Prentsa Oharren banner

Superetxadien proiektuak Zabalgana eraldatuko du, Ilustrazioaren eta Mediterraneoaren hiribide handietan trafikoaren igarobidea eteteko berdeguneak jarriko baitira

Ibilgailurik gabeko “lotune” naturalizatu horiek oraingo oinezkoen ibilbideetatik igarotzea bermatuko dute, eta herritarrak egoteko eta aisialdiko jarduerak egiteko lekuak izango dira  

“Autoentzako 7.500 metro koadro zoladura pertsonentzako gune bihurtuko ditugu”, azaldu du alkateak 

Ekintza horiei esker handitu egingo da auzoko bide-segurtasuna, trafikoaren abiadura motelduko baita superetxadien barruan  

Zabalganean aurten bertan 2 milioi euro inbertitzeko asmoa du udal gobernuak, eta lanean ari da plana beste auzo batzuetara hedatzeko

 

 

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

DOSSIER SUPERETXADIAK ZABALGANA

Gasteizko Udalak, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren bitartez, Zabalgana auzoa eraberrituko du, superetxadietan oinarritutako proposamen ausart batekin. Alkateak iragarri duenez, udal gobernuak bi milioi euro inbertituko ditu aurten bertan espazio publikoan hamar bat esku-hartze burutzeko, orain autoentzako zoladura dagoen lekuetan berdegune berriak sortu ahal izateko. Herritarrak egoteko eta elkartzeko aukera emango dute espazio horiek, eta Ilustrazioaren eta Mediterraneoaren hiribide handietan trafikoaren igarobidea eteteko balioko dute, dauden oinezkoentzako pasealekuei jarraitutasuna emanez. Gaur arratsaldean aurkeztuko zaie proposamena auzokoei, Zabalganeko gizarte-etxean egitekoa den auzogunean, 18.00etan.

“Superetxadia Gasteizen apustua da nazioarte mailan abangoardian jartzeko. Urteak daramatzagu eredu hori lantzen, eta beste bultzada emateko unea iritsi da. Zabalganean hiri-diseinu berritzailea baliatuko dugu, oinezko eta bizikletazko joan-etorriak sustatuz, kaleak bizigarriago eginez eta bide-segurtasuna indartuz, ibilgailu pribatuentzat zen espazio publikoa pertsonentzat berreskuratuz, berdegune berriak egokituz, eta inguruneko merkataritza dinamizatuz”, aletu du Gorka Urtaran alkateak. Gasteizko alkateak Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderorekin batera aurkeztu du proposamena; azken horrek “hiria eraldatzeko garrantzitsutzat” jo du proiektua.

Superetxadia da hiriko espazio publikoa birdiseinatzeko oinarrizko pieza, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Planak ezarritakoari jarraituz. Auzoen barrualdea ibilgailuen trafikotik babestea da helburua. Nola? Abiadura nabarmen murriztuz (orduko 20 eta 10 kilometrora), trafikoa etenez eta kaleak oinezkoentzat utziz.

Orain Zabalganerako proposatzen den esku-hartze eredua harago doa, hiriko bideen sarearen babesa —Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Planean jasoa— hartu baita abiapuntutzat. Udalaren helburua da oinezkoen ibilbide horiek babestea. Hori dela eta, Ilustrazioaren eta Mediterraneoaren hiribide handietan berdegune berriak sortzea proposatzen da. “Autoentzako 7.500 metro koadro zoladura eraldatuko dugu, pertsonei emateko“, azaldu du alkateak.

Espazio horiei esker, batetik, oraingo oinezkoentzako bideak lotu ahalko dira, jarraitutasuna emanez; bestetik, eragindako zirkulazio-bideak joan-etorrikoak bihurtuko dira, eta hartara, auzotik abiadura handiz igarotzen den trafikoa desagerraraziko da. “Igarotzeko kaleak izateari utzi eta egoteko kaleak bihurtuko dira”, azaldu du alkateak.

Aurreikusitako esku-hartzeen bidez, asfaltoaren ordez parke txikiak egokituko dira; horretarako, herritarren iritzia ezagutu nahi da, auzoak eskatzen dituen proiektuak garatze aldera: piknikerako guneak, xakean aritzeko mahaiak, haurrentzako jolasak, mahai-tenisa… Mediterraneoaren hiribidean, Gurutze Gorriaren ibilbideko parketik datorren ibilbide naturala jarraitu nahi da. Ilustrazioaren hiribidearen kasuan, bi lotune berde sortzea aurreikusi da. Bestetik, auzoko garaje komunitarioetarako sarbidea une oro bermatuko da.

Ilustrazioaren hiribidean eta Mediterraneoaren hiribidean egin nahi diren esku-hartze deigarrienez gain, Udalak esku har daitekeen hamar gune identifikatu ditu (Labastida, Salvador Dalí, Iruña Veleiako hiru eremu… Proposamenetako bat da superetxadien barruko kaleetan sarbidea errei batera murriztea, parterre txikiak jarriz. Neurri horiek dagoeneko probatu dira hiriko beste leku batzuetan, eta baliagarriak dira inguru horietara sartzean ibilgailuek abiadura moteldu dezaten.

