Prentsa Oharren banner

Deialdiak, 2015ko abenduaren 22an

Zuhiltzaileen kargu berrien jabetza

Parte hartzaileak: Borja Belandia, alkateaordea, eta Iñaki Prusilla, Funtzio Publiko zinegotzia

Ordua: 11:00

Lekua: San Martineko udal bulegoetan

Share

Gasteizek Eguberri zoriontsuak opatzeko bidaliko duen online postalak hiriko ezaugarri nagusiak erakusten ditu jazz erritmoan

 

 

 

Udalak turismo eta biltzarren alorreko zein hedabide espezializatuetako 4.000 helbidetara baino gehiagotara bidaliko du

Gasteizek Eguberri eta Urte Berri zoriontsuak opatzeko bidaliko duen online postalak hiriko ezaugarri nagusiak erakusten ditu jazz erritmoan: Hirigune Historikoa, Floridako jaiotza monumentala, Arabako Errioxako ardoa, Olentzero eta Andre Maria Zuria, besteak beste.

Gasteizko Udalarentzat, Eguberrietako zorion-agurra hiriko turismo-baliabideak zabaltzen jarraitzeko beste bitarteko bat da. Udalak turismo eta biltzarren alorreko zein hedabide espezializatuetako 4.000 helbidetara baino gehiagotara bidaliko du, bai eta hiria turismo-helmuga gisa sustatzeko interesgarriak diren beste batzuetara  ere.

“2015-2016ko Eguberrietan, datorren urteari begira sustatu eta zabaldu nahi ditugun baliabide garrantzitsu batzuk batu nahi izan ditugu. Gainera, gasteiztarrek ere zorion-agurra bereganatu eta lagun eta senideei bidaltzeko erabil dezaten nahi dugu”, esan du Ekonomia Sustapenerako zinegotzi Nerea Melgosak.

 

Postalak osagai hauek ditu, hurrenkeran jarrita: Hirigune Historikoa; Europa biltzar etxea; Gasteiz berde eta iraunkorra, Atariaren irudia eta lotura gisa bizikleta bat erabiliz; Floridako jaiotza; Olentzero, garai hauetako euskal tradizio handienetako bat; Andre Maria Zuriaren plaza, kandelez argitua, Kandelen Gaua dela eta; ume batzuk, familientzako turismoa aipatuz; Errioxako Ardoa marka agerian duten bi ardo kopa topa egiten, Gasteizen eta Ardoaren Ibilbidearen arteko lotura eginez eta Ardoaraba ekitaldia aipatuz.  Azkenik, Vitoria-Gasteiz marka, Eguberrietako zorion-agurra 4 hizkuntzatan agertzen delarik.

Hori guztia borobiltzeko, Olentzeroren kantuaren jazz-blues bertsioa aukeratu da.

 

Share

Amvisak kontzientziazio kanpaina bat abiaraziko du, komun-ontzira higiene produkturik ez botatzeko

“Herritarren ohiturak eta sortzen ari diren kutsagarriak” proiektua uraren kudeaketaz arduratzen diren Euskadiko zenbait agentzia eta partzuergorekin koordinatu da

Amvisarekin batera Añarbeko Urak, Arabako Errioxa, Bilbao Bizkaia, Busturialdea, Kantauriko Urkidetza partzuergoek, Ura agentziak eta Txingudiko Zerbitzuek kontzientziazio kanpaina bat abiaraziko dute, komun-ontzira higiene produkturik ez botatzeko.

Izan ere, etxeko ohitura batzuek eragin kaltegarria dute hiriko saneamendu sistemetan eta uren kalitatean, eta zuzeneko kalte ekonomikoa eragiten dute uraren kudeaketa eta tratamenduan; zehazki, zapitxoak eta makilatxoak botatzea eragotzi nahi da.

Amvisaren Kontseiluak ontzat jo du kanpaina abian jartzea.

