Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2015-12-10)

Grafikoentzako deialdia.  El Salvadorreko alkateekin bilera

Parte hartzaileak. El Salvadorreko alkateak, Vitoria-Gasteizko alkatea, Gorka Urtaran, Garapenerako Laguntza zinegotzia, Jaione Aguirre, eta udal talde politikoetako ordezkariak.

Eguna. Osteguna, abenduak 10

Ordua. 09:00

Tokia. Udaletxeko 3. aretoa

—————————————

Prentsaurrekoa. Kontzertu Handien Zikloa aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza, Kultura eta Kirol zinegotzi Iñaki Prusilla; eta Udal Antzoki Sareko arduradun Marta Monfort

Eguna. Osteguna, abenduak 10

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

(Argazkiekin eguneratua) Gasteizek aniztasunarekiko errespetua aldarrikatzen du iragarki baten eta jarduera anitzen bitartez, Giza Eskubideen Nazioarteko eguna dela eta

Gorka Urtaran alkateak “guztioi, inolako bereizketarik gabe dagokigun taldeko eta benetako eraikuntza prozesu gisa” defendatzen du bizikidetza gure hirian.

Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzen dela eta, Gasteizko Udalak hainbat ekimen antolatu ditu “aniztasunarekiko bizikidetza, gizakien mugikortasuna eta  giza eskubideen betetze-maila eta horiekiko errespetua (oraindik bete gabea) nabarmentzeko; izan ere horiek guztiek udal taldeak hiriko bizikidetzaren alde duen uste irmoari erantzuten diote, eta, horretarako, ezinbestekoa da bizilagunen aniztasuna onartu, aitortu eta positiboki baloratzea. Bizikidetza guztioi, inolako bereizketarik gabe, dagokigun prozesu gisa ulertzen dugu. Gure ustez, bizikidetza guztien artean eraiki beharreko prozesua da, eraikuntza kolektiboa, benetakoa eta objektiboa; utopia edo desberdintzat jotzen dugunaren aldeko mesede izatetik urruti dagoen prozesua. Are gutxiago kanpora begira egiten den pose formala baina benetako harremanak sendotzen diren guneetan barneratzen ez dena” nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak ekimen guztien aurkezpenean.

Alkatetzaren menpeko zerbitzu berriak hainbat ekimen abiarazi ditu, datozen hileetan Bizikidetza eta Aniztasunerako Planaren baitan egingo diren jardueren atariko gisa.

Testuinguru honetan kokatu behar da Bizilagunak 2015 programa, CEAR Euskadik udalaren laguntzaz sustatutako programa. Ekimen ludiko xumea da eta, azaroaren 22an,  bertako zein atzerriko familiek beren etxeetako ateak ireki zituzten mahaia eta zamauak partekatzeko. Gasteizen 50 bat familiak parte hartu zuen eta 21 bazkari inguru egin ziren, 26 nazionalitate desberdinetako pertsonak elkartuta. Gaurtik aurrera ikusgai izango da udalaren web-orrian Gasteizko esperientzia hori jasotzen duen bideoa.

Gasteizko udalak ere parte hartu nahi du bihar, abenduak 10, ospatuko den Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean. “Horrek, zoritxarrez, eskubideen eta askatasunen arloan zeregin handia dagoela adierazten du” gogorarazi du alkateak.

“Errusiar erruleta”, iragarki berria

Horretarako, Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuak “Giza Eskubideen galdagarritasuna ” izeneko ekitaldia antolatu du gaur arratsalderako, abenduak 9, 19:00etan, Montehermoso kulturunean. “Horren bitartez, giza eskubideen adierazpen unibertsalean, nazioarteko tratatuetan eta bestelakoetan jasotako eskubideek babes juridikoa dutela eta erreklamatu eta justiziaren aurrean gauzatu ahal direla gogorarazi nahi dugu. Unibertsalak dira eta ez daude jaioterri edo egoeraren menpe. Ez daude patuaren menpe” nabarmendu du Gorka Urtaranek.

Gaur arratsaldeko ekitaldian Pello Varela zuzendari eta gidoilariak egindako “Errusiar erruleta” iragarkia aurkeztuko da ofizialki. Iragarkia Gasteizko Udalak babestu du eta Amnistia Internazionalaren bermea du. Iragarkia aurkeztu aurretik hitzaldia eta mahai-ingurua izango dira, eta Varelak berak eta Euskadiko Amnistia Internazionaleko bozeramaile Jesus Alvarezek hartuko dute parte.

