Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak 2020-09-07

– Gasteizko Udal Musika Bandaren 2020-21 Denboraldiko Abonamenduaren aurkezpena

Parte-hartzaileak. Estibaliz Canto, Hezkuntza eta Kultura zinegotzia, eta Luis Orduña, Udal Musika Bandaren zuzendaria.

Eguna. Astelehena, irailak 7.

Ordua. 11:00etan.

Lekua. Prentsa Aretoa – Udaletxea

—————————————————-

 – Jabetze Feministarako Eskolaren 2020-21 ikasturterako programazioaren aurkezpena

Parte-hartzaileak: Miren Fernandez de Landa, Berdintasun zinegotzia, eta Mireia Espiau, Berdintasun Zerbitzuaren burua.

Eguna. Astelehena, irailak 7.

Ordua. 11:30ean.

Lekua. Etxanobe jauregia

 

Share

Akordio bat proposatuko die alkateak udal talde politikoei —epe labur eta ertainera—, familien, enpresen eta Gasteizko Udalaren beraren ekonomia suspertzeko

 

Gorka Urtaran audioa

Gaur iragarri duenez, oposizioko taldeekin elkarrizketatuko da Gorka Urtaran alkatea datorren astean, guztion arteko akordio bat lortzen ahalegintzeko —ez epe laburrera bakarrik—, eta, hartara, familien ekonomia, hiriko ehun ekonomikoa eta Udalaren beraren ekonomia suspertzeko.

Azken 15 urteetako Udalaren finantza-egoera dela eta talde guztiek partekatzen duten diagnostikoa jarri du Gorka Urtaranek elkarrizketa horien abiapuntu gisa. Izan ere, aurrezpen garbia sortzeko ezintasunaren arazo estrukturala da horren ondorio nagusia, arrazoi ugariren kariaz, hala nola gastu arruntaren igoera —gero eta biztanleria handiagoari eskaini beharreko zerbitzuak ugaritzearen ondorioz—.

Epe labur eta ertaineko erronka horri eutsirik, eta osasuna, gizarte-ongizatea eta ekonomiaren susperraldia xede, hiru ardatz nagusi nabarmendu ditu Gorka Urtaranek: ordenantza fiskalak onestea, “berehalako beharrei begira jarrita, baina orobat epe ertainekoei ere, Udalaren arazo estrukturalari konponbidea aurkitzeko”; udal-aurrekontuak onestea —“egungo egoera ekonomikoa aintzat hartuta; familiena, enpresena, ostalariena, merkatariena, ekintzaileena…, sektore ekonomiko osoarena”—, eta Gasteizek aparteko funtsak jaso ahal izatea. “Estatutik nahiz Europatik kudeatzen diren funtsak Gasteizera irits daitezen ahaleginduko naiz, eta hala galdatuko. Sinetsita nago, gainera, ondo posizionatuta gaudela, erakundeen elkarlanaren bitartez hiriko proiektuak gauzatzen dugun esperientzia dela eta”, azaldu du alkateak.

Share

Aurrera doaz Gasteizko Auzoen Planeko obrak

 

Biktimen Oroimenezko Zentroaren eta Arkupeen ingurunea, autobus elektriko adimentsua eta Olarizuko lorategi botanikoa dira proiektu nagusietako batzuk

 

Oinezkoentzako pasabide berria egin du Udalak Burgos kalean, auzotarrek eskatu bezala

 

Iraila hastearekin batera espazio publikoaren eremuko Auzoen Planeko hainbat proiekturi atzera ekin zaiela azaldu du Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur goizean, uda garaian ere hainbat lan egin badira ere.

Normaltasunera itzultzearen erakusgarri da Biktimen Oroimenezko Zentroaren eta Arkupeen inguruneko obra. Azken fasean sartua da, astelehenetik. Hurrengo asteetan, lan-kargarik handiena berdeguneetan izango da —erdiko parterrea, landaketak—, eta orobat Arkupeetako espaloian eta San Frantzisko kalearen hegoaldeko espaloian, eta aztarna arkeologikoak bistaratzeko lanetan.

