Prentsa Oharren banner

Alkateak Michelin Hirien Sarearen aurrean aurkeztu du Gasteizek pandemiaren ostean bere etorkizunari aurre nola egingo dion

Gorka Urtaran alkateak beste alkate eta klima-aldaketen aurreko estrategian adituak direnekin batera hartu du parte “Hiri-erresilientzia” bideokonferentzian. Ekimena Michelin Hirien Nazioarteko Sareak antolatu du. Hitzorduaren bidez, ekonomia, ingurumen eta gizarte arloko jasangarritasunaren ikuspegiaren pean pandemiak eragin duen trantsizio-etapari aurre egiteko tokian tokitik zer estrategia planteatu duten ezagutu ahal izan dute parte-hartzaileek. Jasangarritasunaren ikuspegi soziala izan da, hain zuzen ere, Gasteizko alkateak bereziki landu duena:

Urtaranek Orain Gasteiz planaren ardatzak zehaztu ditu. Horixe bera da koronabirusak eragindako krisiaren aurrean jarduteko ardatz nagusia eta hauek dira horren oinarriak: osasunaren babesa (eskumena duten administrazioekin elkarlanean), gizarte-ongizatea sendotzea (bakarrik dauden adinekoengan, adingabeak dituzten familiengan eta etxerik gabeko pertsonengan arreta berezia jarrita) eta tokiko ekonomia babestea.

 

Etorkizunera begira, Gasteizko alkateak azpimarratu du Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuak European Green Deal estrategian hartu duela parte. “Ezinbesteko beharra da etorkizuneko hirietarako”, aipatu du Urtaranek. Gainera, jarduteko beste ardatz bat ere zehaztu du: Garapen Iraunkorrerako Helburuak. Ekimen zehatz horien artean, auzo guztietan gertutasuneko baliabideen proiektuak nola garatzen ari diren azaldu nahi izan du. Bestalde, adibide gisa jarri du supersagarren proiektua, Gasteiz 2030ean CO2 emisioetan neutroak diren Europako 100 hirietako bat bihurtzeko funtsezkoa izango dena. Era berean, energia oinarritzat hartuta, hiriko birgaitze-politikei protagonismoa eman nahi izan die.

Jardunaldian, bestalde,David Millerrek, Torontoko alkate ohiak, ere hartu du parte. Bere ustez, COVID-19ak eragindako krisia hiriak berreskuratzeko aukera izan daiteke, lehentasuna pertsonengan jarrita. Bere hitzaldian, Bridgewater-eko (Kanada) alkatearekin, David Mitchellekin, solasean aritzeko aukera izan du.

 

Porous city network & landprocess enpresako CEOak eta sortzaileak, Kotchakorn Voraakhomek, etorkizuneko krisiei aurre egiteko garaian baliabide hidrikoak eta paisaia-arkitekturaren ikuspegitik horiek behar bezala kudeatzea erabakigarriak izan daitezkeela azaldu du. Jair Alexandre Gonçalvesek, Guarulhoseko (biztanle gehien duen Brasilgo hirietako bat da) Nazioarteko Harremanetarako zuzendariak, udalerri horrek abian duen uholdeak prebenitzeko proiektuaren berri eman du.

 

Bestalde,Jérôme Auslenderrek, Frantziako Clermont-Ferrand hiriko alkateordeak, COVID-19ari aurre egiteko hiri horrek abian jarri dituen neurriak zehaztu ditu. Amaitzeko, tokiko demokrazian nazioarteko aditua den Firdous Oussidhoumek zerbitzu publikoak hobetzearekin lotuta pandemiak berekin ekarri duen ikasbidea azaldu eta hiritarrak horretaz gero eta gehiago jabetzen direla azpimarratu du.

 

Michelin Hirien Sareak, gaur egun, Europako, Amerikako, Asiako eta Afrikako 35 udalerri biltzen ditu. 2019an, Gasteizen egin zuten bigarren kongresua (hirugarrena irailean egingo dute Querétaron (Mexiko)- eta gaur egun Gorka Urtaran da Sareko presidenteordea.

