Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-02-15)

Prentsaurrekoa. Gasteiz Sport Business II. Kirol Biltzarra aurkeztea

Parte hartzaileak. Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopez; Kultura eta Kirol foru diputatu Ana del Val; eta, Juan Cantero, biltzarraren antolatzailea

Eguna. Astelehena, otsailak 15

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

—————————————————

Gereziondoa landatzea Minbizia duten Haurren Nazioarteko Eguna dela eta

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Aspanafoako presidente Mikel Garcia; eta Gorka Ortiz de Ubina (Zeledon)

Eguna. Astelehena, otsailak 15

Ordua. 11:00

Tokia. Angel Saenz de Ugarte Pintorearen kaleko parkean (skateren aurrean)

————————————————

Prentsaurrekoa. ‘Gasteiz Talent’ musika zikloa aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto; Jesus Guridi Musika Kontserbatorioko zuzendari Puy Asurmendi; Udal Musika Bandako zuzendariorde Iker Olazabal; eta Luis Aranburu Musika eskolako zuzendari Joserra Gutierrez

Eguna. Astelehena, otsailak 15

Ordua. 11:00

Tokia. Jesus Guridi Musika Kontserbatorioa

Share

Logroñoko alkatea Gasteizko Herritarren Segurtasunaren Sailarekin bildu da, Gasteizko Udaltzaingoaren eredua ezagutzeko

Logroñoko udalaren ordezkari batzuk –bertako alkate Pablo Hermoso de Mendoza, lehen alkateorde Eva Tobías eta udaltzainen komisario buru Pedro Galarreta– Gasteizen izan dira gaur goizean, hemengo Udaltzaingoaren ereduaren berri izateko.

Gasteizko lehen alkateorde Maider Etxebarriak hartu ditu Gasteizko udalean, eta Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Marian Gutierrezekin, saileko zuzendari Javier Sáez Lanasekin eta Roberto Garcia Tobalina komisarioarekin bildu dira.

Errioxako hiriburuak Gasteizko udaltzaingoa hartu du erreferente eskaintzen dituen hainbat zerbitzutan. Agirrelandako zenbait atalek, genero- eta familia indarkeriaren taldeak eta adin txikikoen taldeak esaterako, piztu dute Logroñoko ordezkarien interesa.

Lehen topaketa honen ondoren, Gasteizko udalak Logroñoko udala bisitatuko du.

Share

Inauterietan osasun-gomendioak betetzeko garrantzia gogorarazi die Udalak herritarrei

Gasteizen COVID-19aren intzidentzia metatua 100.000 biztanleko 554,24 positibokoa da gaur, Inauteri Ostiral; beraz, eremu gorrian jarraitzen du. Hori dela eta, osasun-gomendioak ondo gogoan eduki beharko dira asteburuan, beste urte batzuetan jai-giro handienekoa izaten baita.

Hasteko, mugikortasun-murrizketak hartu beharko dira aintzat. Alegia, ezin da udalerriko mugetatik kanpo atera araudiak baimendutako kasuetan izan ezik; astelehenetik aurrera udalerri mugakideetara joatea baimenduko da, baina jarduera sozioekonomikoetarako eta kirol jardueretako bakarrik. Orobat, gaueko mugikortasunak mugatua jarraituko du 22:00etatik 06:00etara. Dendak eta beste merkataritza-establezimendu batzuk 21:00ak baino lehen itxi behar dira.

Kontuan hartu beharreko beste alderdi bat gizarte-bizitzaren murrizketak dira. Ezin da lau pertsona baino gehiago elkartu, ez leku irekietan ez leku itxietan. Ostalaritza behin-behineko ireki da, baina indarrean jarraitzen dute beste neurri hauek: edukieraren % 50eko murrizketa, zutik eta barran kontsumitzeko debekua, taldeen artean metro eta erdiko distantzia gorde beharra, eta mahai bakoitzean gehienez lau bezero elkartu ahal izatea. Kultur jarduerek 21.00ak baino lehen bukatu beharko dute.

Banakoen jokabideekin lotutako jarraibideei dagokienez, eskuak garbitu, maskara jantzi eta pertsonen arteko distantzia gordetzeaz gain, jendea biltzen den lekuak aireztatzea komeni da, eta maiz ukitzen diren azalerak garbitzea.

“Azken urtean herritarrek ospakizun askori egin diote uko pandemiari aurre egin ahal izateko. Orain beste sakrifizio txiki bat egitea dagokigu koronabirusa behin betiko desagerrarazi ahal izateko. Inauteriak oso baliotsuak dira Gasteizentzat, baina gure osasuna are baliotsuagoa da”, esan du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek.