Era berean, aurrera doaz autobus elektriko adimentsuaren sistema ezartzeko lanak. Hain zuzen ere, proiektuko 23 obra-lekuetatik 12tan lanean dihardute gaur egun. Esaterako, Esmaltazioetako biribilgunean —ia bukatua; lorezaintza- eta margotze-lanak eta markesina jartzea falta—, Zumakadi pasealekuan, Salbatierrabiden, Fontetxako Gazteluaren kalean, Arabako Unibertsitate Ospitalearen ondoko biribilgunean —Donostia kalearekiko bidegurutzeraino— edo Madril kalean.

Mugikortasunaren arloko beste inbertsio garrantzitsu bat Salburura tranbiarena da. Obrak Uda honetan hasi dira. Legealdiko inbertsio garrantzitsuenetakoa da hau eta Gasteizentzat oinarrizko proiektua.

Olarizuko lorategi botanikoaren proiektua ere ez dago geldirik. Izan ere, dagoeneko ikus daiteke antzoki begetalaren egitura —bukatua, ureztapen-sistema eta ereite-lanak izan ezik—, eta egunetik egunera forma hartzen ari da parkera sartzeko harrera-zentroa. Olarizuko hiribidearen muturrean dagoen ingurune horretan, oinarriaren urbanizazioa egina dago jada, eta bulegoaren egitura jartzen ari dira orain.

Gainera, bide-segurtasunaren arloko hainbat esku-hartzeri ekin dio Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak. Ariznabarra eta Aranzabaleko oinezkoentzako sei pasabide berritzeko lanak egiten ari dira. Zehazki, Luis Heintz eta Micaela Portilla kaleen arteko bidegurutzean, Micaela Portilla eta Bizenta Mogel kaleen artekoan, Micaela Portilla kalean —Gaztelako ateko 10.eko zerbitzugunearen ondoan—, Etxezarra kalearen eta Gaztelako Atearen arteko bidegurutzean eta Etxezarra kalearen eta Kexaako Gazteluaren kalearen artekoan —trenbidearen azpiko pasabidea—.

Horrez gain, Burgos kalean zebra-bide berria jarri da, Jose Pablo Ulibarri zidorreko 1. atariaren ondoan. Auzotarrek eskatua zuten pasabide hori, 600 sinadura baino gehiago bildu baitzituzten horretarako.

Gainera, azken aste hauetan, zorua sendotu eta hobetzeko kanpaina gauzatu du Udalak hiriko kale nagusietako batzuetan. Ekimen horren barruan, 180.000 euro inbertitu dira, Forondako atea, Arriagako atea, Olagibel kalea, Done Jakue hiribidea, Frantzia kalea eta Bake kalea hobetzeko, besteak beste.

“Funtsezkoa da auzoak berritu eta berriro aktibatzea, Gasteizek aurrera egin dezan. Inbertsioak egiten jarraituko du udal-gobernu honek, oinez ibiltzeko gero eta erosoagoa izan dadin hiria, iraunkorragoa, erakargarriagoa. Hobeto bizi ahal izateko eta gure kaleen dinamizazio komertziala ahalbidetzeko”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

LANAK dossierra

 

 

Share

Bremen kaleko bidegorri berriak Mariturri hiribideko eta Antonio Machado kaleko bizikleta-bideak lotuko ditu eta Udalak obra egiteko kontratua esleitu du

 

-Udalak 133.783,92 euro inbertituko ditu esku-hartzean, eta sarea 600 metro luzatzeko balioko du

 

Gasteizko Udalak 133.783,92 euro inbertituko ditu Bremen kalean barrena bidegorri berria sortzeko, zeinak Mariturri hiribideko eta Antonio Machado kaleko bizikleta-bideak lotuko baititu. Gaur goizean onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak proiektua egiteko kontratua esleitzeko; esleitzen denetik hiru hilabete emango dira gauzatzeko.

