Prentsa Oharren banner

Urtaranen gobernuak eta PSE-EE taldeak zenbait hobekuntza proposatu dituzte aurrekontu proiekturako, gizarte politikei, gizarte eta osasun hitzarmenei, enplegu sustapenari eta enplegua sortzeari dagokienez

  • Aurrekontuari ia 3 milioi euro gehituko zaizkio, zeinak herritarren bizi-kalitatea bermatzera eta ekonomia-sustapenera bideratuko baitira

 

Aurrekontu proiektuari zuzenketak: ZUZENKETAK

Olarizuko parkeko desjabetzeekin lotutako epaiak direla eta, baliabide ekonomiko handiagoak (3,6 milioi euro gehiago) lortu dira, beraz, gobernu-taldeak eta PSE-EE udal taldeak batera 81 zuzenketa egingo dizkiote datorren urterako aurrekontu proiektuari, erdia baino gehiago Gizarte Politiken kapituluan aurreikusitakoa hobetzeko. Alor sozio-sanitarioko taldeekiko 31 hitzarmenen diru-zuzkidura handituko da, eta zenbait gizarte programaren aurrekontua igoko, hala nola etxean laguntzeko zerbitzua, Babesgabetuen jantokia edo adinekoei laguntzeko “Agurekin” programa.

 

Zuzenketa bateratu horien beste zati handi bat Ekonomia Sustapenerako Arloarekin lotutakoa da. 330.000 eurotik gora erabiliko dira saltoki txikiei eta merkatari elkarteei laguntzeko hitzarmenak hobetzeko, bai eta merkataritza dinamizatzeko ekimenetarako ere. Orobat handitzen dira industriak eta industria jarduera sustatzeko aurrekontu-partidak (280.000 euro gehiago); kapitulu horretan sorkuntza industriei (40.000 euro) eta industrialdeei (100.000 euro) laguntzeko partidak nabarmentzen dira. Enplegurako prestakuntzarako hasieran esleitutako aurrekontuari ere beste 40.000 euro gehituko zaizkio.

 

Urtaranen gobernuak eta PSE-EE taldeak aurrekontu proiektuari egindako zuzenketen bidez, gainera, berdeguneak mantentzeko kontratuak iaz zuen zenbatekoaren % 85 berreskuratu ahalko du, 675.000 euro erantsi baitzaizkio hasieran pentsatutakoari. Hartara, lan horiek egiten dituen enpresako plantillaren egoera konponduko da, eta ez da lanpostutik galduko. Bestetik, TUVISAren diru-zuzkidurari 250.000 euro gehituko zaizkio, udal aparkalekuen kudeaketa zentralizaturako planari ekin diezaion.

 

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek espero du aurrekontuaren zuzenketak eztabaidatzerakoan udal talde gehienen arteko adostasuna lortzea. “Gobernua hitz egiteko prest dago, batez ere ekainean aldaketa ahalbidetu genuen talde politikoekin. Aurrekontuari buruzko akordioa lortu nahi dut EH-Bildu, Sumando-Hemen Gaude eta Irabazi Gasteiz taldeekin, haien ekarpenek EAJ eta PSE-EEren proposamena hobetu ahal dutelako. Horretarako, guztiok ahalegindu behar dugu. Orain gainerako taldeen proposamenak aztertu behar ditugu, eta sarrera gehigarriak lortzeko aukerak, aurrekontu hobea osatzearren. Indar politiko gehiago biltzen dituen aurrekontu bat beti izango da orain mahai gainean duguna baino hobea. Herritarrek aldaketaren aldeko apustua egin zuten ekainaren 13an, eta ez lukete ulertuko adostasun politikorik lortu ez delako PPren kontuak luzatu behar izatea”, esan du Urtaranek.

 

2016rako aurrekontura zuzenketak aurkezteko epean –gaur bukatzen zen– gobernu-taldeak eta PSE-EE taldeak egindako ekarpenen artean badira hasierako proiektuan jaso ez ziren beste alderdi batzuk ere, esaterako, desagertutako pertsonen familiei laguntzeko programa berri bat.

