Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2015-12-29)

Prentsaurrekoa. Aitzina Folk Jaialdia aurkeztea

Parte hartzaileak. Aitzina Fok Jaialdiko koordinatzaile Patxi Villén; Sabin Aburruzaga, musikaria; eta jaialdiko laguntzaile Gorka Bravo Pereiro

Eguna. Asteartea, abenduak 29

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

Share

Udalak ordu laurdenera mugatuko du piroteknia artikuluen jaurtiketa Urte Berrian

 Horrelakoen erabilera bakarrik 00.00etatik 00.15era baimenduko da

Beste batzuetan bezala, Gasteizko Udalak piroteknia artikuluen jaurtiketa ordu laurdenera mugatuko du Urte Berrian. Horrelako produktuen erabilera bakarrik 2016eko urtarrilaren 1eko 00.00etatik 00.15era baimenduko da. Gainera, berariaz debekatzen da artikulu piroteknikoen salmenta ibiltaria, eta leku hauetatik urrun jaurtitzea gomendatzen da: ospitaleak, klinikak, hirugarren adinekoen egoitzak, gasolindegiak, polizia etxeak eta larrialdi zentroak, bai eta animaliak edukitzeko zentroak ere. Bizikidetza eta pertsona, animalia eta ondasunen segurtasuna bermatzeko xedea dute neurri horiek.

Azken urteetan, herritar batzuek petardoak, trakak, suziriak, bengalak eta abar erabili ohi dituzte urteko lehen gauean. Baina bizikidetza ere kontuan hartu beharra dago, beraz, Udalari dagokio pertsona, animalia eta ondasunen segurtasuna bermatzea, bai eta Zarata eta Bibrazioen aurkako Udal Ordenantza betearaztea ere.

Piroteknia produktuen erabilera ezegokiak, legez kanpokoa ez denean, oso arriskugarria da pertsona eta ondasunen osotasun fisikoarentzat, etxebizitza eta jabegoetan kalteak eta suteak eragin baititzake, eta zauriak esku eta aurpegietan, ekidin daitezkeenak. Bestetik, produktu horien jaurtiketak enbarazu handia sortzen die bai pertsonei –bereziki adinekoei– bai konpainiako animaliei –txakurrak eta katuak izutu egiten baitira–.

Udaltzaingoak jakinarazten du, halaber, suziriak jaurtitzea eta kalibre handiko traka eta petardoak erabiltzea jarduera arriskutsua dela, araututa dagoelarik dagokion administrazio baimena behar duena, eta baimenik gabe erabiltzea isuna dakarren arau-haustea dela. Era berean, Urte Zaharrean Udaltzaingoaren gaueko patruilek esku hartuko dute baimendu gabeko leku eta orduetan petardoak, trakak, suziriak edo beste piroteknia produktu batzuk jaurtitzen ikusiz gero, pertsonek eta konpainiako animaliek atseden hartzeko eta lasai egoteko duten bidezko eskubidea errespetarazteko.

 

Share

Alkateak bizikidetza sendotzeko, krisia gainditzen laguntzeko eta hiria modernizatzeko konpromisoa hartu du gabonetako mezuan


Euskaraz eta gaztelaniaz egindako hitzaldia gaur gaueko 21.15ean emitituko da, VTVn

 

https://youtu.be/ZS6Km1roeDk

Gabonetako mezuan, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek hiriak datorren urterako dituen hiru erronka handiei heltzeko konpromisoa hartu du: bizikidetza eta ongizatea sendotzea, krisi ekonomikoa gainditzen laguntzea eta hiria modernizatzea. Euskaraz eta gaztelaniaz egindako hitzaldia gaur gaueko 21.15ean emitituko da, VTV telebista katean.

Hamar minutu inguru irauten duen mintzaldian, alkateak jaiak zoriondu eta 2016rako nahiak adierazten ditu, gure hiriarentzat “ilusioz, erronkaz eta etorkizunez betetako urtea izango baita”. Haren iritziz, Eguberriak eta urte bukaera une egokiak dira datorren urterako erronkak zehazteko.

Lehenengoa, gasteiztarren arteko bizikidetza eta guztion ongizatea sendotzea da. “2016an Gasteizek behin betiko utzi behar du atzean gizarte talka sortzen duen diskurtso politiko oro, bizikidetza baketsua hautsi edo segurtasunik eza sortzen duen oro, edo nazionalitatearen, erlijioaren eta azal-kolorearen arabera taldeak estigmatizatzen dituen oro”. Hori dela eta, udal gobernuaren lehenengo erabakietako bat Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzua sortzea izan zen, bi alderdi horiek bermatzeko, giza eskubideen errespetua oinarritzat hartuz.

Bizikidetza eta ongizatea bermatzeko ildo horretan, halaber, alkateak aipamen berezia egin die adinekoei, “ahalegin handia egin dutelako gure hiriaren alde eta gaur egun dena bihurtzeko”. Alkatearen helburuetako bat pertsona horiek ongi zainduak egotea da, bat bera ere bakarrik edo isolaturik ez egotea.