Bremen kalean iparralderako noranzkoan zirkulazio-erreietako bat kendu eta galtzadan bidegorri bereizi eta bi noranzkokoa jartzea aurreikusi da. Bizikleta-bidea espaloiaren eta aparkalekuen artetik joango da, eta kale osoko aparkalekuak utziko dira. Gainera hiribidea zeharkatuta Antonio Machado kaleraino joateko bizikleta-bidea ere egingo da, espaloian. Bi bidegurutzeetan, Oto hiribidean zein Antonio Machadon, txirrindularientzako pasabideak egokituko dira. Bizikleta-bide horiek oso oinezko gutxik erabiltzen dituzten espaloietan jarriko dira, beste aukera eroso eta zuzenago batzuk baitituzte ibiltzeko.

Horretaz gain, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak segurtasunaren alorreko zenbait lan egingo ditu, hala nola piboteak jartzea eta biribilguneetako sarrerak nahiz irteerak estutzea, txirrindulariak babesteko.

BIDEGORRI BREMEN KALEA dosierra

 

 

Share

Olarizu egunean mugarriak bisitatzeko tradizioari eutsiko dio Gasteizek, baina aurten zenbait mugekin, osasun-prebentziogatik

 

Udalbatzak irailaren 14an, astelehena, egingo du Gasteizko udalerriko mugarrien zatia, Olarizuko jaiaren inguruko mugarrien bisita tradizionalari dagokiona, baina aurten hainbat berezitasunekin egingo du, bizi dugun salbuespen-egoeran segurtasuna bermatzeko.

Aurten ez da egingo Olarizuko zelaietan milaka gasteiztar bildu ohi dituen erromeria, baina Udalak eutsi egin dio urtero udalerria mugatzen duten mugarrietako batzuetara bisita egiteko ohiturari, udalerriko administrazio-batzar eta herrietako ordezkariekin batera.

Pandemiak sortutako egoeraren aurrean, aurten ez da Plaza Berritik goizeko bederatzietan aterako ohiko segizioa; aitzitik, bisita Miñanogutxiko kalean hasiko da zuzenean, eta bertara joango dira Udalbatzako ordezkariak beren ibilgailuetan, hartara distantzia soziala bermatzeko. 10 pertsona joango dira, ez gehiago, zein bere maskara jantzita.

Aurtengo ibilbidea

Miñanogutxiko herrira iristean, 185. zenbakiko mugarrira doan bide bat hartuko dute, hain zuzen ere 2019an aztertu zen azkenera; horixe da, beraz, aurten bisitatuko duten lehena. Toki horretan Luku herriko eta Arratzua-Ubarrundiko Udaleko ordezkariak izango da, baita Gasteizko udalerrikoa den den Miñao herrikoak ere.

“Minako Arana” terminoan dagoen 185. mugarri horretan hasiko da bisita: Bilboko errepidea zeharkatuz, “Angelu” terminora iritsita, Santa Engrazia ibaia gurutzatu baino lehen, 186. eta 187. mugarriak bisitatuko dituzte bidaideek. Santa Engrazia ibaia eta Vasco-Navarro trenbide ohia zeharkatuz ostean, 188. mugarria bisitatuko da, non Miñaoren jurisdikzioa amaitzen den, eta Amaritakoa hasten.

