Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-02-16)

Prentsaurrekoa. 2021eko AuzoEszena programa aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Asteartea, otsailak 16

Ordua. 10:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

———————————–

Prentsaurrekoa. Instagram @VitoriaGazteok profilaren lehen urteurrena eta Gazteen Argibideetarako Udal Bulegoko erakusketagune berria

Parte hartzaileak. Gazteria zinegotzi Miren Fernandez de Landa; eta proiektuan parte hartu duten gazteak

Eguna. Asteartea, otsailak 16

Ordua: 10:30

Tokia. Gazteen Argibideetarako Udal Bulegoa, Plaza Berrian

————————————————

Prentsaurrekoa. ‘Antonia’ antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Aitor Perez eta Begoña Martin, aktoreak; eta Javier Liñera, egile eta zuzendaria

Eguna. Asteartea, otsailak 16

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

Share

Gaurtik aurrera, San Martinen landatutako gereziondo batek omenduko ditu minbizia duten haur eta nerabeak

Aspanafoa elkarteko eta Udaleko ordezkariek hartu dute parte landaketan, gaixotasun hori duten umeei eskainitako nazioarteko egunean

 Gaur goizean, gereziondo bat landatu da Gasteizen, San Martineko skate pistaren ondoan, minbizia duten edo izan duten haur eta nerabeak omentzeko. Aspanafoa-Minbizia duten Haurren Gurasoen Arabako Elkarteko eta Udaleko ordezkariek hartu dute parte landaketan, gaixotasun hori duten umeei eskainitako nazioarteko egunean.

Aspanafoako lehendakari Mikel Garcíak familiek minbizia duten seme-alabei laguntzeko egiten duten lana aipatu du. Ondoren, Arkaitz Secok —gaixotasuna gainditu duen nerabea— eta Gorka Ortiz de Urbinak —”Zeledon”—  gaurko egunarekin lotutako adierazpen bat irakurri dute. Alkate Gorka Urtaranek, berriz, elkartearen lana eskertu du, eta nabarmendu du: “ez dago gure seme-alaben bizitza baino ezer garrantzitsuagorik, eta kasu honetan, zailtasunak gainditzearen benetako ereduak dira“. Orobat, familiek seme-alabei eskaintzen dieten laguntza morala goraipatu du, eta tratamendu mediko berriak lortzearren egiten duten lan nekaezina, minbiziari arrakasta portzentaje handiagoz aurre egin ahal izateko. “Zuen lana funtsezkoa da”, esan die.

Ondoren, Udalak dohaintzan emandako gereziondo autoktono bat (Prunus avium) landatu da, eta elkarteko zenbait umek koloretako paperez egindako eskutxoak eta urre koloreko begiztak zintzilikatu dituzte arbolaren adarretatik, umeen minbiziaren aurkako borrokaren sinboloa baita; gaixotasun hori sendatu egiten da ehuneko handi batean. Osasun zinegotzi Livia Lópezek eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok ere hartu dute parte ekitaldian.

Eraikinak argiztatzea

Gasteizko Udalak bat egin du Minbizia duten Haurren Nazioarteko Egunarekin, eta gaur, otsailak 15, urre kolorez argiztatuko ditu udaletxea, Arkupeak eta Floridako kioskoa.

2002an aukeratu zen data hori, Luxenburgon, jendea ume eta gazte askori eragiten dien gaixotasun horretaz kontzientziatu eta sentsibilizatu dadin. Familiei ere lagundu nahi die, seme-alabek diagnostiko egokia izan dezaten, eta bizitzeko eskubideaz gozatzea ahalbidetuko dien tratamendua jaso.

Urre koloreko begizta aukeratu da mundu osoan minbiziaren kontra borrokatzen ari diren umeei sostengua adierazteko. Hiriko zenbait ikastetxetako ikasleek ere urre koloreko begiztak eramango dituzte, eta egun hori gogoratzeko jarduerak egingo.