 

Share

VGarbi izeneko doako zerbitzua jarri da martxan, herritarrek Udalari garbiketari buruzko iradokizunak eta kexak bidal diezazkioten

 

Erabiltzaileek gaurtik aurrera bidal ditzakete mezuak  681 102 020 telefonora, WhatsApp eta Telegram aplikazio ezagunetatik

Urtaranen gobernuak VGarbi izeneko doako zerbitzua jarri da martxan, herritarrek Gasteizko garbiketari buruzko iradokizunak eta kexak bidaltzerik izan dezaten. Mugikorrez komunikatzeko plataforma erabilienen bitartez –WhatsApp eta Telegram– Hondakinen Kudeaketaren Zerbitzura jo dezake nahi duen orok, udalerriko kaleetan egoera anormalik antzemanez gero.

Erabilera oso erraza da. Nahikoa da aplikazio horietakoren bat deskargatzea eta 681 102 020 zenbakira mezu bat idaztea, zikinkeria antzeman den lekuaren argazki bat bidaltzeko, non dagoen ahalik eta zehatzen azalduz. Udalak garbiketa-kontratari emango dio horren berri, ahalik eta azkarren joan daitezen. Gogoan izan behar da zenbaki hori ez dela telefono deiak egitekoizango, eta premiazkoak ez diren kexak eta iradokizunak egiteko badirela beste bide batzuk: Herritarren Postontzia eta 010 telefonoa.

Tresna horrek hainbat helburu ditu. Lehenengo eta behin, herritarren eta administrazioaren arteko zuzeneko komunikazioa ahalbidetu nahi da, garbiketa zerbitzuaren kalitatea hobetzeaz gain. Bestetik, Gasteizko Udalak denbora errealean jakin ahalko du zein diren arazo gehien sortzen duten lekuak garbiketari dagokionez. Gobernuak gasteiztarren laguntza eskatu du, “denon artean hiri garbiago eta txukunagoa izatea lortu dezagun”, adierazi du alkateorde eta Ingurumen zinegotzi Borja Belandiak.

Belandiak “tresnaren berehalakotasuna azpimarratu du”, horri esker “udal zerbitzuek albait azkarren zuzendu ahalko baitituzte gabeziak”. Orobat Hondakinen Kudeaketaren eta Informazioaren Teknologien zerbitzuetako funtzionarioen lana nabarmendu du, Udalak berak sortu eta garatu baitu.

Share

Udalak “Gauekoak” gazteentzako aisialdi programa berreskuratu du datorren urterako

Gobernuak kontratazio-dosierra onetsi du, 300.000 euroko aurrekontuarekin

Gobernu Batzarrak gazteentzako kultura eta aisialdi sortzaile, osasungarri eta parte-hartzailea sustatzeko “Gauekoak” programa kontratatzeko dosierra onetsi du,  300.000 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne).

Prozedura irekiaren bidez esleituko da. Kontratuaren iraupena 2016ko martxoaren 1etik 2017ko abenduaren 31ra artekoa da, eta beste bi urtez luzatu ahalko da (2018ko martxoaren 1etik 2019ko abenduaren 31ra).

Gazteentzako kultura eta aisialdi sortzaile, osasungarri eta parte-hartzailea sustatzeko “Gauekoak” programa hiriko beste erakunde publiko eta pribatuen programazioak eta ekimenak osatzen ditu, eta gazteen indarra eta sormena aisialdirako proposamenetan baliatu nahi du.

Cuerda alkatearen garaian sortu zen, esperientzia pilotu gisa, eta 2000tik iaz arte iraun zuen. Gazteen parte-hartze aktiboa eta elkarteen eta tokiko administrazioaren arteko kudeaketa partekatua dira programaren oinarriak.

Gauekoak programaren lana beharrezkotzat jotzen da, aisialdi sortzaile eta parte-hartzailerako eskaintza gazteekin eta haiengandik hurbil lan egiten duten taldeekin batera antolatzea bermatzen baitu. Gazteen harrera ona da, ezinezkoa bailitzateke proposatzen dituen ekintzak udal baliabideekin antolatzea, eta gizarte-eragileek ere baliagarritzat jotzen dute.

“Gauekoak programari esker administrazioaren eta gazteen arteko muga apurtzea lortu da. Gazteei aisialdi osasungarrirako alternatiba ematen zien, eta nire konpromisoa hori berreskuratzea zen. Gasteizen badira mugitzen diren eta mugitu beharra duten gazteak, kezkak dituztenak eta beren ideiak eta indarra baliatuz aisialdirako eredua sor dezaketenak, udalaren laguntzarekin, baina ez babes paternalista eta itogarri batekin”, nabarmendu du Gazteria zinegotzi Iñaki Prusillak.