Informazio gehiago: Covid-19ari buruzko udal informazioa.

 

 

 

 

Share

Udaltzaingoak prestakuntza-ikastaro bat hasi du herritarrekiko agenteen interakzioa hobetzeko

Astelehenean, otsailaren 15ean, Udaltzaingoak plantilla osorako prestakuntza-ikastaro bat hasiko du, zeinak helburua baitu herritarrekiko interakziorako ahalmena hobetzea. Agirrelandako agente guztiek, agintariak barne, 6 orduko ikastaroa egingo dute; horretan “estrategia psikologikoak” irakatsiko dizkiete, Gasteizko bizilagunekiko komunikazioa eta harremanak hobetzeko.

“Gure agenteek ematen duten tratua, oro har, zuzena bada ere, hobetzeko aukera dago, eta hori aprobetxatuko dugu herritarrekiko haien interakzioa hobetzeko. Gure bizilagunengandik hurbilago egon nahi dugu, hurbileko polizia eta zerbitzu gisa benetan ikus gaitzaten.  Horretarako, arreta egokiena eskaini behar da egoera bakoitzean, eta horrela izan dadin behar diren tresnak eduki”, azaldu du Marian Gutiérrezek, herritarren segurtasuneko zinegotziak.

Udaltzaingoko psikologoak emango du prestakuntza-ikastaroa, lau bloketan antolatuta:

  • Udaltzaingoaren ereduaren azterketa eta gogoeta.
  • Herritarrekiko interakzioan eragina duten faktoreak aztertzea.
  • Pertsonen arteko harremanak sustatzeko eta arazoak konpontzeko teknikak bereganatzea: komunikazio-estiloak aztertzea, emozio-patroiak maneiatzea (etsaitasuna, herra, haserrea…) eta abar.
  • Berri txarren berri ematea.

400 agente baino gehiagok, agintaritza barne, parte hartuko dute egun bateko prestakuntza honetan, maiatzera arte. 22 saio emango dira, 20 bat pertsonako taldetan.

Prestakuntza Udaltzaingoan

“Herritarrekiko interakzioko estrategia psikologikoak” ikastaro hau arestian egindako LGTBI gaiari buruzko beste bati gehitzen zaio. Joan den abenduan, gaiari buruzko prestakuntza-jarduera bat amaitu zen; horretan, kolektibo horren kontrako gorroto-delituei aurre egiteko une bakoitzean nola jokatu den ikasi zuten Agirrelandako udaltzain guztiek.

Share

Udala mugikorretarako HUTaren inplementazioa azkentzen ari da, udalaren kirol-instalazioetan sartu ahal izateko

Zerbitzua 2021eko bigarren hiruhilekoan martxan jartzea aurreikusi dute Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailak eta Kirol eta Osasun Sailak

Gasteizko Udala telefono mugikorretarako herritarren udal txartelaren inplementazioa azkentzen ari da, udalaren kirol instalazioetan gailu horiek baliatuz sartu ahal izateko. Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Saila eta Kirol eta Osasun Saila lankidetzan ari dira zerbitzua 2021eko bigarren hiruhilekoan martxan jartzeko, hau da, igerileku-denboraldirako.

“Herritarren udal txartelaren formatu digital eta mugikorrak teknologia herritarren zerbitzura nola jarri ahal eta behar den erakusten du. Hori martxan jartzea aurrerapen garrantzitsua izango da Gasteizko Udala eraldaketa digitalerako bideratzen ari den estrategian. Uste osoa dugu tokiko administrazio publikook hiriko biztanleengana hurbildu beharra dugula; haiek eguneroko zeregin askotarako erabiltzen dituzte telefonoak, eta orain horien bidez zerbitzu publikoetara sartzeko erosotasunaz baliatu ahalko dira”, azpimarratu du Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguezek.

Horretarako web-aplikazio bat garatu behar izan da, eta gizarte-etxeetako zein kirol-instalazioetako tornu eta euskarriak egokitu, QR kodeak irakurri ahal izateko.

2020ko udako kanpainan Gamarra eta Mendizorrotzeko kirol-instalazioetan sistemaren proba pilotua egitea zegoen aurreikusita, garai horretan erabiltzaileen kopurua handiagoa izaten baita. COVID-19a dela eta, ordea, beste alderdi batzuk lehenetsi ziren pandemiaren eragina arintzen laguntzearren.