“Aretxaburua” barrutitik igaroko dira, eta Lukutik Amaritara doan bidezidorra eta bi herri horiek lotzen dituen bidea zeharkatuz, 189, 190, 191 eta 192 zenbakidun mugarriak bisitatuko dituzte. Norazkoa aldatu eta iparraldera eginez, “Aretxaburua” terminoko nekazaritza-lurretatik irten eta larretatik eta menditik jarraituz ,”Txulitarana”, “Padurea”, “Campana” eta “Isasia” barrutietan barrena, 220. mugarrira iritsiko dira, tartekoak ere gainditu. Handik Uribarri Ganboa herria ikusten da. Iparraldean, hauxe da Gasteizko udal-mugartearen puntu urrunena da, hortxe Luku herriaren jurisdikzioa amaitzen da, eta Uribarri Ganboarena hasi.

“Isasia” terminoaren gailurretik, Uribarri Ganboako urtegira begira, Udalbatzak jaisten jarraituko du “Aldatza” terminoan barrena, eta 230. mugarrira iritsiko da. Berriro ere noranzkoa aldatuko dute, orain hego-ekialdera, eta “Aldatza” barruti horretan behera jota, “Alto Arrestia” eta “Saldesia” izenekoak gaindituko dituzte, eta baita 231, 232, 233 eta 234 zenbakiko mugarriak ere. Mugarri horretan amaitzen Uribarri Ganboaren jurisdikzioa, eta hasten da Arroiaberena.

Segizioak Lukutik Arroiabera doan bide zaharretik joko du, eta aurrerago baita Amaritatik Arroiabera doan bidetik ere, “Sullubarri” terminoan sartuta. Bertan –orain Zadorra ibaiaren inguruan–, 242 zenbakirainoko mugarriak bisitatuko dituzte, hurrenez hurren; azken mugarri horretan Mendibil herriko ordezkariak bilduko zaizkie, eta Arroiabe eta Amaritakoekin egingo dute aurrera.

Zadorraren eta “Miguraldea” terminoaren ertzetik jarraituko dute, harik eta Mendibileko barruti hesitura iristean 243. mugarrira iritsi arte. Ondoren, Zadorra ibaia utzi eta “Muskurio” eta “Amaritabea” terminoetatik igarota, Mendibil herritik Amaritara doan errepidearen inguruan, 247. mugarria bisitatuko dute.

Zinegotziek lur partikularren jarraituko dute bidea, Amaritako errotaren presaren ingurura iritsi arte, eta tarte horretan 248 eta 249 zenbakiekin adierazitako mugarriak bisitatuko dituzte. Hortik, Santa Engrazia ibaiaren ertzetik, “Irizaya” izeneko terminoan eta Zadorra ibaiarekin bat egiten duen tokiraino, Erretana herriko barruti hesitua amaitu arte jarraituko dute, 250. mugarrira iritsiko dira, non Amarita eta Mendibil herrien ordezkariak erretiratuko diren, eta Erretana eta Dura herrietakoak agertuko.

Gamarragutxia herrira bidean, “Irizaya” terminotik barrena, 251. eta 252. mugarriak bisitatuko dituzte ibiltariek, eta Bilbo eta Bergara lotzen dituen errepidera iritsiko dira, Durako geltoki ohiaren orubetik igarota. Errepidearen pare-parean dagoen 253. mugarria bisitatuko dute, “Sanpauloa” terminoan. Bertan, Erretanako jurisdikzioa amaitzen da, eta Gamarra eta Gamarragutxikoak hasten dira. Urtero bezala, Udaleko mendizainek ikuskapen-bisita bat egingo dute aurretik.

Share

ECNA Informática enpresak garatuko du Gasteizko Udalaren iruzurraren kontrako prebentzioa eta borroka hobetuko dituen softwarea

 

700.000 euro inbertituko ditu Udalak programa horretan, 2023ra arte

 

2020-2023 urteetarako Iruzurraren kontrako Prebentzio eta Borroka Planeko ekintzen euskarri izango den softwarea garatzeko kalitate-prezio erlazio onena duen eskaintza aukeratzea onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak. Hain zuzen ere, ECNA Informática enpresak egindakoa.

Kontratuaren aurrekontua 700.000 eurokoa da, BEZa barne, eta gauzatzeko aldia, berriz, lau urtekoa.

