Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-02-05)

Prentsaurrekoa. ‘Espacio de aproximación’ erakusketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura eta Hezkuntza zinegotzi Estibaliz Canto; UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Kultur Hedapen dekanorde Edurne González; erakusketako komisario Cristina Arrazola; eta Miguel Alejos, artista

Eguna. Ostirala, otsailak 5

Ordua. 10:30

Tokia. Montehermoso Kulturunea (Jovellanos aretoa)

——————————————

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, otsailak 5

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Berriz ere bada “Kirol bidean” kanpaina, gaur egungo osasun-murrizketetara egokituta

Aste honetan hasi da izena emateko epea “Kirol bidean” kanpainaren neguko aldian; kanpaina 12 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzentzen die Gasteizko Udalak, jarduera fisikoa egin dezaten sustatzeko. Aurtengo berrikuntza nagusia jarduerak baliatzeko bi adin-tarte (12-17 eta 18-30 urte) sortzea da, eta horri esker homogeneoagoak izango dira sortzen diren taldeak. Guztira, 144 plaza daude eskuragarri kanpainan honetan.

Gaur egungo osasun-murrizketak direla eta, udalerrikako konfinamendua barne, jarduera-eskaintza egokitu behar izan da, aurreko urteetan beste lurralde batzuetara joaten baitziren neguko kirolak praktikatzera. Horrelako irteerak behin-behinean eten dira, osasun-egoerak horretarako aukera berriro duen arte.

Mantentzen den programazioa otsailaren 21ean hasiko da. Ordurako 6 eta 16 urte bitarteko haurrentzako kirol-jarduerek etenda jarraitzen badute, kanpainan parte hartzeko gutxieneko adina 17 urtekoa izango da.

Gaur egun eskuragarri dauden jardueren artean, nabarmentzekoak dira multiaktibitatea izotz-pistan eta patinajea. Bi kasuetan, bi adin tarte ezartzen dira (12-17 urte, eta 18-30 urte); patinajearen kasuan, hastapena-mailakoa izango da, eta multiaktibitatea, berriz, gutxieneko eskarmentua duten pertsonentzakoa da.

Beste bi aukera, ur-azpiko jolasak (12-18 urtekoentzat) eta urpekaritza hodiekin (12-30 urte) dira. Biak Lakuako gizarte-etxea egingo dira. Ezinbestekoa da igeri egiten jakitea, eta material osagarriaren beharrak oso ezberdinak dira jardueraren arabera.

Azkenik, Salburuko gizarte-etxean multiaktibitatea rokodromokon ere egin ahal izango da “Kirol bidean” kanpainaren barruan; horietan, eskalada-hastapena eta altuera-parkeko eta tirolina jarduerak egingo dira.

Jarduera hauek eten dira behin-behinean, udalerrikako konfinamendua irauten duen bitartean: snowboard-a, elurretako erraketak, eski nordikoa, mendira neguan igotzeko teknikak eta ekipamendua eta espeleologia.

“Jarraitzen dugu ahalegin guztiak egiten osasun-egoerak egiten uzten digun kirol-jarduera ahalik eta gehien sustatzen. Hala gertatzen da kanpaina honekin, bereziki izan baitugu gogoan pandemia hasi zenetik bizimodua mugatuen izan duen herritar-taldeetako bat” adierazi du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek.

“Kirol bidean” kanpainan izena emateko hainbat aukera dago: Udalaren webgunean, udalaren gizarte-etxeen eta kiroldegien sarean eta Gazteen Argibideetarako Bulegoan. Udalaren kirol instalazioen sarean abonamendua dutenei kuota murriztua kobratuko zaie. Adingabeek behar den baimena aurkeztu behar izango dute.

Informazio gehiago: Kirol bidean kanpaina

 

 

 

 

 

 

 

 

Share

Adinekoentzako zentro soziokulturalek zaintzari buruz antolatutako argazki digitalen lehiaketaren sariak banatu dituzte

Adinekoentzako zentro soziokulturalek 55 urtetik gorakoentzako argazki digitalen lehiaketaren hirugarren edizioari dagozkion sariak banatu dituzte; aurtengo gaia “Zaintzen duten pertsonak eta lekuak” izan da.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentia izan da buru San Martineko adinekoen zentroan egindako ekitaldian, eta bertan saritutakoekin eta Adinekoen Zerbitzuko langileekin elkartu da.