 

Sexualitate Aholkularitzaren (Asexoria) eta Aholkularitza Psikologikoaren jarraipena

Udal gobernuak gazteentzako Sexualitate Aholkularitza (Asexoria) eta Aholkularitza Psikologikoa kontratatzea onetsi du. Hazgarri S.Coop. enpresa arduratuko da gazteentzako Psikologia Aholkularitzaz, bi urtez eta 58.035 euroko aurrekontuarekin, eta Emaize Centro Sexológico enpresa, berriz, Asexoriaz, bi urtez eta eta 100.041,86 euroko aurrekontuarekin.

 

Share

San Silvestrek 4.000 atleta heldu eta txiki baino gehiago bilduko dituela aurreikusi da, hiriko lasterketa herrikoienetako bat baita

 

 

 

 

 

 

33. edizioan jasotzen den dirua Bizirik elkartearentzat izango da

Abenduaren 31n San Silvestreren hogeita hamahirugarren edizioak  4.000 atleta heldu eta txiki baino gehiago bilduko dituela aurreikusi da, hiriko lasterketa herrikoienetako bat baita. Abenduaren 20rako 2.200 helduk eta 300 umek eman zuten izena, baina jende gehiagok parte hartuko duela aurreikusi da. Aurten biltzen den dirua Bizirik elkartearentzat izango da, zeina indarkeria matxista gainditu duten emakumeek osatzen baitute.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Iñaki Prusillak, Federazioko lehendakari Andrés Sánchezek, Federazioko zuzendari tekniko Mikel García Zurbanok, Laboral Kutxako Komunikazio, Babesletza eta Gizarte Ekintzako lurralde arduradun Kepa Koldo Ortiz de Urbinak eta Bizirik elkarteko kide Maitane Cuesta Martinek aurkeztu dute lasterketa.

Beti bezala, San Silvestrek bi atal izango ditu: umeen lasterketa, 9 eta 14 urte bitartekoentzat (2006tik 2001era jaioak), 17:30ean aterako da Olagibel kaletik; herri lasterketa, 15 urtetik gorakoentzat eta markarik egiaztatu beharrik ez duena, 18:30ean aterako da, Korazonisten kaletik. Helmuga Olagibel kalean jarriko da. Helmugan Bizirik elkarteari jasotako diruari dagokion txeke bat emango zaio, sariak banatuko dira, eta opariak ere zozkatuko dira.

Zenbait datu:

Umeen lasterketa: Irteera eta helmuga: Olagibel kalea, 1. Distantzia: 1.100 m)

Herri lasterketa: Irteera: Korazonisten kalea; helmuga: Olagibel kalea (distantzia: 6.250 m).

 

Izen-ematearen prezioa:

Umeak: 2,00 €

Helduak: 4,00 €

 

Izen ematea

Abenduaren 14tik 21era, biak barne.

Internetez bakarrik. Edozein entitateren zordunketa edo kreditu txartelaren bidez:

www.mediamaratonvitoriagasteiz.com (San Silvestre Txiki eta San Silvestre-heldu fitxak)

 

HILAREN 21AREN ONDOREN EZIN IZANGO DA IZENA EMAN, EZ ETA LASTERKETAREN EGUNEAN ERE

-Zenbakiak jasotzea: PILAR, IBAIONDO, IPARRALDE, JUDIMENDI, ALDABE, HEGOALDE, LAKUA 03 eta SALBURUko gizarte etxeetan (NANa edo nortasun-agiriren bat aurkeztuta), abenduaren 26tik (larunbata) abenduaren 31ko 14:00ak arte (osteguna).

