Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-02-17)

Prentsaurrekoa. Gauekoak programako udaberri-uda denboraldia aurkeztea

Parte hartzaileak. Gazteria zinegotzi Miren Fernandez de Landa; Gazteria Zerbitzuko buru Oskar Fernandez Jaras; eta Gauekoak programako koordinatzaile Idoia Ruiz

Eguna. Asteazkena, martxoak 17

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Gurutze Gorriaren instalazioetara bisita

Gobernuak Euskal Herrian duen ordezkari Denis Itxasok eta Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak Gurutze Gorriaren Gasteizko instalazioak bisitatu dituzte, eta bertatik bertara ezagutu dituzte erakunde humanitarioak Euskadin egiten dituen lan ugariak.

Horietako lan askok Espainiako Gobernuaren babesa dute, hala nola FEGAk behartsuenei laguntzeko duen 2020ko programaren hirugarren fasean emandako elikagaien banaketa.

Hirugarren fase honetan 786.766,76 kilo elikagai banatuko dira Euskal Autonomia Erkidegoan, eta horietatik 70.413,60 kg Arabako Lurralde Historikoko 4.167 pertsonarentzat izango dira.

Gurutze Gorria eta Arabako Elikagaien Bankua arduratuko dira elikagaien banaketaz 23 elkarteren laguntzaz, laguntza behartsuenei iristen zaiela ziurtatzeko.

Share

Gasteizek berriz ere lortu du sari nagusia birziklatzeko paperaren eta kartoiaren gaikako bilketaren kudeaketaren bikaintasunaren sarietan

“3 paper-txori urdin” irabazi ditu, zenbait sari irabazi dituzten beste 37 herri-hirirekin batera

 

Aurten ere Gasteizek lortu du sari nagusia birziklatzeko paperaren eta kartoiaren gaikako bilketaren kudeaketaren bikaintasunaren sarietan; hiriak bigarren urtez jarraian irabazi ditu “3 paper-txori urdin” ASPAPELek antolatutako sariketan. Ingurumen Plangintza eta Kudeaketa Saileko zinegotzi César Fernández de Landak nabarmendu duenez, horrelako aintzatespenek “berresten dute gure hiriak garbitasunarekin eta jasangarritasunarekin duen konpromiso eredugarria, eta pizgarria dira hobetzen jarraitzeko paperaren eta kartoiaren kudeaketaren arloko ekonomia zirkularrerako ezinbesteko prozesu batean, elementu horiek gure eguneroko bizitzaren zati banandu ezina baitira aspalditik”.

 Gasteizez gain, beste 28 toki-erakundek lortu dute 3 paper-txoriren saria; beste bostek, 2koa, eta lauk, batekoa. birziklatzeko paperaren eta kartoiaren gaikako bilketaren beren kudeaketaren bikaintasunarengatik saria jaso dituzten 37 toki-erakundeek, 7 milioi herritarri baino gehiagori ematen diete zerbitzu; birziklatzen jarraitu dute, ete, COVID-19a gorabehera, inoiz baino gehiago birziklatu dute.

ASPAPELen aurretiazko datu zenbatetsien arabera, 2020an 4,5 milioi tona paper eta kartoi erabili jaso dira gaika, eta 5,1 milioi tona birziklatu dira Estatu osoan.

Online egin den sariak emateko ekitaldian, ASPAPELeko lehendakari Elisabet Alierrek azpimarratu duenez, COVID-19ak eragindako egoera zail eta ezohikoa gorabehera, aurten ere papera eta kartoiaren gaikako bilketa-sistemak erakutsi du beste behin ere “duen indarra eta egokitasuna. Herritarrek, konfinamenduaren garaietan ere, inoiz baino gehiago birziklatu dute, eta fidela izan da edukiontzi urdinarekiko, horretan jarraitzen baitute lagatzen birziklatzeko papera eta kartoia”.