Familia zaintzaileei laguntzeko Maiteki udal programaren lankidetza izan du lehiaketak aurten, Udalaren asmoa baita “zaintza-lanak aitortzen dituzten ekintzak bultzatzea, eta horretarako ingurune adeitsu eta integratzailearen beharraz sentsibilizatzea“.

Guztira 22 lan aurkeztu dira lehiaketara. Hauek dira irabazleak:

Lehen saria (600 euroko txekea): “Burua zaintzen”, Concha Pascual Romerorena.

Bigarren saria (300 euroko txekea): “Familia giroa”,  José Antonio Morlesínena.

Publikoaren saria (300 euro): “Absentziak eta agintzariak”,  Miguel Ángel Lacalzadarena; 218 boto lortu ditu internetez.

Saritutako argazkiak, gehi lehiaketara aurkeztutakoen artean hautatutako beste bi (“Zoriontsuak”, Mauro Sánchezena, eta “Nire bi makilak”, Pilles Bourdoiseaurena), postal formatuan argitaratuko dira, hiriko hainbat lekutan banatzeko.

+info: Argazki digitalen III.lehiaketa (+55) “‘Zaintzen duten pertsonak eta lekuak'”

Share

Udaltzaingoak hiritarrei arreta euskaraz ematea errazteko ekimena jarri du abian 

Uniformean jarritako bereizgarri batek udaltzain euskaldunak identifikatuko ditu

 Hiritarren Segurtasun Sailak Udaltzaingoak hiritarrei arreta euskaraz ematea errazteko ekimena jarri du abian. Uniformean jarritako bereizgarri baten bidez udaltzain euskaldunak identifikatuko dituzte.

Hemendik aurrera, “euskaraz” hitza duen intsignia batek hala nahi duten eta beste pertsona batzuekin euskaraz hitz egiteko beharrezko ezagutzak dituzten udaltzainak identifikatuko ditu.

Ekimena Agirrelandako polizia-etxeko bulegoetan ere jarriko da abian. Bertan, udaltzainek beren mahaietan “Euskaraz. Nahi baduzu, baina poliki” edo “Euskaraz. Nahi baduzu” mezuak dituen identifikatzailea jarri ahal izango dute beren lanpostuetan.

Bide-hezkuntzako lehiaketa

Bestalde, Udaltzaingoak Gasteizko Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleei zuzendutako “Seguru bizi” marrazki-lehiaketaren beste edizio bat jarriko du abian. Marrazkiek gai hauei buruzkoak izan beharko dute: bideko segurtasuna, oinezkoen mugimendua, bizikletaz egindako zirkulazioa edo ibilgailu bateko bidaiaria; gainera, lelo bat edo azalpen-esaldi bat jartzeko aukera egongo da. Lanak ikastetxeetan aurkeztu beharko dira eta bihar, ostirala, otsailak 5, irekiko da horretarako epea. Lanak aurkezteko azken eguna martxoaren 12a izango da.

28 sari egongo dira eta hamabi marrazki onenekin 2022. urterako Udaltzaingoaren egutegia prestatuko dute.

 

Share

Araba Ekinean programak 2021eko edizioa aurkeztu du, zeinak jarduera gehiago izango baititu online, eta ideia-lehiaketa indartsuagoa, sarietan 11.000 eurotik gora banatuta 

– Berritasunen artean, eskola enpresen azoka formatu digitalean, taldean jokatzeko ihes-gela eta ‘ekintzailetza kate’ bat

– ‘Zure ideiak balio du’ lehiaketaren 17. edizioak hamar kategoria barne hartuko ditu, krisirako irtenbideak proposatzen dituzten proiektuentzako saria sortu baita