 

“Aurrekontu proiektua ezagutu ondoren herritarrek egindako eskaerak kontuan hartzeko ahaleginaren emaitza dira zuzenketa hauek, eta gastu aurreikuspenak ditugun sarrerei egokitzeko beharraren ondorioa. Ezin dugu ahaztu ordenantza fiskalen eztabaidaren ondorioz sarreren aurreikuspena 1,3 milioi euro gutxitu zela, eta egoera horretara egokitu behar izan dugula”, azaldu du Ogasun zinegotzi Borja Belandiak.

 

Aurrekontu proiektuko zenbait partida handitzeko zuzenketen kopuru osoa 3.026.888,99 euro da. Zuzenketa horiek finantzatzeko funtsak bi kontzeptu hauetatik sortuko dira: Olarizuko parkeko desjabetzeekin lotutako epaiak direla eta ordaindu beharreko kopurutik aurreztutakoa, eta udal taldeentzako aurrekontu-partidako 400.000 euro, 631.800 eurotik 231.800 eurora murriztu baita.

Share

Alkatea eta diputatu nagusia Eguberrietako azoka tradizionalean izan dira

 

 

 

 

 

 

 

Gasteizko alkate Gorka Urtaran eta Arabako diputatu nagusi Ramiro González  Eguberrietako azoka tradizionalean izan dira gaur goizean; arratsaldeko laurak arte egongo da irekita Plaza Berriko azoka. Saltoki batetik bestera ibili eta saltzaileak agurtu dituzte, zeinak, oro har, pozik baitzeuden giro onarekin eta erosle kopuruarekin. Eguraldi onak ere lagundu du Gabon aurreko urteroko hitzordua girotzen, zeina gasteiztar askok ospakizunetarako produktuak erosteko baliatzen baitute.

Share

Alkateak sostengua adierazi die ustez entrenatzaileak sexualki eraso egin dien adingabeen familiei

Udalaren laguntza zerbitzu guztiak familien eskura jarri ditu

Gorka Urtaran alkateak sostengua adierazi die ustez entrenatzaileak sexualki eraso egin dien adingabe gasteiztarren familiei, gertaera eta ustezko erasotzailearen atxiloketa ezagutu ondoren.

Alkateak Udalaren laguntza zerbitzu guztiak adingabeen eta familien eskura jarri ditu. Alkateak elkartasuna adierazi die biktimei eta familiei: “horrelako jokabideak guztiz onartezinak dira. Egileek jakin behar dute horrelako jokabideak ez zaizkiela doan aterako, eta gogor jokatuko dugula erasotzaileekin”.

 

Haurtzaro Zerbitzua: 945161379 (bulego ordutegian)

Udalaren Gizarte Larrialdietarako Zerbitzua:  945134444

Share

Uretako hegazti ugaltzaileen populazioa inoizko kopururik handienera iritsi da 2015ean Salburuan

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Eraztun Berde eta Biodibertsitate Unitateko argazkiak

20 espezietako 319 bikotek atera dituzte aurrera habiak aurten, 1995etik hezeguneetan lortu den tasarik altuena 

Salburuko hezeguneek uretako hegaztientzako babesleku ezin hobea direla berretsi dute, 2015ean  inoizko kopururik handienera iritsi baita ugalketa. Izan ere, 20 espezietako 319 bikotek atera dituzte aurrera habiak aurten Gasteizko Eraztun Berdearen eta biodibertsitatearen ikur den leku horretan.

Azpimarratzekoa da koartzatxo txikia eta koartzatxo itzaina lehenengo aldiz ugaldu direla aurten hezeguneetan, bakoitzetik lau habia antzeman baitira, denak Betoñuko aintziran. “Oso koartza ikusgarriak dira, zuriak, azken hamarkadetan penintsula osoan hedatu direnak, eta gaur egun egonkortzera jotzen dutenak”, azaldu dute Ingurumen Saileko Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen Ataletik. “Bi espezie horiek Uribarri-Ganboako urtegian ugaltzen ari ziren,  koartzatxo itzaina 2008tik eta koartzatxo txikia 2009tik, eta azken urteetan maiz agertu dira Salburuan. Aurten, azkenean, bi zangaluze horiek hezegunean ugaldu direla egiaztatu dugu”, azaldu dute.

