Prentsa Oharren banner

Asteburuko aurreikuspenak

Igandea, otsailak 21

  • Alkate Gorka Urtaran, Alkateorde Maider Etxebarria eta zinegotzi Jon Armentia, Miren Fernandez de Landa eta Igor Salazar “In Memoriam.  Fernando Buesa eta Jorge Díez” ekitaldian izango dira 12:00etan, Europa jauregian.
Share

Gazte Txalentx txapelketa hasi da, 14 eta 25 urte bitartekoentzat jasangarritasun erronkekin

Erronka: Gazteak Gazte Planak, besteak beste, mugikortasuna eta ingurumena lantzea du lehentasun. Honen helburu nagusia gazteen artean kontsumo arduratsu eta erresilienteari buruzko jarraibideez sentsibilizatzea da: garraiobideen erabilpen arduratsua, ura eta energia, hondakinak murriztea, eta berdeguneak errespetatzea.

Horretarako, GAZTE TXALENTX TXAPELKETA prestatu dugu, IGIrekin batera: 4 erronka dinamiko, kolaboratibo eta interaktibo gainditu beharko dira taldeka, honako hauekin lotuta: ohitura jasangarriak, mugikortasuna, energia eta ur kontsumoa, berdeguneak…

NORK HAR DEZAKE PARTE?

Gasteizko udalerrian bizi, ikasi edo lan egiten duten 14 eta 25 urte bitarteko gazteak, bai banaka, binaka edo 3 edo 4 gaztez osatutako taldeak.

ZERTAN DATZA?

4 erronka gainditu behar ditu 3 astetan:

ERRONKA DATA
1 KONTSUMISMOTIK IHES EGIN: SCAPE ROOM BIRTUALA  
2 JASANGARRITASUNAREN ALDE NAGO ETA BIDEOZ KONTATUKO DIZUT  
3 GOGOKO LOGOA  
4 OINEZ ETA BIZIKLETAZ HIRIAN ZEHAR: KM+, CO2  

ZEINTZUK DIRA SARIAK?

2 sariak: 180 euroko opari-bonoa lehenengo bientzat

2 sariak: 100 euroko opari-bonoa hirugarren eta laugarren postuan geratzen direnei.

Bonuak “Gasteiz On” elkartearen saltokietan, ostalaritzan edo zerbitzuetan kontsumitu ahal izango dira.

NON ETA NOIZ EMAN BEHAR DA IZENA?

Izena emateko epea 2021eko otsailaren 19tik martxoaren 7ra arte.

Izena ematea:

v-g.eus/gaztetxalentx web horriaren bidez, formularioa betezen

edo aurrez aurre, Gazte Argibideetarako Udal Bulegora (Espainia Plaza 1, behea).

 

Share

Atxilotua errekisitoria judizial bat dela eta

Udaltzainek atzo errekisitoria judizial bat zuen 54 urteko gizonezko bat atxilotu zuten.

Hegoalde gizarte-etxean harrapatu zuten gizonezkoa garaikur bat ebasten ari zenean. Identifikatu zutenean, patruilak egiaztatu zuen bilatzeko, atxilotzeko eta epaitegira eramateko errekisitoria bat indarrean zuela. Ondorioz, eskakizuna bete eta epailearen esku utzi zuten.

 

Share

Luzatu egin da udalaren belar artifizialezko pistak eta zelaiak mantentzeko zerbitzua  

Tokiko Gobernu Batzarrak udalaren kirol instalazioetako belar artifizialezko pistak eta zelaiak mantentzeko kontratua luzatzea onetsi du; Disport Eki S.L enpresak jarraituko du zeregin horretan, 61.344,28 euroan (BEZa barne).

Enpresa adjudikaziodunak lan hauek egingo ditu, besteak beste, 2021eko martxoaren 16tik 2022ko martxoaren 15era: azalerak garbitu, penalti eta korner puntuak ikuskatu, eskuilatu, aireztatu, belarrak kendu, harea eta kautxua erantsi, marrak eta junturak kolatu eta kanaletak garbitu.