Aniztasunean bizitzeko diskurtso berri baten oinarriak finkatu eta zutabeak eraikitzen joate aldera, udalak Migratzaileen Nazioarteko Egunaren ospakizunerako, urteroko Elkarrekin topagunea antolatu du Harresiak Apurtuz etorkinei laguntzeko Euskadiko GGKEen koordinatzailearen eskutik. Gizarte erakundeen bitartez, politika publikoetako eragileen hiru mailetako pertsonak elkartzen dira, talde politiko, teknikari eta herritarrak. Ekimen honek aniztasunaren kulturan bizitzearen inguruan hausnarketa egin, eta hiri-eredua eraikitzeko balioko duten oinarri ideologikoak finkatzea du xede.

Horretarako, arlo honetan adituenetakoa den Ricard Zapata-Barreroren laguntza eta aholkuak izango ditu udalak. Zapat-Barrero politologoa eta Bartzelonako Universitat Pompeu Fabra unibertsitateko irakaslea,GRITIM-UPF Immigrazioari buruzko diziplina arteko ikerketa taldeko fundatzailea eta unibertsitate horretako Immigrazioaren kudeaketarako master ofizialeko zuzendari da.  Bere lanen artean  RECI- Kulturarteko Hirien Espainiako Sarearen garapena nabarmendu behar da, non proiektuan parte hartzen duten hirietan aniztasunaren kultura bultzatzeko politikarien eta gizarte zibileko eragileen arteko elkarreragina sustatzen baita.

Ildo horri jarraituz, Udalak migrazioen inguruko terminologia doia erabiltzeko orientabideak jasotzen dituen argitalpen txiki bat zabalduko du.

Programazioaren baitan, udalak ez du alde batera utzi nahi izan munduan errefuxiatuek bizi duten egoera latza eta, hori dela eta, Migratzaileen Nazioarteko Egunaren baitan, esparru humanitarioan lan egiten duten gizarte erakundeekin mahai-ingurua antolatu du, errefuxiatuen egoera bertatik bertara ezagutzerik izan dadin. “Behartutako migrazio-mugimenduen arrazoiak eta ondorioak laburtuko ditugu. Ekimen honekin beraien etxea uztera behartuta dauden pertsona horien egoera ikusarazi eta salatu nahi dugu” adierazi du alkateak.

Ekimen honetan nazioarteko arlo humanitarioan lan egiten duten erakundeek ere lagundu dute, esaterako Save the Children eta Gurutze Gorriak. Abenduaren 17an izango da, 19:00etan, Montehermoso kulturunean. Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuak hiriko migrazio-esperientziak ezagutarazteko kanpaina bat ere aurkeztuko du garai beretsuan.

Share

Euskadiko Lehen Marrazki eta Ilustrazio Azoka izango da Montehermoson, 55 artista berri nahiz ezagunen lanekin

 

 

 

 

 

 

 

Ilustrapados elkarteak antolatua da Mazoka, eta sorkuntza, lantegiak, kontzertuak, dantza eta ilustramaratoia bilduko ditu

Euskadiko Lehen Marrazki eta Ilustrazio Azoka izango da datorren asteburuan Montehermoso kulturunean, eta artista berrien nahiz artista ezagunen lanak erakutsiko dira bertan, batez ere artista lokalenak. Marrazkiaren, ilustrazioaren eta, oro har, arte plastikoen euskarri eta formatu desberdinak izango dituzte ikusgai herritarrek Mazokan; izan ere, era horretako obrak, originalak nahiz erreprodukzioak eta hainbat formatutan —paperean, oihalean eta bestetan— dituzten aplikazioak ezagutzera ematea da helburua.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Iñaki Prusillak eta Ilustrapados taldearen ordezkariek aurkeztu dute gaur goizean azoka, zeinen helburua baita “Gasteizek indarra berreskuratzea ilustrazioaren eta marrazkiaren munduan,  munta handiko diziplina zenbaitetan atzendu horren esparruan.” Sormen partekatua eta partaidetza ditu ardatz Mazokak”, nabarmendu du Iñaki Prusillak, eta, bide batez, azokara inguratzeko gonbitea egin die gasteiztarrei nahiz kanpotik gureganatuei oro.

Ilustrapados elkarteak antolatutako azoka horrek dirauen bitartean, standez gain —horien originaltasuna bermatua dago, parte hartzeko betekizuna izaki—, zuzenean gozatu ahal izango dute sormenaz, eta orobat izango dute erabilgarri marrazki-eremu bat, non marrazteko beldurra galtzeko proposamen eta dinamikak eskainiko diren.

Programaren baitan, hainbat lantegi, kontzertu eta proposamen daude aurreikusita, baita XI. Marrazkipotea egitea ere, deialdi irekia eta publikoa, marrazkigintzaren arloko ikasle, zale nahiz profesionalentzat irekia, ilustrazio- edo marrazki-dinamika bat egiteko.