 

Koartzatxo txikiaz eta koartzatxo itzainaz gain, Salburuan badira kontserbazioaren ikuspuntutik interes handia duten espezie habiagileak:

 

  • Amiltxori txikia, Euskadin mehatxatutzat sailkatutako koartzatxo migratzailea, “bakana” kategorian. Autonomia erkidegoko ugaltze leku egonkor bakarra Salburuan du (1-5 bikote habiagile).
  • Zingira-mirotza; hori ere “bakantzat” jotakoa. Salburuan 2009tik ugaltzen da (bikote habiagile bat edo bi).

 

Mehatxatutzat jota ez izan arren berezitzat jo daitezkeen beste espezie batzuk ere nabarmentzen dira:

 

  • Murgilari mottoduna; ahate eder horrek Salburuan du Espainiako ugaltze leku egonkor bakarra.
  • Antzara arrunta. Oso ohikoa da Araban migrazio garaian, baina oso gutxitan ugaltzen da; hala ere, Salburuan ugaltze leku egonkorra ezarri duela dirudi. Iberiar penintsulan oso gutxitan egiten du habia.   Espezie hori Salburuan kokatu izanak iberiar populazio habiagilearen banaketa eta tamaina handitzen ditu. 2013az geroztik Uribarri-Ganboako urtegian ere ugaltzen da.
  •  Ahate mokozabala ere bakarrik Salburuan ugaltzen da erkidegoan, 2013tik. Horietaz gain, inguruan oso urriak diren beste bi anatido ugaltzen dira Gasteizko hezegunean: murgilari europarra eta ipar-ahatea.

 

Erantsitako grafikoan ikus daiteke Salburuan habia egiten duten uretako hegaztien eboluzioa

 

 

 

 

 

Denborarekin, Salburuko hezegunea leku estrategikoa bihurtu da Arabako lurraldean ugaltzen diren uretako hegaztiei dagokienez.

2000az geroztik, Araban ugaldu ziren uretako hegaztien % 70 eta 90 bitartean Salburuan ere ugaldu ziren. 2015ean, Araban ugaldu ohi diren espezie bakarrak egin du huts: ubarroi handiak. Araban ugaltzea erabakitzen duten uretako hegaztien bikoteen % 25 eta 40 bitartean Gasteizko hezegunea aukeratzen dute.

Datu horiek guztiak direla eta, duela hamarkada batetik Salburua Euskadin uretako hegazti ugaltzaile gehien hartzen duen hezegunea da, Uribarri-Ganboako urtegiaren ondoren. Espezieen kopuruari dagokionez, une honetan autonomia erkidegoan ez dago uretako hegazti habiagileen aniztasun handiagorik duen lekurik.

 

Hegazti botulismoaren mehatxu biologikoa

Emaitza bikainak lortu arren, aurtengo udan hegazti botulismoak berriro egin zien eraso uretako hegaztiei. 2014ko udan agertu zen gaixotasun hori hezegunean, eta espezie ezberdinetako 791 hegaztiri eragin zien, uretakoei gehien bat. Aurten berriro agertu zen, baina zorionez Eraztun Berdeko zaindariek berehala antzeman zuten eta azkar moztu ahal izan zuten: 63 aleri baino ez zien eragin. Bi kasuetan uretako hegaztiak izan ziren biktima nagusiak, bereziki basahatea (hildakoen % 70).

Share

Udaltzaingoa. Atxilotu bat bi merkataritza establezimendutan lapurtzeagatik eta horietako bateko langilea erasotzeagatik

Atzo 22 urteko gazte bat atxilotu zuten udaltzainek Heraclio Fournier kaleko merkataritza establezimendu batean egindako ebasketaren eta beste batean indarkeriaz egindako lapurretaren ustezko egile gisa. 