Paper-txori Urdinak birziklatzeko paperaren eta kartoiaren gaikako bilketaren kudeaketaren bikaintasuna ebaluatzeko eta aintzatesteko, eta horri buruz aholkatzeko urteroko programa da, etengabeko hobekuntzara bideratua, eta ASPAPELek antolatzen du.

Ebaluazioa hogeita bat adierazleetan oinarritzen da, zeinak ezarritako baremoen arabera balioesten baitira. Adierazleek hainbat arlo aztertzen dituzte: edukiontzi urdineko bilketaren eta bilketa osagarrien inguruko guztia, herritarrak informatzeko eta kontzientziatzeko kanpaina eta ekintzak, kudeaketa arautze eta planifikatzeari buruzko alderdiak, azken birziklatzerainoko emaitza eta trazabilitatea.

Urtero, euren bikaintasuna dela kausa nabarmentzen diren toki-erakundeek paper-txori bat, bi edo hiru lortzen dituzte, baremo objektibo baten arabera eta ebaluazioan lortutako emaitzetan oinarrituta.

Udal edo udal-talde bakoitzaren urteko ebaluazioarekin batera, aholkularitza teknikoa ematen zaie, eta hobetzeko gomendioak ematen zaizkie. Eta Paper-txori Urdinen urteko ekitaldietan lortzen dituzten emaitzen arabera, toki-erakundeek mantenduko dituzte, edo gehiago lortuko dute, edo galduko dituzte aurreko urtean lortutakoak.

 

 

 

 

Share

Gazteria Zerbitzuaren Instagrameko kontuak 1.000 istorio baino gehiago bildu ditu, eta 195.000 bistaratzetik gora lortu

Gazteria Zerbitzuaren @vitoriagazteok Instagrameko kontuak, zeina Gasteizko 16 eta 35 urte bitarteko gazteek kudeatzen baitute, 1.000 istorio baino gehiago bildu ditu, eta 195.000 bistaratzetik gora pilatu ditu jardueraren lehen urtean. Ekimen hori aitzindaria da Estatuan, eta Gazteria zinegotzi Miren Fernandez de Landak adierazi duenez, “gazteei ahotsa ematea ahalbidetzen du, udalaren sare sozial bat eskura jarriz eta, aldi berean, ikusgarritasuna emanez”. Zinegotziak tresna berritzaile horren balorazioa egin du gaur goizean Gazteen Argibideetarako Udal Bulegoan (OMIJ), profila kudeatu duten pertsona batzuekin batera: Adriana, Mikelats, Bea eta Santiago.

Lehen urte honetan, 26 erabiltzailek kudeatu dute profila. Bi astetan zehar, beren gustuak eta interesak islatu dituzte, erronkak eta galderak proposatu, egunero egiten zutena kontatu, eta era guztietako gaiak mahai gainean jarri: musika, idazketa, kirola, elikadura, dibertsitate funtzionala…

Profilak jarduera handia izan du bizitzako lehen urte honetan: dagoeneko 758 jarraitzaile ditu, 1.000 istoriotik gora argitaratu dira, eta 195.000 bistaratze baino gehiago lortu dituzte.

Urteurrena ospatzeko, eta Gasteizko gazteak VitoriaGazteok ezagutzera animatzeko, Gazteria Zerbitzuak hainbat ekimen antolatu ditu.

Hamabostaldi honetan, Gazteria Zerbitzuak berak kudeatuko du profila, eta jarraitzaileen artean inkesta bat egiteko aprobetxatuko du, aurten profila kudeatu duten pertsonen artetik zein gustatu zaien gehien jakiteko. Inkestan parte hartzen duten pertsonen artean argazki-kamera bat zozketatuko da, eta inkestan gehien aipatzen den pertsonak profilean jardun ahal izango du beste bi astez.

Gainera, zenbait bideo argitaratu dira, profilaren kudeatzaile aritu diren gazte batzuen esperientziak jasotzeko. Bideo horiek Udalaren kanal ezberdinen bidez zabalduko dira.