55 stand, lantegiak, musika eta erretratuak

55 stand izango dira, eta egileak berak egongo dira bertan. Era guztietara landuko da sormena, hainbat formatutan: marrazki eta ilustrazio originalak, akuarelak, serigrafiak, collageak, argazkiak, laminak, posterrak, postalak, Gabonetako apaingarriak, egutegiak, agendak, koadernoak, zapiak, poltsak, diru-zorroak, kamisetak, jertseak, gonak, skateak, panpinak, txotxongiloak, buruhandiak, mozorroak, moztekoak, katiluak, imitaziozko bitxiak, txapak, kuxinak, kutxak… Horrekin guztiarekin batera, mikro-ikuskizunak, musika eta swinga, eta heldu eta haurrentzako lantegiak, marrazki-eremua eta parte hartzeko hainbat proposamen.

Ilustramaratoia ere eskainiko du Mazokak, eta fotomatoi bat, non, merke-merke, erretratu edo karikatura bat eskuratzeko aukera izango baita.

Gainera, Mazokaren haririk, “Berriz sentitutako objektutik irudikatutako objektura” erakusketa izango da Montehermoson abenduaren 18tik urtarrilaren 31ra bitartean.

informazio +:  www.ilustrapados.org ( https://vimeo.com/145843098)

 

ILUSTRAPADOS

2014an sortu zen taldea, ilustrazioaren egungo panorama sustatu eta hobetzeko asmoz, Euskadin eta, bereziki, Gasteizen. Ordudanik, irabazi-asmorik gabeko elkarte gisa eratu zirelarik, hainbat ekitaldi eta jarduera antolatu dituzte, zeinetan elkarrizketarako eta garapen eta ekoizpenerako espazioak sortu baitituzte, ilustrazioaren, komikiaren eta, oro har, marrazkiaren inguruan. Gaurdaino, hamar marrazkipote antolatu dituzte —hileko azken ostiraletan—, auto-edizioari buruzko azoka bat, apirilean, Liburuaren Azokarekin batera, eta marrazkiberbena bat, ekainean, denboraldia ixteko, baita hainbat aurkezpen eta solasaldi ere, ilustrazio-albumak, nobela ilustratuak eta komikiak hizpide hartuta.

Funtsezko hiru helbururekin sortu zen elkartea:

1.- Elkartzeko eta tertuliak, lantegiak, zirriborroak, ideia-trukeak eta beste bideratzeko leku izatea, marrazteko gogoa edo sortzeko irrika dutenentzat. Gasteiz ilustrazioaren erreferentzia-leku bihurtzea, eta beste diziplina, arte, ekintza eta publiko batzuetara hurbiltzea.

2.- Marrazkia, oro har, eta ilustrazioa, ilustrazio-albuma, nobela grafikoa, komikiak, fanzinak eta gainerako argitalpen grafikoak bistaratzea, eta orobat auto-edizioa, genero eta euskarri orotako edizio ilustratua eta aplikazio desberdinak, hirugarren komunikazio-modu gisa, eta herritarrengana hurbiltzea.

3.- Eragileekin, merkatariekin, eskolekin, erakundeekin eta herritarrekin elkarlanean jardutea, Araba markako sinergiak sortzeko eta probintzian horretan diharduten artisten lanak sustatzeko, ikusizko arteei lengoaia gisa beharko luketen garrantzia eta presentzai aitortuz.

 

Hauek osatzen dute ILUSTRAPADOS elkartea Araban:

ALEX F., HOMOSEPIANS Marrazkilaria eta diseinatzailea. Ilustrazio digitala, argitalpenena eta oihalekoa, eta umore grafikoa.  Kartelak, egutegiak, hormak eta liburuak pintatzen ditut. Kontzeptuak, historiak, gidoi grafikoak eta infografiak sortzen ditut. Behin-behineko sukaldaria, eta beti ikastun. www.alexandrefernandez.com

ÁNGEL REMÍREZ DE GANUZA, ONICÓFAGO. Arte ederretan lizentziaduna, margolaria, ilustratzailea, 2D animatzailea eta muralgilea. Arte plastikoetako irakaslea. Concept Art: kanpaina, pertsonaia, dekoratu, storyboard, marka eta irudi korporatiboen diseinua. Web, sare sozial, SEO eta CMS diseinua. Asteazken eta ostegunetan saskibaloian jokatzen dut. www.creatical.com

MARTA C DEHESA, POLÍMATA. Legelaria. Komunikazioan, gatazka-konponketa eta negoziazioan, egile-eskubideetan, jabetza intelektualean, datuen babesean eta IKTetan aditua. Harreman publikoak, SMO estrategiak eta Community Manager. Ekitaldien kudeaketa eta dinamizazio artistikoa. Errelatogramak. Argitaratzailea. Kontu-kontalaria eta ilustratzailea. Argazkilari xumea. www.coladeperro.com