Iruzurraren kontrako Prebentzio eta Borroka Planaren bitartez, zerga-sistemaren aplikazio zuzen eta efektiboa zaindu nahi da, zerga eta tasen inguruko informazio-, kontrol- eta erregulazio-jardueren bitartez, funtsezko premisa baita hori Udalaren diru-sarreren kudeaketan.

Lau jarduera-ildo handik osatzen dute plana: zerga-betebeharrak betetzen diren kontrolatzea; zerga- eta bilketa-prozeduren hobekuntza eta eraginkortasuna bultzatzea; beste administrazio batzuekiko lankidetza eta sailen arteko koordinazioa, eta zergadunei ematen zaizkien zerbitzuak hobetzea.

Zehazki, diru-sarreren sistemaren barruan, online aplikazioen efikazia eta eraginkortasuna hobetu nahi dira, hala nola errolden kudeaketa, likidazioa, tarifa fiskal laua edo gainbalioak. Gainera, trafiko-isunak kudeatzeko plataforma arindu egingo da, baita gidariak identifikatzeko web-zerbitzu ere.

“Udalaren webgunean herritarrei zerbitzua emateko ditugun aplikazio informatikoen eraginkortasuna areagotzera bideratuta dago ekimena. Gaur egun, inoiz baino beharrezkoagoa dugu eguneratze teknologikoa. Zerga-sistema behar bezala eta eraginkortasunez aplikatzen dela bermatzea da gure xedea”, adierazi du Administrazio Publikoaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguez.

Share

Ehun ekonomiko lokala bultzatuko du Gasteizko Udalak, Jundizko enpresariekin eta SECOT seniorren elkartearekin hitzarmen bana sinatuta

 

Gasteizko Udalaren eta ehun ekonomiko lokala bultzatzen duten bi elkarteren arteko lankidetza-hitzarmenak onetsi ditu Tokiko Gobernu Batzarrak. Zehazki, Asociación de Empresarios de Júndiz Arco Sur N-1 eta Asociación de Seniors SECOT elkarteekin sinatuko dira hitzarmenak. 9.000 euro baino gehiago bideratuko ditu Udalak bi programa horietara, beste laguntza-neurri batzuez gain, hala nola lokalak uztea.

Alde batetik, Arco Sur N-1 elkartearekin duen hitzarmena berrituko du Udalak, eta 6.440 euro emango, komunikazio-estrategia hobetzeko. Jundizko industrialdea sustatzeko ekimenak bultzatzeaz arduratzen den elkarte horrek, hartara, plan espezifiko bat egingo du, sare sozialetan duen presentzia handitzeko eta hilero albiste-buletin bat argitaratzeko.

Bestetik, profesional kualifikatu erretiratuak biltzen dituen SECOT elkartearekin ere sinatuko du hitzarmena Ekonomia Sustapenerako Sailak, beren esperientzia ekintzaileei aholkuak emateko baliatzen jarrai dezaten, hots, orientabide-zerbitzuak eskaintzen, eta, horretarako, bi bulego utziko zaizkio doan, Informazio eta Komunikazio Teknologien Udal Zentroan, egoitza bertan eduki dezan. Orobat utziko dio Udalak zentro horretako eta enpresa-zentroetako espazio komunak erabiltzen, kosturik gabe, baita ikus-entzunezko baliabideak ere. Iazko 3.000 euroko ekarpen ekonomiko bera egingo du Udalak aurtengo hitzarmenean.

Lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapeneko zinegotzi Maider Etxebarriak nabarmendu duenez, “bi ekintza horiek direla medio, aurrera jarraitzen dugu Industriari Laguntzeko Planarekin, enpresa-azpiegiturak modernizatzen laguntzeko helburuarekin, jarduera ekonomikoaren sustapenean inplikatutako eragileekin elkarlanean”.