 

 

Share

Xtraclubek otsailaren 22an irekiko du epea gazteentzako aisialdi eta denbora libreko jardueretan izena emateko

Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuak Xtraclubaren 2021eko udaberri-uda denboraldirako programazioa jarri du abian. Aisialdi, kultura, abentura eta kirolarekin lotutako 35 jarduera eskainiko ditu orotara, formatu ezberdinetan: lantegiak, gaikako ikastaroak, abentura irteerak, erakustaldiak eta kultur bidaiak. Guztira 724 leku dira, 12 urtetik 18 urtera bitarteko gazteentzat. Otsailaren 22an irekiko da izena emateko epea, 8:30ean.

Gazteria Zerbitzuaren helburua da 12-18 urte bitarteko gazteei asteburuetan eguneko aisialdirako eskaintza egitea, aisialdi positiboa sustatzeak gazteen identitatea eraikitzen lagunduko duelakoan, baita arrisku-jokabideak prebenitzen ere. Aisialdi ludiko, hezitzaile eta osasungarria eskaintzen da, eta gazteei sozializaziorako eta elkartzeko aukera ematen.

Denboraldi honetarako programatutako jardueren artean, argazkilaritza, dantza urbanoa eta kantua lantzeko ikastaroak mantendu dira, eta berritasun gisa, komikiei buruzko lantegia (manga, DC eta Marvel) antolatu da. Orobat, 13 lantegi egingo dira gizarte-etxeetan, askotariko gaiez eta material mota ugari baliatuz.

Abentura jarduerek naturaren erdian aritzeko aukera eskaintzen dute: hipika hondartzan eta Valderejon, surfa, raftinga, parkourra, zuhaitz zirkuituak, via ferratak, mendi ibilerak, bizikletaz ibiltzeko bide berdeak…

Hiriko irteerek  (kartak, ihes-gela, bolatokia, puzgarrien ginkana) eta hiritik kanpoko kultura bidaiek ere (Santanderreko badia itsasontziz, “Egun bat zaldi baten bizitzan”, ibilaldiak euskal kostaldetik…) presentzia nabarmena izango dute.

Aurtengo beste berritasun bat XTRA OPORRAK dira, aire zabaleko jarduera multzoa, Aste Santuko oporretarako.

Jarduera horietaz gozatu ahal izateko, Covid-19aren aurreko kontingentzia plan bat landu da, zeinak Xtraclub programako aisialdi eta denbora libreko jarduerak segurtasunez egin ahal izateko protokoloak eta prebentzio-neurriak biltzen baititu.

Web-orrian (www.vitoria-gasteiz.org/xtraclub) dago eskuragarri Xtraclub programazioari eta Covid-19aren aurreko kontingentzia planari buruzko informazio guztia.

Internetez (www.vitoria-gasteiz.org/berdintasuna), telefonoz (010 eta 945 161080) edo zuzenean (OMIJen, gizarte-etxeetan eta udal kiroldegietan) eman ahalko da izena.

Xtraclubeko jardueretan parte hartzeko baldintzak:

– Herritarren Udal Txartela (HUT) indarrean izatea; doan lortu daiteke herritarrei laguntzeko bulegoetan. Udalaren kirol instalazioetako bazkideek % 40ko deskontua izango dute jardueren prezioan.

– Otsailaren 22tik aurrera eman ahalko da izena, gehienez ere hiru jardueratan. Leku hutsik geratzen bada, 2021eko martxoaren 9tik aurrera hiru jardueratan baino gehiagotan izena emateko aukera emango da.

 

Share

Lau atxilotu udaltzainei eraso egiteagatik

 Larunbatean lau gizonezko atxilotu zituzten autoritate-agenteen aurkako eraso-delituaren ustezko arduradunak izateagatik Udaltzaingoak egindako 3 esku-hartzetan.

Lehenengoa 20:00ak inguruan izan zen, Hedegile kalean, udaltzainek musukoa jantzita izan gabe oihuka ari zen 44 urteko gizonezko bat identifikatu zutenean. Une hartan, ostalaritza-establezimendu batean zegoen 52 urteko beste gizonezko bat gerturatu zitzaien eta hark ere musukoa gaizki jantzita zuen. Musukoa ondo jartzeko esanez egin zioten eskaeraren ondorioz, gizonezkoak jokabide oldarkorra eta desafiatzailea agertu zuen, lehen gizonezkoak bezalaxe, eta udaltzainak kolpatu ere egin zituen. Ondorioz, biak atxilotu zituzten.