 

HERRI LASTERKETAKO SARIAK

                        OROKORRAK

1. gizonezkoa: 800,00 €      1. eemakumezkoa: 800,00 €

2. gizonezkoa: 600,00 €      2. emakumezkoa: 600,00 €

3. gizonezkoa: 400,00 €      3. emakumezkoa: 400,00 €

 

1. gizonezko arabarra: 300,00 €    1. emakumezko arabarra: 300,00 €

2. gizonezko arabarra: 200,00 €    2. emakumezko arabarra: 200,00 €

3. gizonezko arabarra: 100,00 €    3. emakumezko arabarra: 100,00 €

 

Sariak EZINGO dira pilatu.

 

UMEEN LASTERKETAKO SARIAK

Lehen sailkatua (mutila): Kirol materiala erosteko 60,00 euroko txartela.

Lehen sailkatua (neska): Kirol materiala erosteko 60,00 euroko txartela.

 

HERRI LASTERKETAKO OPARI-ZOZKETA:

5 gabon-sorta

3 asteburu-bidaia

Kirol materiala erosteko 100 euroko 10 txartel.

Share

Presazko prentsa-deialdia (2015-12-21)

Harrera ekitaldia euskal arkeologia espedizioari

Udalbatzak harrera egingo dio euskal arkeologia espedizioari, Perun egin dituen aurkikuntza garrantzitsuak direla eta.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Astelehena, abenduak 21

Ordua. 13:30

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

Share

5.000 pertsonatik gora etorriko dira Gasteizera Marianisten 38. Olinpiadan parte hartzera

 

 

 

 

 

 

 

Kirol eta kultura ekitaldia abenduaren 27tik 30era egingo da, “Zurekin nauzu” lemaren pean eta hezkuntza-komunitate beraren 400 boluntarioren laguntza du

5.000 pertsonatik gora etorriko dira  abenduaren 27tik 30era Gasteizera Marianisten 38. Olinpiadan parte hartzera, zeina gaur goizean aurkeztu baita- Kirol eta kultura ekitaldi hori urtero hiri ezberdin batean egiten da; aurtengo lema “Zurekin nauzu da”, eta Santa María-Marianistas ikastetxeak antolatu du. Gorka Urtaran alkateak hiria ezagutzera gonbidatu ditu parte hartzaileak eta haien familiak, eta bertako turismo, kultura eta aisialdi eskaintzaz gozatzera.

Hirian egiten diren ekitaldi jendetsuenetako bat da. Santa María-Marianistas ikastetxeko zuzendari nagusi Hugo Diego Akaiturrik azaldu duenez, Olinpiadak 5.000  pertsonatik gora biltzen ditu: 2.000 parte hartzaile baino gehiago, 9 eta 18 urte bitartekoak eta hamasei ikastetxetatik  etorritakoak, eta 3.000 senide inguru. “Ikastetxeko hezkuntza komunitate osoak –irakasleak, begiraleak, entrenatzaileak, administrazio eta zerbitzu langileak, familiak eta ikasleak– eutsi diogu erronka sinestezin horri, marianisten ikastetxeak kokatuta dauden Espainiako hirietatik etortzekoak diren milaka pertsona hartu ahal izateko. Gasteiztarrak ere etortzera gonbidatzen ditugu. Ziur nago topaketa partekatze eta bizikidetza esperientzia ahaztezina izango dela”, adierazi du.

Akaiturrik nabarmendu du Marianisten Olinpiada ez dela kirol ekitaldi hutsa, kultur ekitaldia ere badela. Izan ere, alkateak adierazi duenaren arabera, Udaleko Turismo Zerbitzuak jarduera-programa bat landu du ikastetxearekin batera, Olinpiadak irauten duen lau egunetan parte-hartzaileak eta haien familiak Gasteiz, Arabako Errioxa eta Añana ezagut ditzaten. “Hirira datozen guztiek gure txokoak ezagutu eta olinpiada paralelo batez gozatu dezaten nahi dugu”, esan du Gorka Urtaranek.

Ikastetxeko zuzendariak aurtengo lemak –”Zurekin nauzu”– zein esanahi  duen azaldu du, eta Vitoria-Gasteiz Green Capital marka ere baliatu dutela erantsi du. Olinpiadaren arduradun Alain Ruiz Treviñok, aldiz, kirol lehiaketen berri zehatzagoa eman du eta hezkuntza-komunitate beraren 400 boluntariok parte hartuko dutela aktiboki ekitaldi osoan azaldu du ere.

Share