Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-02-11)

Prentsaurrekoa. ‘Principiantes’ antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Andres Lima, zuzendaria; eta aktore taldea: Javier Gutiérrez, Mónica Regueiro, Daniel Pérez Prada eta Vicky Luengo

Eguna. Osteguna, otsailak 11

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

Share

Udalak dirua itzuliko die Nazio Batuen hiribideko radarrak oker zigortutako 1.006 pertsonei

– Trafiko Zerbitzuak seinaleztapena hobetuko du, kale osoan abiadura orduko 30 kilometrora murriztuta, eta geroago aktibatuko du abiadura-kontrola 

– Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak azken hilabeteetan ezarri dituen bide-segurtasuneko neurriei esker, abiadura moteldu egin da inguruan

 

Gasteizko Udalak dirua itzuliko die Nazio Batuen hiribidean (Jundizerako noranzkoan) jarritako radarrak urtarrilaren 11n eta 12an oker zigortutako 1.006 pertsonei. Isunak automatikoki geratuko dira indarrik gabe, herritar batek erreklamazioa aurkeztu ondoren egiaztatu baita kalearen seinaleztapena ez dela egokia. Izan ere, ez da argi geratzen kale horretan orduko 30 kilometrotik beherako abiaduran zirkulatu behar dela eta, horrenbestez, isunak automatikoki baliogabetuko dira. Eragindakoek dagoeneko isuna ordaindu badute, Udalak ofizioz itzuliko die dirua.

Radar-kabina hori auzokoek eskaturik instalatu zen, Zabalgana auzoan bide-segurtasuna hobetzeko beste neurri batzuen artean. Nazio Batuen hiribidean, zehazki, gidari asko abiadura handian igarotzen direla egiaztatu zen. Radarra jartzeaz gain, abiadura orduko 30 kilometrora moteltzea erabaki zen, eta zirkulazio-erreiak estutzea. Ekimen horiek guztiek emaitza onak izan dituzte. Bertatik pasatzen diren auto gehienak kilometro baino motelago doaz orain zati horretan. Hau da, egoera nabarmen hobetu da lehengoaren aldean.

Radar-kabinak bi noranzkoetan kontrolatzen du abiadura, hau da, Jundizerantz eta Ariznabarrerantz. Egun bakarrean, makinak 1.669 arau-hauste erregistratu zituen bi noranzkoetan, baina Jundizerantz zihoazenen isunak baino ez dira baliogabetuko. Zein izan da akatsa? Labastida kaletik Nazio Batuen hiribidera sartzen diren gidariek ez dutela 30 kilometro orduko abiadura errespetatu behar dutela esaten dien seinalerik.

Hauxe da egoera:

 

 

Neurri berriak 

Orain, Udalak Nazio Batuen hiribide osoan berrikusi eta hobetuko du seinaleztapena, eta orduko 30 kilometrora motelduko da abiadura denean. Lan horiek egin ondoren hasi ahalko da berriro funtzionatzen abiadura kontrolatzeko radarra.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak azpimarratu nahi izan du ezen, zigorrak baliogabetu arren, frogatuta geratu dela ibilgailuek orduko 30 kilometrora baino azkarrago zirkulatzen dutela. Hori dela eta, auzoan behar diren trafiko-neurriak hartzen jarraituko du bide-segurtasuna hobetzearren, Zabalganeko bizilagunen eskaerak kontuan hartuz.

 

 

 

 

Share

Francisco J. Hernandez naturalista eta ilustratzailearen “Lehoi artean marrazten” erakusketa inauguratu du Atariak

 

Marrazkiaren artea eta Afrikako naturarik basatiena uztartu egin dira martxoaren 21era Atarian ikusgai izango den erakusketan.

Erakusketa honekin Atariak Afrikako natura hurbilduko digu, 34 olio eta egilearen landa-koadernoen 22 erreprodukzioren bitartez.

Atarian “Lehoi artean marrazten” erakusketa izango da ikusgai, otsailetik aurrera. Erakusketa Francisco J. Hernandez natura-artista eta ilustratzaile sevillarrak 2015an Namibiako Etosha parke nazionalean bizitako abentura artistikoaren isla da.