17:00ak aldera, gazteak merkataritza-establezimendu bateko hainbat artikulu lapurtu zituen eta, handik ihes egitean, geldiarazten saiatu zen langile bati bultza egin zion. Hala ere, langilea lapurraren atzetik joan zen udaltzainak iritsi arte, izan ere gertakariaren berri emana baitzuen 092 telefonora deituta. Udaltzainek inguru horietan aurkitu zuten ustezko lapurra eta atxilotu egin zuten. Ordu bete lehenago gizon horrek ebasketa bat egina zuen gertuko establezimendu batean eta ihes egitea lortu zuen. Gaur goizean epailearen aurrera eramango dute.

Udaltzaingoak lau trafiko-istriputan esku hartu behar izan zuen, baina ez zen ez zauriturik ez bide-segurtasunaren kontrako inputaturik izan. Orotara 15 salaketa izapidetu zituen: 2 lapurretagatik, 1 lapurreta saiakeragatik, 8 ebasketagatik, 2 kalteengatik, 1 partikular bat erasotzeagatik eta 1 txakurra desagertzeagatik. Polizia judizial gisa hamalautan jardun zuen.

Sutea Albenizko industria batean

Albenizko industria bateko laminazio-labe baten goiko aldean sutea sortu zen, fuela elikatzeko tenkagailua apurtu zelako, eta suhiltzaileek esku hartu behar izan zuten arratsaldeko zazpiak jota zirela.

Hainbat kalte eragin zituen: isolamenduan, erregaiaren tenkagailuan eta keak ateratzeko tximinian. Eskualdeko unitateko suhiltzaileek hautsezko su itzalgailuak erabili zituzten baina sua berriz hasi zen tenperatura handia zelako. Gasteizko suhiltzaileak iritsi zirenean urez hoztu, fuelaz blai zegoen isolamendua mugitu eta hedapen txikiko apar-geruza  bota zuten. Labearen arduradunarekin hurrengo egunean labea batera pizteko geratu ziren, eta esku hartzea amaitutzat eman zuten 21:45ean.

 

Share

Datorren astean itzuliko da “Jazz uhinak” programa Gasteizera, eta hamargarren urteurrena ospatuko du

Zikloaren 6 kontzertuak osatzeko interpreteek eta jazz aditu batek azalpenak eman eta pasadizoak kontatuko dituzte

 Datorren abenduaren 22an hasiko da “Jazz uhinak hirian barrena” programaren hamargarren edizioa. Urteurrena izango da edizioaren ildo nagusia, eta lehengo hiru kontzertuak proiektuaren hasierako aldiko hiru musikari esanguratsuenei eskainiko dizkie: José Agustín Guereñu “Gere”, Ángela Cervantes eta Paco Rivas.

 Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Iñaki Prusillak, “Jazz uhinak” zikloaren zuzendari Joseba Cabezasek eta Laboral Kutxako Gizarte Ekintzarako arduradun Kepa Koldo Ortiz de Urbinak aurkeztu dute programa.

 “Jazz uhinak” jazz musika eta estilo horren ezaugarri esanguratsuenak modu didaktikoan gasteiztarren artean ezagutarazteko asmoz sortu zen, hiriko jazz musikarien lana eskaintzeko espazio bat finkatzeko, eta hirian jazz egitarau egonkor bat osatzeko.

 Jazz uhinak hirian barrena” Jazzargia elkartearen eta Udaleko Hezkuntza Zerbitzuaren arteko lankidetza-hitzarmen baten bidez egiten da. Udalak programaren hezkuntza alderdiez eta didaktikoez arduratzen da eta Jazzargia jazzaren munduaren eta haren musikarien ezagupenaz.

 Ekimena “jazza, haren interprete nagusiak eta haren bilakaera deskubritu nahi duten adin orotako ikusleei zuzendua dago, eta nazio zein nazioarte mailan izen handiko musikarien zuzeneko emanaldiez gozatu nahi dutenei. Horixe baita ekimenaren helburuetako bat: Gasteizek bertako jazz musikariak ezagutzea”, nabarmendu du Iñaki Prusillak.

