu zuen lastategi bateko sua itzaltzera joan behar izan zuten. Bestalde, Pepe Ubis kaleko etxebizitza bateko sukaldean piztu zen sua ere itzali zuten. Suak altzariaren zati handi bati eragin zion.

 

Share

Datorren astelehenean, irailak 14,  Magialdia hasiko da Gasteizen

Igandera arte luzatuko da, COVID-19ren segurtasun-protokolo zorrotzekin.

 

Datorren astelehenean -hilak 14– hasiko da Gasteizko Magialdia, Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak sustatutako jaialdia.. COVID-19k eragina izango du aurtengo edizoan eta segurtasun-neurri zorrotzak izango dira. Hilaren 20an, igandea, amaituko da Magialdia.

Ekitaldiko zuzendari Jose Ángel Suárez jaunak eta ekitaldiaren antolatzaile Jose Oscoz jaunak gaur aurkeztu dute programa prentsaurrekoan. 30 ilusionista izango dira eta hainbat berrikuntza: magia ibilbideak zabaldu dira, agertoki berria (Farolen Museoa), beste egun bat gehitu da, galdutako edukiera konpentsatzeko, eta ikuskizun ibiltari baten aurkezpena”.

Antolatzaileek nabarmendu egin dute 2020ko jaialdian emakume magoen presentzia bultzatzeko ahalegina.

Hainbat jarduera izango dira herritarrek atsegin hartu ahal izateko: magia lantegiak, ikuskizunak BIBAT museoko plazan, ‘Magia duten erakusleihoak’,  ‘Gertuko magiako ibilbideak’ eta  ‘Ekomagia’.

Ohiko galak ere egingo dira: “Vital Fundazioa” haurrentzako magia gala, “Heraclio Fournier” gertuko magiako nazioarteko gala, agertokiko magiako nazioarteko gala, gertuko magiako bakarlarien gala eta helduentzako magia gala.

Mago profesionalentzat, bestetik, hitzaldi programa bat antolatu da, Magia Azoka, eta bisita gidatuak Gasteizko kultur eta turismo baliabideetara.

Pandemia dela eta ezin izango da amaierako galarik egin (Espainia plazan), ezta umeentzako magia zikloa ere.

 Informazio gehiago

Share

Urtaranen Gobernuak Ariznabarreko 101 lekuko aparkaleku berriaren kontratua esleitu du

BEI sistema ezartzeak berekin ekarriko duen leku-galera konpentsatuko du azpiegitura horrek

 

Aparkaleku berria eraikiko du Udalak Ariznabarra auzoan, autobus elektriko adimentsuaren sistema berria ezartzeak berekin ekarriko duen leku-galera konpentsatzeko. Hain zuzen ere, 3.000 metro koadro inguruko aparkalekua diseinatu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak, 101 ibilgailu hartzeko lekua izango duena. Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur goizean azaldu duenez, Udal gobernuak kontratua esleitzea adostu du gaur goizean Gobernu Batzarran. Obraren prezioa 239.472,72 eurokoa izango da eta Campezo Obras y Servicios egingo ditu lanak, sei hilabetetan.

Fontetxako Gazteluaren kalearen, Kexaako Gazteluaren kalearen eta Arluzeako Gazteluaren kalearen arteko ekipamendu-lursailean egokituko da aparkalekua, Ariznabarreko adinekoentzako egoitzaren ondoan. Gaur egun erabiltzen ez den 3.000 metro koadro inguruko espazio bat da.

101 aparkaleku izango ditu azpiegitura berriak, horietatik hiru mugikortasun urriko pertsonek erabiltzen dituzten ibilgailuentzat, eta beste lau ibilgailu elektrikoak kargatzeko —hasieran aldez aurreko instalazioa bakarrik utziko da eginda, aurrerago hirian zerbitzu hori zabaltzen duen enpresak kargatzeko zutoinak jartzerik izan dezan—. Era berean, sei leku izango dira motorrentzat. Gainera, Kexaako Gazteluaren kaleko lineako aparkalekuak bateriako izatera igaroko dira, merkataritza-establezimenduaren parean. Neurri horren bitartez, aparteko beste zortzi leku gehiago lortuko dira.

Aparkalekuaren sarrera nahiz irteera Kexaako Gazteluaren kaletik izango dira, 5 metroko zabalerako pasabide banarekin. Horrez gain, aparkalekuaren perimetroan eta barruko tarteetan lore-eremuak jarriko dira, baita zuhaitzak landatu ere.

Plaza erregularrak 4,75 metro luze eta 2,40 metro zabal izango dira, indarrean dagoen araudiaren arabera. Mugikortasun murriztua dutenentzat direnak, berriz, 5 metro luze izango dira, eta 3,7 metro zabal, eta aparkalekuko oinezkoentzako sarbideetatik gertu egongo dira.

Enpresa adjudikaziodunak egin beharreko lanak, funtsean, hauek izango dira: hondeaketa, betelana, zolatzea eta pintatzea. Saneamendu-sarea eta argiteria hobetzeko ere aprobetxatuko da esku-hartzea, eta tantakako ureztapen-sistema jarriko.