Share

Prentsa-deialdiak (2021-02-25)

Gasteiz Sport Business Biltzarra inauguratzea

Parte hartzaileak. Kirol eta Osasun zinegotzi Livia López

Eguna. Osteguna, otsailak 25

Ordua. 9:00

Tokia. Europa Biltzar jauregia, Maria de Maeztu aretoa

——————————————-

Prentsaurrekoa. Zabalganako Superetxadien Proiektua aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escudero

Eguna. Osteguna, otsailak 25

Ordua. 11:00

Tokia. Europa jauregia, Salburua aretoa

 

**Alkateak eta zinegotziak aurkeztuko duten informazioa bahituta egongo da 18:00ak arte, komunikabideen aurreko agerraldi Zabalganako Auzoguneko aurkezpena baina lehenago egingo baita. 18:00etatik aurrera auzoko bizilagunek informazioa jasoko dute, eta hortaz, informazioa komunikabideen esku egongo da.

——————————————————

Prentsaurrekoa. ‘Kotondarrak’ ikuskizuna aurkeztea

Parte hartzaileak. Ivan Alonso, zuzendaria; eta Miren Larrea, jatorrizko ideia eta antzezlea

Eguna. Osteguna, otsailak 25

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

—————————————-

Babes Zibileko meritu-dominak banatzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Denis Itxaso, Gobernu zentraleko delegatua Euskadin

Eguna. Osteguna, otsailak 25

Ordua. 12:00

Tokia. Goiuri jauregia

Share

1.000 haritzeko baso berri bat izango da Gasteizen, Zabalganean, enpresa lokal baten ekimenez

Karbono-aztarna konpentsatzeko proiektu bati ekin dio Albia taldeak, eta basoa landatuko du Gasteizko 2.500 metro koadroko eremu batean 

1.000 erkametz (Quercus faginea) landatuz, hiriko karbono-isuriak murrizten lagundu nahi du

 

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

1.000 haritzeko baso berri bat izango da Gasteizen, Zabalganean, enpresa lokal baten ekimenez. ‘Albia basoa’ ekimena aurkeztu du gaur Albia taldeak, hiriko karbono-isuriak murrizten laguntzea helburu, iraunkortasunaren eta ingurumen-inpaktua gutxitzearen aldeko konpromisoaren haritik.

Zabalganeko basoan egin den aurkezpen-ekitaldian, landaketa sinboliko bat egin dute ehorztetxearen eta Udalaren ordezkariek —Gasteizko alkate Gorka Urtaran eta Ingurumen Plangintzaren eta Kudeaketaren zinegotzi César Fernández de Landa izan dira bertan—, eta Eraztun Berdeko baso horretako 2.500 metro koadroko eremuan landatuko diren 1.000 erkametzetatik —Quercus faginea— lehena landatu.

Alkateak eskertu egin dio ekimena Albiari, eta orobat basoa landatzeko hiria aukeratu izana, gerora beste herri batzuetan besterik landatzeko asmorik badu ere. “Larrialdi klimatikoko egoeran gaude. Zorionez, duela ia hiru hamarkada jabetu ziren horretaz hiri hau eta erakunde hau, eta neurriak hartzen hasi ginen, planak idazten, bide hori urratzen jarraitzeko ongi kokatuta egotera garamatzaten politikak bideratzen. Pozik ikusten dugu zenbateraino kontzientzia hartu duten herritarrek eta enpresek, mundu osoan, baita gure inguruko enpresek ere, eta honen gisako ekintzak bideratzen dituzten, edo beren lan-prozesuetan irizpide arduratsuak txertatzen. Oso pozgarria zait landaketa honetan parte hartzea, uste baitut denok bat egin beharra daukagula klima-aldaketaren kontrako borrokan. Modu kolektibo eta indibidualean konprometitzen gaituen erronka bat dugu”, nabarmendu du alkateak, eta bidenabar azaldu du 1.000 erkametz horien landaketa hiriak aldian-aldian egiten dituen landaketei gehitu behar zaiela. “Eraztun berdean eta landa-eremuan moztutako zuhaitz bakoitzeko, beste 15 landatu ditu Udalak, azken bi urteotan”, gaineratu du.