2020ko udan ekin zitzaion berriro web-aplikazioaren garapenari, eta irailaren amaieran burutu zen. Bestetik, kirol-instalazioetako 27 tornuak eta 26 euskarriak egokitzen ari da enpresa esleipenduna. Behar diren zerbitzu-probak egin ondoren, errealitatea izango da mugikorretarako HUTa.

Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek telefono mugikorrean HUT berria edukitzearen garrantzia azpimarratu du: “horrek kirol-instalazioetako sarbideak eraginkortasun handiagoz kudeatzea ahalbidetuko digu. 90.000 abonaturi baino gehiagori sistema moderno eta erosoa eskainiko diegu, eta etorkizunean zerbitzua hobetzeko bide ere ematen digu, funtzio berriak erantsiz”, amaitu du.

Share

KOMUNIKATUA, GASTEIZEN GERTATUTAKO 18 URTEKO GAZTEAREN ERAILKETA DELA ETA

Gure udalerrian otsailaren 10ean gertatutako Mohamed Amine K. 18 urteko gaztearen hilketa dela eta, EAJ-PNV, PSE-EE, Partido Popular eta Elkarrekin Gasteizko Udal taldeek gaitzespenik eta arbuiorik sutsuena adierazi nahi dugu, bai eta gure babesa eta hurbiltasuna ere haren bikotekideari eta senideei. Udaletik eskura jarri dizkiegu beharrezko dituzten baliabide psikologikoak, juridikoak, sanitarioak eta babesekoak, eta bermatuko dugu haien interesei eragiten dien informazio guztia izan dezatela.

Antza denez, erailketak badu genero-larrigarri bat. Hori dela eta, Gasteizko Udalak —gertakariaren berri izan duenetik, eta ahalik eta ikuspegi osoena eta zehatzena izateko aukera emango ligukeen informazioa kontrastatu ondoren— aktibatu du Gasteizko Udalak Indarkeria Matxistaren aurrean Jendaurreko Erantzuna emateko Protokoloa, honakoa hauek helburu: informazio guztia biltzea eta biktimaren bikotekideari eta haren senideei erakundetik laguntza ematea .

Azpimarratu nahi dugu indarkeria matxista Giza Eskubideen urraketa larria dela, lehen mailako arazo soziala dela, eta  indarkeria jasaten eta aurre egiten dioten emakumeen duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurka eragiten duela. Indarkeria ez da ekintza bakan bat, baizik eta gure gizartea egituratzen duten jokabide esplizituen, mezu normalizatuen eta sinbolikoen sare bat, xede duenak emakumeak gizonen mende mantentzea eta indarrean dagoen sistema heteropatriarkalak ezarritako mugak hausten dituzten gorputz, eredu eta/edo jokabiderik ez egotea, alegia.

Hala, Gasteizko Udalak, Giza Eskubideen gauzatze eraginkorra bermatzeko ardura duen erakunde publikoa den aldetik, udal-erakundeek eta, oro har, herritarrek edozein eraso matxistari berehala eta irmoki erantzuteko neurriak bultzatzen jarraituko du. Halaber, lehentasuna emango dio biktimari eta haren senideei hobespenez arreta emateari; era berean, lehenetsiko du, batetik,  emakumeei tresnak ematea emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko eta, bestetik, erasotzaileen zigorgabetasun soziala ez ahalbidetzea. Gainera, Udalak konpromisoa hartzen du bere eskumenak egikaritzen jarraitzeko, indarkeria matxistarik gabeko bizitzak bermatzeko helburu.

Horregatik guztiagatik, EAJ-PNV, PSE-EE, Partido Popular eta Elkarrekin Udal taldeek:

Gure udalerrian otsailaren 10ean gertatutako Mohamed Amine K. 18 urteko gaztearen hilketa dela eta gaitzespenik eta arbuiorik sutsuena adierazi nahi dute, bai eta babesa eta hurbiltasuna ere haren bikotekideari eta senideei.

 

Share

Atxilotuta 49 urteko gizonezko bat amari eraso egiteagatik

Udaltzainek atzo 49 urteko gizonezkoa atxilotu zuten ustez amari eraso egiteagatik.

23:30ean, gizonezkoak berak deitu zuen 092ra amarekin gatazka izan zuelako polizia bertara zedin eskatzeko. Udaltzainak etxera joan ziren, Zaramaga auzora, eta emakumea, adinekoa, lurrean eserita topatu zuten.

Emakumeak adierazi zuen semeak eraso egin ziola eta arrastan eraman zuela sukaldera. Tratu txarra ohikoa zela salatu zuen, bai fisikoa, bai psikologikoa. Udaltzainek anbulantzia eskatu zuten emakumeari arreta emateko, oso urduri baitzegoen.

