Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2015-12-03)

Urban Commerce jardunaldia inauguratzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkateorde Borja Belandia; eta Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo sailburuorde Itziar Epalza

Eguna. Osteguna, abenduak 3

Ordua. 9:30

Tokia. Europa Biltzar Jauregia

————————

Prentsaurrekoa. Maratoi Erdia aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza, Kultura eta Kirol zinegotzi Iñaki Prusilla;  Arabako Atletismo Federazioko idazkari Felix Resa; Maratoi Erdia lasterketako zuzendari Mikel García Zurbano; Laboral Kutxako Komunikazio arduradun Koldo Ortiz de Urbina; eta Udalbatzako partaideak

Eguna. Osteguna, abenduak 3

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

———————–

Gasteizko lehenengo hotel-seinale berrien ipintzea.

Parte hartzaileak: Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa, Biltzar eta Turismo zerbitzuko buru Ana Lasarte eta hiriko hainbat hoteletako zuzendariak.

Ordua: 12.00

Lekua: Gran Hotel Lakuako sarrera (Tarragona kalea, 8 )

—————————————————-

Harrera-ekitaldia. Vitoria-Gasteiz Itzulpen Sariak banatzea

Haur eta gazte literaturaren alorrean euskarara egindako itzulpenik hoberenak saritzeko Vitoria-Gasteiz Sariak emateko ekitaldia

Parte Hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Euskara, Kultura de Kirol diputatu Igone Martinez de Luna; eta Eusko Jaurlaritzako Ikastetxeetako zuzendari Jesús Fernández Ibáñez

Eguna. Osteguna, abenduak 3

Ordua. 13:00

Tokia. Oihaneder Euskararen Etxea (Montehermoso jauregia)

 

* Bertan, abenduaren 3an Euskararen Eguna dela-eta, erakunde-adierazpena irakurriko da

Share

Nazioarteko Antzerki Jaialdiak batez besteko % 83ko okupazioa lortu du 40. urteurrenean, eta 12 emanalditan sarrera guztiak saldu dira

Ikusle berrien presentzia nabarmendu da, bereziki euskarazko zein atzerriko lanetan eta bertako sorkuntzan

Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiak batez besteko % 83ko okupazioa lortu du 40. urteurrenean, eta 12 emanalditan sarrera guztiak saldu dira. Aurtengo edizioak  15.000 ikusle izan ditu guztira, ikuskizunak eta jarduera paraleloak zenbatuta.

Kultura zinegotzi Iñaki Prusillak azpimarratu duenez, Jaialdiak “kalitate goreneko programazioa izan du, haren helburuei eta, bereziki, ikusle eta sortzaileei leial. Programazio ausarta izan da, arriskatua, nazioarteko eta bertako sorkuntzari leku berezia egin baitie, bai eta eztabaidari ere, eta erronka horri erantzunez asistentziak gora egin du berriro, bereziki familientzako ikuskizunei, euskarazko lanei, bertako proiektuei eta Felix Petite eta Jesús Ibáñez de Matauco antzokiei dagokienez”. Ez alferrik, aurtengo jaialdiak publikoari egiten zion omenaldia, eta “hari zorionak eta eskerrak eman nahi dizkiogu, erakutsitako gogo eta harrerarengatik”, adierazi du Prusillak.

Antzerki abonamenduak ohiko kopuruari eutsi dio: guztira 7.275 ikusle, eta ia % 70eko batez besteko asistentzia; lan ikusienak Atchúss,  Medea, Hedda Gabler eta Hullu izan dira.

Dantzak % 42ko batez bestekoa lortu du, Dantza Sari Nazionalen azken   irabazleak etorri arren (Marcos Morau, 2014koa, eta Damián Muñoz eta Virgina García, 2015ekoak).

Euskarazko abonamenduak gora egin du nabarmen, batez besteko asistentzia % 78 izan baita, eta ikusleek oso ondo hartu dituzte hiru proposamenak (Kreditua, Muxua, Etxekoak).

