Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-03-01)

Prentsaurrekoa. Mugikortasun-Ordenantza berria aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran, eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escudero

Eguna. Astelehena, martxoak 1

Ordua. 10:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

——————————————–

Prentsaurrekoa. ‘Zer gertatu ote zitzaion Ana Garciari?’ antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Javier Liñera, testua; Borja Ruiz, zuzendaria; eta Graciela Doniz eta Ainhoa Artetxe Uriarte, antzezleak

Eguna. Astelehena, martxoak 1

Ordua. 10:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

——————————————–

Prentsaurrekoa. Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Aldundiak eta Udalak elkarrekin antolatu duten kanpaina

Parte hartzaileak. Berdintasun zinegotzi Miren Fernandez de Landa; eta Berdintasun foru zuzendari Ainhoa Campo

Eguna. Astelehena, martxoak 1

Ordua. 10:30

Tokia. Arabako Foru Aldundiko prentsa aretoa

 

Share

Asteburuko aurreikuspenak

Larunbata, otsailak 27

  • Alkate Gorka Urtaran Eñaut Elorrietaren kontzertuan izango da 19:00etan, Principal Antzokian

 

Share

Bederatzi entitatek bat egin dute sendagaiek ingurumenean sortzen duten kutsadura ikertu eta horren kontrako konponbideak aplikatzeko

 

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Bioaraba Osasun Ikerketako Institutuak,  Vital Fundazioak, Arabako Sendagaigileen Elkargo Ofizialak, BIC Arabak,  AMVISAk eta AquaDatek protokolo bat sinatu dute gaur goizean, farmakutsaduraren alorreko berrikuntza-programa bat garatzeko; Gasteizen eta Araban sendagaiek ingurunean sortzen duten kutsaduraren aurkako irtenbideak ikertu, aplikatu eta ezagutarazteko konpromisoa hartu dute horren bitartez.

Alkate Gorka Urtaranek, diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek eta EHUko errektore Eva Ferreirak eman dute hitzarmenaren berri prentsaren aurrean; ekitaldian beste hauek ere izan dira: Mª Ángeles García Fidalgo, Bioaraba Osasun Ikerketako Institutuko zuzendari zientifikoa; Jon Urresti, Vital fundazioko lehendakaria; Milagros López de Ocariz, Arabako Sendagaigileen Elkargo Ofizialeko lehendakaria; David Montero, BIC Arabako zuzendaria; Ángeles Gutiérrez, AMVISAko lehendakaria, eta Jorge García del Arco, Aquadat startup-aren fundatzaileetako bat. Bederatzi entitate horien ordezkariek sinatu dute lankidetza-protokoloa, zeina oinarria baita berariazko hitzarmenen bidez garatzekoak diren ekintzetarako.

Besteak beste, planetak gero eta toxikotasun-arazo gehiago izateak ekarri du ituna hitzartzea. Zehazki, “kutsatzaile izendatu berriak” deritzenek gero eta kezka handiagoa sortzen dute, eta horrek farmakutsadurari erreparatzea ekarri du, alegia, sendagaiek beren bizi-zikloaren etapa bakoitzean ingurumenean eragin dezaketen kalteari.

 

Berariazko ikerketa-proiektua 

Zenbait alderdi aipatzeagatik, protokoloak aurreikusten du ikerketa proiektu bat abian jartzea hondakin-uretan eta ekosistemetan kutsatzaile izendatu berririk dagoen eta horrek zein eragin izan dezakeen zehazteko. Orobat, ikerketa zientzialarien artean eta gizartean ezagutarazten lagunduko da, jardunaldi, mintegi edo biltzarren bitartez.

Sendagaiak zentzuz erabiltzea

Hartutakoen arteko beste konpromiso bat da sendagaiak zentzuz erabiltzeko irtenbideak identifikatzen eta garatzen lan egitea, eta farmakutsadurak duen inpaktuari buruzko prestakuntza ematea osasun alorreko langileei. Entitate sinatzaileek, orobat, irtenbide teknologikoak sustatuko dituzte farmazia-produktuak eraginkortasun handiagoz desagerrarazi ahal izateko.

Gasteiz eta Arabarentzat garrantzi handia duen ekimen honek badu aurrekaririk orain protokoloan parte hartzen duten ikertzaileen eta entitateen arteko lankidetzari dagokionez:  hondakin-uren epidemiologiari buruzko azterlana, SARS-CoV2 garaiz antzemateko, farmakoak kuantifikatzeko eta substantzia toxikoak analizatzeko, Gorka Orive eta Unax Lertxundi zientzialariek egindakoa. 