 

Erakusketa-gunea OMIJen

Azkenik, erakusketa bat prestatu da 12 hilabete hauetan profil horretako argitalpenetako batzuk ezagutarazteko. Erakusketa martxoaren 16ra arte egongo da ikusgai, Gazteen Argibideetarako Udal Bulegoan. Bulegoa eraberritu egin da, eta irudia ere eguneratu, Gasteizko gazteei irekitako erakusketa-gune bihurtzeko.

Hemendik aurrera, hiriko gazte guztiek izango dute beren argazkiak, marrazkiak eta abar erakusteko lekua.

Informazio gehiago eskuratzeko eta VitoriaGazteok profila kudeatzeko izena emateko: v-g.eus/vitoria-gazteok. Aipatutako gunean erakusketa egin nahi duten gazte oro gazteentzako informazio-bulegoarekin jar daiteke harremanetan, infojoven2@vitoria-gasteiz.org helbide elektronikora idatziz edo 945161330 telefonora deituz.

 

 

Share

Hezkuntzak aitatasun arduratsua sustatzeko lantegi bat antolatu du

0 eta 3 urte bitarteko seme-alabak dituzten gizonei zuzenduta dago

 

Udalaren Hezkuntza Zerbitzuak, laugarren urtez “Gure seme-alaben hazieraz eta hezkuntzaz arduratzen den aitatasuna” tailerra antolatu du. Vitoria-Gasteizko Udalaren eta Haurreskolak Partzuergoaren Haur Eskoletako 0 urtetik 3 urtera bitarteko haurren aitak edo tutoreak diren gizonei zuzenduta dago tailerra.

Tailerraren helburua da gizonen erantzunkidetasunean aurrera egitea seme-alaben hezkuntzan eta zaintzan, trebakuntza eta hausnarketaren bidez. Lehenengo eta behin, aitatasun tradizionalaren berrikustea egingo da, gero Kudeaketa emozionala eta seme-alabenganako harremana landuko dira. Ondoren seme-alabekin tratu ona eta indarkeriarik gabeko komunikazioa edukitzeko jarraibideak emango dira, eta azkenik berdintasunean oinarritutako etxe berria eraikitzea izango da gaia, arduren, zereginen eta denboraren banaketa ardatz.

Tailerrak 8 saio izango ditu, martxotik aurrera egingo dira. Saio hauen datak eta ordutegia aurretik egingo diren bi informazio-saiotan erabakiko dira, interesdun guztien artean. Informazio-saio hauek honako egunetan egingo dira:

Otsailaren 18an, osteguna, Zabalgana gizarte etxean. 18:00etan.

Otsailaren 23an, asteartea, Salburua gizarte etxean. 19:00etan.

Aforoen kontrola egin ahal izateko, informazio-saio hauetan beharrezkoa izango da izena ematea.

Tailerrari buruzko informazio-saio hauetara joan ezin direnek eskolahh@vitoria-gasteiz.org helbide elektronikora idatzi ahal dute, bertan informazio guztia emango zaie.

Informazio gehiago

 

 

Share

Berriro ekin zaio eskola kirolari udal instalazioetan

Gasteiz “eremu gorritik” atera da COVID-19aren intzidentzia metatuari dagokionez, 100.000 biztanleko tasa 465,97 baita. Hori dela eta, berriro ekin ahal izan zaie eskola kiroleko entrenamenduei udal instalazioetan. Kirol federatuko entrenamenduak eta lehiaketak ere martxan jarri dira berriro.

Jarduerari berriro ekiteko prozesua ia automatikoki egiten ari da, urtarrileko hirugarren astean bezala, espazioak eta ordutegiak dagoeneko banatuta baitzeuden entitate eta kluben artean eta ez baitzen ia berregokitzapenik behar. Nahikoa da entrenamenduak berriro hastekoak direla jakinaraztea.