Arabako ekintzailetza ekosistema aitortu eta sustatzea da 2021eko Araba Ekinean-en helburua. Urte osoan zehar garatuko da, eta jarduera-programan lineako ekintzak ere antolatu dira, pandemiari egokitzearren. Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak  —SPRI taldearen eta BIC Arabaren bitartez— eta Vital Fundazioak Araba Ekinean-en edizio berria aurkeztu dute gaur, ‘Etorkizuna sortzen’ lema duena. Horrela, lehiaketa sustatzen duten erakundeek Arabak ekintzailetzarako duen potentziala nabarmendu nahi izan dute, egindako azterlan baten arabera Estatuko onena baita. Izan ere,  Impact HUB sareak 2020. urtearen amaieran ekintzailetza aktiboaz aurkeztutako txostenak ekintzailetzaren lehen lekuan jartzen du Araba, Madril, Gipuzkoa, Girona eta Bartzelonaren aurretik; ekintzaile komunitateak eraikitzera bideratutako munduko networking sare handienetako bat da hori. Gizartean sortzen dituen aldaketa positiboei begiratzen die azterlanak ekintzailetza neurtzeko, eta ekonomia, finantza, gizarte zein kultur adierazleak hartzen ditu kontuan, baita ingurumenarekin lotutakoak ere. Besteak beste, dentsitatea, jarioa, konektagarritasuna, dibertsitatea eta sostengu-politikak neurtu dira. Azken emaitzaren arabera, gure lurraldea da ekiteko lekurik aproposena.

Gasteizko lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak, Arabako Foru Aldundiko diputatu nagusiorde Pilar García de Salazarrek, Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazio Gizarteko zuzendari eta  BIC Arabako lehendakari Leyre Madariagak eta Vital Fundazioen zuzendari exekutibo Axier Urrestik azaldu dituzte 2021eko Araba Ekinean-en xehetasunak, ekitaldia sustatzen duten erakundeak ordezkatuz. Pandemiaren ondoriozko zirkunstantzietara egokitu da aurtengo edizioa; hori dela eta, urteko lehen erdian ekintza eta topaketa gehiago antolatu dira online, eta aurrez aurreko ekitaldi garrantzitsuenak udazkenaren hasierarako utzi dira. Gaur bertan jarri da abian  ‘Zure ideiak balio du’ lehiaketaren 17. edizioa. Lehiaketak lurraldeko ekintzaileen ideia eta proiektu onenak saritzen ditu, eta aurten kategoria berria sortu da, krisirako irtenbideak proposatzen dituzten proiektuentzako saria, hain zuzen. Orotara 10 sari izango dira, eta 11.000 eurotik gora banatuko dira irabazleen artean. Hona hemen sariak:

– On4U saria, ideia onenari. 500 euro.

Aclima saria, ideia iraunkorrenari. 500 euro.

Gasteiz ON saria, merkataritza eta turismoaren alorrean. 1.000 euro.

Eroski saria, nekazaritzako elikaduraren alorreko ekimen onenari. 1.000 euro.

MIchelin saria, industriaren alorreko ekimen onenari. 1000 euro.

Ferrovial saria, zerbitzuen sektoreko ekimen onenari: 1.000 euro.

RPK sari berezia, enpresen eraldaketa sozialari: 1.000 euro.

-Vital Fundazioa saria, krisitik ateratzeko irtenbide eraldatzaileenei: 1.000 euro.

Metxa sari berezia, berrikuntzari: izen bereko azeleratzaileak emandakoa, proiektu berritzaileena denari eta hazteko ahalmen handiena duenari. Saria hurrengo Metxa Bootcamp-erako leku bat da, 4.000 euroan balioetsia.

Publikoaren sari berezia: ideia finalisten azken aurkezpenera doazenek aukeratuko dute. 300 euro.

Eskabideak aurkezteko epea gaur, otsailak 4, irekiko da, martxoaren 31ko 14.00ak arte. Oinarriak alavaemprende.com webgunean kontsultatu daitezke. Lurraldeko ekintzailetza agente ezberdinek osatutako dute epaimahaia, zeinak apirilaren hasieran hautatuko baititu finalistak. Aurten, berrikuntza gisa, zuzenean jakinaraziko da zein diren finalistak, apirilean egingo den online ekitaldi batean. Lehiaketa irabazi duten erreferentziazko proiektuetako batzuk izango dira bertan, gaur egun enpresa arrakastatsu eta sendotuak baitira. Gogoan izan behar dugu lehiaketatik 700 ekintzailetza ekimen baino gehiago igaro direla, eta horietako batzuk albiste izan direla berriki, Corowai esaterako; 2019an jasangarritasunaren eta publikoaren kategoriak irabazi zituen zuhaitzetan egurrezko etxolak jartzeko proiektu hori finalista izan da ‘Green Product Awards’ sarietan. Alias Robotics enpresa arabarrak, bestetik, zibersegurtasun laborategi bat eraikiko du Alemanian, Telefonicarekin batera.