Albiaren agenda berdearen barruan sartzen den erkametz-landaketa horren bitartez, CO2 nabarmen murriztuko dela kalkulatzen da. Izan ere, espezie horretako zuhaitz bakoitzak 0,13 t CO2 xurgatzen du.

Horrela, ingurumenarekiko konpromisoa sendotu nahi du Albia enpresak, bere jardueran ingurumen-arriskuen kudeaketa hobetzeko egiten dituen beste ekintza batzuei gehituz ekimen hori. Orobat eskaintzen dizkie familiei ingurumenarekin begirunez jokatzen duten produktu eta zerbitzuak, hala nola material biodegradagarriekin egindako errauts-kutxatila eta hilkutxak, besteak beste. “Gasteizko proiektu honek bereziki pozten gaitu, eskualdearekin dugun konpromisoagatik, baina baita naturarekiko eta ingurumenaren zaintzarekiko dugun errespetuaren adierazgarri gisa ere. Energia-efizientziaren printzipioa aintzakotzat hartuta lan egiteko aukera ematen diguten azpiegiturekin lan egiten dugu beti, energia berriztagarriak eta horien erabilera efizientea uztartuz, CO2 isuriak murrizteko eta, hartara, kutsadura atmosferikoa eta ingurumen-inpaktua gutxitzeko”, nabarmendu du Albia taldeko Juan Rodríguezek.

Share

Atxilotua Errementari kaleko lokal batean lapurretan ari zela

Udaltzainek 19 urteko gazte bat atxilotu zuten atzo Errementari kaleko lokal batean indarkeriaz egindako lapurreta-delituaren ustezko egileak izateagatik.

Lokalaren jabeak eman zion poliziari abisua barruan ustekabean harrapatu ostean. Horren aurretik, lokala itxi eta barruan utzi zuen gaztea aulki batean eserita, eskuan zauri bat odoletan zuela. Bertara sartzeko kristalak hautsita atea bortxatu zuenean egin zuen zauria gazteak.

Gazteak bost telefono mugikor eta bi terminal zituen gainean. Gertatutakoa ikusita, udaltzainek atxilotu egin zuten. Gaur goizean geratuko da epailearen esku.

 

Arau-haustea

Udaltzainek atzo 32 urteko emakumezko bat atxilotu zuten ustez babes-agindua hautsi izanaren delituagatik.

Guztia 18:00ak inguruan gertatu zen, Adurtza auzoan zaintza-lanak egiten ari zen patruila batek musukoa jantzita izan gabe Heraclio Fournier kalean paseoan zebilen bikote bat ikusi zuenean.

Udaltzainek bi pertsonak identifikatu zituzten eta, dokumentazioa egiaztatzean, emakumeak gizonezkoarekiko babes-agindua indarrean zuela ikusi eta, ondorioz, atxilotu egin zuten. Gaur jarriko dute epailearen esku.

 

Share

Ekonomia Sustapenaren batzordea atzeratzea

Aurrekontuekin lotutako lanen lehentasuna aintzat hartuz, 2021eko martxoaren 2an deituta zegoen Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritza eta Turismoaren eta Sozietate Publikoen batzordeko ohiko bilkura martxoaren 4ra atzeratuko da, 12:00etan.