Zerbitzutik kanpo zegoen agente batek, 21:35 inguruan, Biltzar Nagusien kalean bikote baten eta egoera oldarkorrean eta asaldatuan zegoen 23 urteko gizonezko baten artean sortu zen eztabaida gogorrean bitartekotza egin zuen. Gazteak pertsona haietako bat kolpatu eta agente bat kolpatzen saiatu zen. Ondorioz, geldiarazi eta atxilotu egin zuten.

Handik minutu batzuetara, Udaltzaingoak 23 urteko beste gazte bat atxilotu zuen Santo Domingo kalean autoritate-agenteen aurkako atentatuarekin lotuta.

Bide publikoan substantzia estupefazienteak kontsumitzen ari zirelako lau gazterekin esku hartzen ari zen patruila bat eta haietako bat (gerora atxilotu zutena) ihes egiten saiatu zen hainbat agenteri eraso eginez.

Genero-indarkeria

40 urteko gizonezko bat atxilotu zuten ostiralean Zaramaga auzoan bere bikotekidearen aurkako genero-indarkeria zela eta. Izan ere, aurretik, behin eta berriro egin zion eraso.

Udaltzainak Gasteiz hiribidera joan ziren ostiralean gazte batzuk, bide publikoan, ustez, substantzia estupefazienteak manipulatzen ari zirelako. Gazteak identifikatu ostean, haietako bat atxilotu zuten; izan ere, eskudirutan diru asko zuen eta bertatik ihes egiten saiatu zen marihuanaz betetako poltsa bat botata.

Babes-agindua

Ostiralean 21 urteko gizonezko bat atxilotu zuten udaltzainek Gamarrako Atean bere aurkako babes-agindua zegoelako.

Emakumezko gazte batek poliziaren presentzia eskatu zuen bere bikote ohia handik metro gutxira zegoelako. Udaltzainek gertaerak egiaztatu eta babes-agindua oraindik indarrean zegoela egiaztatu zuten.

COVID zigorrak

Asteburuan, Udaltzaingoak ostalaritzako establezimenduak kontrolatzeko zerbitzu berezia jarri du abian Covid-19aren aurkako araudia betetzen dutela zaintzeko. Ostiraletik, 180 kontrol egin dituzte hiriko lokaletan eta balantzea 57 zehapen-proposamenekoa izan da. Gehienak musukoa jantzita ez izatearekin edo musukoa behar bezala ez erabiltzearekin lotutakoak izan dira.

Sei edukiontzi erreta

Larunbatean, 23:06 eta 23:37 artean, Lakua-Arriaga eta Lakuabizkarra inguruan, Juan Garai, Voluntaria Entrega, Baroa, Hondarribia, Tarragona eta Bartzelona kaleetan sei edukiontzik su hartu zuten. Azken kale horretan, gainera, edukiontziko suak automobil batean kalteak eragin zituen.

 

Share

Lurralde Batzordea (2021-02- 22)

Webgunean dago eskuragarri Lurralde Batzordeak otsailaren  22an (astelehena), 09.00etan, egingo duen ohiko bilkuraren gai-zerrenda.

Share

“Gasteiz Talent” ekimenari esker, Udal Bandarekin jo ahal izango dute hiriko musika-ikasleek

Bi kontzerturekin hasiko da zikloa: otsailaren 17an, bat, eta martxoaren 17an, bestea

Gasteizko Udal Musika Bandak “Gasteiz Talent” ekimena jarri du abian, eta ari esker kontzertuak emango ditu hiriko musika-eskolekin lankidetzan.

Asteazkenean, otsailaren 17an hasiko da zikloa, “Gazte Talentudunekin”” kontzertuarekin; horretan, Udal Bandak, Luis Aranburu Musika Eskolak eta Jesus Guridi musika-kontserbatorioko bakarlariek. Kontserbatorioan bertan egingo da, 19:00etan. Iker Olazabal izango da zuzendaria.

