Prentsa Oharren banner

Gasteizek babes ofizialeko etxebizitzetarako lursail batzuk —24 milioi euroko balioa dutenak— berreskuratu ditu 

2009tik geldirik zeuden lurrak itzultzea adostu du 21 Zabalguneak jabeekin

 

Elkarrekin taldeak proposaturik, salmentatik ateratako dirua auzoen birgaitzea sustatzeko erabiliko da, eta PPk babestu egin du proposamen hori.

21 Zabalgunearen kontseiluak akordio “historikoa” onetsi du gaur, EAJ-PNV, PSE-EE, PP eta Elkarrekin taldeen aldeko botoekin. Horri esker, Gasteizek Larrein eta Aretxabaleta-Gardelegiko lursail batzuk berreskuratuko ditu, zeinak babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko izan arren duela hamarkada batetik geldi baitaude.

UNECAren bitartez lortutako akordioak 24 milioi eurotik gorako irabaziak ekarriko dizkio udal sozietateari, 13. eta 19. sektoreetako lursailak lehiaketa publikoaren bidez salduta.

21 Zabalguneko zerbitzu teknikoek azaldu dutenez, akordioak “urte askotan ezin konponduriko arazo” bat desblokeatzen du. “Aurkeztutako eskaintzak onuragarriak dira 21 Zabalgunearentzat, formula horren bidez lursailen jabetza udal sozietatearen eskuetara itzultzen delako eta sozietateak aukera duelako horiek esleitzeko beste prozesu batzuk egiteko aurrekoez bestelako baldintzetan, denbora-tarte honetan aldatu egin baita babes ofizialeko etxebizitzak saltzeko baldintzei buruzko araudia”.

2009 eta 2010ean, lursail horien jabeek kontratu bat itxi zuten 21 Zabalgunearekin, 13. eta 19. sektoreetan (Larrein eta Aretxabaleta-Gardelegi, hurrenez hurren) lurrak erosteko. Garai hartan ordaindu beharrekoaren zati bat aurreratu zuten, 3 milioi euro baino zertxobait gehiago, eta kopuru hori lursailak saltzen direnean itzuliko zaie, interesik gabe.

Gainera, Elkarrekin taldeak proposatuta, lursailen salmentatik lortzen den dirua hiriko auzoen biziberritzea sustatzeko erabiliko da, eta PPk babestu egin du proposamen hori.

Share

Asteburuan ospatuko da Hegaztien Mundu Eguna

 

 Ekimenaren xedea hegaztian ingurumen-balioa nabarmentzea da, eta aurtengoan gaztetxoak izango ditu protagonista.

Asteburuan ospatuko da Gasteizen Hegaztien Mundu Eguna, hegaztiek duten ingurumen-balio ikaragarriari buruzko kontzientzia zabaltzera zuzendua. Aurtengo edizioan hegaztiek beraiek izango dira protagonista, eta, horrenbestez, lelo hauxe aukeratu da ekitaldirako: “Hegaztiak bizitza kalitatearen adierazle“.

BirdLife International erakundeak koordinatuko du ospakizuna mundu zabalean, eta Espainian SEO/BirdLife, eta egun horren bitartez gure planetaren balio naturalen errespetua sustatu nahi du, etorkizun iraungarriago baten alde.

Gasteizko Udalak 2000 urtetik laguntzen du ekimen honetan, IGIren bitartez lagundu ere, eta aurtengoan hegaztien mundua helarazi nahiz die gazte zein helduei, hiri barruan eta Salburun antolatutako jarduera-sorta baten bitartez. Efemeridearen xedea basa-hegazti ugarik beren gain duten erregresio-mehatxuaren gainean kontzientzia zabaldu nahi du, bai eta horien biziraupena eta garapen iraungarria bermatu beharrarena ere.

