Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-09-23)

Prentsaurrekoa. Vitoria-Gasteiz Hiri Hezitzailea 2020-2021 programako jarduerak aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Asteazkena, irailak 23

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————————-

Prentsaurrekoa. ‘Vitoria-Gasteiz Green Capital. Giza eskalako hiria’ argitalpena aurkeztea

Parte hartzaileak. Alkateorde eta IGIko presidente Ana Oregi

Eguna. Asteazkena, irailak 23

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

—————————————-

Jabetze Feministarako Eskolako 2020-2021ko ikasturtea inauguratzea, bere hamargarren urteurrenan

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Berdintasun zinegotzi Miren Fernández de Landa

Eguna. Asteazkena, irailak 23

Ordua. 19:00

Tokia. Iparralde gizarte etxeko Beñat Etxepare antzokia

Share

Urtaranen gobernuak datorren urterako zergak, tasak eta prezio publikoak izoztea proposatu du

Gaur goizean egindako aparteko bilkuran, 2021erako zergak izoztea onartu du Tokiko Gobernu Batzarrak. Datorren urterako udal zerga, tasa eta prezio publikoen proiektuak aurtengo ekitaldirako tarifa berberak aurreikusten ditu. Zerga-proiektu honetan, halaber, 2022. eta 2023. urteetarako tasa eta prezio publikoak % 2 igotzea aurreikusten da, Gasteizen aldeko itun ekonomikoari buruzko lantaldean ezarritako ondorioei jarraituz.

 

“Oso gogoan dugu COVID-19ren pandemiak eragindako krisi ekonomikoa. Orain ez da herritarrei, familiei eta enpresei ahalegin ekonomiko handiagoa eskatzeko unea. Horregatik planteatzen dugu zergak, tasak eta prezio publikoak izoztea. Baina, aldi berean, erantzukizunez eta koherentziaz jokatu nahi dugu alderdi politiko guztiok adostu dugunarekin, gure etorkizun ekonomikoa bermatzeko. Egiturazko egoera bat gainditu behar da, non diru-sarrera arruntek nekez estaltzen baitituzte gastuak. Udal honek aurrezki garbia sortu behar du, eta, horretarako, funtsezkoa da hazkunde moderatuak egitea, inbertsio-ahalmena sortzeko“, azpimarratu du Ogasuneko zinegotzi Iñaki Gurtubaik, eta gogorarazi du biltzen denarekin zerbitzuen kostua estaltzeko beharra ere legezko betebeharra dela.

 

Gobernu taldearen proiektu fiskalak hainbat berrikuntza osagarri gehitzen ditu: lokala bizikleta-gordeleku gisa erabiltzeko denean, irekiera- lizentzia eta jardueragatiko tasen % 50eko hobaria ezartzen da. Halaber, bi epe berri ezarri dira hilerrian eraikuntzak lagatzeagatiko tasan: orain arte lagapenak 25 eta 50 urterako ziren; aurrera begira, berriz, 15 eta 35 urteko modalitateak gehitu dira, gizartearen eskariari erantzuteko. Beste aldaketa batek Etxeko Laguntza Zerbitzuari eragiten dio; bertan, gehieneko prezioen goiko aldean errenta-tarteak gehitzea planteatzen da, prezioa modu bidezkoagoan dibertsifikatzeko.

 

Azkenik, energia garraiatzeko enpresek jabari publikoa okupatzearen gaineko tasa berri bat ere badakar gobernu-taldearen zerga-proposamenak. Figura horren bidez, energiaz hornitzen duten enpresek kanalizazioen bidez hiri-lurzoru publikoa erabiltzeagatik zergak ordaintzea lortu nahi da, eta horri esker 250.000 euro inguru bildu ahal izango dira. Gogoratu behar da hiri-lurzoruaren gaineko energia-garraioak ere baduela tasa bat, eta 2019an Udalak 3,58 milioi euro biltzea ahalbidetu zuela horrek.

