Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-02-08)

Prentsaurrekoa. ‘Horizonte XXII’ kontzertua aurkeztea

Parte hartzaileak. Udal Musika Bandaren zuzendari Luis Orduña; gonbidatutako zuzendari Marcel Ortega; eta Kloy, raperoa

Eguna. Astelehena, otsailak 8

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

Share

Ostalaritzak Covid-19aren ondorioei aurre egin diezaien, neurri berriak proposatu ditu alkateak

  • Sektore hori, 2021. urte osoan, mahaitxoen tasa eta zabor-tasa ordaintzetik salbuestea proposatu du
  • Milioi bat euro inguruko eragin ekonomiko positiboa izango du neurri horrek ostalaritzan

Gorka Urtaran alkateak neurri berriak proposatu ditu ostalaritzari eta jatetxeei laguntza fiskala emateko, egoera sanitarioak eragindako krisiak gehien kaltetu duen sektoreetako bat izaki. Hain zuzen ere, 2021. urte osoan mahaitxoen tasa eta zabor-tasa ordaintzetik salbuestea proposatu du alkateak. 820.000 euro inguruko eragin ekonomiko positiboa izango du neurri horrek sektorean —300.000 euro ingurukoa, mahaitxoen kasuan, eta 520.000 euro ingurukoa, aldiz, zabor-tasaren kasuan—.

“Ostalaritzako profesionalek ez dute gertatzen denaren erantzukizun zuzena, baina herritarren osasuna bermatzeko hartzen diren erabakiak ordaintzen ari dira. Bizi dugun eta hilabeteetan luzatzen ari den salbuespen-egoera dela eta, neurriak hartu beharra dago, tasak bertan behera uzterik izan dadin 2021ean ere, iaz bi alditan egin genituen bezala”, azaldu du Gorka Urtaranek, zein neurri berriak prestatzen ari baita, Ogasun Sailarekin eta Ekonomia Sustapenaren Sailarekin elkarlanean, ostalaritza-enpresei laguntzeko. Aste honetan bertan hainbat bilera egin dituzte sektoreko eragileekin.

Alkateak azaldu duenez, beharrezkoa da udalbatzaren akordio bat tasetan salbuespena egiteko eta Batzar Nagusietan araudia aldatzeko, zerga horiek urtarrilaren 1ean sortzen baitira. Zentzu horretan, Gorka Urtaranek ontzat jo du PPk egindako proposamena, Ogasun batzordeak datorren astean eztabaidatuko duena. “Positiboa iruditzen zaigu, baina gobernu-talde honentzat ez da nahikoa. Guk proposatzen dugunarekin osa daiteke”, gaineratu du alkateak.

Urtaranen gobernuaren lehen ardatzak laguntza fiskalen arloko neurriek biltzen ditu. Bigarren ardatza pandemiak gehien kaltetu dituen sektore ekonomikoei laguntzeko plana da, zeinen xehetasunak laster aurkeztuko baitira. Hartara, neurri fiskalekin eta ezohiko laguntzekin, “Orain Gasteiz” planaren hiru ardatz nagusietako batean eragingo da, zein baita ekonomiari babesa ematea.

Ostalaritzarako 550.287 euroko aparteko laguntzak eman ziren 2020an “Orain Gasteiz” planaren barruan, premia nagusiei erantzuteko asmoz. Babesteko materiala erosteko eta beste gastu osagarri batzuei aurre egiteko laguntzak gehitu behar zaizkio horri. Guztira, 928.000 euroko laguntza ekonomikoa eman zitzaion ostalaritzari, hainbat ildotan.

Eusko Jaurlaritzak bultzatutako merkataritza-, turismo- eta ostalaritza-bonuen programan ere parte hartu du Udalak. Zergei dagokienez, bi alditan utzi ziren iaz bertan behera mahaitxoen tasa eta zabor-tasa, murrizpen sanitarioen ondorioz establezimenduak itxi behar izan zirelarik. Era berean, mahaitxoak errazago instalatzeko neurri gehigarriak bultzatu ziren: erraz desmunta daitezkeen terraza estaliak baimendu ziren, Eguzkilore kaleetako aparkalekuetan mahaiak jartzeko aukera eman zen eta arkupeetan mahaiak jartzeko nahiz gas-berogailuak instalatzeko aukera eman zen.

Share

Atxilotua Olarizun errekisitoria judizial bat dela eta

Udaltzaingoak atxilotzeko errekisitoria judiziala zuen 32 urteko emakumezko bat atxilotu zuen atzo. 12:30 baino zertxobait geroago identifikatu zuten beste pertsona batzuekin batera kableak hartzeko etxebizitzen bloke bateko teilaturaino igo zelako. Zuzenean epaitegira eraman zuten.

