Prentsa Oharren banner

(Eguneratua) Parisko Mundu Gailurrean klima aldaketaren kontra borrokatzeko ekintzak areagotzeko konpromisoa hartu du alkateak

Gorka Urtaranek azaldu du hirien zeregina funtsezkoa dela planetaren beroketa eragozteko

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Gaur, Gasteizko alkate Gorka Urtaran NBEren Klima Aldaketari buruzko 21 Biltzarra (COP-21) dela eta deitutako tokiko agintarien gailurrean parte hartu du, Parisko udaletxean. Gasteizko alkateak Udalak klima aldaketaren kontra borrokatzeko ekintzak areagotzeko konpromisoa berretsi du, eta “planetaren beroketa eragozteko hirien zeregina funtsezkoa” dela azpimarratu.

Klima aldaketari buruzko tokiko agintarien gailur hori Frantziako hiriburuko alkate Anne Hidalgok eta New Yorkeko alkate ohi Michael Bloombergek bultzatu dute; azken hori Nazio Batuen Hirietarako eta Klima Aldaketarako idazkari nagusia da. Aipatutako bi agintariak buru dira klimari buruzko gailur berezi horretan, zeinean mundu osoko mila alkatek baino gehiagok hartuko baitute parte. Topaketak klima-aldaketaren kontrako borrokan helburu anbiziotsuagoak ezartzerakoan udalerriek izan dezaketen zeregina indartzeko xedea du. Hartara, gailur globalean hirien ahotsa entzunaraziko da, haien ahaleginak kontuan har ditzaten COP21eko akordioen nazioarteko negoziazioan.

Alkatearen hitzetan, “tokiko gobernuak egiten ari diren ahalegin handia azpimarratu beharra dago, bereziki Covenant of Mayors eta Compact of Mayors ekimenen bidez, zeinekin bat egin baitu Gasteizek. Horien bidez, planetako hiri handien erdiak baino gehiagok hitz eman du 2050erako gutxienez % 70 gutxituko dituela berotegi-efektuko emisioak, klima-aldaketaren aurreko erresistentzia handituko dutela, eta horren aurrerapena gardentasunez jarraituko dutela”.

Orobat, Gorka Urtaranek nabarmendu du Euskadiko hiriburuak nazioartean lortu duen aitortza “gure hirian azken urteetan egindako lanaren emaitza” dela, eta alor horretan José Ángel Cuerdak hasitako lana gogoratu du, ondoren Alfonso Alonso, Patxi Lazcoz eta Javier Marotok emaitza bikainekin aurrera eraman zutenak, eta udal gobernu honek ere jarraituko duena. “Gure hiria, Green Capital izateaz gain, iraunkorrenetako bat eta ingurumenarekiko begirune handiena dutenetako bat da”. Adibide gisa, Eraztun Berdean egindako lana aipatu du, Salburuko hezeguneen lehengoratzea, eta mugikortasun iraunkorreko  eta garraio publikoa elektrifikatzeko politikak,  atmosferara isurtzen den CO2  kopurua murrizteko. Lan-ildo horren barruan etxebizitzak ere funtsezko osagaia dira. “Energia-eraginkortasuna handitzeko eta kontsumoa murrizteko abian jarri diren politikak,eta Koroatzearen auzoan abian jartzekoak direnak –Europar Batasunaren oniritzi eta laguntza ekonomikoarekin– oinarrizkoak dira mundu osoan partekatutako helburua lortzeko”.

Alkateak erantsi du klima-aldaketaren kontrako borroka “arazo globala” dela, “eta toki mailako erantzuna izan behar” duela. “Populazioaren % 60 hirietan metatzen da, eta bertan sortzen da atmosferarako emisioen % 80. Horrenbestez, hirietan klima-aldaketaren kontra hartzen diren neurriak oso garrantzitsuak dira mundu mailan ezarritako helburu komuna lortzeko. Eta Gasteiz buru da borroka horretan”. “Gure hiria aitzindaria izan zen  klimaren alorreko ekintzak bideratzen, 2006an Klima Aldaketaren Prebentziorako Estrategia onetsi baitzuen, karbonoari dagokionez hiri neutroa izateko bidean. Tarte honetan, CO2emisioak ia % 9 gutxitzea lortu dugu. Garbi dago alor horretan etxeko lanak egiten ari garela, baina ez dugu inola ere autoatseginkerian erori behar, oraindik bide luzea baitugu aurretik”, ohartarazi du Gorka Urtaranek.