Kontserbatorioko ikasle Alejandra Vallejok (marinba) eta Marina Aguirrek (fagota) hasiera emango diote ekitaldiari, Paul Creston-en “Marinbarako kontzertinoa” eta Nino Rota-ren “Amacord” obrak joz, hurrenez hurren.

Haien ostean, Luis Aramburu Eskolako ikasleek Udal Bandaren laguntzarekin soinu-banda oso ezagunez osaturiko errepertorioa joko dute: “Misioa: Ezinezkoa”, “Spider-Man”, “Parke Jurasikoa” o “Karibeko Piratak”.

Musika-eskolako Boogie Orkestak emango dio amaiera bikaina ekitaldiari: Udal Bandarekin interakzioa egingo du, eta elkarrekin inprobisatuko dute Raúl Romoren konposizioak oinarri hartuta eta haren zuzendaritzapean.

“Ikusleak animatzen ditugu Kontserbatoriora joan daitezen, hemengo artista horien proposamenez gozatzeko. Talentu handia dago gure artean. Animatzen zaituztet ezagutzera. Kultura segurua da”, adierazi du Hezkuntza eta Kulturako zinegotzi Estíbaliz Cantok.

“Energiak, erronkak, indarrak eta ilusioak batzen badituzu ideia berean, emaitza ahantzezinak lortzen dira”, gehitu du Jesus Guridi musika-kontserbatorioko zuzendari Puy Asurmendik.

Gonbidapenak Musiketxean (San Antonio kaleko, 14) eskura daitezke, jendearentzako ordutegiaren barruan (08:30-21:00). Gehienez, 4 gonbidapen pertsonako.

“Bakarlari Talentudunak”

Martxoaren 17an, berriz, “Bakarlari Talentudunak” kontzertua egingo da; horretan, Udal Bandak lagunduko die Kontserbatorioko ikasle bakarlariei. Luis Orduñak zuzenduko ditu.

Ikusleek aukera izango dute dantzara gonbidatzen duten doinuak, lasaiagoak diren beste batzuekin batera, zeinek gogoeta egitera bultzatuko baitute.

Ikasleek zenbait musika-tresnarako bakarkako zatiak joko dituzte (tronpa, pianoa, klarinetea, flauta eta saxofoia), Saint-Saensen, Waigneinen, Ferrer Ferránen eta Pedro Iturralderen obretan.

Elena Angulok (tronpa), Sara Cuencak (flauta), María Arribak (klarinetea), Enara Eguiletak (saxofoia) eta Enma Aguinacok (pianoa) hartuko dute parte.

Argibide gehiago 

 

 

Share

Gasteizko Udalak eta Garraio Sailak berretsi egin dute Zabalganarako tranbia zabaltzeko konpromisoa

  • Gorka Urtaran alkatea eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriola bildu dira tranbia-proiektuaren egoera eta horrek Euskal Y-an dituen ondorioak aztertzeko
  • Bi erakundeek uste dute aurrera egin behar dela Gasteizen mugikortasun jasangarria bultzatuko duten eta Zabalgana auzoa hiriko gainerako auzoekin lotuko duten irtenbideetan

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak lan-bilera bat egin dute astelehen honetan Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzan. Bileraren helburua izan da aztertzea zain egoeratan dagoen hiriko tranbia Zabalgana auzora zabaltzearen eta trenbide-azpiegitura horren etorkizunaren inguruan egiten ari diren informazio-azterlana. Pedro Marco Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeak eta Raimundo Ruiz de Escudero Mugikortasun eta Espazio Publikoko zinegotziak ere parte hartu dute bileran.

Bi erakundeek berretsi egin dute beren konpromiso irmoa tranbia Zabalganara zabaltzeko. Izan ere, horri esker, Gasteizko hiri-kohesioa indartuko da eta mugikortasun jasangarria bultzatuko da hirian, auzoa lotuko baitu erdialdearekin eta ahalmen handiko beste garraiobide publiko batzuekin, baita tranbiaren gainerako lineekin eta Bus Elektriko Iraunkorrarekin ere.