Jarduerak igandean hasiko dira, hegaztiak behatzeko saio batekin, non, eta Los Fresnos behatokian. 11:30etik 13:30era bitartean, ordu erdiro, gure ingurune naturaleko txorien kantu-koloreen mundu hunkigarria ezagutaraziko zaie lau pertsonako talde txikiei Interesatuak 010 telefonoan eman dezakete izena, bai eta Gasteizko Udalaren, IGIren eta Atariaren webguneetan ere.

Urriaren 5etik 7ra bitartean (astelehenetik asteazkenera) ingurumenari buruzko zinema-ziklo bat egingo da Florida zineman, betiere 20:00etan, eta 1,5 €-ren truke. Aurten, urriaren 6an ikusmina piztu duen Dehesa, el bosque del lince ibérico filma proiektatuko da, Joaquín Gutiérrez Acharena. Wanda ekoiztetxeak aurre-estreinaldia egingo du Gasteizen, behin betiko estreinaldia baino bi egun lehenago.

Hauek dira film hautatuak:

Urriak 5, astelehena

Islandia, la isla recién nacida (Carlos Pérez, 2018).

Islandia lurralde ezin ederragoa da, paisaia eta faunan benetan aberatsa. Dokumental honek munduan iparraldeen dagoen irla ezagutzera eramango gaitu, hartara bere historia laburra eta izadi txundigarria ezagutu dezagun. Ikus-esperientzia honen pareko bakarra bertara  joatea da. Azeri artikoa da Islandiako lehorreko ugaztun autoktono bakarra, eta irlako klima-baldintza gogorretara egokitzeko gauza izan da. Islandia Lur planetaren barruko sutik sortua da, eta bertan bizitzak aurrera egin du modurik liluragarrienean. Azeria gidari izango dugu paradisu natural horretan bidaiatzeko, non animalia berezi ugari bizi baitira elkarrekin: lanperna-musuak, txenadak, eiderrak, fulmarrak, brantak, araoak, pottorroak, fokak, baleak eta abar.

Urriak 6, asteartea

Dehesa, el bosque del lince ibérico (Joaquín Gutiérrez Acha, 2020).

Dokumental honen Iberiar penintsulako habitat benetan ezezagun batera eramango gaitu, angio edo dehesara. Baso-mota paregabea munduan, non sentsazio anitz eta desberdinak biziko baititugu. Arte, artelatz eta erkametzak gudu-zelai bat osatzen dute, zeinean lehiatzen baitira animalia belarjale handiak, non ehizan aritzen baitira katamotz dotore bezain isilgordekoak, non loreek kamuflaje harrigarriko harrapariak gordetzen baitituzte. Baina horrez guztiaz gain, leku baketsua ere bada, urtero-urtero milaka bidaiari hartzen dituena, negua bertan emateko. Giro epelagoaren bila datoz, bai eta elikagairik preziatuenaren grinaz ere, angioaren urrea diren ezkurren bila. Hain zuzen ere, ezkurra angioko zuhaitzek animaliekin beren biziraupena babesteko darabilten truke-txanpona da.

Urriak 7, asteazkena

Pastoreo en Gorbeia (José Luis Urrutia, 2019).

Dokumental hau Gorbeiako parke naturalean egina da, zatika euskaraz (gaztelaniazko azpitituluekin) eta gaztelaniaz filmatuta. Proiektuak Gorbeiako artzaintzaren urteko zikloa jasotzen du; izan ere, leku hori artzaintzaren lekurik enblematikoenen artean jotzen da. Dokumentalean lanbidearen historia kontatzen du, bai eta egungo egoera eta etorkizuneko perspektibak ere. Lan honen xedeen artean daude lanbide ezezagun baten errealitatea islatzea, artzainaren irudia duintzea, eta Gorbeia aisialdirako leku huts baino, lan-tokia ere badela kontzientziatzea. Dokumentalak tartetxo bat egiten die baita nola edo hala lanbidea bizirik irauten lagundu duten emakume guztiei ere.

 

 

Share