Gaurko jardunaldian Gasteizko agintariak hainbat ekintzatan hartu du parte: alkate eta eskualdeetako agintarien argazki ofizialean, Parisko udaletxeko harmailadian, eta tokiko ordezkari guztien osoko bilkuran, zeinean planetaren etorkizuna iraunkorra izan dadin hartzen ari diren eta hartu ahal diren neurriak aztertuko baitituzte.

Bide batez, joan den azaroaren 27ko osoko bilkuran Udalbatzak  klima-aldaketaren kontrako Gasteizko konpromisoez aho batez hartutako erabakia helarazi zaie antolatzaileei.

 

Share

Eusko Jaurlaritzaren, Aldundiaren eta Udalaren arteko hitzarmena bideratuko da, tranbia luzatu eta autobus azkarra nahiz bizikleta elektrikoa ezartzeko

 

 

 

 

 

 

 

 

Horren garrantzia nabarmendu du Urtaranen gobernuak, ingurumenarekin begirunez jokatzen duen mugikortasunaren aldeko apustua izaki, egungo zerbitzuaren hobekuntza ekarriko duena

Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren arteko hitzarmena onetsi du gaur goizean Tokiko Gobernu Batzarrak, hiriko garraio publikoaren eskaintza sistema intermodal integratu osorik elektrifikatu baten bitartez hobetzeko eraikuntza-proiektua idazteko, tranbiaren bi adar luzatu —campuseraino eta Salbururaino— eta autobus azkarra edo BRTa —linea periferikoan— eta bizikleta elektrikoa ezartze aldera. Hitzarmenaren garrantzia nabarmendu du Urtaranen gobernuak, ingurumenarekin begirunez jokatzen duen mugikortasunaren aldeko apustua baita, eta, gainera, egungo zerbitzuaren hobekuntza kualitatiboa ekarriko baitu.

 

 

 

 

 

Lehen urratsa eraikuntza-proiektua idaztea izango da, tranbiaren bi adarren luzapena eta hiriko 14 auzori eta Gasteizko biztanleriaren % 40ri zerbitzua emango dion autobus azkarraren ezarpena barne, baita bizikleta elektrikoaren zerbitzua martxan jartzea ere, gainerako garraio-moduen osagarri izango baita hori.

Proiektuaren idazkuntzaren kostua gutxi gorabehera milioi bat eurokoa izango da, eta, hiru erakundeen arteko lankidetza-hitzarmenean jasotzen denez, Eusko Jaurlaritzak % 65 finantzatuko du, eta Udalak eta Aldundiak, berriz, bakoitzak % 17,5.

Hiru erakundeek hitzarmena sinatzen dutelarik, sei hilabeteko epea izango da lan hori gauzatzeko, eta, horren barruan ibilbideak, geltokien kokalekuak, alboko obrak eta martxan jartzeko plangintza aztertuko dira, eta proposamenak gauzatzearen balioespen ekonomikoa egingo, besteak beste. Hurrengo pausua obrak egiteko lehiaketarako deialdia egitea izango da. Aurreikuspenen arabera, 2016. urtearen bukaera aldera has litezke horiek. Orobat aurreikusi da jarraipen-batzorde bat sortzea, hiru erakundeetako kideek osatua, hitzartutakoa behar bezala betetzen den zaintzeko.

Gaur Gobernu Batzarrak hitzarmena onetsi duelarik, Ingurumen Batzordearen aparteko bilkura egingo da datorren astean, Udalak Eusko Jaurlaritzari azterlanak eta autobus azkarraren proiektua gauza ditzan emango dion kudeatzeko mandatua onesteko, eta, ondoren, udalbatzaren abenduaren 18ko bilkuran aztertuko da gaia. Beren aldetik, Eusko Jaurlaritzako eta Aldundiko gobernu-kontseiluek ere ontzat eman beharko dute Urtaranen gobernuak gaur onetsitako lankidetza-hitzarmena.

Intermodala, integrala eta elektrifikatua izango den hiri-garraio publikoaren sistema oso bat edukitzearen garrantzia nabarmendu du Borja Belandia alkateordeak, hain zuzen ere nazioartean mugikortasun iraunkorraren alorrean aurreratuen dauden hirietan egiten ari denaren ildo beretik. “Garraioaren alorrean estrategia iraunkor eta lehiakorrean murgilduta dago Gasteiz, horrek areagotu egiten baitu horren kalitatea, eta ingurumenarekin begirunez jokatzeko aukera ematen. Ezin dugu ahaztu negutegi-efektuko gas ugari sortzen dituela garraioak. Argi geratu behar du tranbia luzatzea, autobus azkarra ezartzea eta bizikleta elektrikoa martxan jartzea proiektu estrategikoa dela udal gobernu honentzat“, adierazi du.