Eusko Jaurlaritzaren urtarrilaren 12ko 19ko 1/2021 Dekretuan zehazten denez, gehienez sei laguneko taldeetan antolatu beharko dira eskola kiroleko entrenamenduak, horien osaera aldatu gabe, eta ezingo dira aldagelak erabili.

Era berean, eremu gorritik ateratzeak udalaren kirol instalazioetan zuzeneko erreserbei berrekitea ahalbidetzen du; banakako nahiz bizikideentzako erreserbak, berriz, bertan behera utzi dira. Gogoan izan behar da erreserbek ezin dutela instalazio bakoitzean ezarritako edukieraren % 50 gainditu. Aldageletan ere edukiera-mugak ezarri dira (5 30), eta dutxak banaka erabili beharko dira.

Azkenik, Kirol Zerbitzuak gogorarazi du badirela koronabirusaren transmisioaren prebentziorako gomendio orokor batzuk udal jardueretan parte hartzen duten pertsonentzat.

Share

21 Zabalgunea aurretiazko azterlanak egiten hasi da Adurtza eta San Kristobaleko eraikinen inguratzailea hobetzeari begira

 

Orain arte 28 jabe-erkidegoen ordezkariekin jarri dira harremanetan, zeinek 265 etxebizitza batzen baitituzte.

 

21 Zabalgunea SA birgaitzerako eraikin tipologien araberako aurretiazko azterlanak lantzen hasi da Adurtza eta San Kristobal auzoetan, AGREE europar proiektuaren barruan. MODEL aldi baterako enpresa-elkartea gertatu da lan horiek egiteko lehiaketa publikoaren esleipenduna, eta dagoeneko hasi da proiektuaren barruan sartutako eraikinak bisitatzen.

AGREE proiektuan zedarritutako eremuan Adurtza eta San Kristobal auzoetan 1980. urtea baino lehen egindako 160 bizitegi-eraikin kolektibo sartu dira, inguratzailea eta irisgarritasuna hobetzeko beharra baitute.

AGREEk planteatzen du birgaitzerako aurretiazko azterlanak egitea hautatutako eraikin-multzoetarako, esku-hartzeen kostua gutxi gorabehera zenbatekoa den jakinda jabe-erkidegoek errazago erabakitzerik izan dezaten behar diren birgaitze-lanak egin ala ez.

Informazio horrek erraztu egingo luke jabekideen erkidegoetan akordioak lortzea, behin betiko proiektu teknikoak kontratatu aurretik, geroago lanak egiteko.

Adurtza eta San Kristobaleko eraikinek ezaugarri ezberdinak dituzte tipologien arabera, kanpoaldeko inguratzailea (fatxada eta estalki motak) eta eskailera-zuloa nolakoak diren kontuan hartuz, eta kasu zehatz bakoitzari egokitutako aurretiazko azterlanak egin beharra dago.

Eraikinak moten arabera sailkatuko dira, bakoitzeko fitxa bana eginez, lanen zein lotutako kostuen (lizentzia, tasak, teknikarien ordainsariak, BEZ, etab.) zenbatespen ekonomikoa barne.

Bestetik, 21 Zabalguneak jabe-erkidegoen ordezkariekin harremanetan jartzen jarraitzen du, proiektuaren berri emateko. Orain arte 28 jabe-erkidegoen ordezkariekin jarri dira harremanetan, zeinek 265 etxebizitza batzen baitituzte.

 

 

Share

Atxilotua emakume bati poltsa lapurtzeagatik

Udaltzainek atzo 30 urteko gizonezko bat atxilotu zuten ustez indarkeriaz lapurreta-delitua egiteagatik.

Arratsaldeko 14:00etan gertatu zen, Eduardo Velasco kalean. 092ra egindako dei batek udaltzainak bertaratzeko eskatu zuen. Izan ere, 82 urteko emakume bat lurrean zegoen, poltsa lapurtu ziotelako.