Egileak Afrikako natura basatienaren egunerokotasuna islatu du, eta gasteiztarrentzat ikusgai jarri du Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren eskutik. “Lehoi artean marrazten” esperientzia haren erakusleihoa da, in situ egindako edo une haietan inspiratutako marrazki, zirriborro eta pinturen bidez erakutsia herritarrei. Egilearen hitzetan, “ natura oraindik gordin dago bertan”. Guztira, 34 olio eta egilearen landa-koadernoen 22 erreprodukzio ditu erakusketak.

Egileak dioenez, helburu zehatza izan zuen Etosharako bidaiak: “Afrikako naturan murgiltzea eta bertako fauna eta flora marraztea”. Garai horretako elementu baliotsuenaren, hau da, uraren bila ari ziren milaka ugaztunen joan-etorriek liluratu egin zuten egilea. Elefanteak, gazelak, canis mesomelas txakalak eta gepardo egarrituak dira erakusketako grabatuen protagonistak.

Landa-koadernoetako ilustrazioak liburu formatuan ere argitaratuta daude — Rodeno argitaletxea, “Etosha. Namibia. Dibujando la Naturaleza Africana”– , eta ingeleseko bertsioa ere badute.   

 

Share

10,44 milioi eurora heltzen da Urtaranen gobernuak iruzur fiskalaren kontrako borrokan biltzea aurreikusten duena

 

  • Zergak Ikuskatzeko Plan berri batek 4.530.000 euro berreskuratzea ahalbidetuko du, 2021-2023 aldian

Iruzur Fiskalaren kontrako Planaren (2021-2023) ildo nagusiak zehaztu ditu Ogasuneko zinegotzi Iñaki Gurtubaik batzordean. Hainbat berrikuntza jasotzen ditu dokumentuak, alkateak urtarrilaren 22an aurkeztutakoaren aldean. Lehendik ezagutzen ziren 87 ekintzei beste bat gehitu zaie, Zergak Ikuskatzeko Plana, zeinen bitartez 4.530.000 euro berreskuratzea aurreikusten baita. Hartara, hiru urteko aurreikuspen ekonomiko globala 10.448.750 eurora iristen da.

“Aurreikuspen zuhurra da. Diru-sarrerak handiagoak izan daitezen lan egingo da, iruzur-poltsak hala badira. Serio borrokatu beharra dago iruzurraren kontra. Ez dugu uste fenomeno orokortua denik, inondik ere, baina iruzurraren kontrako ekintza hori zenbat eta hobeto bideratzen dugun, orduan eta zuzenagoa izango da zerga-sistema”, nabarmendu du Urtubaik.

Lau ardatzetan egituratzen dira Iruzur Fiskalaren kontrako Planeko 88 ekintzak: zerga-betebeharrak betetzen diren kontrolatzea; zerga- eta bilketa-prozeduren hobekuntza; beste administrazio eta entitate batzuekiko lankidetza, eta zergadunei ematen zaizkien zerbitzuen hobekuntza.

Lehenengo ardatzean biltzen dira ekintza gehien, 31, baita diru-bilketaren aurreikuspenik handiena ere, 9.528.750 eurokoa. Zerga-betebeharrak betetzen diren kontrolatze horretan —Zergak Ikuskatzeko Plana barne—, hainbat neurri hartuko dira zerga eta tasak berrikusteko, erreferentziak egiaztatu eta prozesuak automatizatuz. Ahalegin berezia egingo da Gainbalioaren, Eraikuntzen eta Ekonomia-jardueren zergak berrikusteko.

Bigarren ardatzari dagokionez —zerga- eta bilketa-prozeduren hobekuntza eta eraginkortasuna—, Iñaki Gurtubaik nabarmendu du gestioak egiteko dokumentu elektronikoak ugaldu egingo direla, eta beste hainbat baliabide baliatuko, hala nola PDA gailuak, Udaltzaingotik datozen salaketen tramitazioa arintzeko.

Hirugarren ardatzean —beste administrazio eta entitate batzuekiko lankidetza eta koordinazioa—, besteak beste aurreikusten da Probintziako Trafiko Buruzagitzarekin, Arabako Foru Aldundiarekin eta Zerga Agentziarekin informazioa trukatzeko prozesuak hobetzea.

