Prentsa Oharren banner

Atxilotua bideko segurtasuna arriskuan jarrita udaltzainei eta oinezkoei mehatxu egiteagatik eta desordenak eragiteagatik

Udaltzainek ostiral arratsaldean 46 urteko gizonezkoa atxilotu zuten autoritate-agenteen aurkako desobedientzia larri errepikakorraren, autoritate-agenteen aurkako mehatxuen eta bideko segurtasunaren aurkako delituaren ustezko egilea izateagatik.

Guztia 16:00ak baino zertxobait lehenago gertatu zen Gasteiz hiribidean, kale-jantzian zihoan patruila batek obrako bi hesi tranbiaren bideetara botatzen ikusi zuenean. Gero, aurrera jarraitu zuen hiriko altzariak kolpatuz eta berekin gurutzatzen ziren oinezkoei mehatxu eginez. Hori zela eta, beste patruila batek Beethoven kalean gelditzeko agindu zion. Gizona mozkortuta zegoen, musukorik gabe, eta oso agresibo. Bera identifikatzen saiatu ziren udaltzainei irain egiten hasi zen. Ondorioz, gertakari horiek zirela eta administrazio-bidetik salatu behar zutela adierazi zioten.

Arratsalde horretan bertan, udaltzainek bi aldiz esku hartu behar izan zuten pertsona berarekin galtzadan edukiontziak iraultzeagatik. Eragiten ari zen desordena, bere agresibitatea, hirugarren batzuentzat eta ibilgailuen zirkulaziorako eragiten ari zen arriskua eta udaltzainen aurkako desobedientzia eta erresistentzia zirela eta, azkenean atxilotu egin zuten.

Larunbat goizean jarri zuten epailearen esku.

Autoritate-agentearen aurkako atentatua. Udaltzainek atzo goizaldean 18 urteko gizonezkoa atxilotu zuten autoritate-agenteen aurkako atentatuaren ustezko delitua egiteagatik.

Gertakariak 01:00 inguruan jazo ziren, uniformea jantzita ez zuen patruila batek Agirrelanda kalean, lurrean, konorterik gabe, gizonezko bat topatu zuenean. Gizonezkoa anbulantzia baten laguntza eskatu zuten beste hiru lagunekin batera zegoen. Osasun arloko langileek arreta eman ostean, hobeto azter zezaten ospitale batera eraman behar zutela jakinarazi ziotenean korrika atera zen. Udaltzainetako bat erdian jarri zen alde egin ez zezan eta gazteak eraso egin zuen. Ondorioz, atxilotu egin zuten. Beste udaltzain batek anbulantzian ospitaleraino lagundu zion eta, arakatu ostean, Agirrelandako polizia-etxera eraman zuten. Guardiako epaitegiaren aurrean dagozkion izapideak egin ostean, aske utzi zuten.

Errekisitoria judiziala. Udaltzainek aurkako errekisitoria judiziala zuen 33 urteko gizonezkoa atxilotu zuten larunbatean.

Share

Elikaduraren XIV. Gizarte Topaketa

Irailaren 23tik 30era bitartean egingo da.

 

Europako Batzordeak aitortzen du koronabirusaren krisiak agerian utzi duela zenbateraino garen zaurgarri eta ahul, bai eta zenbateko garrantzia duen berriro ere giza-jardueraren eta izadiaren arteko oreka berreskuratzeak. Elikadura-sistemak funtsezko elementuak dira oreka berri bateranzko trantsizioan. Horrenbestez, “baserritik mahaira” estrategia Europako Itun Berdearen benetako muin eta giltzarri, haren helburua herritar guztientzako elikadura-sistema osasungarri eta iraunkorragoa lortzea delarik.

Elikaduraren XIV. Gizarte Topaketa honetan gure apurra eskaini nahi dugu eraldatze-prozesu honetan, betiere tokiko gure ikuspegitik. Asmo horrekin, bi saio prestatu ditugu, nekazaritza ekologikoaren eta nekazaritza-ustiakuntza txikien garrantziaz jabetzen laguntzeko, ingurumena errespetatzen duten praktiken bidez elikagaiez hornitzen gaituzten aldetik.

Oraingo honetan, ezinezkoa da Urarteko hiri-baratzeetako uzta jaiarekin eta ekoizleen merkatuarekin topaketa amaitzea. Hurrengo urtean ikusiko dugu elkar!

“Baratzerik politena” lehiaketaren laugarren edizioa Urarteko baratzeetan.

 

Irailak 23 asteazkena

17:30 “Guía rápida para un cambio lento: desmontando mitos sobre alimentación, salud y tierra” aurkezpena (on line). Mónica Arana Carranza, Slow Food Araba elkartearen laguntzarekin, “Lurrerako itzulera” proiektuaren esparruan.

Irailak 28 astelehena

17:30 Hiri Ekologiaren Gela (on line): “Ekoizpen ekologikoaren ebidentzia zientifikoak” (gaztelaniaz). Concepción Fabeiro, Espainiako Nekazaritza Ekologikoaren Sozietatea.

Irailak 30 asteazkena

18:00 – 19:30 Hiri-baratzeei buruzko lantegia: “Lorontzi birziklatua, ureztapen-sistema automatikoarekin”, helduren batek lagundutako adingabeentzat (izen-ematea: Udalaren web orrian, 010 telefonoan eta gizarte etxeetan).

Share