Kea kutxatiletan

Suhiltzaileek atzo esku hartu behar izan zuten Badaia kaleko bi kutxatila elektrikotatik kea ateratzen ari zela jakinarazi zietelako. Suaren sorgunea irudi termikoen kamera batekin topatu zuten eta Iberdrolako langileak arduratu ziren matxuraz gero.

 

Share

Montehermoso kulturuneak Miguel Alejosen ‘Espacio de aproximación’ (Hurbilketa-espazioa) erakusketa aurkeztu du

 

Otsailaren 5etik martxoaren 7ra arte egongo da ikusgai

Otsailaren 5etik martxoaren 7ra arte ikusi ahalko da Miguel Alejosen ‘Espacio de aproximación’ (Hurbilketa-espazioa) erakusketa Montehermoso kulturuneko Jovellanos aretoan. Zentroak Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatearekin batera sustatzen duen deialdian hautatutako proiektuen arteko lehena da.

‘Montehermoso+UPV/EHU’ lemaren pean, programak komisario baten laguntzarekin proiektu artistikoak garatzeko aukera eskaintzen die bigarren zikloko, gradu-ondoko eta doktoretzako ikasleei, ondoren Montehermoson bakarka aurkezteko.

“Pozgarria da guretzat artearen alorreko talentu berriak garatzen lagundu ahal izatea; etengabe eraldatzen ari den sektorea da, eta orain inoiz baino sostengu handiagoa eman behar diogu”, adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Harekin batera  Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko dekano Edurne González, erakusketaren komisario Cristina Arrázola eta Miguel Alejos artista izan dira prentsaurrekoan.

Erakusketa

Miguel Alejosek Arte Ederretako gradua lortu zuen Valentziako Unibertsitate Politeknikoan, eta Ikerketa eta Sormena Artean masterra egin du Euskal Herriko Unibertsitatean.

‘Espacio de aproximación’ (Hurbilketa-espazioa) erakusketan, oraindik guztiz ezagutzen ez den zerbaiterantz hurbiltzen da artista valentziarra, bitxia gertatzen den zerbaiterantz. Presente dagoen zerbait, aldika lore bat, lanpara bat, iluntasun distiratsu bat… dena, espazio berean batzeak sor ditzakeen erlazioen pean ordura arte ezezaguna zen indar izugarriz agertzen den zerbaiten forma bitxiak.

Cristina Arrázola komisarioak babestu du erakusketaren garapena. Gaurtik hasita martxoaren 7ra arte ikusi ahalko da, Montehermoso kulturuneko Jovellanos aretoan.

Proiektu artistikoak

Bestetik, aurten proiektu artistikoen deialdira aurkezteko epea ireki du Montehermoso kulturuneak. Apirilaren 6ra arte aurkeztu ahalko dira.  Udalaren zein Montehermosoren webguneetan kontsultatu daitezke oinarriak.

MH-UPV 2020-21 MIGUEL ALEJOS Katalogoa

 

 

 

Share

Gasteizek 105.000 eurorekin sustatuko du ingurumenaren arloko proiektuak aurten, beste erakunde batzuekin elkarlanean

Gasteizek zenbait erakunde eta entitaterekin jardungo du elkarlanean ingurumenaren arloko ikerkuntza eta zabalkundean; 135.000 euro bideratuko ditu horretarako. Gasteiz Greenen ildo estrategikoetakoa da klima-aldaketaren kontra borrokan diharduten entitate eta erakunde espezializatuekin lankidetzan eta ikerkuntzan aritzea.

Alkateak gogorarazi du Gasteizek konpromisoa duela klima-aldaketaren kontrako borrokarekin, Europar Batasuneko alkateen itunean jaso bezala, eta, halaber, hau adierazi du: “hiri berdetik ekonomia berdera igarotzeko agenda argia daukagu, gure Gasteiz Green Dealek ezarria. Gasteizko Green Deal planak bideratzen ditu hori lortzeko egiten ari garen ekimenak. Planetaren erronkei aurre egiteko maila globalean proposatzen diren eta gure hirian aplikagarriak diren konponbideak gureganatzea da kontua. Erronka horiei aurre egiteko proposatzen diren eta gure hirian ondo egin daitezkeen konponbide eta ekimenen barruan daude Ingurugiro Gaietarako Ikastegia egiten ari den ikerketa-lerroak“ nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak.

Aurten, beste bi lerro gehitu zaizkio Ingurugiro Gaietarako Ikastegia egiten ari den ikerkuntzako lankidetzari: bata Unesco Katedrarekin, kultura-paisaien eta ondarearen arloko ikerkuntza aplikatuko jarduerak egiteko, eta lerro horretarako 15.000 euro bideratuko dira; eta bestea Euskal Herriko Hazien Sarearekin, nekazaritza-dibertsitateari eta lursailen ondarea kontserbatzeari buruzko prestakuntza- eta zabalkunde-esperientziak trukatzeko eta sustatzeko, eta beste lerro horretarako ere 30.000 euro bideratuko dira.