MIKEL ESCALERA, LITTLE EWOK Arte-historialaria eta ilustratzailea. Diseinatzaile grafikoa, argitalpen- eta web-diseinatzailea. Branding eta Marketing 2.0. Erakusketa-lekuen diseinua eta esku-hartze artistikoa. Maketazioa eta packaginga. Jefe Chirpakoek berekin jotzen eta kantatzen uzten didate. www.mikelescalera.co

 

 

 

 

 

Share

Montauk, Gaztetalent 2015 irabazlea

 

GazteTalent 2015 txapelketaren lehengo sariaren irabazlea  Montauk taldea izan da, euskeraz aritzen den talde berria, rock intimista estiloan. 300 euroko diru sariarekin batera Jimmy Jazz aretoan ospea duen talde baten aurretik joko dute. Akzesitak, aldiz, Jazz Friend gaztetxoen jazz proposamenak eta Radiofobiaren rock klasikoak eskuratu zituezten. Talde hauek ere kontzertu bana eskainiko dute hiriko kultur programazioan.

Gaztetalent lehiaketako epaimahaia  osatu zuten Ivan Alonso kazetaria, Libe García de Cortazar eta Rakel Arnaiz musikaria eta Raul Choren Dospordos kolektiboko kideak taldeen maila handia goraipatu dute, baita proposamenen aniztasuna eta eszena gaineko indarra eta kemena ere.

 

Share

Prozedura berri bat aktibatuko du bihar Udalak, herritarrek informazio publikoko edukiak eta dokumentuak eskuratzerik izan dezaten

 

 

 

 

 

 

 

Edozein pertsona fisiko edo juridikok eskatu ahal izango du halakoak eskuratzea, eskabidea arrazoitu edo interes legitimorik egiaztatu beharrik gabe

Herritarrek Gasteizko Udalaren esku dagoen informazio publikoa eskuratu ahal izateko prozedura aktibatuko du bihar Udalak, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko Legean xedatzen denaren ildotik; bihar bertan jarriko baita indarrean lege hori, toki-administrazioei dagokienez. Hala iragarri du Partaidetza eta Gardentasun Saileko zinegotzi Jaione Aguirrek, eta orobat azaldu du herritarrek, bihartik, aukera izango dutela Gasteizko Udalaren esku dauden dokumentu eta edukiak eskuratzeko eskabidea egiteko, edozein delarik ere horien formatua eta euskarria, bai Udalak berak landuak badira, bai bere zereginen baitan erosiak badira ere.

Edozein pertsona fisiko edo juridikok eskatu ahal izango du halakoak eskuratzea, eskabidea arrazoitu edo interes legitimorik egiaztatu beharrik gabe Nolanahi ere, ezingo dira kontsultatu lantzen ari diren edukiak edo dokumentuak, ezta —dela interes publikoa babestu behar delako, dela beste pertsona batzuen eskubidea bermatu behar delako— osorik edo partzialki sarbidea mugatua duten dokumentuak ere.

Udal gobernuak bere proiektuaren baitan bere egindako konpromisoetako bat da bihar aktibatuko den prozedura, hau da, “gardentasunean oinarritutako kudeaketa publikoaren eredu berria bultzatzea eta garatzea, hura martxan jartzeaz bat landuko diren araudia eta prozedurak betetzen direla bermatu ahal izateko. Herritarrek kontzientzia hartua dute, eta orain arte administrazio publikoarekiko harremanean ontzat ematen genituen eskemek baliagarri izateari utzi diote. Globalizazioaren, teknologia berrien eta kontzientzia sozial handiagoaren eskutik, herritarrak eta administrazioa maila berean kokatzen hasi dira haien arteko ezinbesteko erlazioan”, nabarmendu du Jaione Aguirrek.

Informazio jakin bat eskuratzeko interesa duten pertsonek —legeak ezartzen dituen mugen barruan—, aurrez aurre egin ahal izango dute, herritarrei laguntzeko bulegoetan, baina baita posta elektronikoz edo bide telematikoz ere, erregistro elektronikoaren bitartez.

Administrazio-prozedura arautua da, eta, horrenbestez, Herritarren postontzia edo sare sozialak ez dira bide egokiak izapide horretarako. Bide horiek baliatuz egiten diren eskabideek beren ohiko bidea egingo dute.

Herritarren eskariei erantzun ahal izateko, prestakuntza egokia eskaini du Udalak sail guztietan. Gainera, jasotzen eta erantzuten diren eskabideen kopuruen, emandako erantzunen eta datu pertsonalik gabeko erantzunen berri emateko espazio bat izango da Gardentasun Atarian.

Izapide berriari buruzko informazio gehiago

Share