Azkenik, zergadunei arreta emateko zerbitzuak hobetzeari dagokion ardatzean, Ekonomia-jardueren gaineko Zerga egoitza elektronikoaren bitartez tramitatzeko aukera emango da. Era berean, beste pausurik ere emango da zergen inguruko komunikazio elektronikoei dagokienez, baita tarifa fiskal laua ezartzeari dagokionez ere.

Aldi berean, 2020ko Iruzur Fiskalaren kontrako Planaren emaitzen balantzeko zifrak eguneratu ditu Ogasun zinegotziak. Urriaren bukaeran, alkateak zehaztu bezala,  2.356.359 euro ziren eskuratuak; horietatik, 1.072.968 euro zergak ikuskatu eta berrikustetik. Azkenik, abenduaren 31n itxitako balantzeak aukera ematen du guztira 4.262.183 eurora arte hobetzeko kopuru hori —horietatik, 2.373.979 euro zerga-ikuskaritzatik jasoak—. Guztira 881 dosier izapidetu ziren.

Informazio gehiago: Iruzur Fiskalaren kontrako plana

Share

Udaltzaingoak patinete elektrikoen 24 erabiltzaile salatu ditu aste bakarrean  

Espaloietatik eta oinezkoen alderdietatik patinete elektrikoz zirkulatzeko debekua aplikatu den lehen astean, Udaltzaingoak 24 patinete-erabiltzaile salatu ditu.

Urtarrilaren 2an sartu zen indarrean mugikortasun pertsonaleko ibilgailu horien zirkulazioa mugatzeko Trafiko Zuzendaritza Nagusiak emandako errege dekretua. Urtarrilean zehar araudi berriaz ohartarazi zituen Udaltzaingoak erabiltzaileak, eta otsailaren 2an hasi zen ez-betetzeak zigortzen.

Otsailaren 2tik 8ra bitartean egindako 24 salaketak honela banatzen dira: 13, espaloitik eta oinezkoen alderdietatik zirkulatzeagatik; 3, patinete batean pertsona bat baino gehiago joategatik; 2, zirkulatzean mugikorra baliatzeagatik; 2, 1.000 wattetik gorako patinetea matrikulatu gabe eramateagatik; 2, kontrako noranzkoan joateagatik; 1, entzungailuak jantzita zirkulatzeagatik; 1, alkohol eta droga tasa gainditzeagatik, eta 1, semaforo gorria ez errespetatzeagatik.

Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Marian Gutiérrezek eman ditu datu horiek gaur goizeko udal batzordean; orobat jakinarazi du datorren astean informazio-kanpaina bat egingo dela tokiko hedabideetan, patineteentzako arau berriak gogorarazteko.

Une honetan, Gasteizko Udala mugikortasunari buruzko ordenantza berria lantzen ari da, estatuko araudian jasota ez dauden alderdiak erregulatzeko.

 

 

Share

Atxilotua bizilekua bortxatzeagatik eta bikote ohiari indarkeria egiteagatik

Udaltzaingoko agenteek 26 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo genero-indarkeriaren arloan bizilekua bortxatzeagatiko, indarkeriagatiko eta kalteengatiko delituen ustezko egile gisa.

092 zenbakira egindako dei batek poliziaren presentzia eskatu zuen Zabalgana auzoko etxebizitza batean; eskatzailearen arabera, bere  bikote ohia onarpenik gabe sartu zen bertara.

Patruila batek egiaztatu zuen gizona sukaldean zegoela: minutu batzuk lehenago, emakumea etxetik atera zela aprobetxatuz sartu zen etxean hari bortizkeriaz bultzada eman ostean.

Biktimak agenteei esan zien harremana zuten bitartean hainbat eztabaida izan zituztela, baita erasoren bat ere, eta egun batzuk lehenago, bikote ohiak kalteak eragin zituela etxebizitzako atean. Horren guztiaren ondorioz, agenteek atxilotu egin zuten.  Gaur jarriko dute epailearen esku.

 

Share