Gasteizko alkate Gorka Urtaranen ustez, Gasteiz eta Araba ezin egokiagoak dira laborategi-lurralde gisa: “ikerketa zientifikoa funtsezko tresna da errealitatea ezagutu eta hobetzeko, eta neurri eta ekintza politikoak erabakitzen laguntzen digu. Gaur mahai berean eseri gara erakundeen, zientziaren, ikerketaren eta ekintzailetzaren alorretako eragileak, nire irudiko Vitoria-Gasteiz Green Deal denaren adibide grafikoa osatuz, zeina gure hiriaren aldeko ituna baita, hurrengo belaunaldien etorkizunaren aldekoa, baita planetaren aldekoa ere”.

Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek, berriz, “prestakuntza eta ikerketaren beharra eta teknologia aliatutzat izatearen beharra” azpimarratu du, “agertzen ari diren arazo berriei aurre egiteko, farmakutsaduraren kasuan bezala. Aldundiak berrikuntzaren aldeko apustua egin du, eta aspalditik ari da bultzatzen alor publikoaren eta pribatuaren zein erakundeen arteko lankidetza-eredu hauek, hainbat eragilerekin. Egiaztatu da aliantza horiek funtzionatzen dutela Arabako etorkizuna sendotzeko xedea duten proiektuetan. Akordio honen bidez, teknologiaren alorrean I+G+B lantzeko ezagutzaren oinarriak ezartzen ditugu, urak farmakutsatsailez arazteko“.

EHUko errektore Eva Ferreirak ere Arabako zenbait erakundek eta entitatek gaur sinatu duten protokoloaren garrantzia aipatu du: “Berriro ere, gaur sinatu dugun asmo-akordioak erakusten du zein balio handia duen unibertsitate-ikerkuntzak gizarteari zerbitzu emateko. Farmakutsadura lehen mailako arazoa da. Horregatik, ingurumena aldezteko konpromiso politiko eta sozialak ikerketa zientifikoaren laguntza behar du, besteak beste, euskal unibertsitate publikoarena“.

EHUko ikertzaile Gorka Oriveren hitzetan, “akordio hau beharrezko oinarri eta pizgarria da gure inguruan jarduera multzo bati ekiteko, hala nola kalitateko ikerketa, alorrean aintzindaria izango den prestakuntza, eta herritarrei farmakutsaduraren arazoa ezagutarazteko zabalkundea“.

 

Share

Gasteizko gazteei zuzendutako proiektuak sortzeko diru-laguntza deialdia

Udalak 25.000 euro jarriko ditu helburu hauetara bideratutako gazte ekimenei laguntzeko: gazteen gizarteratze aktibo eta parte hartzailea ahalbidetzea; elkarteetako gazteen ekoizpen eta lanak jendeari ezagutzera ematea; haiek bistaratzea; gazteen prestakuntza, elkartegintza eta boluntariotza sustatzea; gazteen artean erantzunkidetasuna bultzatzea, eta abar.

Tokiko Gobernu Batzarrak laguntza ekonomiko horiek emateko deialdiaren oinarriak onetsi ditu, zeinetan batera lan egingo dutela erakusten duten elkarteen arteko proiektuak eta 14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako proiektuak lehenetsiko baitira.

30 egun naturalekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, deialdia ALHAOn argitaratzen den egunaren biharamunetik.

Deialdiari buruzko informazio eta dokumentazio guztia Gasteizko udalaren web-orrian egongo da eskuragarri (www.vitoria-gasteiz.org) bai eta Gasteizko Udaleko herritarrei laguntzeko bulegoetan ere, ordutegi ofizialetan. Gainera, Gazteria Zerbitzuak aholkularitza eta informazioa emango die interesa duten elkarteei.

Share

Gasteizek abian jarri du 2021erako laguntza-plana, ikus-entzunezkoen sektoreari eta ekintzaileei zuzendutako dirulaguntzak onetsita

Ekonomia Sustapenaren Sailak 184.000 euro jarriko ditu bi deialdi horietarako

 

Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailaren 2021erako laguntza-planaren barruko lehen bi dirulaguntza-ildo onetsi ditu gaur Tokiko Gobernu Batzarrak; asteazkenean aurkeztu zen plan hori. Zehazki, ikus-entzunezkoen proiektuak ekoizten laguntzeko ildoa eta ekintzaileentzako bekak jarri ditu abian udal gobernuak, zeinek orotara 184.000 euroko aurrekontua izango baitute (184.000 eta 84.000 euro, hurrenez hurren); oinarriak laster argitaratuko dira ALHAOn.