 Zikloaren kontzertuak osatzeko interpreteek eta jazz aditu batek azalpenak eman eta pasadizoak kontatuko dituzte. Edukiak osatzeko ikusizko bitartekoak ere erabiltzen dira.

 ‘Jazz uhinak hirian barrena’ zikloaren X. edizio honetan, ohi bezala, sei kontzertu eskainiko dira, eta estatuko zein nazioarteko maila handiko musikariak entzuteko parada izango da. Hauxe da programa:

15/12/22 – MUGAGABE.  Jose Agustín Gereñu (baxua), Hasier Oleaga (bateria), Koldo Uriarte (pianoa eta teklatuak), eta Raul Verak (gitarra) osatutako talde gasteiztarra. 

16/01/26 – Angela Cervantes “Camino a Santa Clara”. Vieja Troba Cubanako poeten letrak abestuko ditu, Ariel Bringuez (saxoak), Pepe Rivero (pianoa), Reinier Elizalde (kontrabaxua) eta Michael Olivera (perkusioa) musikariekin batera.

 16/02/23 – Paco Rivas “Ole Swing”. Paco Rivas (gitarra), Fernando Bellever (gitarra), Roberto Jabonero (biolina) eta Josemi Garzón (kontrabaxua).

 16/03/15 – SATB-Steps Ahaed Tribute Band. Omenaldia Michel Breckerri Kike Guzman (saxoa eta EWI), Koldo Uriarte (piano eta teklatuak), Alfonso Junguito (gitarra), Jon Cañaveras (c kontrabaxua eta baxua) eta Kepa Calvo (bateria).

 16/04/19 – Luis Aranburu Musika Eskolako konboa eta Jesus Guridi musika kontserbatorioako Big Banda”.  

 16/05/24 – Josete Ordoñez – Gitarra eta zinema mutua.

 300 musikari baino gehiago 10 urtetan

 Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioko areto nagusiko agertokira hirurehun musikari baino gehiago igo dira, horien artean, Chano Domínguez, Gonzalo Tejada, Ángela Cervantes, Borja Barrueta, Antonio Serrano, Andrzej Olenjnicza, Luis Dulzaides, Carles Benavent, Jean Mary Ecay, Iñaki Salvador, Norman Hogue, Carlos Martín, Federico Lechsner, Pepe Rivero, Jorge Pardo, Manuel Machado, Tomás San Miguel, Pablo Martín Caminero eta Vicent Thomas.

 Zazpi urtetan “Jazz uhinak hirian barrena” streamingbidez eskaini da  www.ondasdejazz.com programaren web-orriaren bidez, eta aipatzeko moduko kopuruak lortu ditu: batez beste 246 entzunaldiko; hainbat lekutara iritsi da: AEB, Holanda, Belgika, Frantzia, Danimarka, Argentina…, eta Espainian, Madril, Bartzelona, Salamanca, Valentzia, A Coruña, Malaga, Bilbo, Donostia, Cáceres eta, jakina, Gasteiz.

 10º ANIVERSARIO ONDAS DE JAZZ EN LA CIUDAD 2006_2016 

 

Share

Udalak kanpaina bat sortu du, migratu duten pertsonen lekukotasunak jaso eta zabaltzeko

 

 

 

 

 

 

 

 

“Soy migrante. Migratzailea naiz” ekimenak beste herrialde batzuetara joan behar izan duten gasteiztarren esperientziak zein beren herrialdeak utzita Gasteizen etxe bat aurkitu dutenenak ezagutarazi nahi ditu.

Gorka Urtaran alkateak aurkeztu du gaur goizean “Soy Migrante. Migratzailea naiz”  kanpaina, bihar abiaraziko dena, Migratzaileen Eguna baita. Kanpainaren helburua da  “migrazioaren esperientzia bizitzen ari diren edo bizi izan duten pertsonei leiho bat irekitzea. Izan ere, pertsona oro gara migratzaileak. Ziur aski, denok dugu migrazio esperientziaren bat gure familiaren historian edo gure zuhaitz genealogikoan. Gutako edonor izan liteke migratzailea etorkizunean, bere egoera aldatuko balitz. Kanpaina honen bitartez, leihoa ireki nahi diogu Gasteizko biztanleen aniztasunari”, adierazi du alkateak.