Bukatzeko, Belandiak esan du hitzarmen hau aukera paregabea dela Gasteiz hiriarentzat, Eusko Jaurlaritza modu nabarmenean inplikatuko baita horren finantzaketan, eta TUVISAren zeregina sendotu egingo baita, Gasteizko hiri-mugikortasunaren kudeatzaile gisa.

 

 

 

 

Share

Astebururako aurreikuspenak

Abenduak 4, ostirala

  • Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Iñaki Prusilla, 15.30etan, Sebastian Iradierren heriotzaren 150. urteurrena dela eta konpositorearen familiaren mausoleoan izango da, Santa Isabel hilerrian. Bertan Iradierren omenez plaka bat desestaliko dute. A.P.I.A.k antolatutako ekitaldia da.
  • Enplegu eta Ekonomiaren Garapenaren zinegotzi Nerea Melgosa eta Partehartze eta Gardentasun zinegotzi Jaione Agirre Ardoaraba jai enogastronomikoaren inaugurazio ofizialan izango dira 19.00etan Bastiturriko karpan. Gainera, bi zinegotziak 20.15etatik aurrera Goxo-goxo ekitaldiaren hasieran izango dira, Postas kalean, Urrezko Zeledonen enparantzan.

 

 

Abenduak 5, larunbata

  • Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Iñaki Prusillak Bonsai artearen hirugarren Lehiaketa-Erakusketaren inaugurazioan parte hartuko du, Europa Biltzar Jauregian 12.00tan.
Share

Urtaranen gobernuak Ingurumeneko aurrekontua aldatuko du, Viveros Perica enpresako lanpostuak bermatzeko

Udal gobernuak berdeguneak mantentzeko partida handituko du, 2.350.000 euroraino.

Urtaranen gobernuak udal aurrekontua aldatuko du, Viveros Perica enpresako lanpostuak bermatzeko. Alkateorde Borja Belandiak azaldu duenez, Urtaranen gobernua Viveros Perica enpresa langileekin harremanetan izan da aste honetan, bai eta zuzendaritzarekin ere, langileen egoera konpontzearren. Egoera ekonomiko zaila dela medio Gasteizko Udalaren gastu ahalmena mugatua dela gogoratzeaz gain, egoera konpontzearren Ingurumen Sailak datorren ekitaldirako kontuak aldatzeko ahalegina egin duela jakinarazi zaie bi alderdiei .

Zehazki, udal gobernuak zuzenketa bat egingo dio aurrekontu proiektuari, berdeguneak mantentzeko partidari diru-kopuru handiagoa esleitzeko. Udalak 675.000 euro gehiago bideratuko ditu partida horretara, aurrekontuaren murrizketa arindu eta, bereziki,  Viveros Pericako lanpostuak mantendu ahal izateko. Hartara, berdeguneak mantentzeko partida –orain 1.675.000 euro ditu– 2.350.000 euroraino handituko litzateke.

“Oso pozik gaude zerbitzuarekin, eta negoziatzen ari gara, enpresarekin dugun kontratua luzatu ahal izateko”, nabarmendu du alkateorde Borja Belandiak. Enplegua mantentzea partida handitzeko Udal gobernuak enpresari ezarritako “baldintza” dela erantsi du.

 

 

Share

Alkateordeak udal taldeen inplikazioa eskatu du, aurrekontu eztabaidaren aurretik akordio batera heltzeko

Alkateorde Borja Belandiak arduraz joka dezatela eskatu die udal talde politikoei, urtarrilaren 11n hastekoa den aurrekontu eztabaidari begira akordioak lortzeko. Gobernu-taldeak aukera guztiak aztertu nahi ditu, aurrekontu proiektuari egiten zaizkion zuzenketen inguruan eztabaidaren aurretik adostasuna lortu ahal izateko. “Litekeena da batzuen eta besteen ekarpenak bat etortzea neurri handi batean. Interesak bateratzea espero dugu, aurrekontuen luzapena beti litzatekeelako proposatzen dugun proiektua –adostasunera irekia– baino txarragoa”, adierazi du Belandiak.