Ibilbideak —jendaurrean jarri da eta alegazio-fasean dago— 6 kilometroko trazadura du. Kilometro batzuk Gasteizko igarobidean trena lurperatuta geratuko litzatekeen espaziotik doaz. Hala, ibilbideak hamaika geraleku ditu eta 120 milioi euroko aurrekontua du —elementu mugikorrak, obra zibila eta instalazioak barne hartuta—.Dena den, Euskal Trenbide Sareak (ETSk) egindako informazio-azterlanean beste trazadura posible batzuk aurreikusten dira, eta horiek ez lukete eraginik izango lurperatzeko epeei dagokienez.

Bileran, bi erakundeek konpromisoa hartu dute aipatutako alternatibak aztertzeko. Horien bidez, Zabalganako tranbiaren zabaltzea gainerako tranbia-sistemarekin eta Gasteizko erdialdearekin lotuko litzateke, Lovaina eta Antxo Jakitunaren geltokien inguruan.

Share

Gasteiz Sport Business biltzarraren bigarren edizioa izango da otsailaren 25ean, Europa jauregian

  • Kirolari lokal handiak eta kirol-kudeaketaren arloko profesionalak bilduko dira, Covid-19aren aurrean seguru izateko asmoz diseinatutako biltzarrean

 

Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek, Kultura eta Kirol foru diputatu Ana del Valek eta Meta Finalen zuzendari fundatzaile Juan Canterok aurkeztu dute Gasteiz Sport Business biltzarraren bigarren edizioa. Otsailaren 25ean izango da, ostegunez, Europa biltzar-jauregian, eta kirolaren kudeaketa profesionala izango du ardatz.

Ekitaldi presentzial seguru gisa diseinatu da, entzuleentzako berariazko babes-neurriekin — 350 eserlekutara murriztutako edukiera, akreditazio-aplikazioa, tenperatura-kontrolak eta beste—. Hizlarientzako eta laguntza-langileentzako neurririk ere izango da —distantzia, lan-eremu seguruak eta beste—.

Lehen edizioko eskemari eutsiko zaio: mahai-inguruak, hitzaldiak eta solasaldiak izango dira, eta hainbat gai jorratzeko, hala nola eliteko kluben kudeaketa, berrikuntza —saskibaloiko Euroligan, kasu—, marken trataera kirolean, edo datuen erabilera, kirolaren arloko profesionalei laguntzeko tresna gisa.

Modu paritarioan egindako 29 hizlariren zerrendan bertako hainbat kirolari izango dira: Iván Fernández —Ruth Brito triatletarekin solasean—, Tania Calvo, Tania Lamarca, Laura Pardo eta Patxi Peula. Era berean, aipatzekoa da FIFAren, Euroligaren, Espainiako Futbol Federazioaren, Euskaltel Fundazioaren, futbol-ligako negozio-eskolaren eta Lehen Mailako lau euskal kluben ordezkariak bertan izango direla.

Berrikuntza gisa, otsailaren 25eko jardunaldiak jarraipena izango du, kirol-entitate eta federazio lokalei zuzendutako hiru prestakuntza-lantegiren bitartez. Martxoaren 9an (Babesa), 16an (Komunikazioa) eta 23an (Ekitaldien kudeaketa) izango dira. Tailerretan izena ematea doakoa izango da toki-erakundeentzat.

Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek eskertu egin du Gasteiz Sport Business biltzarraren antolatzaileek bigarren edizio hori posible egiteko erakutsi duten kemena. “Gauzak ez dira errazak orain. Zail dago kirola egitea, eta zail biltzarrak egitea. Baina kirolak erakusten digun balio nagusietako baten erakusgarria dugu hau, zailtasunei aurre egiteko nahiarena”, nabarmendu du.

Joan den astetik dago zabalik izena emateko epea, eta webgune honetan egin daiteke: http://www.gasteizsportbusiness.com/

 

Share