Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2016-04-04)

Prentsaurrekoa. 2016ko Ekintzaileei Laguntzeko Plana aurkeztea

Parte hartzailea. Ekonomia Sustapen zinegotzi Nerea Melgosa

Eguna. Astelehena, apirilak 4

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Alkateak iragarri du datorren astean argitaratuko dela tranbia hegoalderantz luzatzeari buruzko azterlana

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek iragarri du datorren astean argitaratuko dela Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian tranbia hegoaldetik unibertsitate-campuserantzat luzatzeari buruzko azterlana. Alkateak esan duenez, talde politikoen eta herritar ororen esku jarriko da azterlana, udal instalazioetan, edonork aztertu eta alegazioak aurkezterik izan dezan. Azterlana EHAAn argitaratu ondoren hogeita hamar egun balioduneko epea izango da jendaurrean erakutsi eta alegazioak egiteko.

“Azterlan teknikoa argitaratzeak erakusten du pauso sendoak ematen ari garela hirian mugikortasun iraunkorra eta osasungarria garatzeko konpromisoa betetzeko, tranbia luzatzeko proiektua konpromiso horren erakusgarria baita. Gainera, hegoalderantz luzatzeak Triana zubiaren inguruan gune intermodal interesgarria sortzea ahalbidetuko digu, tren geltokia Lakuako autobus geltokiaren lotzea, eta EHUko fakultateetara tranbiaz iristea. Azken batean, aurrerantz doan hiri baten proiektu estrategikoa da”, azaldu du Gorka Urtaranek.

Azterlan teknikoa ezagutu ondoren, gainerako talde politikoekin hitz egiteari ekin nahi dio alkateak, eta akordio batera iristeko urratsak egin, datozen urteetan Gasteizek garraio publikoko sistema iraunkor eta eraginkorra izan dezan.

Share

Gasteizko Udalak San Prudentzio egoitzako sukalde nagusia handitzea onetsi du

  • Lanek 105.564 euroko aurrekontua dute, eta adinekoentzako jantokietan 100 leku gehitzea ahalbidetuko dute

Tokiko Gobernu Batzarrak San Prudentzio egoitzako sukalde nagusia handitzeko kontratazio-dosierra onetsi du gaur goizean. Lanerako  lizitazio-aurrekontua 105.564,28 eurokoa da (BEZa barne), eta gauzatze-epea, hilabetekoa. Egoitzako sukaldearen eta zerbitzu medikoaren artean dagoen banaketa kentzea da asmoa, hotz-eremua eta hozkailuetarako lekua handitzeko. Bide batez, beheko solairuan zerbitzu medikorako bulego berria egokituko da, horretarako lehengo biltegia erabiliz.

“Lan hauekin bukatutzat emango ditugu egoitzaren sukalde nagusian egiten ari ziren berrikuntzak, Udalak ematen duen bazkari zerbitzuaren kalitatea hobetzeko eta ahalmena handitzeko. Sukaldeak hornitzen dituen jantokiak funtsezko osagaia dira adinekoentzako gure politiken barruan, gero eta eskaera handiagoa dutenez horri erantzun behar baitiogu”, adierazi du Gasteizko alkate Gorka Urtaranek.

San Prudentzio egoitzako sukalde nagusiak eguneko menuak prestatu eta banatzen ditu hala egoitzarako nola eguneko arretako zentroetarako, gizarteratze zentroetarako eta adinekoentzako zentro soziokulturaletarako. Alkateak duela gutxi iragarri zuenez, aurten ehun leku baino gehiago sortuko ditu Udalak adinekoentzako jantokietan: San Prudentzio eta Koroatzeko jantokietan 50 lekutik 70era handituko da kopurua, eta Lakua-Arriagan (40 leku) eta Adurtzan (48 leku) jantoki berriak irekiko dira. Tokiko Gobernu Batzarrak gaur erabaki dituen lanak azken urratsa dira jantokietan beste ehun leku horiek sortzeko.

Gasteizen gaur egun adinekoentzako 10 udal jantoki dago, horietako zortzi, adinekoentzako zentro soziokulturaletan, eta bi, zainpeko apartamentuetan. Guztira 488 leku eskaintzen dira.