Gorka Urtaranek pobrezian edo egoera ekonomikoa dela eta baztertuak izateko arriskuan dauden familiak gogoratu ditu halaber. Horixe baita bigarren erronka, krisi ekonomikoa gainditzea eta enplegua duina sortzea. Gaur egun, 19.500 gasteiztar –populazioa aktiboaren % 16– daude langabezian. Udalak enplegua sustatzeko neurriak hartuko ditu, bereziki 45 urtetik gorakoei –Gasteizko langabetuen % 42– eta gazteei begira.  “Udala ez da besoak gurutzaturik geratuko, ekonomia berpiztu zain. Horregatik, 2016an enplegu plan bat sustatuko dugu, eta baliabide ekonomiko garrantzitsuak bideratuko ditugu kontrataziora”, zehaztu du alkateak.

 

Enplegua sortzea helburu duelarik, Udalak lehen sektoreari lagundu nahi dio, eraikuntzaren sektoreari birgaitze eta biziberritze politikak garatzeko aukera eman, merkataritza eta ostalaritzari lagundu, eta industriarekin batera lan egin, berriro indartu dadin.

Bukatzeko, Gorka Urtaranek Gasteiz modernizatu eta eraldatzeko erronka aipatu du, Green Capitalen ereduari jarraituz. “2016. urteak mugikortasun iraunkorreko kontzeptu berria ekarriko  du, eredu publiko, iraunkor eta lehiakorra, elektrifikatua eta atmosferara emisiorik isurtzen ez duena, klima-aldaketaren kontra konprometitutako hiriaren ereduarekin bat etorriz”, esan du, tranbiaren luzapena eta BRT edo autobus azkarraren ezarpena aipatuz.

Lan ildo horretan sartzen da halaber urrezko auzo deritzenak modernizatzea, etxebizitzak zein hiri espazioak eta gizartea eta ekonomia biziberritzeko proiektuekin. Aipamen berezia egin dio Koroatzearen auzoari, otsailaren 1ean hasiko baita hura eraldatzeko proiektua, europar erakundeen, Eusko Jaurlaritzaren eta Udalaren beraren laguntzari esker; energia-eraginkortasuna, mugikortasun iraunkorra eta informazioaren teknologien erabilera dira proiektuaren ardatzak. Abetxuku, Ariznabarra, Adurtza, Zaramaga… ahaztu gabe.

“Azken batean, 2016a ilusioz eta erronkaz beteriko urtea izango da, guztion artean gure hiriarentzat etorkizun hobea eraiki dezagun”.

 

Share

2016an, Udalak 93.000 euro gehiago bideratuko ditu familia zaintzaileentzako programetara

Laguntzeko zerbitzu berriak, prestakuntza pertsonalizatua eta zaintza partekatua eskainiko ditu

Datorren urtean, Gizarte Politiken Sailak  93.000 euro gehiago bideratuko ditu familia zaintzaileentzako programetara. Adinekoei laguntzeko programak duen gastuari (380.000 euro) familia zaintzaileen kopurua handitzeari dagokiona eta beste 53.000 euro gehituko zaizkio, sortzekotan diren ekintza berriak martxan jartzeko.

Batetik, Udalak eskariaren araberako baliabide berria sortu du Lakua-Arriagako adinekoentzako zentro soziokulturalean. Zaintza partekatuko espazioa da, zaintzaileak zentroko jardueretan parte hartzen duen bitartean zainduak zentroan bertan profesional baten laguntza izan dezan.

Gainera, prestakuntza jarduerak beste ikuspegi batetik landuko dira: zaintzaileak eta zainduak batera jasoko dute prestakuntza, komunikazioari eta kontaktu pertsonalari buruz, besteak beste.

Orobat, otsailetik aurrera etxeetan prestakuntza pertsonalizatua emango da. Ohiko prestakuntzaren osagarria izango da: senidea zaintzeari buruzko ikasketa teorikoak etxean bertan nola jartzen diren praktikan egiaztatuko da.

Bestetik, Udalak aurreikusi du bilduma egiteko fitxa batzuk banatzea (hozkailuan itsatsi edo eskura izateko modukoak), zaintzeari eta norbera zaintzeari buruzko aholkuekin.

Zaintza adinekoaren familia osoaren edo inguruko guztien artean partekatzeari ere helduko zaio datorren urtean.

Gizarte Politiken zinegotzi Nerea Melgosak nabarmendu duenez, “adinekoak lehentasunetako bat dira guretzat. Gure eginbeharra da zahartze aktibo eta duina erraztea, eta baliabideak eskaintzea adinekoek kalitateko zaintza jaso dezaten, baina zaintzaileez ahaztu gabe. Ekimen hauen bidez zaintzaileei babes handiagoa eta baliabide gehiago eman nahi dizkiegu, haiek ere beren burua zaintzerik izan dezaten, eta ez daudela bakarrik ikus dezaten”.

Share