Lehen alkateorde Maider Etxebarriak azpimarratu duenez, “Ekonomia Sustapenaren alorreko laguntza-planaren lehen fasearen diseinua amaitu eta bi egunetara, iragarritako zortzi ildoetako bi aktibatu ditu jada gobernuak. Hain une zailean, pandemiak eragindako jarduerei laguntzeko aurrerapausoak emateko beharrari erantzuten diote dirulaguntza hauek. Oraingoan, sorkuntza-enpresei eta krisiak krisi ekiteko eta autoenplegua lortzeko ausardia duten pertsonei”.

Batetik, sorkuntzaren eta ikus-entzunezkoen alorretako industrientzako laguntzak onetsi dira, 100.000 euroko aurrekontuarekin. Deialdiak hiru jarduera-ildo barne hartuko ditu: lehenengoa, zinema, telebista eta plataforma digitaletako proiektuak garatzeko (50.000 euro); bigarrena, film laburrak ekoizteko (40.000 euro), eta hirugarrena, gidoiak idazteko (10.000 euro).

Bestetik, ekintzaileentzako beken programari dagokion partida onetsi da, zeinak 84.000 euro jasoko baititu 2021erako udal-aurrekontuaren kontura. Laguntza horiek ekonomia jardueren gaineko zergan alta emanda ez dauden eta enpresa-ekimen bat garatzen ari diren pertsona fisikoei zuzenduta daude. Negozio-ideia bat duten pertsonek jaso ditzakete, baldin eta proiektuaren ezaugarri bereziek dena delako pertsonak aldi batez erabat proiektuari emana jardutea eskatzen badute, proiektua behar bezala ondu ahal dezan, Ekonomia Sustapenaren Saileko adituen laguntzarekin.

Ohikoa denez, deialdiak Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean (ALHAO) argitaratzen diren unean irekiko dira laguntza bakoitzerako eskabideak aurkezteko epeak.

 

 

 

Share

Babesgabetuen jantokiarekiko hitzarmena onetsi da lau hilabeterako

Tokiko Gobernu Batzarrak Gasteizko Udalaren eta Babesgabetuen Andre Mariaren Obra Sozialaren arteko lankidetza-hitzarmena onetsi du gaur, jantoki sozialaren programa gauzatzeko 2021eko urtarrilaren 1etik apirilaren 30era.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 66.000 euro bideratuko ditu jantokiak arreta eman diezaien, lau hilabetez, udalaren gizarte-zerbitzuetatik bideratutako pertsonei. Egunean 50 bazkari eta 50 afari izango direla aurreikusi da, eta, horrenbestez, udalak 6 euro ordainduko ditu bazkari bakoitzeko eta 5 euro afariko.

“Aurrekoetan ez bezala, hitzarmena lau hilabeterako bakarrik izango da, dagoeneko badugulako Arkupeetako jantoki soziala, eta udazkenaren amaieran, beste bat izango dugulako Erdi Aroko hiriguneko garai bateko lanbideen lantegi-eskolan. Horretaz gain, gutxi barru Arkupeetako jantokiko sukaldearen ahalmena handituko denez, erabiltzaile gehiago hartu ahalko ditu, obra sozialarekiko hitzarmena amaitzen denean” adierazi du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Lehen lau hilabeteko honetan, udalak Babesgabetuen jantokira bideratuko ditu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateak, eta, salbuespenez, bizikidetza-unitate bereko bi kide (beren kargu adingaberik ez dutenak), baldin eta baliabide ekonomikorik ez badute edo baliabide ekonomiko urriak badituzte eta, horretaz gain, beste arazoren bat badute, hala nola aurrekontua antolatzeko zailtasunak edo ostatuta dauden tokian otorduak egiteko zailtasunak izatea.

Babesgabetuen jantokia astelehenetik igandera izaten da zabalik, 13:00etatik 14:30era eta 20:00etatik 21:00etara.