“Gasteiztarrei kalitatezko ekipamenduak eskaintzea dugu helburu, gustukoen duten kirola baldintzarik onenetan egiterik izan dezaten” azpimarratu du Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguez Ramajok.

Kontratuak hiriko kirol ekipamenduetako belar artifizialezko pista eta zelai guztien mantentzea bermatzen du, horien artean, 11ko futboleko 16 zelai: Abetxuku, Adurtza, Adurtzabal, Aranbizkarra, Ariznabarra, Betoñu, Lakua-Arriaga 13, Lakua 03 (futbola/errugbia), Lakua 03, Astronomoak, La Vitoriana 1,  La Vitoriana 2 (erdialdean), Olaranbe 1 (goialdean), Olaranbe 2 (behealdean, 11ko futbola +entrenamenduetarako gunea), San Martin eta Zaramaga.

Orobat, 5-7ko futboleko 7 zelai daude Gasteizen: Betoñu (aparkalekuaren inguruan), Betoño (erdialdean), Betoñu (estalia), Gamarra (muturrean), Gamarra (erdialdean), La Vitoriana eta  San Martin.

Bestetik, padelean aritzeko bi instalazio daude Arabako hiriburuan: bat Gamarran eta beste bat Mendizorrotzean; bakoitzean 4 pista daude.

Horretaz gain, Mendizorrotzean bi tenis-pista daude, baita atletismo-pista ere, eta Gamarrako udal parkean bada saskibaloi-pista bat. Herrandarren kaleko kirol askotako pistek osatzen dute eskaintza.

Instalazio guztiak aire zabalean daude, Betoñuko 5-7ko futbol-zelaia eta Mendizorrotzeko kirol-esparruko padel-pista erdiestaliak izan ezik.

 

Share

Udalak 45.000 euro emango dizkio Fernando Buesa Blanco Fundazioari 2021ean

Tokiko Gobernu Batzarrak 2021. urterako Gasteizko Udalaren eta Fernando Buesa Blanco Fundazioaren arteko hitzarmena onetsi du, 45.000 euroan.

Hauek dira entitatearen xedeak: printzipio eta erakunde demokratikoak sustatu eta babestea, oinarri etiko sendoa duen gizartea osatzeko ezinbestekoak diren balioetan heztea, eta euskal gizartearen eta herritarren irudia eta kanporako proiekzioa hobetzea.

Fernando Buesa Blanco Fundazioak sustatzen du Arabako gizartearen kohesioa eta integrazioa eta askatasuneko bizikidetza baketsua. “Fundazioari laguntzen diogu bakearen eta bizikidetzaren kultura bat indartzen duten jarduerak sustatzen eta bultzatzen ditugu, baita herritartasun demokratikoaren printzipioen inguruko zabalkundeko eta sentsibilizaziokoak”, azaldu du Hezkuntza eta Kultura Saileko zinegotzi Estíbaliz Cantok.

21 urteurrena

Datorren astelehenean (otsailak 22) 21 urte beteko dira ETA talde terroristak Fernando Buesa eta haren bizkartzaina, Jorge Díez ertzaina, hil zituenetik.

Buesa Eusko Jaurlaritzaren lehendakariordea, Arabako diputatu nagusia eta Eusko Legebiltzarreko PSEren eleduna izan zen, besteak beste.

Fernando Buesa Blanco Fundazioak haren omenezko ekintzak antolatu ditu egun hauetarako, esaterako, otsailaren 22an (astelehena) 12:00etan Askatasunaren lorategietan alderdi sozialistako politikariaren omenezko monolitoaren ondoan egingo den lore-eskaintza.

 

 

 

 

 

Share

Udalak Calderón de la Barcaren ‘El príncipe constante’ antzezlanaren ekoizpenean parte hartzen du  

Tokiko Gobernu Batzarrak Espainiako Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutu Nazionalarekiko (INAEM) lankidetza-hitzarmena onetsi du, Calderón de la Barcaren ‘El príncipe constante’ antzezlanaren ekoizpenerako; Urrezko Mendeko antzerkiaren gailurretako bat da lan hori. Udalak 12.400 euro jarriko ditu.