Ohikoez bestelako lekuetan eskainitako Off Local programazioa (Foto, Purgatorio, Un beso) nabarmendu beharra dago halaber, % 93,7ko asistentzia lortu baitu, zenbaitetan leku guztiak beteta.

Familientzako antzerkiak –Antzoki Sarearentzat programazio ildo nagusietako bat, etorkizuneko publikoa izanik– 2014ko kopurua gainditu du, guztira % 90eko asistentzia lortu baitu, 2014an baino % 15 gehiago. Programatutako lanen kalitatea ere goraipatu da.

Principal antzokiaz gain, gizarte etxeetako antzokien programazioa aipatu behar da: Jesús Ibáñez de Matauco antzokiko JIM AKTUAL zikloan % 94ko okupazioa izan da (2014an baino % 30 gehiago). Felix Petiteko El espectáculo en Ibaiondo zikloan, berriz, % 100eko okupaziora iritsi da (2014an baino % 5 gehiago), Cabaret Chihuahua eta Solitudes proposamenei esker.

Lakuako Federico Garcia Lorca antzokian  Paraíso Antzerkia taldearen laguntzarekin antolatzen den “Haurtxoentzako antzerkia” atalean, beti bezala, sarrera guztiak saldu dira lau emanaldietan.

Bertako “labeldun” emozioak

Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren lan ildo nagusietako bat tokiko sorkuntzari laguntzea da. Horren lekuko, joan den urriaren 3an Gasteizko bost konpainia profesionalek –Traspasos, Paraíso, Pantarhei, Picor eta Porpol– eman zioten hasiera jaialdiari, “Soplando velas” galarekin. Gure hiriko zein lurraldeko sortzaileen proposamen ugarien atarikoa izan zen. Besteak beste, konpainia hauek aipa ditzakegu:  KULUNKA TEATRO, PARASITE KOLEKTIBOA, CARMEN SAN ESTEBAN, TANTTAKA TEATROA, ARTEDRAMA, GORAKADA, PABELLÓN 6, DAMIÁN MUÑOZ eta ORTZAI –“Candido de Voltaire” estreinatu zuena–; oso proposamen ezberdinak, berriro ere udazkena emozioz eta dantza eta antzerki onez betetzea lortu dutenak.

ANTZERKIA ZABALTZEN atalaren barruan, berriz, CARLOS PÉREZ URALDE IRRATI-ANTZERKI LEHIAKETAren III. edizioaegin da, eszenarekin lotutako beste jarduera askoren artean. Nazioarteko Antzerki Jaialdiak Radio Vitoria EITB irratiarekin batera sortutako ekimenak irratiko genero dramatikoa berreskuratu nahi du, eta bertako artistei sortzeko aitzakia eman.

“Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiak, zalantzarik gabe, oihartzun handia izan du Estatuan, eta jaialdi garrantzitsuenen artean sartu da, Madrilgo Antzerki Jaialdiarekin eta Gironako “Temporada Alta” jaialdiarekin batera, haiekin programazioaren zati bat partekatzen baitu. Gure hiriak merezi du, eta bi hilabete hauetan ikusleei une eta emozio handiak ekarri izana espero dugu”, bukatu du Prusillak.

Share

111 establezimenduk jaso dituzte merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu pertsonalen alorretarako laguntzak

 

  • Iaz baino bost enpresa gehiagok eskuratu dituzte eraberritzeko lanak egiteko eta ekipamenduak hobetzeko diru-laguntzak.
  • “Laguntza horietako bakoitzak enplegu gehiago, jarduera handiagoa, gremioentzako lan gehiago, eta negozio lehiakorragoak eta kontsumitzaileen eskakizunei egokituagoak dakartza”, nabarmendu du Nerea Melgosak.

