Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2015-12-04)

Alkateordearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkateorde Borja Belandiak Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkateorde Borja Belandia

Eguna. Ostirala, abenduak 4

Ordua. 10:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

——————

Prentsaurrekoa. Aisialdiko Hezkuntzako Boluntarioak ikusaraztea

Parte hartzaileak. Gazteria Zerbitzuko zinegotzi arduradun Iñaki Prusilla; Consejo de la Juventud de Euskadi – Euskadiko Gazteriaren Kontseilua; eta Ruben García Acedo eta Gemma García Cantabrana, Atseden Taldea

Eguna. Ostirala, abenduak 4

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————

Harrera ekitaldia Angulemako senidetze batzordeari

Udalak harrera egingo dio Angulemako Senidetze Batzordeari, Vitoria-Gasteizera etorri dira Ardoaraba 2015 ezagutzera

Parte hartzaileak. Alkateorde Borja Belandia

Eguna. Ostirala, abenduak 4

Ordua. 12:30

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

Share

Gasteizko hotelen seinaleztapen berriaren instalazioa hasi da

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa eta Biltzar eta Turismo Zerbitzuko buru Ana Lasarte hiriko hotelen seinaleztapen berriari dagozkion lehen seinaleak instalatzeko unean izan dira, Gasteizko zenbait hoteletako arduradunekin batera.

 

Eguberrietarako jarriko dira ehundik gorako informazio xaflak, bi, hiru, lau eta bost izarretako hotelak iragartzeko. Aurreko asteetan 61 zutoin paratu dira, hiriko sarrera nagusietatik hoteletara doazen ibilbideetan. Zutoin horietan guztira hotelei dagozkien 92 seinale eta hiriko alderdi ezberdinei buruzko beste 49 jarriko dira. Horretaz gain, bide seinaleetako batzuetan hotelen piktogramak erantsi dira.

 

Hotelek berek lagundu dute seinaleztapen berria instalatzen, lanen zati bat ordaindu eta aurretiazko lanetan aktiboki parte hartu baitute.

Argibide gehiago: Gasteizko turismo eta hotelen seinaleztapen berriaren planoa

 

Share

Udalak euskaldun berriak omenduko ditu, Eskoriatza-Eskibel jauregiaren aurreko plaza eskainiz

Alkateak  haur eta gazte literaturaren alorrean euskarara egindako itzulpenik hoberenentzako sariak eman dizkie Santxo Uriarte eta Miren Arratibeli

Gasteizko Udalak bat egin du 2015eko Euskararen Nazioarteko Egunarekin, hiriak gure hizkuntzarekin duen konpromisoa berriro ere erakusteko balio duten hainbat ekintzaren bidez. Gorka Urtaran alkateak egokiera baliatu du Eskoriatza-Eskibel jauregiaren sarrera nagusiaren aurreko lekuari “Euskaldun Berria” plaza izena jarriko diotela iragartzeko. “Aurrerantzean, euskara berreskuratu eta ikastearen aldeko apustua egin zuten –eta orain ere egiten duten– milaka eta milaka gasteiztarrak ikusarazi, aintzat hartu eta omentzeko balioko du leku horrek. Gure hizkuntza ikasi eta euskaldun oso sentitu nahi zuten belaunaldi osoak, hizkuntza edo gizarte zailtasun ororen gainetik”, nabarmendu du alkateak. Erdi Aroko hirigunearen erdi-erdian dagoen espazio horrek ez zuen izen ofizialik orain arte; Udalak datu historikoak jasotzen dituen xafla jarriko du laster.

 

Euskaldun berriak kale bat eskainiz omentzeko ekimena Udalak Hakoba-Hizkuntza Politika gaietarako Herri Administrazioen Koordinazio Batzordearen barruan hartutako konpromisoa da; Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, Ogasun eta Finantza Sailak, HABEk, Arabako Foru Aldundiak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, EUDELek, Bilboko Udalak, Donostiako Udalak, Gasteizko Udalak, UEMAk eta HAEEk osatzen dute batzordea.

Haur eta gazte literaturaren alorrean euskarara egindako itzulpenik hoberenak saritzeko “Vitoria-Gasteiz” sariak banatzeko ekitaldian eman du omenaldi horren berri alkateak, Oihaneder Euskararen Etxean. Aurten 15 lan aurkeztu dira lehenengo kategorian, eta bi bestean. Haur literaturaren arloan Joseba Santxo izan da irabazlea, Road Dahl-ren ‘Jira, Peli eta Hirurok’ lanaren itzulpenari esker (‘The Giraffe and the Pelly and Me’). 9.000 euroko saria jasoko du. Gazte literaturan, berriz, Miren Arratibelek eskuratu du saria, John Steinbeck-en ‘Perla’ lanaren itzulpenari esker (‘The Pearl’). Sari horrek ere  9.000 euroko diru-zuzkidura du. Ekitaldian Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Igone Martinez de Luna Euskara, Kultura eta Kirol diputatua izan dira.