Share

Prentsa-deialdiak (2021-02-26)

Vitoria-Gasteizen eta Arabako Lurralde Historikoan Farmakutsadura arloan Berrikuntza Programa Garatzeko Protokolo Orokorra sinatzea eta aurkeztea

 

Parte hartzaileak:

Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez

Euskal Herriko Unibertsitatea UPV/EHUko errektore Eva Ferreira

BIOARABAko zuzendari zientifiko Mª Angeles Fidalgo

Fundación Vital Fundazioko presidente Jon Urresti

Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialeko presidente Milagros Lopez de Ocariz

BIC Arabako zuzendari David Montero de la Torre

AMVISAko presidente Maria Angeles Gutierrez

Aquadat satrtupeko presidente Jorge Garcia del Arco

 

Eguna. Ostirala, otsailak 26

Ordua. 11:30

Tokia. Gasteizko Udaletxeko Kintoen aretoa

* 9 erakundeetako ordezkariek sinatu eta gero, alkateak, ahaldun nagusiak, UPV/EHUko errektoreak eta Gorka Oribe eta Unax Lertxundi ikertzaileek azalduko dute akordio hori zertan den.

* Aurkezpena bukatu eta gero, alkate Gorka Urtaranek Gobernu Batzordean hitz egindako udal gaiak hizpide izango ditu.

Share

Astelehenean hasiko da COVIDaren aurkako txertaketa udaltzaingoan eta suhiltzaileen zerbitzuan

Datorren astelehenetik aurrera, martxoak 1, Gasteizko Udaleko Laneko Osasunaren Atalak AstraZeneca txertoa jarriko die udaltzaingoko eta Prebentzio eta Su Itzaltze Zerbitzuko 55 urtetik beherako langileei. Eusko Jaurlaritzako eta beste bi euskal hiriburuetako Osasun Publikoaren Zerbitzuekin koordinatuta dago ekintza, eta Osakidetzak zehaztutako txertaketa-estrategiaren parametroei jarraitzen die.

8:30an hasiko da txertaketa –borondatezkoa da–, orduko 10 pertsonako taldetan. Erreserbako langileak ere izango dira hutsegiteak bete eta dosirik ez galtzeko, eta horretarako egun bakoitzerako zerrendak prestatu dira. Aste honetan bertan Laneko Osasunaren Atalak txertoak jartzeko prestakuntza egokia jaso dute  telematikoki. Azken sei hilabeteetan COVID probetan positibo izan diren pertsonei gerora jarriko zaie txertoa.

Agirrelandako instalazioetan bertan egingo da txertaketa. Baldintzak betetzen dituen gela bat egokituko da, joan-etorrien logistika errazteko. Guztira, 379 udaltzaini eta 113 suhiltzaileri emango zaie txertoa.

Udal langileak txertoak jartzen hastea Eudelen eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren arteko akordioaren ondorioa da.

Share

Atxilotua bikotekidea giltzaperatuta izateagatik

Udaltzainek atzo arratsaldean 21 urteko gazte bat atxilotu zuten legez kontrako atxilotze-delituaren ustezko egilea izateagatik.

Guztia 13:15ean gertatu zen, 092ak jasotako dei batek Sansomendi auzoko etxebizitza batean poliziaren presentzia eskatu zuenean. Izan ere, emakume batek laguntza eskatu zuen giltzaperatuta zegoelako. Iritsi zirenean, udaltzainek egiaztatu zuten emakumeak ateratzea lortu zuela ordezko giltza batzuk erabilita. Eztabaida handi baten ondoren, bikotekideak mugikorra kendu ziola eta giltzaperatuta utzi zuela esan zien udaltzainei.

Biktimaren eta lekuko baten adierazpenak ikusita, ustezko egilea aurkitu eta atxilotu egin zuten. Gaur goizean geratuko da epailearen esku.

 

Erasoa bere bikotekideari  

Udaltzainek atzo gauean 28 urteko gizonezko bat atxilotu zuten bere bikotekidearen aurkako eraso-delituaren ustezko egilea izateagatik.

Guztia 21:00ak baino zertxobait lehenago gertatu zen, Zarautz kalean, ibilgailu baten barruan eztabaida handia izan ondoren. Emakumeak ezpainean zauri bat zuen odoletan, eta atzamarkak. Jasotako lekukotzak eta lesioak ikusita, udaltzainek gizonezkoa atxilotu zuten.

 

Share

Gasteiz Sport Business biltzarraren bigarren edizioa hasi da, Europa jauregian

Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek Gasteiz Sport Business biltzarraren bigarren edizioaren hasiera-ekitaldian parte hartu du; Europa jauregiko Maria de Maeztu auditoriumean egiten ari da hori. Gaurko hitzorduan 300 pertsonatik gora bilduko dira, COVID-19aren aurreko segurtasun-protokoloak ezarri direlarik hizlari, entzule eta laguntzaileentzat.

Livia Lópezek zorionak eman dizkie Gasteiz Sport Business-en antolatzaileei Udalaren izenean, ekimena bultzatzeagatik bai kirolerako bai biltzar jardueretako hain zaila den egoera honetan. “Osasunaren arloko murrizketak direla kausa sektore askok zailtasunak izan arren, zuek gure hiriaren, kirolaren eta hitzordu honen aldeko apustua egin duzue, ezagutzak partekatzeko xedez eta ekitaldi segurua izateari lehentasuna emanez“.

Gasteiz Sport Business jardunaldi bakarrean garatuko da, eta hainbat gai jorratuko dira bertan, hala nola eliteko kluben kudeaketa, berrikuntza —saskibaloiko Euroligan, kasu—, marken trataera kirolean, edo datuen erabilera, kirolaren arloko profesionalei laguntzeko tresna gisa.

Share