“Aurkeztu dugun aurrekontuak udal finantzen errealitatea islatzen du, eta horrek ez du aukerarik ematen proiektuei nahi genituzkeen baliabideak esleitzeko. Aste honetan talde politikoekin izan ditugun bileretan, mahai gainean dauden zenbakiak benetakoak direla onartu dute oro har. Orain, bakoitzak aztertu beharko du zein aukera ematen duten zenbaki horiek akordioak lotzeko. Horri uko egitea herritarrei huts egitea litzateke”, esan du alkateordeak.

Bada egoera aldatu duen datu bat: Auzitegi Gorenak Olarizuko lorategi botanikorako egin ziren desjabetzeekin lotuta eman duen azken epaia, aurretik Euskal Herriko Auzitegi Nagusiak ezarritako 6,3 milioi euroko isuna ordaintzetik salbuesten baitu Udala. Epai horrek aurrekontu proiektuaren aurreikuspenak hobetuko ditu, hasieran isunak eta interesak ordaintzeko gordetako 3,16 milioi euro aurreztea ahalbidetuko baitu. “Epai horri esker lortzen ditugun funts osagarriak baliatuz udal taldeekiko aldeak gainditzea espero dugu, herritarren eskaerei hobeto erantzuteko”, erantsi du Borja Belandiak.

 

 

 

 

 

 

 

Share

Udalak Eguberrien aurreko zubiaz gozatzera gonbidatu ditu gasteiztarrak zein kanpokoak, adin guztietarako jarduerez beteta baitator

Gaur arratsaldean irekiko da Floridako jaiotza, Eguberrietako argiak piztuko dira, eta Ardoaraba eta Goxo-goxo azokek kaleak jai giroaz beteko dituzte

Udalak Eguberrien aurreko zubiaz gozatzera gonbidatu ditu gasteiztarrak zein kanpokoak, Euskadiko hiriburua adin guztietarako jarduerez beteko baita.

Gaur arratsaldean irekiko da Floridako jaiotza, 16:00etan. Benetako neurrian egindako 200 irudik baino gehiagok osatzen duten jaiotzari beste irudi multzo bat erantsi zaio aurten: artzain gaztagile bat eta lau ahuntz. Jaiotza urtarrilaren 6ra arte egongo da zabalik Haitzuloa 10:00etatik 14:30era eta 16:00etatik 21:30era irekiko da. Abenduaren 24an bedeinkatuko da jaiotza, 13:00etan. 18:00etan, berriz, Eguberrietako argiak piztuko dira, eta ordubete geroago, ArdoAraba azoka enogastronomikoa eta Goxo-goxo azoka zabalduko dira, Gasteizko karpa, stand eta tabernetan.

 

 

 

Share

Udalak harrera egin dio Angulemako ordezkaritza bati, Gasteizekin senidetuta baitago

 

 

 

 

 

 

 

30 pertsonak osatutako ordezkaritza bat Euskadiko hiriburura etorri dira bisitan, Ardoaraba ezagutzera

Gasteizko alkateorde Borja Belandiak eta zenbait zinegotzik harrera egin diote Angulemako Senidetze Batzordeko 30 kidek osatutako ordezkaritzari, zeina Ardoaraba ezagutzera etorri baita Euskadiko hiriburura.

Angulema duela 47 urte senidetu zen euskal hiriburuarekin, eta harrezkero oso harreman estua eta truke ugari izan dute elkarren artean.

Harreraren ondoren, Gamarrako ostalaritza eskolan bazkalduko dute eta arratsaldean hiria ezagutzeko bisitaldi gidatua egingo dute.

2012an ere izan zen bisitan Angulemako Senidetze Batzordea, Gasteiz Europako sari berdea lortzera eraman zuten kudeaketaren datuak zuzenean ezagutzera.

 

 

 

Share

Tokiko Gobernu Batzarrak 2.581 euroko isuna jarri dio autobus geltokia garbitzeko ardura duen enpresari, kontratuaren arau-hauste larriak direla eta

Tokiko Gobernu Batzarrak geltokia garbitzeko eta onik zaintzeko garbiketa-kontratuaren titularra den enpresaren kontrako bi dosier ebatzi ditu gaur, eta 2.581 euroko isuna jarri dio. Joan den urriaren 9an abiarazi ziren dosier horiek, larritzat jotako bi arau-hauste antzeman baitziren.