Share

2021ean egitekoak diren kultur proiektu, ekitaldi eta jaialdietarako dirulaguntzen deialdia onetsi du Udalak, eta 200.000 euroz hornitu

Gasteizko Udalak 2021ean egitekoak diren kultur proiektu, ekitaldi eta sendotutako jaialdietarako dirulaguntzen deialdia onetsi du. “Laguntzen zenbateko osoa mantendu dugu, 200.000 euro, tokiko kultur ehunari sostengu ematearren, pandemiak gogor jo baitu”, azpimarratu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok. “Dirulaguntza hauen bidez hiriko eskaintza hobetzen lagunduko duten kulturaren arloko sustapen-, sorkuntza-, prestakuntza- eta zabalkunde-ekimenak bultzatuko ditugu“, erantsi du.

Proposamenek irekiak izan beharko dute, udalerrian garatu eta gauzatu beharko dira, eta Gasteizko herritar guztiei zuzendutakoak izan beharko dute; esperientzia berriak izan ahalko dira, edo lehendik dauden programa, ekitaldi eta jaialdiei jarraipena eman, kulturaren arloren baten barruan: prestakuntza, sormena, zabalkundea, ikerketa…

Proiektu bakarra aurkeztu ahal izango dute entitateek, eta bi dirulaguntza kontzeptu ezarri dira.

Batetik, hirian erreferente diren edo kultura sustatzera bideratuta dauden ekimen, jaialdi eta egitarauak, edozein alorretan delarik ere (arte eszenikoak, musika, ikus-entzunezkoak, letrak, folklorea, arte plastikoak edo beste), betiere kultur agente lokalek antolatu eta kudeatuak.

Bestetik,  dinamizazio soziokulturalera, kulturartekotasuna sustatzera, bizitza kulturala bultzatzera, kultura integrazio eta gizarte-kohesiorako balio gisa garatzera, kulturaren alorrean garapen pertsonala garatzera (jakituria eta sormena sustatuz) eta abarretara zuzenduriko jarduera eta programak, betiere kultur agente lokalek antolatu eta kudeatuak. Kontzeptu horretara 25.000 euro bideratuko dira.

Eskabideak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa da, oinarrien deialdia ALHAOn argitaratzen den egunaren biharamunean hasita.

 

COVID-19

Pandemia dela eta, Hezkuntza eta Kultura Sailak klausula bat erantsi die dirulaguntzen oinarriei, proposatutako ekitaldietara doan publikoaren segurtasuna bermatzearren. Hain zuzen ere, antolatzen dituzten eta dirulaguntza jasotzen duten jarduera edo ekitaldi guztietan agintari sanitarioek unean-unean xedatutako neurriak bete eta betearazteko konpromisoa hartu beharko dute beren gain entitate onuradunek.

Horretaz gain, gaur egungo osasun-pandemiak eragindako ziurgabetasuna dela eta, dirulaguntza aldatzea baimentzerik izango da bertan aurreikusi gabeko jarduerak egin ahal izateko, betiere dirulaguntzaren xedearekin lotuta badaude, horren xede eta helburuei funtsean eragiten ez badiete, eta agintari sanitarioek kasu bakoitzerako hartzen dituzten neurriekin bateragarriak badira.

Aldatzea erabaki behar izanez gero, Hezkuntza eta Kultura Saileko zinegotzi ordezkariak egingo du, entitateak hala eskatzen duelarik. Nolanahi ere, jarduerak gauzatzeko epea bukatu aurretik egin beharko da eskabidea.

Informazio gehiago: https://bit.ly/2NXmWCJ

 

Share

Gasteizek 1.150.000 euro erabiliko ditu Gamarrako parkea, Arriagako gizarte etxea eta Adurtzako zentro soziala garbitzeko

Gasteizko Udalak 1.150.786,90 euro (BEZa barne) erabiliko ditu 2021ean Gamarrako parkea, Arriagako gizarte etxea eta Adurtzako zentro soziala garbitzeko, Gobernu Batzarrak gaur onetsi duenari jarraituz.

ISS Facility Services SA arduratuko da Gamarrako udal parkea garbitzeaz datozen bi urteetan, 738.745,66 euroan (BEZa barne).

Bestetik, RAEP SL enpresak garbituko ditu Arriagako gizarte etxea eta Adurtzako zentro soziala, 412.041,33 euroan. Bigarren kontratu hori gauzatzeko epea 3 urtekoa da.

“Udal eraikinetako garbiketak are garrantzi handiagoa hartu du pandemia dela kausa. Erabiltzaileen zein langileen segurtasuna bermatzea da gure xedea”, azpimarratu du Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguezek.

Share