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak hiri-ingurunetako naturari buruzko ikerketa-lerro batean dihardu, Basque Centre for Climate Change – Klima Aldaketa Ikergai (BC3) elkartearekin elkarlanean. Udalak 15.000 euro bideratuko ditu aurten ikerketa-lankidetzako proiektu horretarako.

Bestalde, Gasteizek landare-espezieak landatzearen bidez eta beste konponbide naturalen bidez lurzoru hondatuak leheneratzeko ikerketa- eta praktika-ekintzekin jarraituko du, EHUren eskutik. Horretarako ere 15.000 euro bideratuko ditu.

Ingurugiro Gaietarako Ikastegia hidrogeologia arloko ikerkuntzan ere aritzen da EHUrekin lankidetzan, eta horretarako ere 15.000 euro bideratuko ditu.

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren eta Neiker-Tecnaliaren artean ireki dituzten ikerketa-lerroetako bat lurzoruen kontserbazioan zentratuta dago, eta horretara 15.000 euro bideratuko dira aurten.

Share

Urarteko (Abetxuku) hiri-baratzeak erabiltzeko baimenak eskatzeko epea zabaldu da

Hurrengo 30 egunetan, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiarekin harremanetan jarri ahal izango dute Urarteko hiri-baratzeetako lursailen bat eskuratu nahi dutenek. Gaur onetsi baita Abetxukuko udal-baratze horietako lursailak adjudikatzeko deialdi publikoa.

“Natura hirian bertakotzeko oinarrizko elementu dira hiri-baratzeak, baita pixkanaka autoekoizpen-estrategiak eta iraunkortasunaren inguruko sentsibilizazioa garatzen joateko ere. Horrelako ekimenei esker da posible neurri handi batean gizartean oinarrizko kontzeptuak zabaltzea; besteak beste, elikadura-burujabetza, bertako produktuak, elikadura osasungarria eta osasunerako hezkuntza”, nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak.

Ekimen horien artean leku nabarmena hartzen dute Abetxukuko aisialdiko hiri-baratzeek, zeinek partikularrek aldi batez baliatzeko 225 lursail biltzen baitituzte. 2021eko urtarrilean libre zeuden lursailak eskainiko zaizkie herritarrei, deialdi horretan.

Share

Onetsi dira Arabako Foru Aldundiarekiko hitzarmenak, gizarte-zerbitzuen alorreko eskumenak berrantolatzeko

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailaren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko hitzarmenak onetsi ditu gaur Tokiko Gobernu Batzarrak, gizarte zerbitzuen alorreko eskumenak berrantolatzeko.

Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak pasa den abenduaren 23an onetsi zuten eskumenak eskualdatzeko esparru-hitzarmena, eta gaur onetsi dira horren baitako hitzarmenak:

  • San Prudentzio zentro integraleko lagunduen unitatea eta psikogeriatrikoaren kudeaketa: 3.568.057,50 € euro 2021erako. Gaur egun Frantzia kaleko eraikinean beteta dituen eta Gasteizko Udalak kudeatzen dituen 75 plazak hitzartu ditu aldundiak udalarekin.
  • San Prudentzio eguneko zentroaren kudeaketa: 584.522,67 € gehienez. San Prudentzio Eguneko Zentroa Aldundiaren eta Udalaren plazak dituen baliabide misto bihurtuko da 2021. urtean zehar. Hala, Aldundiarekin itunduta ez dauden 11 plaza libreak (40 plaza daude guztira bertan) eta gerora hutsik geratuko direnak berehala esleituko zaizkie udalaren eguneko arreta zerbitzuko adinekoei.
  • Udalaren Gizarte Larrialdietarako Zerbitzua. Aldundiak zerbitzuaren kostuaren % 50 hartuko du bere gain, 247.443,46 € alegia.
  • Erakundeen arteko koordinazioa gizarte-bazterkeriaren arloan. 2021ean, Arabako Foru Aldundiak 360.000 euroko kanona ordainduko dio udalari, gizarte-bazterkeria egoeran dauden eta foru-eremuaren eskumenekoak diren pertsonei arreta ematen jarrai dezan.
  • Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren kudeaketa, 6.340.000 € gehienez, 2021erako. Trantsizio urtea izango da, dosierren transferentzia egiteko eta zerbitzuaren kontratu berria egiteko, eta 2022an udalak bere gain hartuko du  zerbitzuaren kudeaketa guztia.

Adinekoak etxeetatik baliabideetara eta alderantziz eramateko zerbitzua

 Tokiko Gobernuak orobat onetsi du adinekoak etxeetatik gizarte baliabideetara eta alderantziz eramateko kontratuaren luzapena.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 459.906,13 € ordainduko dio Autobuses Arriaga enpresari, zerbitzua urtebetez emateagatik, zehazki, 2021eko apirilaren 19etik 2022ko apirilaren 9ra bitartean.

Share