Share

Gasteizek krisiaren aurkako borroka areagotuko du, 2 milioian balioetsitako laguntza-plan batekin

 

Etxebarriak gutxienez 600 euroko aparteko laguntzak iragarri ditu ehungintzarako eta bidaia agentzietarako 

Merkataritza eta ostalaritza modernizatzeko dirulaguntzek terrazak hornitzeko linea bat izango dute lehen aldiz

 

Gasteizko Udalak laguntza plan bat jarri du abian osasun krisiaren ondorioei aurre egiteko. Programa horren lehen faseak 2 milioi euroko aurrekontua du eta sostengu ekonomikoa eta pizgarri fiskalak barne hartzen ditu; urtean zehar neurri berriekin osatuko da plana. Planak indartu egiten ditu Arabako hiriburuak azken hilabeteetan ekonomia dinamizatzeko bideratu dituen politiken zutabeak, hainbat berritasunekin. Besteak beste, gutxienez 600 euroko aparteko laguntzak sortu dira bi sektore berezitarako: ehungintza (arropa-dendak eta zapata-dendak, besteren artean) eta turismoa (bidaia-agentziak, biltzarren antolaketa eta gidariak). Gainera, terrazen ekipamendurako dirulaguntzak emango ditu Udalak lehen aldiz, ostalaritza sektoreak hala eskatu baitu; enpresen arloan, berriz, ekonomia zirkularreko proiektuei laguntzeko lerro bat estreinatuko du.

Gaur, asteazkenarekin, aurkeztu dute plana alkateorde Maider Etxebarriak eta Merkataritza zinegotzi Igor Salazarrek; hain zuzen ere, “pandemiak kaltetutako sektoreen iradokizunetan oinarritzen da” plana. Ekonomia Sustapenaren zinegotziak adierazi duenez, programak hiru ardatz nagusi ditu, sailak agintaldi honetan bere estrategia politikoaren erdigunean jarri dituen arloei erantzuten dietenak: merkataritzari eta ostalaritzari, enpresa-ehunari eta turismo-sektoreari laguntzea. Zinegotziak azaldu duenaren arabera, laguntza horiek “beste erakunde batzuetakoekin osagarriak” izango dira, eta Udalak “laster” argitaratuko ditu betekizunak eta epeak zehazten dituzten deialdiak, teknikariek oinarriak amaitu bezain laster.

Laguntza-plan honen hiru ardatzetako lehena merkataritza eta ostalaritzari zuzentzen zaie, pandemiak gehien kaltetutakoen artean baitaude. Zehazki, urte hasiera honetan, Udalak 660.000 euro bideratuko ditu bi sektoreen defentsara, hau da, iazko aurrekontuan esleitutako zenbatekoa bikoiztuko du. Zenbateko hori hiru programatan banatuko da. Alde batetik, hirian merkataritza-enpresa txikiak eta ostalaritza-establezimenduak ezartzeko eta modernizatzeko laguntzak, 300.000 euro. Bigarrenik, murgiltze digitalarekin lotuta iaz sortutako dirulaguntzak mantenduko ditu Gasteizek. 60.000 euro jarriko dira digitalizazioan laguntzeko, alegia, sareko merkataritzarekin, telelanarekin edo web korporatiboen egokitzapen edo garapenarekin lotutako ekipamendu eta software informatikorako inbertsioak ordaintzeko.

Lehen ardatz horren berritasun nagusia ehungintzara bideratutako aparteko laguntzak dira. Ildo horrek 300.000 euro izango ditu eta arropa eta osagarrien denden eta zapata-denden gastu arruntera bideratuko da. Onuradunek zenbait betekizun bete beharko dituzte: besteren artean, lokalaren antzinatasuna eta plantillaren bolumena baloratuko dira. Laguntzak 600 eurokoak izango dira gutxienez, eta alokairu edo hipoteka gastuak zein autonomoen kuota ordaintzeko balioko dute, besteak beste. “Saldoa soberan badago, eskatzaileen artean banatzeko aukera aztertuko da, partida agortu arte”, adierazi du Salazarrek.