Horretaz gain, Udalak beste ekimen batzuk sortu ditu aniztasunarekiko bizikidetzarekin, gizakien mugikortasunarekin eta giza eskubideen errespetuarekin lotuta. www.migratzailea-naiz.org (www.soy-migrante.org) web-orriaren bidez,  beste herrialde batzuetara joan behar izan duten gasteiztarren lekukotasunak zein beren herrialdeak utzita Gasteizen etxe bat aurkitu dutenenak jasoko dira, “askotan gogorra eta zaila den errealitate bati aurpegia eta begiak jartzeko, eta eraikuntza kolektiboaren prozesuaz hitz egiteko, hiria nola bizi dugun adierazteko. Bizikidetzaz, Gasteizko biztanleen aniztasunak dakarren aberastasunaz hitz egiteko. Elkarrizketa, elkarren arteko ulermena, kulturen arteko trukea agerian jartzeko”, azpimarratu du Gorka Urtaranek.

Bihartik hasita eta urtebetez, beren esperientzia partekatu nahi dutenek web-orrian aurkituko duten online formulario batez egin ahalko dute. Horretarako, zenbait datu eta argazki bat eman beharko dituzte, eta beren historia partekatu.  “Parte hartzen duten pertsona guztien kontakizunen bidez ikusi ahalko dugu nola pertsona guztiok, gure jatorria gorabehera, ekarpena egiten diogun gizarteari, eta baliteke migratzaileei buruz hemen eta beste herrialde askotan sortu ohi ditugun irudi negatiboak edo estereotipoak baztertu edo aldatzea”, azaldu du alkateak.

Web-orrian zabaltzeaz gain, urte osoan beste komunikazio ekintza batzuk antolatuko dira kanpainaren barruan.

Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuak prestatu du “Migratzailea naiz” kanpaina, hiriko biztanleen aniztasunaren balioespen positiboa oinarritzat hartuz bizikidetza sustatzeko asmoz.  Helburu horrekin beste ekintza batzuek ere antolatu ditu, esaterako, gaur arratsaldean mahai-ingurua izango da Montehermoson: arlo humanitarioan lan egiten duten gizarte antolakundeek munduko errefuxiatuen egoeraren berri emango dute. Nazioarteko arlo humanitarioan lan egiten duten erakundeek hartuko dute parte, hala nola Save the Children eta Gurutze Gorria.

Share

Ia 3.000 pertsona hurbildu ziren joan den astean Montehermoson egindako marrazki azokara

Gaur arratsaldean “Hau ez da” erakusketa interaktiboa inauguratuko da bertan, Mazoka sustatu duen talde berak antolatua

Joan den asteburuan Montehermoso kulturunean antolatu zen marrazki azokak –Mazoka– oso harrera ona izan zuen. Zehazki, 2.876 pertsona hurbildu ziren Ilustrapados taldeak antolatutako ilustrazio eta marrazkien azokara.

Bestetik, gaur  arratsaldean hasita urtarrilaren bukaerara arte, marrazki eta ilustrazio profesionalek eta zaleek osatutako talde horrek “Hau ez da. Berriz sentitutako objektutik irudikatutako objektura” erakusketa interaktiboa eskainiko du, irudiak sortzeko prozesua erakutsi eta bisitariekiko interakzioa eragiteko.

Objektu “errealak”, arruntak, abiapuntutzat hartuz, marrazkilari, margolari edo argazkilari batek irudia egingo du zuzenean, museoan bertan, eta prozesu osoa pausoz pauso dokumentatuko da (zirriborroak eta bat-bateko argazkiak), errealitate jakin bat osatzen duten alderdi ezberdinen irudikapen osoa eta xehea sortzeko.