 

Gasteizko Udalak 111 diru-laguntza eman du merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu pertsonalen alorretarako enpresa txikiak ezarri nahiz modernizatzeko. 2015eko diru-laguntza deialdiak 500.000 euroko zuzkidura zuen, eta iaz baino bost enpresa gehiagok eskuratu dituzte; guztira, eskabideen % 67,27k jaso dute laguntza. Jarduera hauengatik jaso zitekeen diru-laguntza: aretoak eraberritzeko lanak, ekipamenduaren hobekuntzak, enpresa-jarduera hobetzeko azterlan teknikoak egitea, eta sozietatea eratzeko notario zein erregistro gastuak.

“Honelako laguntzek ekintzailetza eta dinamizazio ekonomikoa sustatzeko duten balioa nabarmendu nahi dugu. Udalak merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu pertsonalen alorretarako establezimenduak irekitzeko edo hobetzeko inbertitzen duen euro bakoitzaren balioa biderkatu egiten da, tokiko ekonomian duen eraginagatik. “Laguntza horietako bakoitzak enplegu gehiago, jarduera handiagoa, gremioentzako lan gehiago, eta negozio lehiakorragoak eta kontsumitzaileen eskakizunei egokituagoak dakartza”, nabarmendu du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Ia diru-laguntzen erdia (54) merkataritzara joan da, batez beste 4.486 euro bakoitzeko. Ondoren, ostalaritzako establezimenduak datoz (39), zeinek batez beste 5.128,14 euroko laguntza jaso baitute; azkenik, zerbitzu pertsonalen alorrean 18 laguntza eman dira, batez beste, 3.206,39 eurokoak. Iaz bezala, ostalaritza sektoreak jaso du batez besteko kopuru handiena laguntzako; ondoren, merkataritzak eta zerbitzuen alorrak, hurrenez hurren.

 

Establezimenduen kokalekuari dagokionez, honela banatu dira:

 

 

Kokalekua

2015ean emandako laguntzen kopurua

Bideratutako aurrekontua

Gauzatutako aurrekontu osoaren %

Erdi Aroko hirigunea

17

86.584,55 €

17,32%

Gorbeia kalea, Gasteiz hiribidea, Zabalgunea, Bigarren Zabalgunea eta Zaramaga

60

277.833,79 €

% 55,57

Salburua

7

23.428,68 €

% 4,69

Zabalgana

2

16.478,98 €

% 3,30

Gainerakoak

25

95.671,17 €

% 19,13

GUZTIRA

111

499.997,17 €

% 100,00

Banaketa horrek erakusten du bai Salburua eta Zabalgana bai “gainerakoak” kategoria indarra hartzen ari direla. Inguru horiek 2014an sartu ziren merkataritza eta zerbitzuetarako diru-laguntza deialdian, eta 2015ean, ostalaritzako establezimenduak ere gehitu dira. Erdi Aroko hiriguneak ere pisua hartu du 2014. urtearen aldean.

Aurten aurkeztu eta diruz lagundutako proiektu gehienak aretoak eraberritzeko eta ekipamendurako jarduera bateratuak ziren, bereziki merkataritza eta ostalaritzan. Zerbitzuen alorrean, diruz lagundutako proiektu gehienak ekipamendua hobetzeko izan dira.

 

 

2015eko diru-laguntzen xedea

Jarduera sektorea

Berritzea

Ekipamendua

Berritzea eta ekipamendua

Merkataritza

2

20

32

Ostalaritza

4

12

23

Zerbitzuak

1

9

8

GUZTIRA

7

41

63

Laguntza ukatzeko arrazoiei dagokienez, arrazoi nagusia proiektuak deialdian ezarritako gutxieneko inbertsiora ez iristea izan da; bigarren arrazoia, enpresa eskatzailearen jarduera diru-laguntza jaso zezaketen jarduera ez izatea haren EJZren arabera eta deialdiaren oinarrietan ezarritakoari jarraituz.

 

 

Share