Batetik, udal txosten baten arabera, autobus geltokiaren garbiketak gabeziak zituen, maiztasunari zein garbitutako eremuei eta erabilitako prozedurei dagokienez; bestetik, Udalak irregulartasunak antzeman ditu enpresarekiko zein garbiketa zerbitzuari atxikitako langileekiko harremanetan. Arau-hauste larri horietako bakoitzak 1.290,54 euroko zigorra dakar, hau da, kontratuaren aurrekontuaren % 1. Enpresa esleipendunak aurkeztutako bost alegazioak ezestearekin batera erabaki dira isunak.

Aldi berean, Tokiko Gobernu Batzarra autobus geltokia garbitzeko beste kontratu bat izapidetzen ari da, otsailean indarrean jar dadin. Kontratu berriaren lizitazio aurrekontua 212.960 euro da, urtebetean gauzatzeko (indarrean dagoena bezala). Gaur goizean RODILA PLUS ZARAGOZA S.L enpresaren eskaintza jo da onuragarrientzat: 168.662,26 euro, BEZa barne.

 

 

 

Share

Gasteizko 8 banda eta bakarlari gazte lehiatuko dira Gazte Talent-en finalean

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Kontzertuak Jimmy Jazz aretoan izango dira, doan, hilaren 7an eta 8an; aldi berean, Gazte Martek egingo da, musikarekin lotutako gauzen azoka txikia

 

Jaime Malvado, Stereo, Nuclear Revenge, Montauk, Xabi&All Exhited, Hastings Band, Radiofobia eta Jazz Friendo dira Udaleko Gazteria Zerbitzuak antolatutako Gazte Talent lehiaketako 8 banda eta bakarlari finalistak. 14 eta 30 urte bitarteko gazteentzako lehiaketaren finalistek Jimmy Jazz aretoan joko dute zuzenean, hilaren 7an eta 8an, 20:00etatik aurrera. Epaimahaiaren epaia abenduaren 9an (asteazkena) jakinaraziko da, udalaren web-orrian.

Aldi berean, kontzertu aretoan Gazte Market musika tresna, disko eta jantzien azoka txikia egingo da, 35 urte bitarteko gazteentzat sortua. Astelehenean, hilak 7, 17:00etatik aurrera irekiko da, eta asteartean, hilak 8, 12:00etatik 14:00etara eta  17:00etatik aurrera.

 

 

GAZTE TALENTEKO PARTE HARTZAILEAK

Abenduaren 7an, 20:00etatik aurrera

Jazz Friends

Jazz Friends jazz boskotea da: bateria, baxua, pianoa, saxofoi altua eta tronpeta. 2015ean sortu zuten 5 kideek, zeinak Jesus Guridi kontserbatorioko ikasleak eta Guridi Big Bandeko kideak baitira.

Stereo
Power Trio egitura duen banda, rock eta hard-rock melodikoa nahastuz.

Radiofobia

Rock & Roll taldea, hirukotea, 2014ko udan sortua. Aurretik beste talde bateko kide izan ziren.
Nuclear Revenge

2012an sortu zen taldea, hiriko metalaren eszena biziberritzeko asmoz. Alemaniako banden eraginez (Sodom, Kreator, Nocturnal..) thrash metala lantzea erabaki zuten, erritmo azkar eta erasokorretan oinarrituta.

Abenduaren 8an, 20:00etatik aurrera

Xabi & All Exhited

Ánima Studios VI-tik, Xabi Pombok –eFeDeLe (Fuera De Lugar) ekimeneko ekoizle eta mc– eta Alex Hitadok (“All eXhited”) hip hop klasikoa eta R&B nahasten dituzte, gaurko soinuak, musika elektronikoa eta soinu efektuak, eraginen koktelera batean.
Jaime Malvido

2012an, Jaime Malvidok “Elkopon”  rumba eta parranda taldea sortu zuen zenbait lagunekin batera.
Zuzenean bakarka arituko da, Elkopon-eko kide ohi Javier Marquinezen perkusioak lagunduta.
Montauk

Kideak hardcore punk giroan murgilduta ibili dira. Baina Montauk oso proposamen ezberdina da. Soinu gogorrak alde batera utzirik, rock intimista lantzen dute. El peso de las letras une la poesia con los amplificadores.
Hastings Band

Kideek askotariko zaletasunak eta estiloak dituzte: blues-rock, rock klasikoa, punk-rock, indie-rock, hard rock… Dena dela, zenbait bandarekiko zaletasunak batzen ditu: Jet, Green Day, AC/DC, Guns n’ Roses eta Arctic Monkeys. Hortik abiatuz askotariko rock alternatiboa landu dute, baina estilo propioa duena.