Share

Fideliza SL enpresari adjudikatu dio Udalak Aktiba(tu) jarduera-programa  

 

2020-21 eta 2021-2022 ikasturteetan, gizartearen eta ingurumenaren ikuspuntutik, haurrek eta nerabeek parte hartzeko Aktiba(tu) programako jarduerak garatzeko kontratua Fideliza SL enpresari adjudikatzea erabaki du Tokiko Gobernu Batzarrak.

175.450 eurokoa da kontratuaren zenbatekoa (BEZa barne), eta gauzatzeko epea, berriz, bi urtekoa. Urtez urte luzatu ahal izango da, gehienez lau urte egin arte.

Aktiba(tu) programaren helburua da Gasteizko udalerriko haurrek eta nerabeek beren eskubideak eta horiek dakartzaten erantzukizunak ezagutzea eta, aldi berean, eskubideak gauzatzea. Horretaz gain, haur eta nerabeen partaidetza sustatu nahi da, ikasketa-esperientzien eta partaidetza-taldeen bitartez, non haurrek beren iritziak ematen baitituzte, hiriaren parte aktibo gisa.

Legean jasota dagoen ideia da programaren ardatz nagusia, hau da, eskubideen subjektu dela haurra, eta, horrenbestez, garrantzitsua dela haur eta nerabeen protagonismoa bultzatzea. “Beren bizitzen eta heziketa- eta gizarte-prozesuen protagonista izan behar dute haurrek, eta, horretarako, helduen eskemak aldatu beharra dago, haurren partaidetza bestelako ikuspegi batetik ikusteko. Eskubidearen subjektu izateak berekin dakar hori garatzen den espazio sozialetan —familian, eskolan, komunitatean eta abar— duten partaidetza aktiboa aitortu beharra”, nabarmendu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Hiru lan-ildo ditu programak: haur eta nerabeen eskubideak sustatzea, haur eta nerabeen partaidetza, eta haur eta nerabeen eskubideei eta parte-hartzeari buruzko zabalkundea eta sentsibilizazioa.

 

 

 

Share

Hidroaraba Obras Hidráulicas enpresak berrituko du San Prudentzio egoitzako sorospen-eremuko ur bero sanitarioa hornitzeko sarea

Hidroaraba Obras Hidráulicas enpreari esleitu dio Tokiko Gobernu Batzarrak San Prudentzio egoitzako sorospen-eremuan ur bero sanitarioa hornitzeko sarea ordezteko obra-kontratua, 104.397,31 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne).

“Etengabe gertatzen ziren ur-isuriak San Prudentzio egoitzako ura hornitzeko sarean. Izan ere, egoera txarrean daude hodiak, legionellaren kontrako tratamenduak direla eta karga eta talka handiak jasan behar izaten baitituzte”, azaldu du Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodriguezek.

Ur bero sanitarioa hornitzeko eta itzulerako sare osoa ordeztea da proiektuaren helburua, horiek baitira arazoak ematen ari diren bi sareak. Horretarako, altzairu herdoilgaitzezko hodiak jarriko dira, gaur egun daudenen diametro berekoak.

Hodiak ordeztu ahal izateko, sabai faltsuak eraitsi beharko dira, eta, ondoren, berregin. Armstrong motako sabai faltsu erregistragarriak izango dira berriak, aurrerantzean instalazioak eskurago egon daitezen.

“Bidez batez, korridoreetako argiteria ere aldatuko da, eta LED argi-panelak jarriko. Horrenbestez, erakinaren energia-gastua nabarmen murriztea lortuko dugu, eta gure lehentasunetako bat da hori, ingurumenaren aldeko konpromisoa dela eta”, nabarmendu du zinegotziak.

Proiektuan zehaztutako lanak gauzatzeko epea hilabetekoa izango da, obraren zuinketa egiaztatzen denetik kontatuta.

 

 

 

 

 

Share