Hainbat egilerekin errepikatuko da ekintza, banako bakoitzaren prozesuen arteko aldeak azpimarratzeko. Hartara, sortzaileen hurrenez hurreneko esku-hartzeak eta irudikatzearen emaitzak erakusketa osatuz joango dira:

 

  • Abenduak 18, ostirala: Ángel Remírez de Ganuza
  • Abenduak 22, asteartea: Xabier Sagasta
  • Abenduak 30, asteazkena: Karen Warner
  • Urtarrilak 4, astelehena: Yolanda Mosquera
  • Urtarrilak 8, ostirala: Aritz Muro
  • Urtarrilak 12, asteartea: Pili Aguado
  • Urtarrilak 16, larunbata: Koldo Mendaza eta Piko Zulueta

Erakusketak irauten duen bitartean bi lantegi emango dira, urtarrilaren 2an eta 23an, bata umeentzat eta bestea helduentzat, zeinetan “Hau ez da” proiektuaren ezaugarriak eskala txikian errepikatuko baitira.

 

 

Share

San Anton eguneko zozketarako txartelak salgai daude gaurtik aurrera

 Abenduaren 17an jarriko dira salgai hiriko hainbat lekutan San Anton eguneko zozketarako txartelak, 30.000 txartel aurtengoan. Aurten ere, zurezko postua egongo da Urrezko Zeledonen plazan (Postetxearen aurrean) urtarrilaren 9etik 17ra, honako ordutegian:

2016/01/9-2016/01/16: 11:30etik 13:30era, eta 18:00etik 21:00etara

2016/01/17: 11:30etik 13:30era,  eta 16:30etik 18:00etara

Jarraian adierazitako lekuetan ere eskura daitezke txartelak: Laboral kutxa bulegoetan, gizarte etxeetan, San Prudentzio egoitzan, Elikagai azokan, La Unión tabernan, La Peña Dulce eta Abendaño dastategian

Txartelak 0,60 euro balio dute da, eta zozketa urtarrilaren 17an egingo da, arratsaldeko seietan, Udaletxeko udalbatzaren aretoan. Ordu erdi geroago, 18:30ean, San Anton Txikiren zozketa egingo da. Zozketa San Prudentzio egoitzaren alde da eta arratsalde osoan zehar ekitaldi batzuk antolatuko dira.

Sariak

 

SARIAK

1Ezkur txerri iberikoaren produktu sorta
2Bidaia Pragara, 4 egunez, bi pertsonarentzat
3
Lisboa magikoko kostaldea, 7 egunez, bi pertsonarentzat
4Egonaldia Cangas de Onis Paradorean, 3 egunez, bi pertsonarentzat.
5
Kirol materiala erosteko bonoa
6
Principal antzokirako denboraldi abonamendua, bi pertsonarentzat
7
Liburuak erosteko bonoa
8
Liburu elektronikoen irakurgailua

 

 

 

 

Share

Anabel Quincoces-ek eta Iñaki Larrimbek artista gazteen lanak gidatuko dituzte zuzenean Montehermoson

Gazte Arte lehiaketaren prozesu hori Montehermoso Kulturuneko Ur-biltegian egingo da abenduaren 21etik 30era bitartean

Gazte Artea  ikus arteen lehiaketa da, non edozein formatu erabil daitekeen: pintura, eskultura, instalazioak, performance-ak,  happening-ak, esku hartzeak, hiri artea, teknika mistoak, bideo-instalazioak edo komikiak. Hau da, objektu artea edo materiarik gabeko artea izan daiteke, gai librekoa, eta sorkuntza gune berritzailea sustatzea helburu duena.

Proposamen honek hiru fase ditu: lehiaketa bera, tutoretzapeko sorkuntza eta erakusketa.

Lehiaketaren ostean, tutoretzapeko sorkuntza aldiari ekingo diogu. Anabel Quincoces eta Iñaki Larrimbe hautatutako pertsonen lanen tutoretzaz arduratuko dira. Hautatutako pertsonak hauek dira: Ariadna Chezran, Jon Gil, Julia Fernández – Marcote eta Jennifer Custodio.