Finalistek datorren irailaren 29an Europa Jauregian egitekoa den ekitaldi irekian aurkeztu beharko dituzte proposamenak, eta urriaren 5eko Ekin Day jardunaldiaren barruan jakinaraziko da zeintzuk diren irabazleak. Lehiaketaren iazko edizioan 43 proposamen aurkeztu ziren, eta antolatzaileek ekiteko ideia edo proiektu bat duten pertsona guztiak animatu dituzte aurtengo edizioan parte hartzera.

Europa Jauregian irailaren 29rako antolatu den jardunaldia bosgarren urtez jarraian B2B topaketa egiteko baliatuko da orobat. Bertan, ekintzaileek banakako bilerak egin ahalko dituzte aholkularitza-, finantzaketa- eta bizkortze-erakundeekin, bai eta beste ekintzaile batzuekin ere. Parte hartu ahal izateko www.alavaemprende.com webgunean eman behar da izena aurretik. Aurreko deialdietan aldebiko 150 bilera baino gehiago egin ziren, eta horietatik lankidetza berriak sortu ziren.

Gazteen artean ekintzailetza sustatzea

2021eko Araba Ekinean-ek gazteen artean ekintzailetza-bokazioa eta -talentua bultzatzeko ekintza-programa oso bat ere garatuko du. Ildo horretatik, pandemia gorabehera, bihar bertan egingo da ohiko Eskola Enpresen Azoka, baina oraingoan online ekitaldi baten bidez. Topaketan 40 ekintzailetza proiektu aurkeztuko dira, lurraldeko lanbide-heziketako 7 ikastetxetako ikasleek sortuak. Epaimahaiaren iritziz ekimenik original eta sortzaileena denak 200 euroko saria jasoko du.

Urtean zehar beste ekintza batzuk ere garatuko dira, besteak beste, ‘Etorkizuna sortzen elkarrizketak’ izenekoa. Elkarrizketa horiek bideoan grabatuko dira, eta Arabako ekintzailetzaren arloko hainbat erreferentek zenbait alderdiri buruz eztabaidatuko dute, hala nola ekonomia berriei buruz (lankidetzazkoa, soziala, zirkularra…) eta ekintzailetzaren inguruko joera edo eguneroko egoerei buruz. Guztira lau elkarrizketa egingo dira urtean zehar; horiek Araba Ekinean-en webgunean jarriko dira eta sare sozialen bidez zabalduko dira.

Ekiteko bokazioa sustatzeko eta pertsonek proiektu bat abiarazteko duten gaitasuna neurtzeko, lineako ‘ihes-gela’ bat ere sortuko da. Aplikazio hori berariaz ekintzailetzan zentratuko da, eta 40 minutu baino gutxiagoan parte-hartzaileek 10 erronka gainditu beharko dituzte ekintzailetzaren “sehaskara” iritsi aurretik. Gure ekintzaile harrobia jolasaren bidez handitzeko modu bat izango da. Taldeka jokatzeko eta horrela lankidetzarako espiritua sustatzeko pentsatutako dinamika da. ‘Escape room ‘hori edozein gailutatik erabili ahalko da, baita mugikorretatik ere. Azkenik, ate irekien jardunaldi batzuk ere programatuko dira, lurraldeko haztegiak ezagutzeko, hau da, Arabako proiektu berriak garatzen ari diren espazioak.