Gainera, Hezkuntza eta Kultura Sailak Udalaren Antzoki Sarearen bitartez ikuskizunaren bi emanaldi kontratatzeko konpromisoa hartu du. Principal antzokian eskainiko dira emanaldiak, Xavier Albertíren zuzendaritzapean eta Espainiako Antzerki Klasikoko Konpainia Nazionaleko aktore nagusiek osatutako talde artistikoarekin. Horretarako 24.000 euro inbertituko dira.

“Beste eragile batzuekiko lankidetza ohikoa da gure sailaren jardunean. Pandemiarekin, ekintza horiek berebiziko garrantzia hartzen dute, kulturaren ehuna, osasun-krisialdiak larri jo duena, iraunarazten laguntzen dutelako”, azpimarratu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

“Ekoizpen berri hau aukera bat da gure antzezle, eszenografo eta musikarientzat, baita arte eszenikoekin zerikusia duten beste lanbideetako langileentzat ere. Gainera, sorkuntza-zentro publikoen arteko lankidetzak Gasteizko Udalak arte eszenikoen alorrean bikaintasun artistikoko lanak eskaintzea ahalbidetzen du”, erantsi du.

 

 

Share

Arte eta Lanbide Eskolari 2021eko lehen ekarpena egitea onetsi da

Tokiko Gobernu Batzarrak Arte eta Lanbide Eskolari 2021eko lehen ekarpena egitea onetsi du: 207.000 euro, eskolaren jarduerak garatzeko.

“Pandemia gorabehera, herritarrak artera, sorkuntzara eta artearen gozamenera hurbiltzen jarraitzen du Arte eta Lanbide Eskolak, eta eskertzekoa da hori”, nabarmendu du Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Eskolako Patronatuko kidea da Udala, Arabako Foru Aldundiarekin,  Euskalerriaren Adiskideen Elkartearekin eta Arabako Merkataritza eta Industria Ganberarekin batera.

Ikastegiaren aurtengo aurrekontua 948.125 eurokoa da, eta Udalak 414.000 euro jarriko ditu.

 

 

Share

Aho batez onetsi da bizikleta-aparkaleku seguruen erabilera arautzeko ordenantza

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren eta IGIren (Ingurugiro Gaietarako Ikastegia) bitartez, Gasteizko Udala lanean ari da bizikletentzako aparkaleku seguruen VGBiziz sarea handitu eta hobetzearen alde. Funtsezko zerbitzua da mugikortasun-eredu berri bat sustatzeko, eredu bat non joan-etorri aktibo eta kolektiboak lehenetsiko diren banakako eta motorizatuen aurrean. Gaur egun era horretako instalazioak daude autobus-geltokian, Postetxean, Mendizorrotzean, Arabako Campusean, Santiago ospitalean, Arana, Adurtza eta Ariznabarra auzoetan eta Santa Barbara plazako aparkalekuan. Dena dela, Udalak aparkaleku gehiago egiteko asmoa du. Gaur egun 500 leku baino gehiago eskaintzen dira.

Izan ere, bizikleta elementu garrantzitsua da Gasteizko Mugikortasun Planean, bizi-kalitatearen, segurtasunaren, efizientziaren eta iraunkortasunaren alde jokatzen duen garraiobidea den aldetik. Bestalde, bide publikoan bizikletentzako aparkalekuen eskaerak gora egiten duen neurrian, espazio publikoaren okupazioarekin eta bizikidetzarekin lotutako arazoak ere handitu dira. Gainera, kalean errazago lapurtzen dira bizikletak, eta arinago hondatzen. “Gasteizko Udalak mugikortasun eredu berria sortzeko konpromisoa hartu du Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren eta Ziklisten Mugikortasunaren Gida-planaren bitartez; eredu horretan, mugikortasun aktibo eta kolektiboa bultzatzen duten irtenbideak lehenetsiko dira banakako eta motordun aukeren gainetik. Espazio publikoaren eredu berria ere sortu nahi du, zeinean pertsonak izango baitira lehenengo eta, beraz, elkartzeko, harremanetan jartzeko eta gizarteratzeko funtzioak izango baitira nagusi zirkulazio eta mugikortasun funtzioen gainetik“, azaldu du Mugikotasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok. 