Gainera, duela hilabete eta erdi jantokietako erreserbaren kudeaketa hobetu zuen Urtaranen gobernuak, elikatzeko oinarrizko beharra betetzeko zailtasunak dituzten pertsonei lehentasuna emateko. Orobat, martxoaren 22tik aurrera on-line egin daiteke erreserba, udalaren web-orrian.

Share

Alkateak Okayama japoniar probintziako diputatuen ordezkaritza bat hartu du

 

 

 

 

 

Gasteizen ingurumenarekiko apustua eta Green Capital esperientzia ezagutu nahi izan dituzte

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Okayama japoniar probintziako diputatuen ordezkaritza bat hartu du gaur goizean. Politikari japoniarrek Gasteizek azken hamarkadetan ingurumenaren alde egindako apustu sendoa ezagutzeko gogoa zuten, bai eta mugikortasun iraunkorreko proiektuak zein 2012ko Europar Hiriburu Berdea izatearen esperientzia ere. Okayama probintzian mugikortasun eta irisgarritasun estrategiaz eta hiri-garraioaz hausnartzen ari dira, eta hiriko bizimodua eta natura batzeko proiektu bat sustatu nahian dabiltza. “Gasteizek ingurumen estrategia sendoa du, eta ezaguna da horregatik. Beste kontinente batzuetako pertsonak gu ezagutzera etortzeak bide beretik jarraitzera animatzen gaitu”, azpimarratu du alkateak.

Harrera ekitaldiaren ondoren, hamar diputatuk osatutako ordezkaritza japoniarrak  Green Capitali buruzko aurkezpen batean hartu du parte, zeina Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko Informazio eta Berrikuntza Arloko buru  Juan Carlos Escuderok egin baitu. Gero, Salburuko hezegunera joan dira, Eraztun Berdea ezagutzera, eta Erdi Aroko hirigunea ere bisitatu dute.

 

 

Share

Gasteizko Udalak garapenean laguntzeko proiektuetarako laguntzak emateko deialdia onetsi du, 1,9 milioi euro banatzeko

Urtaranen gobernuak garapenean laguntzeko proiektuetarako urteko deialdia onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrean, eta 2016an 1.927.500 euro jarriko du horretarako. Garapenean Laguntzeko aurrekontu-partidaren kargura 1,6 milioi euro emango dira, eta horretaz gain, 250.000 euro AMVISAren kargura; udal sozietatearen administrazio-kontseiluak onetsitako ekarpena urarekin loturiko proiektuei laguntzeko izango da.

“Udal honek historikoki garapenean laguntzearen alde egindako politiken inguruko apostua berreskuratu dugu. Nire ustez, hiri bat solidarioa den ala ez erakusten duen oinarrizko irizpide bat da”, aipatu du Gorka Urtaran alkateak. “Gasteiztarrok mundu osoan zehar zailtasunak dituztenak lagundu behar ditugu. Eta horren harira eskertu nahiko nuke Udal aurrekontua onetsi duten talde politikoen lana. Guztion lanari esker garapenean laguntzearen aldeko partida berreskuratu dugu, kausa justu eta solidario bat lortzeko helburuarekin”, esan du alkateak.

Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak erabaki du sei proiektu mota ezberdin biltzea urteko deialdi bakarrean; beraz, oinarrietan sei atal hauek bereizten dira:

–       A atala: sentsibilizazio-proiektuak, 2017ko martxoaren 31 baino lehen burutzekoak. Guztira hogeita hamar mila euro (30.000,00 euro) bideratuko dira horretara, eta gehienez 4.000,00 euro eman ahal izango dira eskabide bakoitzeko. Ekintza puntualak egitea da helburua. Proposamenak maiatzaren 20a baino lehen aurkeztu beharko dira, eta 8-12 proiektu laguntzea aurreikusi da.