 

Ordenantza fiskalen proiektua bihar aztertuko dute Ogasun Batzordearen aparteko bilkuran. “Proposamen honekin bat ez datozen taldeak eztabaida fiskalera Gasteizko Udalaren egoera koiunturala eta estrukturala kontuan hartuko dituen planteamendu batekin etortzea espero dugu. Hori ez egitea arduragabekeria litzateke “, esan du Iñaki Gurtubaik.

Share

Hirigune Historikoko hondakinen bilketak eta birziklatzeak hobekuntza eta aldaketa nabarmenak izango dituzte

Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotzi César Fernández de Landak Hirigune Historikoko hondakinen bilketari eta birziklatzeari dagokienez hobekuntza eta aldaketa esanguratsuak iragarri ditu bere arloko batzordean. Batez ere datorren urtean bilketa eta birbanaketarako kontratu berria martxan jartzea eta, kontratu berriarekin batera, bilketa-sistemen planteamendu berria. Gainera, San Frantzisko aldapa birmoldatzeko lanek ekarri dituzte hobekuntzak, besteak beste, hondakinen edukiontzi lurperatuak, gai birziklagarriak biltzeko.

Bilketa-sistema hauek erabiliko dira zati ezberdinetarako:

  • Ontzi arinen bilketa, gaur egun astean hirutan egiten dena edukiontziak “jarri eta kentzeko” sistemaren bidez, bilketa pneumatikoko buzoien bidez egingo da, eta horri esker Alde Zahar osoan 40 bilketagune izango dira auzokoengandik hurbil.
  • Papera eta kartoia ere “jarri eta kentzeko” sistemaren bidez biltzen dira, astean hirutan, eta horiek biltzeko edukiontzi finkoak jarriko dira.
  • Hondakin organikoak, orain bereiz jasotzen ez direnak, edukiontzi finkoak baliatuz bilduko dira.
  • Beira eta olioa biltzeko ere edukiontziak baliatuko dira. Gainerako hondakinak orain arte bezala bilduko dira, bilketa pneumatikoaren bidez.

Beste aldaketa hauek egingo dira:

  • Alde Zaharreko bilketa pneumatikorako aho guztiak aldatuko dira, “ogi-ontziaren” antzeko modeloaz ordeztuz. Izan ere, sistema horrek asko errazten die erabilera auzokoei.
  • Halaber, aldatu egingo da edukiontziak jarri eta kentzeko sistema.  Hain zuzen ere, desagertu egingo da txandakako egunetan jarri eta kentzeko bilketa-sistema. Aipatutako hondakin-mota guztiak biltzeko edukiontziak etengabe egongo dira Alde Zaharrean jarrita, eta husteko baino ez dira kenduko, eta berehala lekura itzuliko, hau da, auzokoek beti izango dituzte erabilgarri.
  • San Frantzisko aldapan edukiontzi lurperatuak jarriko dira, gaur egun inguruan dauden buzoien ondoan, bilketa pneumatikoak biltzen ez dituen gaiak bildu ahal izateko.
  • Edukiontzien irlak banatuko dira Alde Zaharreko 16 leku zehatzetan. Estrategikoki kokatuko dira, guztiengana iristeko eta hobeto mantendu eta hustu ahal izateko. Leku hauek dira:
    • Diputazio kalea
    • Pedro Egaña kalea
    • Frai Zacarias Martinez kalea
    • Hedegile kalea
    • Gasteiz kalea
    • Santa Ana kantoia
    • Eskola kalea
    • Jesusen Zerbitzarien kalea
    • Hedegile kalea
    • Antepara kalea, Santa Maria kantoiaren ondoan
    • San Prudentzio Ikastetxeko kalea
    • Bueno Monreal kalea
    • Barrenkalea
    • Santa Maria kalea
    • San Frantzisko Xabierkoaren kantoia
    • Kanpokale Berria

“Aldaketa hauekin, nire ustean, Alde Zaharreko gaikako bilketa eta birziklatzea hiriko gainerako lekuen mailara iritsiko da, hobea ez bada, berezitasunak eta zailtasunak izan arren”, nabarmendu du César Fernández de Landak.

 

 

Share

Udalbatza 2020-09-25

Webgunean Udalbatza uztailaren 25ean (ostirala), 9.00etan, egingo duen ohiko osoko bilkuraren gai-zerrenda

 

Share