Asmo horrekin, Udalbatzak aho batez onetsi du gaur goizean VGbiziz bizikleta-aparkaleku seguruan sartzeko eta aparkalekua erabiltzeko baldintzak arautzeko ordenantzaren proiektua. Besteak beste, lekuak alokatzea ahalbidetuko du araudi horrek, txandakako erabilerarako edo egoiliarrentzat. Alegia, herritarrek lekuak aldi jakin batez erabili ahalko dituzte aparkatzeko, edo leku bat esklusibotasunez esleituta izan dezakete. Orobat, Udalari bide emango dio VGBiziz sistema erabiltzen duten bizikletak erregistratuta egon daitezen galdatu ahal izateko etorkizunean.

Ordenantza VGBiziz zerbitzuko bizikleta-aparkaleku publiko estali eta seguruko instalazio guztietan aplikatuko da, eta alderdi hauek arautzen ditu, besteak beste: zerbitzua erabiltzeko baldintzak, abonamendu modalitateak, ordainketa, zerbitzuan alta eta baja ematea, bizikletak aparkatzeko eta hartzeko prozedura, erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak, eta zigortzeko erregimena. Bestetik, ahalegin berezia egin da ordenantzak zerbitzu inklusiboa bermatu dezan. Oraingoz, moduluak egun bateko, hiruko edo sei eguneko abonamenduen bidez balia daitezke. Ordainketa PVERDE aplikazioaren eta www.parkingverde.com webgunearen bitartez kudeatzen da. Esteka honetan aurkituko duzu zerbitzuari buruzko informazio guztia: www.vitoria-gasteiz.org/vgbiziz.

Share

Erakunde Adierazpena: Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) aldarrikapenaren 45. urteurrena

Otsailaren 27a oso data esanguratsua da saharar herriarentzat, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) aldarrikapenaren urteurrena baita. Aurten, Espainiak Mendebaldeko Sahara Marokori eta Mauritaniari era lotsagarrian entregatu eta lurraldea utzi eta hurrengo egunean Bir Lehluko kanpamentuan ospatutako aldarrikapen horren 45. urteurrena ospatzen da.

Ospakizun garrantzitsu hau dela eta, Sahara Euskadi Mugimenduak herri anai honekiko gure gertutasun eta elkartasun sakona adierazi nahi du.  Orain, inoiz baino gehiago, herri honek gure babesa behar du, 2020ko azaroaren 13an gerra-egoera deklaratu ondoren, Marokoko armadak Guerguerat-eko legez kanpoko arrakalan su-etena urratzearen ondorioz bizi duen egoera larriaren aurrean

Tindufeko (Aljeria) errefuxiatu kanpamentuetan dauden herritarrak elikagai eta osasun gabezia larriak jasaten ari dira mugak ixtearen ondorioz, Covid-19ren pandemiaren ondorioz, nazioarteko eta nazioko laguntza sartzea zailtzen baitu, desnutrizio- eta anemia-arazo larriak eraginez.

Gainera, sahararrek eta Mendebaldeko Saharako Lurralde okupatuetan bizi diren ekintzaileek egunero jasaten duten jazarpena eta giza eskubideen urraketa areagotu egin da Marokoko agintarien aldetik, modu baketsuan agertu direlako eta autodeterminaziorako eta askatasunean bizitzeko eskubideak aldarrikatu dituztelako, 45 urteko erresistentzia eta borroka baketsuaren ondoren.

Horregatik guztiagatik:

  • Gasteizko Udalak, saharar herriari elkartasuna adierazteko mugimendutik, giza eskubideen babesaz eta justiziaz kezkatuta, bat egiten du Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zeneko 45. urteurrenaren ospakizunean.
  • Gasteizko Udalak herri honi, saharar herriari, ematen dion babesa erakusteko.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko otsailaren 19an.

Share