Ekin Day eta Pre-Ekin Day

Ekin Day izeneko topaketa nagusiari dagokionez ere izango du berrikuntzarik 2021eko edizioak. COVID-19k eragindako egoera dela eta, aurrez aurreko ekitaldia urriaren 5ean egingo da, baina maiatzean online deialdi bat egingo da. ‘Lurraldean ekin’ izenburupean, Araba osoko proiektu eta ekintzaileen adibideak erakutsiko dira, horien guztien artean harreman eta networking handiagoa sortzeko. Bestetik, Ekin Day jardunaldian Araba Ekinean sariak eta ‘Zure ideiak balio du’ lehiaketakoak banatuko dira, eta horretaz gain, etorkizuna moldatzen eta gizartean eragin positiboa sortzen ari diren pertsona eta ekimenen hainbat adibide inspiratzaile aurkeztuko dira. Behin betiko programak erreferentziazko zenbait pertsonekiko elkarrizketak barne hartuko ditu, eta laster ezagutaraziko da,  alavaemprende.com webgunean.

Ekintzailetzari buruzko online topaketen programa

Aurten ere Ekin Breakfast programa antolatuko da Araba Ekinean-en barruan: lurraldeko ekintzailetzarekin lotutako sektore eta alderdi ezberdinei buruzko gaikako topaketa txikiak. Hasiera batean aurrez aurrekoak ziren topaketa horiek, baina pandemia dela kausa birtual bihurtu dira, Arabako ekintzaileei ezagutza eta negozio-aukerak eskaintzen jarraitzeko asmoz. Hala, 2020an, horrelako sareko 9 topaketa egin ziren, 37 ekimen ekintzaile baino gehiago aurkeztu, eta 300 parte-hartzaile inguru bildu. Hala, krisi sanitarioaren erronkei erantzuteko birmoldatu diren Arabako enpresen adibideak erakutsi ziren, hasten ari diren proiektuetarako inbertsioa lortzeari buruz hitz egin zen, Araba/Gipuzkoa mugaren bi aldeetako adibide berritzaileei buruz edo Arabako Errioxako ekintzailetza disruptiboari buruz, besteak beste.

2021ean dagoeneko egin da Ekin Breakfast saio bat, joan den urtarrilaren 28an, lurraldeko ekintzaileek jaso ditzaketen laguntzak eta dirulaguntzak aurkezteko, eta 70 pertsonak baino gehiagok eman zuten izena. Otsailean beste bi programatuko dira, oso gai ezberdinekin: ‘Zer egin dezake marketin digitalak ekintzaileen alde?’, eta “Ekiteak ez du adinik”; azken horrek 45 urtetik gora proiektu berriak abiarazteko gai izan diren pertsonen adibideak erakusteko xedea du. Horrelako topaketak urte osoan zehar egingo dira, eta online izaten jarraituko dute osasun-baldintzak hobetu arte.

Ekintzailetza-katea

Edizio honetako beste berrikuntzetako bat enpresen eta lurraldeko ekintzaileen artean ekintzailetza-kate bat sortzea izango da. Arabako ekintzailetza-ekosistema hori bistaratzea eta balioestea da asmoa, protagonista nagusien laguntzarekin, Estatu osoko onena dela aitortu baita. Alavaemprende.com webgunean espazio bat sortuko da, nahi duen enpresa edo proiektu ekintzaileak bere balio-proposamena hobetzen lagundu dion beste ekimen bat nabarmendu dezan.

 

Share

Udal Bandak “Pangea, gure planetaren musika paisaia” kontzertua emango du datorren igandean, Principal Antzokian

Emanaldia 18:00etan hasiko da, eta familiei zuzenduta dago

Gasteizko Udal Musika Bandak “Pangea, gure planetaren musika paisaia” kontzertua emango du datorren igandean (otsailak 7), Principal Antzokian, Luis Orduñaren zuzendaritzapean. Emanaldia 18:00etan hasiko da, eta 6 urtetik gorako familiako kide guztiei zuzenduta dago.

Kontzertuan Abraham Cupeirok, zeina munduko musika tresnen bakarlari eta “Pangea” proiektuaren sustatzailea baita, eta Josune Vélez de Mendizábal aktore-narratzaileak hartuko dute parte.