GAZTE MARKETEN ORDUTEGIAK

 

Abenduaren 7an: 17:00etatik

Abenduaren 8an: 12:00 – 14:00, eta 17:00etatik aurrera

Share

Gasteizko gazteek boluntario lanak aisialdi eta denbora librerako alternatiben artean duen papera aldarrikatu dute, kanpaina ikusgarri baten bidez

 

Udaleko Gazteria Zerbitzuak eta denbora libreko zenbait erakundek sustatu dute “Nola beteko zenuke zure kantinplora?” kanpaina

Abenduaren 5ean Boluntarioen Nazioarteko Eguna dela eta, denbora librearen alorreko zenbait erakundek eta gazte taldek, Astialdi Foroan elkartuta, eta Udalaren laguntzarekin, kanpaina ikusgarri bat sortu dute, boluntarioen lanak gasteiztarrei dakarzkien onurak ezagutarazteko. Aste honetan, kantinplora erraldoi batzuk jarri dira hiriko hainbat lekutan. “Kantinploraren bidez, gure ekintzetan ohiko elementua baita, hitz joko bat proposatu nahi izan dugu, horrek dakartzan onurak azaltzeko: umeen eta gazteen egunerokoan aurkitzen ez diren aparteko esperientziak; balioetan oinarritutako hezkuntza, pertsonak garatzeko; esperientzian oinarritutako hezkuntza, eta metodologia parte-hartzailea”, azaldu dute antolatzaileek.

Gasteizko talde hauek osatzen dute Astialdi Foroa: Euskal Herriko Eskautak, Azterlariak, Arduradun eskola, Atseden eskola, Acción 21 eskola, Gurutze Gorria eta Arabako Eskaut Laikoa.  Guztira 350 monitore eta hezitzailek osatzen dute foroa Gasteizen.

Gazteria zinegotzi Iñaki Prusillak, Euskadiko Gazteria Kontseiluko hezkuntza alorreko arduradun eta Astialdi Foroaren koordinatzaile Oihane Fernández Azcorrak eta Rubén García Acedo eta Gemma García Cantabrana gazte boluntarioek aurkeztu dute ekimena.

“Gazte Planaren barruan Astialdi Foroarekin lankidetzan aritu gara, haien lana beharrezkoa eta garrantzitsua dela uste baitugu, oso ezaguna ez bada ere. Haiei esker, gure hiriko ume eta nerabeek denbora librea beste modu batean bizitzeko aukera dute, zeinean bizikidetza, parte hartzea, elkartasuna eta antzeko balioak baitira nagusi”, nabarmendu du Iñaki Prusillak; orobat azpimarratu du “denbora libreko hezkuntzaren garrantzia, hau da, hezkuntza ez formala deritzona, eskolako eta etxeko lana osatzen baitu. Horregatik, funtsezkotzat jotzen dugu kanpaina hau bezalako ekimenekin bat egitea, talde horietako boluntarioek egiten duten lana eta hiriari oro har egiten dioten ekarpen soziala ezagutarazi nahi baitu”.

Urte osoan zehar, denbora libre hezitzaileko entitateek gizartearen onerako jarduerak eta proiektuak kudeatu eta gauzatzen dituzte, aisialdian. Boluntarioek gustuko dutelako egiten dute lan hori; are gehiago, “teknologia berrietan murgildutako gizarte honetan, umeei eta gazteei erakusten diegu beste aukera batzuk daudela ikasteko eta ondo pasatzeko”, azaldu dute gazteek. Gaur eguneko aisialdiaz gain, beste aukera asko dago, eta horiek zein diren jakitea oso aberasgarria da.

Denbora libre hezitzailearen ahulgune bat ezezaguna izatea da, jendeak badaki denbora libreko taldeak daudela, baina ez dute benetan ezagutzen heziketa prozesu horrek duen balio erantsia. “Pertsona askok uste dute gure helburu bakarra ondo pasatzea dela, baina hori zeharkako helburua besterik ez da.

Aldarrikapenek ere badute lekurik kanpainan: sektoreko elkarteek eta eragileek behar duten laguntza eta babesa emateko eskatzen diete erakundeei. Denbora libre hezitzaileak luzaro iraun du eta hori zaindu beharra dago, etengabe eguneratzen baita, gizartearen beharrekin batera.

Ikusarazteko kanpaina amaitzeko, bihar bideo baten bidez zabalduko da Gasteizko boluntarioen ahotsa.

 

 

 

 

 

Share