Prozesu hori Montehermoso Kulturuneko Ur-biltegian egingo da abenduaren 21etik 30era bitartean, espazio hori jendearentzat zabalik dagoen ohiko ordutegian. Prozesua, halaber, jendaurrekoa izango da.

Ariadnak  Alétheia izeneko proposamena aurkeztuko digu (grezieraz egia, izatearen azaleratzea); bere hitzetan honetan datza proiektua: “azaltzea, osorik estaltzen ez gaituen baina, zehazki ikusten uzten ez duenez, ezkutatzen duen geruza zeharrargitsua kentzea.” Lan metodoari dagokionez, latex likidoaren eta akuarelen edo pintura akrilikoen nahasketez egindako xaflak azalera plastikoetan zabaltzen ditu, hortik errazak ateratzeko eta pieza bakarrak eta errepikaezinak sortzeko.

Ariadnak bereziki haurrak gonbidatu nahi ditu bere proposamena ikustera, esperientzia ludiko baten bitartez haurrek ikas dezaten azaleratzen latexak zer ezkutatzen duen.

Jon Gilek Gazte Arterako “Aquí, ahora y eternamente” proiektua aurkeztu du. Tradizio mexikarrean oinarritutako heriotzaren gaineko gogoeta, gure kulturan eta gure komunitatean errotuta dagoen identitate-zentzua bilatzeko. Obrak pintura eta eskultura nahasten ditu. Jonek in situ gure herrialdeko mendietan jasotako animalien 13 buru-hezur pintatuko ditu, ohoratzea, arte bihurtzeko eta pinturaren eta kolorearen bidez eterno bihurtzeko.

Julia Fernández – Marcotek komikiaren alde egin du. “Giara” beharbada Juliaren alter egoa da etorkizun hurbilean: errobotika ikasle gaztek bukatu nahi izango du amak bukatu ezin izan zuen proiektua, heriotza goiztiarraren ondorioz. Manga estetikatik hurbil, Giara-k istorio liluragarria kontatuko digu teknologiak menderatutako mundu batean, non androideak ohiko bizimoduaren parte diren.

Jennifer Custodioren “Recordis”-ek oroimenari eta oroitzapenari irekitzen die atea. Bideo instalazio honek ikuslearen konplizitatea bilatu nahi du, obra eraikitzeko eskela txikien bitartez, hau da, “jarriko diren xaflek epitafioa baino amodiozko sententziak diren esaldiak izango dituzte, gaztaroaren samurtasun sutsutik idatzitakoak, pasio eta leinuzko hotzikarek zoritxartutako kanpaiak balira bezala joko dutenak… Sinetsi nahi dut ahanztura ez dela existitzen

Lantegietan egindako lanekin erakusketa egingo da Monthermoso Kulturunean. Ekitaldi honek amaiera emango dio proiektuari eta balio izango du prozesua bera, arduradunak, laguntzaileak, eta batez ere, parte hartzaileak balioesteko. Erakusketa Jovellanos aretoan egongo da 2016ko otsailean.

Lehiaketa abenduaren 21ean hasiko da arratsaldeko 19:00etan eta bertan Aritz Muruaren performance-a ikusi ahal izango da. “Fina arte” proposamenak lantegietan ikusgai egongo den sorkuntza artistiko baten zuzeneko grabazioa proposatuko digu. Ekitaldian, halaber, lehiaketa irabazi duten pertsonei saria emango zaie, eta 2015eko Gazte Artea lehiaketan parte hartu duten beste bi pertsonari ere aitortza eman nahi zaie, epaimahaiaren aipamen berezia jaso dutelako: Leire G. Baztarriaca, ”En cuerpo y mente” artelanarengatik; eta Natalia Súarez Ortiz de Zárate, “Direnik ez da sinistu behar, ez direla ez da esan behar” artelanarengatik.

+ Info 945 161 990 / juventudtl2@vitoria-gasteiz.org

 

Share