 Garraio publikoko sistema eraginkor eta edukiera handikoa da BEIa zeinen helburua baita hiriko auzo guztiak hobeto konektatu eta mugikortasun iraunkor eta osasungarria sustatzea. TUVISAren egungo 2. linean emango du zerbitzua, puntako teknologia erabiliko duten 13 ibilgailu elektrikoren bitartez. Linea horrek Gasteiz inguratzen du, eta  hiriko leku garrantzitsuak lotzen ditu, hala nola Txagorritxu ospitalea, Eusko Jaurlaritza eta Mendizorrotzeko futbol-zelaia. 10 kilometroko ibilbidean, 24 geltoki berri izango dira noranzko bakoitzean, gaur egungo geltoki konbentzionalen leku berberetan.

BEI sistemaren obrak aurrera doaz, 12 puntutaneta epeak betetzen ari dira. Hainbat erakundek parte hartzen dute BEAren proiektuan: Gasteizko Udalak finantzaketaren % 17,5 emango du, Arabako Foru Aldundiak beste % 17,5, eta Eusko Jaurlaritzak % 65. Inbertsioa 40 milioi eurotik gorakoa izango da. Autobus elektriko adimentsuari esker, urtean 1.520 tona CO2 emisio murriztuko da, egungo gasolio-ibilgailuen ordez batere emisiorik gabeko autobus erabat elektrikoak erabilita.

ARIZNABARRA APARKALEKUA DOSSIERRA

 

Share

Correosek kudeatuko ditu Gasteizko Udalaren posta-zerbitzuak

Gasteizko udalaren posta-zerbitzuetarako kalitate-prezio erlazio onena duen eskaintza hautatu du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak: Sociedad Estatal Correos y Telégrafos SArena.

Kontratua 3.028.301,90 eurokoa (BEZa barne) izango da, eta gauzatzeko epea 24 hilabetekoa.

Correos arduratuko da udalaren posta-bidalketak jaso, onartu, sailkatu —pisua eta helmugak barne—, tratatu, bideratu, garraiatu, banatu eta entregatzeaz.

Bi ataletan banatuta dago kontratua. Lehenengoan hauek sartzen dira: administrazio-jakinarazpen lokalak eta nazionalak, nazioarteko gutun ziurtatuak, telegramak, balio fede-emailea duen fax-zerbitzua eta Udalaren posta-kutxetan jasotzen diren bidalketak udal-bulegoetan entregatzea.

Bigarrenean, berriz, beste hauek: gutun arruntak —lokalak, nazionalak eta nazioartekoak—, 20 kg arteko paketeak, publizitate-bidalketak —zuzeneko publizitatea, liburuak, katalogoak eta zuzeneko argitalpenak—, eta helbiderik gabeko banaketa eta beste.

Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Saileko zinegotzi Borja Rodríguezek agerian jarri du Gasteizko udalaren funtzionamendurako ezinbestekoa den kontratu honen balioa, baina “herritarrekin harremanak izateko modua poliki -poliki aldatzearen alde egiten du, teknologia berriek garrantzia handiagoa izan dezaten, hartara eraginkortasun eta jasangarritasun handiagoa bermatzeko”.

 

Share

San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturala hornitzeko 7 kontratu esleitu dira

Tokiko Gobernu Batzarrak udazkenean irekiko den San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturala hornitzeko 7 kontratu berri esleitu ditu gaur.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak egindako kontratu hauen bitartez honakoak hornituko dira, besteak beste: aulkiak, mahaiak, apalak, armairuak, kafetegirako eta ile-apaindegirako altzariak, material elektronikoa eta osasun-parkerako ariketa-aparatuak. Guztira, 130.607 euroko inbertsioa.

San Martineko adinekoentzako zentroa udal-sareko 16. zentroa izango da, eta guztietatik handiena. 1.300 metro koadroko azalera erabilgarria izango du, hiru espaziotan banatuta:

  • Lehena, 68 m2-koa, jarduera fisikoak hartzeko prestatuko da.
  • Bigarrena handiena izango da, 740 m2-rekin, eta zentroko zerbitzu eta jarduera nagusiak jarriko dira bertan: lantegiak, prestakuntza-gela, ikus-entzunezkoen gela, ile-apaindegia, podologia, kudeatzaileen bulegoa, komunak eta langileentzako aldagela irisgarriak.
  • Hirugarren gunea 488 m2-koa da, eta bertan elkartze-aretoa, kafetegia, mediateka, hemeroteka, lantegia eta jantoki-zerbitzua egongo dira.

Hitzarmena Gao Lacho Drom elkartearekin

 Halaber, Gao Lacho Drom elkartearekin lankidetza-hitzarmena izenpetzea ere onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, Gasteizko ijito komunitateko pertsona, familia eta taldeak gizarteratzeko prozesuetan lagundu eta jarraipena egiteko programa burutzeko.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 38.748 euro bideratuko ditu proiektu honetara, zeinen helburuetako bat “emakume ijitoei bere egoera normalizatzeko balioko dieten prestakuntza, trebetasun pertsonal eta sozialak eta laneratu aurrekoak lantzeko baliabideak ematea da. Horretaz gain, balio erantsi gisa, tratu txarren eta genero-indarkeriaren egoerei heltzen die” azaldu du gizarte arloaren zinegotzi arduradun Jon Armentiak.

 

Share