Era berean, zinegotziak adierazi du merkataritzari eta ostalaritzari dagokion kapituluak barne hartuko dituela hiriko taberna eta jatetxeen 2021. urte osoko terraza eta zaborren tasen salbuespenak; EAJ-PSE udal gobernuak berriki iragarri duen neurri horrek 820.000 euroko eragina izango du udal kontuetan. “Ostalaritzak salbuespena eskatu zigun, haien izenean defendatu genuen, eta Ogasun Sailak mahai gainean jarri du sektoreari laguntzeko, alkateak iragarri zuen bezala.

Sailen arteko lankidetzaren adibide garbia da “, azpimarratu du Salazarrek.

 

Ekonomia zirkularreko ildo berria

Laguntza-planaren bigarren ardatzak tokiko enpresa-ehuna izango du helburu, eta lau neurri barne hartuko ditu. Kapitulu honetan sartzen dira 50 langile baino gutxiagoko enpresak sortu eta finkatzeko laguntzak, 140.000 euro, zeinak 5 urte arteko antzinatasuna duten negozioengatik eskatu ahalko baitira; ekintzaileentzako bekak, 84.000 euro, Gasteizen enpresa-ekimen bat bultzatzen ari diren pertsonentzat; ikus-entzunezkoen sektorerako laguntzak, 100.000 euroko aurrekontuari eutsiko diotenak, zinema, telebista eta plataforma digitaletarako proiektuak, film laburren ekoizpena eta gidoien idazketa sustatzeko, eta 50.0000 euroko laguntza-ildo berria, ekonomia zirkularreko proiektuak finantzatzeko.

 

Turismoa

Hirugarren ardatzak iaz hasitako estrategia indartuko du, Gasteizen turismo-produktuak sustatzen eta sortzen lan egiten duten autonomoen eta enpresen jarduera babesteko. 2021eko laguntza-programan 100.000 euroko aparteko laguntza berriak jasoko dira sektore horretarako. Lerro horren helburua da bidaia-agentzien, gidarien, kongresuen antolaketari lotutako enpresen eta hotel-establezimendu txikien gastu arrunta ordaintzen laguntzea. Gutxieneko zenbatekoa 600 eurokoa izango da.

Laguntza-lerro bakoitzaren epeak irekitzeari dagokionez, Udalak deialdi bakoitzaren berri emango du jendaurrean. Deialdi horiek, gainera, udalaren webgunean eta Ekonomia Sustapenaren Sailaren buletinetan iragarriko dira.

AyudasPE2021

 

Share

Iraunkortasunerako Gobernu Lokalen Sarearen erabaki-organoetan sartu da Gasteizko Udala

ICLEIko batzorde betearazleko aholkulari izendatu dute Ana Oregi, eta Sarearen Europako Batzordeko bost ordezkarietako bat izango da

Iraunkortasunerako Gobernu Lokalen Sarearen erabaki-organoetan sartu berri da Gasteizko Udala. Izan ere, ICLEIren Batzorde Betearazleko iraunkortasun-konponbideen ikerketa urbanoaren arloko aholkulari izendatu dute Ana Oregi alkateordea, eta orobat izango da Sarearen Europako Batzordeko bost ordezkarietako bat.

Joan den astean aurkeztu ziren gobernu lokalen sare horren zuzendaritza-organoak hautatzeko prozesuaren emaitzak. 1990ean sortua, 1.700 kidetik gora biltzen ditu sareak, 100etik gora herrialdetakoak, hainbat arlotan proiektu berritzaileak garatzeko elkarlanean —biodibertsitateari eta ekosistemei buruzko zerbitzuak, klima-aldaketa arindu eta hartara egokitzea, energia, elikadura, azpiegiturak, kontratazioa, mugikortasuna eta ura, besteak beste—.

“Erakunde horrek pisu handia du nazioartean, eta estu lan egiten du Nazio Batuekin eta Europako hainbat erakunderekin, gobernu lokalen iritzia aintzat hartzen dela ziurtatzeko. Gainera, sare tematikoen eta proiektu zehatz oso interesgarrien bidez esperientziak trukatzeko aukera ematen du”, nabarmendu du Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotziak.

Share