“Orain dela 200 milioi urte, kontinente bakar eta erraldoi bat zegoen gure planetan: Pangea. Hura pitzatzen hasi, eta, denboraren poderioz, gaur egun ezagutzen ditugun kontinenteak sortu ziren. Kontzertuan, Lurraren parteak lotuko ditugu proposatzen dugun musika-bidaian. Pangea gure planetaren kultura-aniztasunaren aldarria da”, azaldu du Luis Orduñak, Udal Musika Bandaren zuzendariak.

Emanaldia “Familientzako musika” abonamendukoa da, eta ordu bat eta 15 minutu iraungo du.

Abraham Cupeiroren oharrak

“1910ean, Alfred Wegener meteorologo alemana, atlasa begiratzean, ohartu zen kontinenteen siluetak elkarrekin ahokatzen zirela, eta harrezkeroztik datuak biltzen hasi zen; datuak gero “Kontinenteen eta ozeanoen jatorria” bere liburuan argitaratu zituen. Berak zioenez, orain dela 300 milioi urte, mundua kontinente bakar batek osatzen zuen, Pangeak, zeinak grekoz “Lur osoa” esan nahi baitu.”

“Biologiaren ikuspegitik, teoria horrek azaltzen du ozeanoek bereizita dauden kontinenteetako espezieen arteko ahaidetasuna. Geologiaren ikuspegitik, azaltzen du zergatik dauden antzeko formatu geologikoak kontinente ezberdinetan. Lehorrean bizi gara gizakiok, baina ozeanoek ezartzen dute, agian, zer klima dagoen eta, zenbaitetan, zer orografia dagoen, eta nolako izaera duten toki bateko biztanleek.”

“Obra honekin, Lurra batu nahi dugu musikaren bidez, modu metaforikoan, funtsezkoa baita denok bat egitea geure planetaren suntsipena geldiarazteko. Bat egite hori ezinezkoa izango litzateke, hirugarren elementu batengatik izango ez balitz: airea. Izan ere, airerik gabe, musika-tresnen soinuak ezin izango luke espazioa zeharkatu eta gure belarrietara iritsi. Musika tresna horiei, apalago diren beste batzuk gehitzen zaizkie, zeinek iradokitzen baitituzte eraman nahi zaituztegun kulturak eta paisaiak.”

“Entzun dadila musika Lurraren hondo-hondotik, ozeanoen hondo-hondotik!”

Abraham Cupeiro

Share

Gasteizek bat egin du Minbiziaren aurkako Munduko Egunarekin

Hori dela eta, hiriko eraikin enblematikoetako batzuk berdez argiztatuko dira.

 

Gaur, otsailaren 4a, Minbiziaren aurkako Munduko Eguna da; Gasteizko Udalak bat egingo du ekitaldi horrekin, eta berdez argiztatuko du udaletxearen fatxada, baita Floridako kioskoa eta Arkupeak ere. Gainera, alkateak eta zinegotziek lirioak eramango dituzte paparrean, minbiziaren aurkako borrokaren ikurra baita, eta erakunde argazkia aterako dute udalaren Twitter eta Facebooken kontuetan argitaratzeko.

Bestalde, Aecc-Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartearen Arabako delegazioak erakusketa antolatu du kalean, “Hurbildu nire errealitatera eta ezagutu nire emozioak” izenburuarekin. Ekimenaren helburua da herritarrak minbizia duten pertsonen eta haien senideen errealitatera hurbiltzea. Eskura dituzten doako zerbitzuei buruzko informazioa emango da, eta gaixotasunaren edozein fasetan pazienteek edo haien senideek laguntza psikologiko doako eta kalitatekoa eskuratzeak duen garrantzia azpimarratuko.

Erakusketa gune eta egun hauetan ikusi ahalko da:

Otsailaren 4an, Loma Jeneralaren plazan, 10:30etatik 13:00etara eta 16:30etik 19:00etara.

Otsailaren 5ean, Gasteizko Altafit gimnasioan.

Otsailarean 6an eta 7an, Gasteizko El Corte Inglés saltokiko kirol-pasabidean.

Otsailaren 8an eta 9an, El Boulevard merkataritza-guneko Eroskin.

Otsailaren 11tik 17ra, Txagorritxu Ospitaleko atarian.

Otsailaren 18tik 24ra, Txagorritxu AUOko eguneko ospitalean.

Share