–       J atala: 2013ko deialdian hasitako proiektu kateatuei jarraipena emateko —2017ko irailaren 31 baino lehen burutzekoak—. Guztira bostehun eta laurogei mila euro (580.000,00 euro) bideratuko dira horretara, eta gehienez ere 100.000,00 euro eman ahal izango dira eskabide bakoitzeko. Proiektu horiek diru-laguntza jaso zuten 2014an, baina ez 2015ean, ez baitzen  aurrekontu-partidarik izan horretarako.

–       E atala: ekipamendu-proiektuak, sei hilabeteko epean burutzekoak. Guztira laurogei mila euro (80.000,00 euro) bideratuko dira horretara, eta gehienez ere 20.000,00 euro eman ahal izango dira eskabide bakoitzeko. Proiektu sinpleak izango dira, eta profesionalizatuta ez dauden erakunde txikiek parte hartzea ahalbidetuko dute, esaterako, migratzaileen kolektiboak.

–       L atala: LGTBI pertsonen eskubideak babesteko proiektuak, hamabi hilabeteko epean burutzekoak. Guztira ehun eta hamar mila euro (110.000,00 euro) bideratuko dira horretara, eta gehienez 40.000,00 euro eman ahal izango dira eskabide bakoitzeko.

–       US atala: uraren eta saneamenduaren arloko proiektuak, hemezortzi hilabeteko epean burutzekoak. Guztira laurehun eta berrogeita hamar mila euro (450.000,00 euro) bideratuko dira horretara, eta gehienez 150.000,00 euro eman ahal izango dira eskabide bakoitzeko. Garapenerako Lankidetzaren Gida-planak lehentasunezkotzat jotzen du atal hori, urarekin eta saneamenduarekin lotutako proiektuak baitira.

–       B atala: beste lankidetza-proiektu batzuk, hemezortzi hilabeteko epean burutzekoak. Guztira laurehun eta hogeita zazpi mila eta bostehun euro (427.500,00 euro) bideratuko dira horretara, eta gehienez 100.000,00 euro eman ahal izango dira eskabide bakoitzeko. Berdintasuna, ekonomia sozial eta solidarioa (bidezko merkataritza), ingurumena eta esku-hartze sozialaren sektoreak bultzatzeko proiektuak dira.

 

Share

Udal Gobernuak 300.000 euro bideratuko ditu Gauekoak programa berreskuratzeko

Gobernu Batzarrak gazteentzako kultura eta aisialdi sortzaile, osasungarri eta parte-hartzailea sustatzeko “Gauekoak” programa esleitzea  erabaki du gaur goizean 300.000 euro truke (BEZa barne). Federación de Asociaciones delako enpresa, lehiaketara aurkeztu den bakarra, izango da proiektua aurrera eramango duena.

Kontratuaren iraupena 2017ko abenduaren 31ra artekoa da, eta beste bi urtez luzatu ahalko da (2019ko abenduaren 31ra).Gazteentzako kultura eta aisialdi sortzaile, osasungarri eta parte-hartzailea sustatzeko “Gauekoak” programa hiriko beste erakunde publiko eta pribatuen programazioak eta ekimenak osatzen ditu, eta gazteen indarra eta sormena aisialdirako proposamenetan baliatu nahi du.

Cuerda alkatearen garaian sortu zen, esperientzia pilotu gisa, eta 2000tik iaz arte iraun zuen. Gazteen parte-hartze aktiboa eta elkarteen eta tokiko administrazioaren arteko kudeaketa partekatua dira programaren oinarriak.

Gauekoak programaren lana beharrezkotzat jotzen da, aisialdi sortzaile eta parte-hartzailerako eskaintza gazteekin eta haiengandik hurbil lan egiten duten taldeekin batera antolatzea bermatzen baitu. Gazteen harrera ona da, ezinezkoa bailitzateke proposatzen dituen ekintzak udal baliabideekin antolatzea, eta gizarte-eragileek ere baliagarritzat jotzen dute.

“Gauekoak programari esker administrazioaren eta gazteen arteko muga apurtzea lortu da. Gazteei aisialdi osasungarrirako alternatiba ematen zien, eta nire konpromisoa hori berreskuratzea zen. Gasteizen badira mugitzen diren eta mugitu beharra duten gazteak, eta programa honek horretara laguntzen du”, nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak.

 

Share