Irabazleak

Ekitaldia bukatzeko, Udalbatzak 2015eko Euskararen Nazioarteko Eguneko erakunde-adierazpena irakurri du.

Euskararen Nazioarteko Egunaren Erakunde Adierazpena

Share

Luis Aranburu Udalaren Musika Eskolak hautatze-prozesurako deialdia egingo du

2016-2017 ikasturterako bi irakasle lanpostu betetzea eta kontratazio-zerrenda osatzea da helburua

Luis Aranburu Udalaren Musika Eskolako zuzendaritza kontseiluak irakasle lanpostuak betetzeko eta, bidenabar, kontratazio-zerrendak osatzeko hautatze-prozesurako deialdia egitea erabaki du gaur goizean.

Zehazki, lanpostu hauek bete nahi dira: piano irakaslea, % 100eko dedikazioarekin eta 3. HErekin, eta musika informatikako irakaslea, % 30eko dedikazioarekin. Deialdia onartu ondoren, aldizkari ofizialetan argitaratuko da. BOEn argitaratzen denean (2016ko otsaila/martxoa), interesdunek 20 egun naturaleko epea izango dute eskabideak aurkezteko, Internetez (www.vitoria-gasteiz.org), herritarrei laguntzeko bulegoetan edo 010 telefonoan.

Share

“Urban Commerce” VI. Jardunaldi Teknikoaren inaugurazioa

 Alkateorde Borja Belandiak Urban Commerce” VI. Jardunaldi Teknikoaren inaugurazioan hartu du parte, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo sailburuorde Itziar Epalza eta Udaleko Merkataritza Zerbitzuko buruMaite de Juanekin batera.

 “Urban Commerce” jardunaldian saltoki txikien berezko ezaugarriak eta aniztasuna defendatuko dira, eta Merkataritza Libreko Itunak izan dezakeen eraginaz eztabaidatuko; orobat, udal azoka plazak kudeatu eta/edo birmoldatzeko eredu berriak proposatuko dira, besteak beste.

 

Share

18 probintziatatik etorritako 4.000 atletak baino gehiagok hartuko dute parte Maratoi Erdiaren 38. edizioan

Txikien lasterketarako inskripzioen zati bat minbizia duten haurren gurasoen elkarteari (ASPANAFOHA) emango zaio, 25. urteurrena bete baitu

Datorren abenduaren 13an izango da Gasteizko Maratoi Erdia, eta dagoeneko  4.000 atletak baino gehiagok eman dute izena tradizio handieneko lasterketetako batean parte hartzeko. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Iñaki Prusillak, Maratoi Erdiaren zuzendari Mikel Garcíak, Arabako Atletismo Federazioko idazkari Felix Resak eta Laboral Kutxako Gizarte Ekintzako arduradun Kepa Koldo Ortiz de Urbinak aurkeztu dute lasterketaren 38. edizioa, Arabako Atletismo Federazioak antolatutakoa.

Helduen lasterketarako 4.000 dortsalez gain, txikien lasterketan dagoeneko ehun umek baino gehiagok eman dute izena, eta antolatzaileek 200era iristea espero dute. Probak –21,097 kilometro– Arabako Txapelketa Absoluturako balioko du, bai eta Euskadiko Maratoi Erdiko Txapelketarako, banako zein taldeentzat.

Iazko ibilbidea mantenduko da, eta ia osorik trafikorako itxita egongo da. A-3102errepidearen Lasarteko ateko zuzenetik irtengo da, 10:30ean, eta Mendizorrotzeko aparkalekuko zuzenean izango da helmuga. 

Txikien lasterketa, solidarioa

Txikien lasterketa solidarioa izango da, eta inskripzioen zati bat ASPANAFOHA elkarteari emango zaio, 25. urteurrena bete baitu. 10:45ean irtengo da, Mendizorrotzeko atletismo pistatik; pistari buelta osoa eman ondoren, Cervantes ibilbidera aterako da, kirol esparruko aparkalekuko helmugaraino.

Informazio gehiago: www.mediamaratonvitoriagasteiz.com  eta Facebook.

 

 

 

 

 

 

Share