Semeak aitortu zuen erasoa, beraz, patruilak atxilotu egin zuen. Gaur jarriko dute epailearen esku.

 

Share

Kirola eta jarduera integratzailea sustatzeko lau hitzarmen onetsi ditu Urtaranen gobernuak

APDEMA, ASPACE Araba, Autismo Araba eta  Zuzenak kirol klubarekin lankidetza-hitzarmenak sinatzea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, 2021 denboraldian hainbat kirol jarduera egiteko. Udalak 139.036 euroko laguntza ekonomikoa emango du, guztira, Kirol eta Osasun Sailaren bitartez, lau hitzarmen horietarako. 700 pertsona baino gehiago baliatzen dira hitzarmen horien bidez gauzatzen diren programez.

Zenbatekorik handiena Zuzenak kirol klubarekiko lankidetza-hitzarmenerako da, 95.659 euro, dibertsitate funtzionala duen pertsonentzako ekintzak gauzatzeko. Hitzarmen honi esker, jarduera fisiko egokitua eta kirol egokitua sustatzeko programa berezi bat jarriko da martxan. Halaber, zabalkunde kanpaina eta hainbat jarduera paralelo egingo dira, kirola egiteko dauden desberdintasunak gainditzea helburu. Era berean, klubaren jardueretarako laguntza materiala ere emango da, Gabriel Zelaia kaleko aretoak erabiltzen utzita.

Bigarren hitzarmena, APDEMA Araba elkartearekin egin da. 16.837 euroko zuzkidura du, adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako kirol jarduera teknikorako programa bat egiteko. Programa gauzatzen laguntzeaz gain, udalak beharrezkoak diren kirol instalazioak ere utziko dizkie.

ASPACE Araba elkartearekiko hitzarmenak 16.720,48 euroko zuzkidura du eta horren bitartez, kirol jardueren eskaintza egingo da, garun paralisia eta antzeko gaixotasunak dituztenentzat bereziki prestatuta. Laguntza ere eskainiko da, jardueren hartzaileek ahalik eta integrazio mailarik handiena lor dezaten. Aurreko kasuan bezala, udalak ASPACEren esku utzi ditu beharrezko dituzten kirol-instalazioak.

Azkenik, Autismo Arabarekin egindako hitzarmenak 9.820 euroko laguntza ekonomikoa jasoko du espektro autista duten pertsonen premietara bideratutako kirol-jarduera fisikoen programa bat egiteko. Hauek ere programa garatzeko behar diren udal kirol-instalazioak izango dituzte.

Lau hitzarmenenetan jasota dago elkarteek garatu beharreko jarduera-programen barruan, arreta berezia jarri behar zaiela COVID-19ren osasun-krisiaren ondorioz sortutako beharrei.

Share

622.000 euroko balioa duen lurzoruaren salmenta abian jarri du Urtaranen gobernuak

 

  • Lau lursail lizitatuko dira, bi Arkaian eta beste bi Mendiolan

Etxebizitzak egiteko lau lursail lizitatzea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, bi Arakaian eta beste bi Mendiolan. Guztira, 622.484,32 euroko balioa dute. Lurzoru-salmentatik diru-sarrera ekonomikoak lortzeko aurreikuspena betetzen lagunduko du horrek, guztira, aurten, 9,1 milioi euroko lortzea espero baita.

Arkaiako bi lursailak berdinak dira, 1.125 metro koadrokoak, eta, horietatik 555 metro koadro eraikigarri. Batean nahiz bestean, familia bakarreko etxe bana eraikitzea aurreikusten da. Lursail bakoitzaren balioespen ekonomikoa 145.149,15 eurokoa da. Herriaren iparraldean dago bata, bide berri batetik irits baitaitezke bertara; bestea, berriz, herriaren hegoaldean.

Mendiolaren kasuan, lursailak txikiagoak dira, 612,6 eta 648 metro koadrokoak, eta 246 metro koadro eraiki daiteke, batean nahiz bestean. 40. sektoreko urbanizazioan daude biak, eta 143.470,27 euroko eta 145.149,15 euroko balioespen ekonomikoa dute.

Lizitazio guztietan, hasierako prezioaren gaineko hobekuntza ekonomikoak baloratuko dira, baita ordaintzeko proposatutako baldintzak eta eraikuntzan baliatuko diren iraunkortasunaren eta energia-eraginkortasunaren arloko irizpideak ere.

Share