Zenbait lagunek emandako deskribapenari esker, udaltzainek gizonezkoa inguruan topatu zuten. Atxilotu eta epailearen esku utzi zuten.

 

Share

Auzo Eszenak 8 ikuskizun eskainiko ditu otsailetik maiatzera bitartean

Sarrerak otsailaren 17tik aurrera erosi ahalko dira gizarte etxeetan eta internet bidez

 

Auzo eszena programaren denboraldi berriak 8 ikuskizun eskainiko ditu Gasteizko gizarte-etxeetan otsailaren 28tik maiatzaren 30era.

Programa honen bitartez, Gasteizko talde ez profesionalei aukera eman nahi diegu beren lanak jendaurrean aurkezteko, eta, halaber, gizarte etxeetako eszena espazioen aprobetxamendua areagotu eta arte eszenikoak lantzen dituzten bertako taldeei lanak aurkezteko agertoki finko eta egonkorra eskaini nahi diegu” adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Umorea, antzerkia, magia, bakarrizketak, komedia musikalak eta abar izango dira otsailetik maiatzera bitartean, haur, familia, gazte zein helduentzat. Ikuskizunetako hiru Covid 19a dela eta bertan behera geratutako programaziotik berreskuratu dira.

Pandemia dela eta, areagotu egin dugu tokiko ehuna zaintzeko ahalegina, mantendu egin ditugularik dirulaguntzak, hitzarmenak eta Auzo Eszena bezalako programak, oso garrantzitsuak baitira gure hiriko konpainientzat” gaineratu du Cantok.

Igandean eskainiko dira, Arana, Aldabe, Ariznabarra, Arriaga, Salburua eta Zabalganeko gizarte-etxeetako ekitaldi aretoetan.

Otsailaren 28an Las Mil y Una konpainiaren ‘Viajando a través de la música y la poesía’ ikuskizunak emango dio hasiera programari, Aldabeko gizarte-etxean.

Martxoan bi ikuskizun izango dira. 14an, Imperfeccionismo Mágico taldearen ‘Cuatro micrófonos y algo más’, Ariznabarreko gizarte etxean; 28an, Artekoren  ‘Madré coraje y sus hijos’, Arriagako gizarte etxean.

Apirilaren 18an, Los Criscípulos taldeak ‘Furia’ lana eskainiko du Salburuko gizarte-etxean.

Amaitzeko, era askotako lau ikuskizun izango dira. Maiatzaren 9an, ‘Hasta los tacones’ lana eskainiko du Pánico Escénico taldeak Zabalganeko gizarte-etxean; Hilaren 16an, Pro-ismoren txotxongiloen ‘El zapateado más breve del mundo’ lanarekin atsegin hartu ahalko da Aldabeko gizarte-etxean.

Maiatzaren 23an, Juango Monagok ‘Relatos Inesperados’ bakarrizketa eskainiko du Araneko gizarte etxean, eta, maiatzaren 30ean, ‘Compuesta y sin Mario’ lana aurkeztuko du Sin Querer Teatro konpainiak Zabalganeko gizarte-etxean.

Horiek dira Auzo Eszena programak otsailetik maiatzera eskainiko dituen 8 lanak. Urritik abendura beste zortzi izango dira,

Emanaldi guztiak igandeetan izango dira, 19:00etan hasita, eta zorrotz beteko dira covid-19aren aurkako araudiak unean-unean ezartzen dituen osasun-neurri guztiak.

Otsailaren 17an jarriko dira sarrerak salgai gizarte etxe eta kirol-instalazio guztietan -pilotalekuetan izan ezik- zein internetez, emanaldia hasi baino ordubete lehenagora arte. Sarrerek 3 edo 5 euro balioko dute.

AUZO ESCENA PRIMAVERA 21-programa

AUZO ESCENA kartela

 

 

 

Share